www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Etxe izena euskeraz

 

        Oñatin oraintxe urte bi erre zan etxe bat, geure adiskide maite Zulueta-tar Pilliparena; eta urte atantxe eregi eban barriro.

        Ate-buruan ipiño dautso, arrian izkiak (letrak) atarata, urrengo idazkun au:

 

ZULUETA-ETXEA
MCMXI URTEKO IRAILLA-IX-an ERRETA
URTE BEREAN EREGI ZAN.

 

        Zorionak, Zulueta! Orrelakoxe gauzatxuekaz be geure Aberri maite oneri gorantza bultz egiten jako. Erabilli daigun euskerea beti ta alde guztietan.

        Eta Zuluetak egin dauanagaz ikasi dagiela beste etxedunak, saloskari edo denderuak, eta enparauak.

        Ikasi dagiela euskeraz ondo ipinten ate-buruetako idazkun ok, erderaz barik.

        Gure aurretiko euskaldunak zaletasun andia izan dabe erderara. Tautik be jakin barik erderaz, etxe barri bat egitorduan edo zarra barriraztorduan, ez eben ipiñi gura idazkunik euskeraz, eurak zetarikoak ziran onetara erakutsiaz. Ezta; erderaz ipiñi bear, bazter guztiei barre eragiteko bazan be.

        Amaika barre egin dabe gure lepotik, onetariko idazkunak dirala ta ez dirala; eta barre egiteko zio edo motiboa euki dabe.

        Begiratu, ezpabe, euskalerriko etxe bateko idazkuna:

 

Loi só
Coliparco de Mandoburuaga
ai no de 1858

 

        Idazkun auxe ikusita, barrearen barreaz alboko miña eginda egon dira iñoz erdaldunak; eta esan be bai:

        —¡Pero qué brutos son los de esta tierra!

        Eta guk erantzun:

        —Ez diñozu guzur andirik. Astotan emen azten dan aiña, nun gero? Erderarik ez dakiela be erderaz ipiñi bear. Zelako astakeriak ez ete leukiez ipiñiko Cabeza de Buey-en, eurrez asiko balitzaz ipinten orretariko idazkunak ingalanderaz edo frantzeraz? Baiña Cabeza de Buey-en euskalerrian baiño zentzun geiago dauke (guretzat lotsagarria da, baiña egia) ta etxako iñori otu ondiño ate-buruko idazkunik ipintea bertako ele edo berbetan baiño.

        Emen, saloskari (konbertziante) guztiak erderaz euren ateburuetako idazkunak, euskeraz bat ez dago.

        Eta bearbada, iñok esango dau, on dala emen erdaldun asko dabillelako, oneek be jakin dagien.

        Ez, ez; ez da orregaitik. Euskaldun uts-utsak diran erri txikietan, eta urtean erdaldunen bat edo bi, kasuelakaraz, igaroten badira geien-geien dala, aurkituko dozuez ardantegi koskorrak ateburuan edo orman daukenak:

 

Buen biño se bende

edo

sidra y chacolí.

 

        Gizonak! Norentzat erdera ori? Euskeraz ezin lei ipiñi, andik ibilten diran guztiak obeto ulertuko leukiela, ta ganera, geure ele edo berbetan?

        Euskeraz ipinten gaitz dalako be ez da. Nor da gauza ez dana euskeraz ipinteko, baita ez ulertzeko, idazkun oneek?

 

Ardao ona saltzen da

edo

Ardaoa, txakoliña ta sagardaoa.

 

        Au egiten erraz da. Egiten ez bada, ez esan besteagaitik dala itxitasunagaitik baiño. Auxe da, auxe: itxitasuna, arditasuna.

        «Besteak nundik doaz, ortik? Neu be bai». Auxe da arditasuna.

        «Orain arteko iragarri edo ate-buruetakoak erderaz dagozala? Neuk be erderaz ipiñiko dot eta kitu». Auxe da arditasuna.

        Iñoren bidetik ibiltea ez diñogu txarra danik, bide on ona izan ezkero; diñoguna da, iñoren bidea artu orduko begiratuteko zelakoa dan. Burua zetarako dogu ba? Zarronzalek eta bere lagun koiteduek lez, apaingarritzat edo adornotzat bakarrik erabilteko?

        Itxi daiguzan barriketa guztiak, eta gauza bat esan bear dautsuegu:

        Emen, euskalerrian, erdaldunen ekanduak artu ta geuretuten mutil andiak gara, baiña ekandu txarrak. Ba, bein artu dagioegun ekandu on bat eta geuretu daigun.

        Cabeza de Buey-tarrak euren errian beti-beti ipinten dabez espaiñeraz ate-buruetako ta ormetako idazkunak edo letreroak, euren erriko ele edo berbetan. Ekandu ona da.

        Geuk be, eurak lez, ipiñi daiguzan geure erriko ele edo berbetan, euskeraz.

        Artu daigun eta joan gaitezan Cabeza de Buey-tarren bidetik, bide ona dala dakigula.

1913-VII-3

 

aurrekoa hurrengoa