www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskerea zelan zabaldu

 

        Sarri ibilten gara esaten zelan zabaldu leiken euskerea Euzkadiko erdal erriak izan eta karlisten menpean euskerea oso galdu daben errietara.

        Lan gaitz-gatxa da benetan. Irakastola edo eskola barik, zelan arrano eroan euskerea Bizkaiko, Arabako ta Naparrako erri askotara, elez gaztelar uts-utsak diranetara?

        Ezin da, erantzungo dau abertzalea ez danak, on galdu zan eta kitu orain.

        Ez dago kiturik, ez; Aberriaganako maitetasunak ez dau ezagutzen eziñik.

        Maitetasuna da gauza guztien eragillea.

        Etxe onetan egon zan lengo egun baten Araya Arabako abertzale benetako bat. Axe da gizona, a! Ez dogu emen jarten bere izena, dakigulako atsekabetuko dogula, ta bearbada, okerra ekarri gengikiola bere bizikeran.

        Esan euskun zoritxarrez ez dakiala euskerea, bere aitaitak jakin ebala baiña.

        Jakiñez onek ez dautsola bein be ardura txikerrenik emon, lengo urte baten bere Aberria zein dan jakin arte.

        Orduantxe mindu zala euskeraz ez jakiteaz, euskotarra izanik, eta asmo sendo bat egin ebala bere umeei jakin erazoteko.

        Euskalerrietan ekandua dagoala mutil-neskatoak bidaltzea erderea ikasten Araba aldera, ta ekandu auxe gogoraturik Bergarako bere ezagun bateri esan eutsola iñok baeukan asmorik olan umerik bidaltzeko Arabara, beronek ordeaz bidalduko ebala bere ume bat euskerea ikasten.

        Idoro eben bat, eta truke egin ebezan umeok. Bergarakoak, bidaldu eban Arayara neskato bat, eta Arayakoak Bergarara mutiko bat. Orretara egon dira ume biak amairu illabetean, etxe on eta ezagunetan, gastu bagarik.

        Arayako abertzale onak diño, bere mutikoak euskerea ederto ikasi dauala; ta orain daukola asmoa bigarren umea be olantxe bidaltzeko euskalerrira, ta irugarrena be bidalduko dauala, ta orretara bere ume guztiak ikasiko dabela, ta etxean euren artean euskeraz beti itz egiteko aginduko dautsela.

        la, maitetasunak zelako bideak idoroten dauzan!

        Geuk esan geuntson arabatar zintzo oneri, umeak jarraituko ete eutsoen asmo eder-eder orretan, eta erantzun euskun ori lortuteko esaten dautsela bere umeei euskerea dala geure odolari dagokion elea, euskerea dala euskotarren ezaugarria, euskotar onak izateko euskerea jakin bear dabela.

        Itz baten esateko, amaitu eban arabatar onak, sendo-sendoro abertzaletuko dodaz umeak, eta aunexegaz naikoa da euskerea maitatu daien, eta maitatu ezkero ez dabe lagako.

        Auxe, Arayako arabatar auxe lako asko bageunko, gaurtik ogei urtera... emen izango litzake erdaldunen ariñeketea!

        Arabatarrak egiten dauana, ezin leie egin beste askok?

1913-IX-19

 

aurrekoa hurrengoa