Ormetako idazkunak euskeraz
Lengo baten Durangotik gentozala tranbian, Arriandiaga deritxon tokitik igaro gintzazanean, bertako etxe bateko orman ikusi genduan, geure atsegin andiz, urrengo idazkun au:
BAKIOKO TXAKOLIN BALTZA
Ikusi ordukoxe, poz-pozik esan genduan geure arterako: Noz-edo-noz!
Guk dakigula ba dagoz euskerazko idazkun edo letreroak Gernikan, Bermeon eta beste lekuren baten.
Ba dakigu ba Arriandiagako idazkuna ez dala lenengoa ez gitxiago be; baiña ba dakigu idazkunok urri dirala euskalerrian, batez be, or Durangorako bide orretan eta Durango inguruetan.
Orregaitik izan zan geure poza ta geure atsegiña idazkun ori ikustean. Tranbia arin etorri zalako ze ostantzean sartuko gintzazan etxe artan txakolin dangada bat edanaz saloki edo denda jabeari barriona emoteko.
Ez dakigu nor dan bera, ez dogu ezagutzen; dana dala, leku onetatik emoten dautsogu barriona eta agur bero bat berari.
Euskeraz idazkuntxu ori imiñiaz euskerearen alde egin dau, euskerearen alde egiñaz Aberriaren alde, ta Aberriaren alde egiñaz geure alde, euskaldunen alde; beraz geure eskerra zor dautsogu.
Zelan ordaindu? Ementxe iragarririk zein lekutan dagoan etxe ori, euskaltzale guztiak jakin dagien.
Durangotik onantz datorren bitxabala (kamiñoa, kamiño erreala), killometro bi ta erdi inguru eginda, bitan urkultzen da (biturkuldu), adar bata Zornotzarantz eta bestea Zugastietarantz dabezala.
Bide-urkuluan bertan dago arri-meta polit bat, bide-adar biak norantz doazan iragarteko. Arri-meta on antxe dagoalako, leku areri deituten dautsogu euskaldunak Arriandiaga.
Ba, leku artan dago etxe barri bat, janedanetxea, eskuma aldean emendik arantz joan ezkero.
Lengo urteetan sarri igaroten gintzazan andik, eta ormako idazkunak espaiñeraz bakarrik ikusten genduzalakoan gagoz, gure gomuteak uts egiten ez badausku.
Orain, espaiñol idazkunei ganeratu dautsie, goian imiñi doqun euskal idazkuna.
Agertu da euskerea, burua atara dau kalera, beti baso bazterretan eta etxe barruetan egon barik lotsaka lez, bere semeak eurak ikusi gura ez ebelako.
Gora euskalerria ta gora euskerea ta gora geu!
* * *
Orrenbeste zarata orma baten txakoliña saltzen dala idatzi dabelako?
-Bai, onenbeste zarata. Orrelakoxe idazkuntxu bat euskeraz imiñiak, askok uste daben baiño geiago esan gura dau, euskereari aurrerantz eragiteko.
Len esan dogun lez gure ele edo berbeta au, geure Aberriaz batera bizi edo ilgo dan au, orain arte bazterretan, etxe barruetan sartuta iñora urteteko adore barik aurkitzen izan da, lotsa-lotsa, bertakoa, etxekoa, Aberrikoa ta Aberriarena izan ez balitz lez.
Iñun ez eben artu gura, iñun ez eben ezagutu gura, at eskoletatik, at erri landoletatik, at aberatsen etxeetatik, at eleiza askotatik, at alde guztietatik. Gauza ostikopetuagorik!
Eta euskereaz batera geu ostikopetuta, Aberria erdi illik.
Geure buruak ezagutzen asi gara ta geure Aberria maitatzen, eta era batera geure gauza guztiak, geure-geureak, lurretik, saskara artetik, botata egon diran lekutik jasotzen, garbitzen eta apaintzen; eta euren artean aurrenengo geure euskera maitea, geure gauzarik ederrena.
Berau, dagokion tokian jartzeko esaten dauskue eskolak bear dirala, baiña nun jagozak eskolok? Eskola oreek eukiko doguzan arte egon bear al dogu besoak eunduta ta arkoloka jesarrita, ezertxo be egin barik, arrausi baten?
Al doguna egin.
Geure umeak euskeraz ugutzau.
Geure etxeai euskeraz izena imiñi.
Geure dendetako ate-buru ta ormetan euskeraz egin idazkunak.
Geure adiskideei euskeraz idazkiak egin. Geure iragarkiak euskeraz argitu izparringietan.
Geure etxean eta kalean eta alde guztietan euskaldunaz euskeraz itz egin.
Geure otoiak euskeraz egin.
Geure edozein gauzatan ez ezetsi euskerea, maitatu ta onetsi baiño. Onakoxe egikunakaz ataraten dogu geure euskerea erdira, aizetara, eguzkitara, sendotu ta azkartu daiten.
Ume bat euskeraz ugutzau dala, etxe bati euskeraz izena imiñi jakola, orma baten euskerazko idazkuna egin dala... ori da euskereari gora eragitea.
Orregaitik euskaltzaleak poztu orrelako bat jakiñaz.
1913-X-23
|