www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Eldu da gure eguna

 

        Gaurko egun au pozkarria da, ta gogoragarria izango da, euskaldunentzat.

        Gure euskera maite-maite onek ba dauko gaurtik aurrera nun agertu egunoro; euskeraz idatzi ta euskeraz irakurteko egarri diran euskaldun zintzoak, ba dauke nun asetu gaurtik aurrera euren egarri aberkoi ori; aurrerakada andia da gaurkoa geure biotzetako ele edo berbeta onentzat.

        Orain baiño len alegiñetan ibilli izan gara euskerea sartzeko, apur bat baiño ez bazan be, egunoroko izparringi edo albistarietan; euskerea eskeiñika erabilli izan dogu emengoetan, eta ezezka artzen ginduezan.

        Lengo urte baten ia siñestu genduan sartu giñala emengo albistari baten; asi giñan bidaltzen euskeraz irakurkiak, alditxu baten argitaldu be egin ebazan, eta gero polito-polito ateak itxi euskuezan eta alde eragin euskuen. Urrean izparringi aren irakurle erdaldunak ez eben ikusten begi onakaz euskerarik eta zarata egin izango eutsien izparringi aren artezkari ta jabeei; onakoren bategaitik izan ete zan susmoa egiten dogu guri ateak istea.

        Izparringi orreek, emen geure aberri onetan agertzen diran arren, emengotarren diruakaz irasia (fundauta) egon arren, ez dira emengoak benetan, ez dira euskotarrak; euren gogoa emendik urrun dago, ta beraugaitik euren irakurlerik geienak muker izaten dira euskotarren gauzarik ikusteko, batez be geure elea edo berbetea, euskotarren gauzarik euskotarrena, berau da ba garbi ta zeatz bananduten gaituana atzerritar guztiakandik.

        Orrelakoxeak izan dira, ta dira, emen agertzen diran egunoroko izparringiak, eta ez da ikaratzeko euskereari jazo jakona eurakaz; eskean eltzen izan dan ate guztietatik bultzaka atara dabe.

        Baiña euskera maite oni ta beronen alde gagozan euskeldunei eldu jaku geure eguna. EUZKADI izparringi au geure-geurea da; euskotar abertzaleak geure diruaz ta guztion artean irasi dogu, ta geuretzako irasi be; onen irakurleak bertakoak izango dira; oneen gogoa ez dago iñun ementxe geure aberrian baiño.

        Aberriko gauza guztiak maite-maiterik izango dauz izparringi onek, eta aurrenengo euskotarren agerkunik agiriena, euskera ederra, geure abizenetan darabilguna ta beste aberri guztiakandik osoro ta zeatz bananduten gaituan antziñeko ele edo berbeta garbi txukuna.

        Ementxe, izparringi barri onetan, leku egokia egunean-egunean eukiko dogu euskeraz idatzi ta euskeraz irakasteko; ementxe egunoro erabillirik bizkortu ta sendotuko dogu, apur-apurka galdu eragiñik auzoko erdera ziztriñetik ganeratu jakozan zetaka ta loiak; ementxe gogor ekingo dautsogu il ez daiten geure gurasoekandik artu dogun euskotasun barru-barruko au.

        Etorri ona ba euskerea maite dozuen euskotar guztiok, emengo ateak zabalik daukozuez euskeraz idazteko.

        Aintza ta barri ona euskereari! Ilgo dala ta ilgo dala laster esaten izan da ta esaten da gaur be. Ba, guk erantzuten dogu beingo-beingoan ez dala ilgo; gaur artu dogun goi onetatik jarkiko gaiakoz bere arerio guztiei, ta gaitz izango jake atzamarrik ezartea geure maite oni.

        Antziña-antziñetatik onaiño izan diran euskotar zintzo garbiak, geure asaba zar guztiak, euren illobietan pozezko ikara bat egin dabe gaur ikusirik ondiño ez dala galdu bizidunen artean euren azia, ta galduteko antzik be ez dagoala.

1913-II-1

 

aurrekoa hurrengoa