www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

«Orfeón euskeria» Gallartan

 

        Atzo gure izparringi onetan irakurriko zenduen zein ondo artuak izan ziran Gallartan abeslari oneek; zein meza abestu eben, zeintzuk eusko abesti abesau ebezan eguerdian erriko musikakioskoan eta arratsaldean pelota lekuan, zein egun ederra igaro eben abeslariok eta.

        Gaur ez dogu imiñiko emen atzoko guztia; baiña bai zorionopa bat egingo dautsogu «Orfeón» euskaldunari.

        Euskalduna deituten dautsogu lateraz (latiñez) izan ezik, betibeti euskeraz bakarrik abestuten daualako. Euskereari emen orain arte erakutsi jakon ezezkeri edo desprezioaz, abeslari batz onek, irasi zanetik ona, beti euskeraz abesturik, ez dauko ondo irabazita euskalduna-ren izena? Bai bein!

        Gallartako erriak atsegiñik andienagaz entzun ebazan euskal abesti txukunak. Berez dira politak, eta ondo abestu ezkero barriz... onetantxe dira ba mutillak «Orfeón Euskeria»koak, geure abestiak erabilten!

        Gallartara eldu zan araiñegun abertzaletasunezko aize-bolada bat. Gallartar euskotarrak artu eben aize-bolada ori, egun sargoritsu itogarri baten bapatera iparraize ozkirri ta atsegingarria agertzen danean artuten dan lez.

        Erri orretako euskotarrak bizi dira erbestetar askogaz batera. Ba dakizue miatz-erria dala Gallarta, eta ba dakizue miatz-ugazabak zenbat erbestetar ekarri daben lan egiteko, emengo langilleak bailo merkeagoak dirala ta. Enkartaziño aldeko miatz-errietan nastean bizi dira euskotarrak atzetarrakaz, ta oneek, geienak izaten dira emengo gauza guztien aurkariak edo kontrarioak.

        Atzetar oneek gure artera datozanean ez dabe artzen ez gure euskerea ez gure ekandurik, eurenak beti erabilli bailo; ta euskaldun eta euskotar abertzaletasun bakoak, erraz-erraz isten dabez euren euskerea ta euren ekanduak atzetarrenak artzeko.

        Eun euskaldun uts bizi diran lekura sartu badaitez zortzi bat atzetar, laster ikusiko dozuez euskaldun makalak erderaz itz egiten, mordoilloka bada be; atzetarrak, barriz, ezer ikasi ez dabela euskeraz; laster ikusiko dozuez euskaldun indargeak aurreskuak eta dantza garbi politak itxita, baltzio estu-estua egiten guztiz zikinduta; laster ikusiko dozuez euskaldun doillorrak itz loia ta birao iguingarria ezpanetan darabillela, uleak aurreruntz orraztuta, errebolbera ta aizto (kutxillo) luzea sakeletan daroela; laster ikusiko dozuez euskaldun kirtenak euren arteko abesti gozo samur polit txukun ederrak aztuta, tango ta malagueñak abots urratuaz kantatzen, ezetariko grazia barik, asto zar bati berari be barre eragingo leuskioela.

        Abertzaletasunik ezak eragiten dau guzti ori.

        Abertzaletasun aizeak sartu diran errietan asi dira euskotarrak, iñoren bideak itxi ta eurenak artzen. Asi dira, apur-apurka, euskal usaiñari eutsiten; jolastokietan asi dira emengo ekandu zar ta onai indarra emoten.

        Gallartan, abertzaletasuna sartu zanetik ona, euskotarrak orretantxe asi dira, euren asaben biderantza joten. Erbestetar asko bertan bizi arren, eta alde guztietan lez euren jolas, dantza ta ekanduak beti erabilli arren, ez dautsie euskotarrak jarraitzen; oneek euren jolas, dantza ta ekanduak darabillez besteenen aurrean.

        «Orfeón Euskeria»ko geure adiskide batek edestu (kontau) euskun atzo, Gallartan araiñegun ikusiriko gauza jakingarri bat.

        Erromeria zan araiñegun erri artan. Zelai bi ei dagoz orretarako, ikastola-etxeen beko aldetik bata, goiko aldetik bestea. Beko zelaian joten ei eben erriko musika-bandeak eta txistulariak; antxe ebiltzan jantzan eta jolasean euskotarrak; ez ei zan agiri an euskotarra bailo, esan eitekeala euskalerriaren biotz-biotzean aurkitzen zala. Goiko zelaian, barriz, zazpi-zortziren bat esku-pianuak ei egozan joten jantzak, eta antxe egozan eurak euretara erbestetar guztiak. Onetara, bakotxa bere lekuan, banan, jolastuten ziran euskotarrak eta erbestetarrak.

        Ura ta orioa nastau arren berez banantzen diran lez banandu dira Gallartan abenda bietakoak...

        Berez?... bai zera! Abertzaletasunak eraginda. Auxe ez balitz, ezebez.

        Augaitik, ekin eta ekin, euskotarrei irakatsi bear jake zein dan euren Aberria, esan bear jake noren semeak diran, ezagutu dagiela zein jatorrikoak diran.

        Eta ganera, Aberria imiñi begien aurrean, polita da ta maitatu dagien.

        «Orfeón Euskeria»k gallartarrei Aberria erazagutu dautsie eusko abesti ederrakaz, era askotara Aberria erakutsi leike ba ta: abestiak erabilliaz; jantzak eta ekandu polit asko bazterretik atara ta erdira ekarriaz; geure edesti edo istoria jakin eta irakatsiaz; geure euskera garbi au erabilli, idatzi ta irakurriaz; euskera onen izkelgiak edo euskera-moduak ikasiaz; umeei euskeraz izena imiñiaz; etxeak eusko antzera egiñaz; iragarkiak (anuntzioak) euskeraz jarriaz; geure idazkiak be euskeraz ezarriaz; euskeraz otoi egiñaz; geure gauza guzti-guztietan eusko antza eukiaz.

        Aurrera, euskaldunak, bakotxa bere bidetik. Ekiñaren ekiaz gauza izugarriak, siñestu be ezin leikezanak, egiten dira. Gatxa dirudi gure Aberri au sartuta dagoan lezatik ataratea; baiña gelditu barik badiñardugu, atarako dogu.

        Jauna lagun dogula.

1913-VI-17

 

aurrekoa hurrengoa