www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urkixo-tar Juliri

 

        —Kirikiño, Urkixo-tar Julitzaz zerbait esan zenduan lengo baten, eta ganeratzen zenduan erantzungo zeuntsola. Noz izango da?

        —Aspalditxo daukot idatzita erantzun ori, «Euzko-Abendaren Elez» atalean ipinteko, baiña egunero dago ugari argitalgeia ta ez dakit noz sartu al izango dodan.

        —Orixe irakurteko guraria ba daukot ba. «Egunekua»n sartu egizu.

        —Izan be! Gaur ipiñi bear dot. Irakurleak ez al jataz asarratuko.

        —Bai, zereko asarratu! Guda-guzurrak baiño gogozago irakurri baietz orixe jokatuko neuskizu orraitiño.

        —Orduan ezer geiago esan barik or doa:

 

 

KIRTENKERIAK ALA... ZER?

 

        Azkenengo Bagillaren 26ko EUZKADIn ipiñi neban esakun auxe: «Tierra Santa-rako Pelegriñaziñotik», eta onen urrengo: «orrexen antzera orain larogei urte argitaldu ziran ainbat kirtenkeri ardurarik andienaz biltzen ditue baita berrargitaldu be Revista Internacional de Estudios Vascos-en eta orrelako aldizkingietan».

 

* * *

 

        Revista Internacional de Estudios Vascos-en jabea da Julio de Urquijo (Urkixo-tar Juli euskeraz). Nik esandakoak oni min egin dautso, ta arrikadea jaurti daust. Alde egin bear dautsot arrikada orreri, buru-buruan jo ez nagian.

        Ara:

        Oraintsu argitaldu dau Urkixo-tar Julik ingurtitxu (folleto) bat, emengo gazte batek esandako okerren batzuk zuzentzeko usteaz; ingurti orretantxe aitatuten nau onetara:

        «...en Bilbao se trata de poner en ridículo a la Revista Internacional de Estudios Vascos, porque recoge cuidadosamente y da a luz cuantos textos vascos puedan tener alguna importancia histórica o lingüística. De kirtenkeriak los califica Kirikiño, pseudónimo, según me aseguran, de D. Evaristo Bustinza. iY que esto lo escriba un profesor de Euskera!»

 

* * *

 

        Geldiro gabiltzan.

        Nik ez neban esan, nik ez diñot, Revista orrek billatzen dituan antziñeko idazti guztiak kirtenkeriak dirala. Zeatz irakurri bear da, arrikadak jaurtiten asi baiño len.

        Nik esan neban eta diñot, «Tierra Santa-rako Pelegriñaziño» erderakada «orrexen antzera argitaldu ziran ainbat kirtenkeri»... orrexen antzera! niñoan.

        Urkixo-tar Julik ezetz, ta nik baietz... onen-onena izango da irakurleak erabagi dagiela; alde batera barriketea.

        Ara Revista Internacional de Estudios Vascos orretan idoro dodazan nire eretxirako kirtenkeri batzuk:

 

 

        BAT

 

DOCTRINA CHRISTIANEEN

 

        explicacinoa eusquera cein ofrecietan deusten gustiai D. Martín de Arzadun Durangoco urico Elexataco Beneficiadu da cureac.

        Dediquetan deutso D. Nicolas de Echezarreta de Olasarri, Santiago ordeaco caballeroari.

        (Revista Internacional de Estudios Vascos, año I. Enero 1907).

 

* * *

 

 

        BI

 

EXERCICIO SPIRITUALA

 

Bere salbamendua guiteco desira

duten giristinoentzat laguntza handitacua.

Bigarrena editionea.

Bayonaco gure jaun Ipispicuaren permissionearequin.

(Revista Internacional de Estudios Vascos, año I, núm. 6.
Noviembre 1907).

 

* * *

 

 

        IRU

 

MEDITACIONEAK

 

gei premiatsuenen gainean cenbait abisuekin, othoitcekin eta bicitceko erregela batekin.Arima Jainkotiarren oneraco Bayonaco diocesaco Eliza-gizon batec eginac.

 

I PARTEA

 

        (Revista Internacional de Estudios Vascos, año II, núm. 3. Mayo-Junio 1908).

 

* * *

 

 

        LAU

 

GUIRISTINOQUI
BICITECO ETA HILCECO
MOLDEA

 

        ceinetan causitcen bai dire egunaren guiristinoqui iragateco moldea, Meza sainduco, Hagoniaco, Confessioco eta Communioneco othoitzac, Igandeko Bezperac, Ilhabetearen egun gueietaco Meditacioneac, Arima penatuten contsolamenduac eta contcientciaren esamiña.

        (Revista Internacional de Estudios Vascos, año II, núm. 3. Mayo-Junio 1908).

 

* * *

 

        Zer deritxozue? Oreek kirtenkeriak dirala esateagaitik ez daust ez garbai-arrak neure biotz au zulatuko. Nik, benetan diñot, orrelako idaztirik (libururik) iñun aurtituko baneu, apurtu egingo neuke ta iñok ez leuke jakingo, lotsagarriak diralako.

        Nik ori egingo neuken arren, ulertzen dot askok zaletasuna eukiten dabela antziñeko gauzekana; jakin gura izaten dabela antziñekoak zelan bizi ziran, zelan idazten eben, zelako ekanduak eukezan, zelako errediza ta izkillu ta jantziak erabilli ebezan, eta abar. Urkixo-tar Juli da orretariko jakikura bat, eta atsegin izaten dau jakitea zelako idaztiak argitaldu ebezan gure asabak. Ondo dago. Nik ez diñotsot ezer orregaitik. Bakotxak bere zaletasunak euki daroaz. Onetan aske bakoixa.

        Baiña Urkixo-tar Julik edo bera lako antziña-gauza zaleren batek ataraten badau autsartetik argitara gauza zatarren bat edo idazti kirtenen bat, eta enparauok badiñogu zatarra edo kirtena dala, ez dauko zegaitik asarratu ta ez dauko zetan etorri destaiñaka.

 

* * *

 

        Eta, zelako destaiñak? Ara bat: «iY que esto lo escriba un profesor de Euskera

Mutillak! Neu irakaslea izate onexek burukomin andia damotse karlistei. Lenengo asi zan Zuazola, gero Zarrontzale barregarriak ekin eutson leloka-leloka, ta orain Julio de Urquijo dator.

        Zetara dator orain nire irakaslaritza ori erdira? Or gorago irakurri dozuen vascuentze ori kirtenkeria dala esan ezkero, ez ete lei euskerarik irakatsi al? Zer bear ete da ba euskerea irakasteko? Kirtenkeri orreek eredutzat artu, ala karlista izan, ala zer?

        Urkixo-tar Julik or esan gura dauana da, nire ustez, ez nazala jakituna. Au bada, ez dot euki, Jaungoikoari eskerrak, iñok esan bearrik ori jakiteko, neuk be ondo dakit ba ez nazala ta. Baiña orregaitik ez da ardura. Jakituna izan barik be irakaslaria izan leiteke. Asko dira irakaslariak jakitun ez diranak, eta neu be bai, ta zer? Irakatsi egiten dogu geuk be, orretan jakitunen atzean gelditzen ez garala sarritan.

        Eta, zer arrano!, neure irakaslari-tokian ikusi gura ez banabe kendu nagiela bertatik al badabe ta kitu. Ulebiook!

 

* * *

 

        Ara beste destaiña bat:

        «Mas, por lo visto, prefieren pasarse los días discutiendo la etimología de ekaita o aketa, sin enterarse todavía de que esta palabra la inventó una vieja de aquende el Pireneo para pedir café a una amiga suya, sin que se enteraran sus vecinas».

        Sin enterarse todavía... «asto zarrok alakook ezer ez dakizue ta!» esan gura dau orregaz Urkixo-tar Julik.

        Guk gero... astoka-astoka... jakitunek ez dakiezanak jakiten doguz batzuetan. Guk ez genkian atso orren ipuin ori; ez da arritzeko, atso guztien ipuin barregarriak ba, zelan jakin daikeguz? Baiña orra, Urkixo-tar Julik be, ainbeste dakian arren ez daki ondiño «akeita» itz ori eurrez erabilten dala Naparrako Sunbilla aldean. Urkixo-tar Julik diñoan atso aregandik ikasi ete eben itz ori Sunbilla aldeko napar guztiak? Gaitz egiten da siñesten.

        Eta gu ez giñean ibilli emen «akeita»ren itxorkuna ataraten. Urkixo-tar Julik ez dau ondo ulertzen euskerea, edo nik ez dakit. Gu emen ibilli giñean jakin gurarik nun esaten zan itz ori, nundik norakoa zan, ez beronen itxorkuna.

        Baita be diño Urkixo-tar Julik: «...soy partidario de la purificación (relativa, claro está) del léxico vasco. Lo que desapruebo es que ejerzan de purificadores y de etimólogos, los que carecen de preparación suficiente para tan difícil labor».

        Zeregin gaitz orretarako egoki gertauta dagozanak, nortzuk ete dira Urkixo-tar Julirentzat? Atsegin izango litzakit auxe jakitea.

        Arana Goiri-tar Sabin eta Arriandiaga-tar Imanol Abak asmauriko itz eder egokiak, euskerearen sustar-sustarretik sorturikoak, ez dauz ontzat artzen, ez dauz entzun be gura Urkixo-tar Julik; eta au ondo dakit berberari entzun neutsolako beiñola Zumarragan.

        Bearbada, Arana ta Arriandiaga, euskera arazoetan oskil batzuk izango dira Urkixo-tar Julirentzat. Bai ba!

 

* * *

 

        Eta «lo que desapruebo»... Zer gero? Nor zara ba zu erdira urteteko esaten ontzat ala txartzat artzen dozula ori? Idazti zar barregarri batzuk idoro dozuzala or-emen, eta naikoa diru daukozula Revista Internacional de Estudios Vascos zeure lepotik argitaltzeko ta, zatoz burua nagusi egiten? Ez gero iñori barrerik eragin, gizona!

        Zuk ontzat emon naiz txartzat emon... parra; euskeraz noraiñoko mutilla zarean ikusteko gagoz ondiño ta. Zer diñot? euskeraz mutilla zarean be ondiño ez dozu erakutsi ta.

        Billatu egizuz, billatu, artarako garra daukozu ta, idazti zarrok; baiña euskereatzaz maisukeriak egiten etzakiguz etorri, gizona, Jainkoarren!

1914-VIII-17

 

aurrekoa hurrengoa