www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ez dok ori niretzako

 

        Ara, Txori-Erreka, Don Jaime, Zuazola, Zarrontzale ta euren antzekoak Melillara zuen ordez joango diralakoan bazagoz, ez zagoz gixajo txar-txarra. Orreek gorabera, egur makurra lepoan dozula ibilli bearko dozue Afrika aldeetan, beti be ostikada bat edo arturik destruziñua ondo egin ez dozuelako.

        Erreketeruak ez doaz gudara, erreta be. Emen gudazaletasun andiak erabilten dabez, urten bear dabela mendira ganeko egunen baten esaten; baiña, bai zera! urtetea balitz eurak eixean geldituko litzakez, ta zu ta ni lako gixajoak atarako gindukiez etxetik gura-ta-ez, izkilluak artu eragingo leuskiguez, ta gu lakoakaz egingo leukiez, lengo gudatean (gerratean) lez, voluntarioen batalloiak; gu bidalduko gindukiez bala artera, ta bitartean eurak jan ta edan ederto egin eta neskakaz olgau ta erriaren ogasuna ondatuko leukie, lenagoko gudatean egin eben letxe. Tresna ederrak dira ba eurok!

        Orrelakorik jazoko balitz orraitiño, eurak emondako izkillu berberakaz biboteok astinduko geunskioez Don Jaimeri ta bere inguruko jeneral ta andiki ta ojalatero guztiei, ez uste lenagoko iñusentiakaz aurkituko litzakezanik. Areek aldiak joan ziran sekulako!

        Au dala ta, ez noa ezer esaten eurei, alper-alperrik izango litzakela ba dakit eta.

        Kantiñera oreek kontserban edo ipiñi bearko dozuz galdu ez daitezan; edo zeuekaz batera eroan Melillara morral andi banaz.

        Don Jaimek, Zuazolak eta Zarrontzalek ez dabe bearrik be kantiñera orreenik. Lenengoa ointxe udabarrian ezkontzen dala esan eban atzo emengo erreketeruen izparringi isil-ezkutukoak, ota beraz, laster euko dau bere kantiñerea.

        Zuazola aspaldian ezkonduta dago; ta Zarrontzaleri, barriz, etxako toketan orrelako usaiñik.

        Agur ba, ta Kataliñeri ta Nekaneri barritsuak deitu eutsen neska gangar orrek ez daiala kantau euskeraz gura ez badau, faltarik be ez dau egiten. Kataliñek eta Nekanek eta euron moduko neskatilla politak egin bear leukiena da esan: Zuek ez dozuela euskeraz kantauko? Ba, geuk bez erderaz, ta kitu.

        Eta neu banengo jai toki baten edo eleizan edo nainun, eta sarjentona pilloa asiko balitz erderaz kantetan, egingo neukena da, jagi ta piperra baiño serioago tipi-tapa erdi-erditik kalera urten, or konpon! esanaz, «ez dok ori niretzako».

1914-1-30

 

aurrekoa hurrengoa