www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Zelan idatzi?

 

        Itandu auxe egiten dautsogu geure buruari: Zelan idatzi? Garbiz ala loiz?

        Ondo dakigu batek baiño geiagok erantzungo dauala: Al dala, garbiz idatzi beti; garbia ta loia, imiñi leioz iñori aukeran?

        Egia da ori berez, beste zertzelada guztiak arduratan ez artzekotan. Baiña gauzeari berari bakarrik begiratuaz ganera, artzen ba dira ardurapean bere inguruko beste gauzak, itandu lei bai garbiz ala loiz idatziko dan.

        Euskera zeatza, euskera garbia, euskera uts-utsa erabilli ezkero euskaldun asko ta askorentzat kaltea dator, ulertzen ez daualako; euskerearentzat kaltea dator, euskaldun asko ta askok euskeraz irakurriko ez daualako; guretzat euskalgilleentzat kaltea dator, alperrik egiten dogulako alegin ori, aize utsari ukabilkadea jaurtiten dautsonak lez.

        Euskera zeatza euskaldunik geien-geienak ez dabe irakurten; ikusi ordukoxe alde batera isten dabe.

        Euskera zeatzez idatziriko irakurki bat artzen dau izparringi edo periodikuan geien-geienetariko batek; berorrek ez dau iñoz irakurri ezer euskeraz, edo gauza gitxi beinzat, eta berau loiz idatzita; iñoz ez dau eskuetan euki euskal iztirik (gramatikarik), ezta iztegirik (dixionariorik) be; an aurkitzen dauzan itz asko ezezagun egiten jakoz; astia ta nekea bear eurak ulertzeko aurreko ta atzeko itzetatik; astirik ez dau izaten, izparringia irakurten ezin dalako luzaro egon, bere egunoroko lanari eldu bear dautsolako; nekea artzeko be ez da gogodun egoten, nekeari guztiak alde egiten dautsoelako, bai emen gure Euzkadin eta bai edonun.

        Zer egiten dau? Itxi, ta erderara jo, ta auxe irakurri. Zintzoen-zintzoenak be, irakurgurea daukonak berak be, itxi egiten dautso, esanik: «Orain etxaukoat astirik eta, gero edo irakurriko joat». Gero ori beti geroko gelditzen da; iñoz ez dator oraiñera.

        Len esan doguna: kaltea euskaldunak, kaltea euskereak, eta kaltea idazgilleak uts edo kalte egin daualako.

        Guk artu bear dogu geure Aberri au berau dan lez gaur, ez geuk gura geunkean lez.

        Gauza erraz-erraza emon bear jako ba euskeraz irakurten zaletuko bada. Ume samur-samurrei, ondiño jaten ez dakienei, lukainka ta urdazpi gordiña edo arrautza egosia edo makallau errea emon eiozue jaten, eta galduko dozue alperrik; emoiozue aia edo zuku arin-ariña ta ondo egingo dautso, ta bere urdailla indartuko da.

        Agaitik, ondiño euskera zeatza artzeko bigun edo makal dagozan euskaldunei euskera erraza, euskera ariña, euskera loia, euskera mordoilloa emongo jake izparringi onetan iruntsi al izan dagien. Au iruntsiten ikasten badabe, ta baietz uste dogu, indartuko jake urdailla, geroago koipe geiagodun janaria iruntsiteko.

        Garbizaleak ez doguz jaurtiten, ez dautseguz ateak isten; betoz ordu onean eurak be, lekua emongo dautsegu.

        Euskera garbiz pozik imiñiko doguz irakurki laburtxuak euskerazko toki onen aurrenengo; irakurki auxe berau argitzen dan leku berberan.

        Guztien atsegiña egiten gauza gatxa, edo gauza eziña dala esan oi da. Alan uste dogu; baiña alegiña egingo dogu.

1913-II-10

 

aurrekoa hurrengoa