www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Neskatillak, entzun ondo

 

        Araiñegun eldu jakun NAPARTARRA, ta bertan irakurri genduan Mirentxu deritxon neskatilla batek argitaltzen dauan idazki oso polita ta jakinbear andikoa.

        Naparroako euskeraz dago, ta guk bigurtzen dogu Bizkaiko euskereara, idazkai orretan Mirentxuk irakasten dauana gura dogulako jakin dagien emendiko neskatillak.

        Ara Mirentxuren idazkai mamintsua emengo euskeraz imiñita:

        «Ene neskatilla maiteak, negu au isiltxorik joan jat eta orain udabarrian sartzean, aberri abesti gozo zoli-zoli bategaz ez bada be, bizi nazala ta Euzkadirentzat, adierazo gura neuskizue.

        Atsekabez biotza minduta daukot, ene eusko neskatillak, neure adiskide ta lagun maitea dan Juletxoren negar samin-saminñakaz.

        Guretzat ikasgai eder-ederra ba dauko ta ara emen argi ta garbi.

        Juletxo ori Naparroa maite onetako euskal uri polit bateko alabea dogu.

        Goikoak gorputz-edertasunak ganezka emon ez badautsoz, lirain samarra bai eban egin eta biotz eder baten jabea...

        Aberats andikien alabea, erdalkerian azi zan... bere guraso erdaltzale itsuak iru-lau urte Donostiako Bartoloma deunaren irakastetxean euki eben.

        Gure Juletxo, ogetalau urtegaz bere euskal uri politean, euskera ta euskal oitura ederrak begitan arturik, osoro erdaldundurik bere gurasoakaz bizi zan. Auzo-erriko mutil on batek, sendagin (mediku) argi ta gizon zintzoak, bere emaztetzat eskatu eban... eta berak eta bere gurasoak esaten ebenez, baserri-usain arpegizabal eta ipurdi andidun euskaldun mutil orren emaztegeitzat izateko jaioa etzan, eta alan gure euskaldun sendagin ona arrabete surregaz itxi eben.

        Juletxoren aita erri polit artako jauntxua zan lez, ango sendagintzat ekarri eban gallegu bat, eta onen lengusu bat, sendagiña au be, eulia ezti-usaiñera lez etorri zan uda artan bere aide ta erritarren etxera.

        Naikoa guzur ta barriketa zuri laban ba eban berak, batez be Juletxorentzat; au, gaisoa, gallegu barritsu aren zale egin zan... Juletxuren aitak bigarren gallegu sendagin oni be Naparroako beste erri bateko ateak edegi eutsozan, eta bere alabea emaztetzat emon be bai...

        Ezkontza ori egin zala iru urte ba dira; Juletxok amaika negar samin egin dau gallegu erdaldun orren menpean... barriketa gozo labanak joan ziran betiko, ta birao iguingarriak eta erdal esakera zikiñak sarri-sarritxo Juletxo gaisoak entzuten dauz bere senarragandik... ona dalako ta kristau legean azia, bere buruari ta bere gurasoai ezarten dautse bere zoritxarreko ezkontza orren errua, ta isilean iruntsirik daroaz bere atsekabe gorriak Juletxo gaisoak.

        Bizi diran erria itxi gura dau Juletxok eta atzera etorri Naparroako euskal erri on ederrera, bere gurasoak bizi jakozan erri aldera.

        Era ona be ba datorkio; beragaz ezkondu gura izan eban mutil euskaldunaren erria aurkitzen da sendagin barik... ango ta emengoak ba darabillez Juletxoren erdaldun sendagiña autatu dagien errian sendagintzat... Juletxo bere aitagaz badoa errira iru illabetean bere senar ari euskeraz irakatsiko dautsolakoan... erriak ao betean diño euskaldunak dirala ta euskaldun sendagiña bear dabela ta ganera erriko semea sendagintzat autatu dabela ta axe gura dabela.

        Au zan, Juletxok, baserri-usain euskaldun arpegi zabaldun legez bere senarzat artu gura izan ez ebana.

        Naikoa errukigarri da Juletxo bere erdalkeriaz ta galleguaren barriketa labanai belarriak zabalduaz, bere biotza atzerritar bati emonda... negar bizi da, ta entzun gura dautsoen eusko neskatilla guztiei esaten dautse: Goikoak ezkontzara deituten badautsue, euskaldun neskatillak, zeuen abendako euskotarragaz ezkondu zaiteze ta ez egin nik egin dodan lakorik, bizitza guztiko negargaia ez badautsezue ekarri gura zeuen buruei.

        Entzun, ene neskatilla onak, Juletxoren aotik datorkizuen ikaskaia ta ez iñoz be aiztu».

1913-IV-23

 

aurrekoa hurrengoa