ZERBAIT BAZUEN!
(Azkoitiar J. Luis Abaren oroitze maitagarriaz)
I
Zorun egaka... Egun-sentia. Giro epela...
Astiro xamar piztu... da euzki-txingarra...
Muxu nagiaz urrezten ditu euskal-txuntxurrak
ta ipar-alderontz igeska doa artizarra...
Usotxo bat lez, larre-sustraian txukun etzanda,
lotan dirudi basetxe jator, kaskarra...
ta ipar ariñen zuzmurru leunak noizbeinka dakar
ollar gartsuen abesti alai, goiztarra...
Zorun egaka... Egun-sentia... Giro epela...
Eretsu dator errekatxoen marmarra...
Sorgiñen mende jolastu ziran laño zurizkak
banatu dira, laztanduz oztin leiarra3.
Zorun egaka... Egun-sentia... Giro epela...
Zorion eske oraindik nere bularra...
II
Ikusi nuen... ikusi nuen artzai mutilla
euzki berriaz, menditik gora, zerbaiten billa...
Ikusi nuen!... Ekiñak ekin,
aldapa gora egun txintakin...
Emaitz joriaz ama Sortitzak agur zegion;
baño... gazteak... zerbait bazuen... Igarri nion...
Igarri nion!... Estu zijoan artzai gaxoa...
Zerbait bazuen!... Tantoz zerion malko beroa...
Sarri nekustan auspez jausia...
Sarri nentzuen oiu larria...
Neronek dakit: zerbait bazuen!... Ez nabil oker.
Arkaitz-erraiak otseneraztuz dagerke laster...
Zerbait bazuen! Ezten mingotza etsaiak sartu?
Igarri nion!... Ekaitz-odeiak biotza nastu?
Badakit zer dan goibeltasuna!
Badakit zer dan biotz illuna!
Baña... ez digart zer zebilkion biotz-unean!...
Ez dakit nolaz igo zezaken arnas betean!
III
Negar-zotinka, menditik bera, dator artzaia
ta itun dixuri ezkillatxoak il-eresia...
Gazte berberak egiztu zidan...
Gezurra danik ez iñork esan:
«Anai bat nuen (goian al zaude), anai eztia...
Lurpetu dute, ta arekin batez nere bizia!!»
* * *
Egun-sentiko zorun-egaren ega sarmiña!
iratzarri dek nere barrengo txori oztiña!!
Iruña 1931-VII-3
Zeruko Argia 153, 1931. iraila, 133. or.
|