www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Norberen izkuntza zaindu bearra

 

        Gure eskuetara atzo eldu zan Frantziako izparringi bat eta bertan irakurri genduan izpar bat frantzitarrak oso ikaratu dauzana.

        Izpar ori auxe da: «Kanada deritxon Ameriketako lurkian ango gobernuak agindu dauala eskoletan ingalanderea irakatsi daitela frantzerea baiño aurrerago».

        Lurki artan frantzitarrak bizi dira, obeto esateko, frantzitarren jatorrikoak, frantzitarren odolekoak, frantzitarren abendakoak, lurki artako zati andi baten jabea izan zalako aldi baten Frantzia; ta augaitik ango erri askotako elea edo berbetea frantzerea da.

        Frantziak geroago galdu eban ango bere jabetasuna ta Ingalandaren eskuetara jausi zan eta gaur berau da jabea ta ugazaba.

        Eta, jakiña, ango ingalandarrak euren opillari sua egiñik, agintzen dabe ingalanderea izan daitela frantzerea baiño geiago.

        Agindute au jakin danean ikaratu dira frantzitarrok, eta jarki jakoz gogor agindute orreri.

        Euren arteko batek, Burassa Henri deritxon diputaduak argitaldu dau an: ... la vie et l'unité de la race française dépendaient de la conservation de la langue...

        Onek esan gura dau euskeraz: «Bere ele edo berbetea jagotean dagoz frantzitar abendearen bizitza ta batasuna».

        Ondo esanda dago ori, ez bakarrik frantzitarrentzat baita be euskotarrentzat. Aek igarri dabe euren elea galtzen badabe joango dala euren frantzitasuna, euren elea iruntsiten badau ingalandereak onen abendeak iruntsi ta bereganduko dauala frantzitarren abendea Kanadako lurki artan. Eta auxe igarririk, asi dira gogor, guztiak bat eginda, ango gobernuaren agindu ori atzeratuteko.

        Kanadako frantzitarrak bakarrik ez dira, ele edo berbetearen zer-ikusia abendearen iraunkunagaz igarten dabenak. Emen daukozuez geure auzoko españiarrak orixe berori dakienak, ba PUERTO RICOn ingalanderaz irakastea eskoletan agindu ebenean yankitarrak, amaika negar ta arrantza irakurri genduan españiar izparringietan, iñoela eleagaz batera galduko zala portorrikotarren artean orain dauken espaiñartasuna.

        Euskotarrak bakar-bakarrik dira ludi guztian orixe igarten ez dabenak, ez dabe igarten eleagaz batera, euskereagaz batera galduko dala betiko Eusko erria... tira, oraintxe asi dira urteten tentelkeri ain lotsagarritik.

        Euskotarrak jarraitzen dabe españiar ta frantzitarren bideetatik gauza asko ta askotan, gauza txar geienetan.

        Jarraitu egiozue ba norberaren elea maite-maiterik eukiteko bide orretatik be; españiarrak bere elea, espaiñerea, maite dau; frantzitarrak bere elea, frantzerea, maite dau... maite egik euk eure elea, euskerea.

 

* * *

 

        Emen idatzi doguzan itz batzuen azalpena: Frantzia, Francia: frantzitar, frantzesa; izpar, notezia; ingalandera, ingelesen berbetea; frantzerea, frantzesen berbetea; lurki, lur zati edo errialde; ele, berbetea; iñoela, esaten ebela.

1913-II-26

 

aurrekoa hurrengoa