www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iñok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiño»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Durangoko erdalkeriak

 

        Uri eder artan bizi dan euskaldun gazte batek bidaldu dausku idazki bat, eta bertan diño an Josu-Biotzaren aintzaz egin izan diran eleizkizunak, ederrak izan dirala; baiña danak erderaz, otoi edo erregu, izkaldi edo sermoi, kaleetako idazkunak (letreroak), abes edo kantak.

        Gazte onek diño Durango euskalerria dala, Durangon bertako ta erbesteko euskaldun asko ta asko dagozala (geienak) erderea ulertu arren eguneroko artu-eman gauzetan, ostantzekoetan ondo ulertzen ez dabenak, esaterako, eleizako izkaldietan ia tautik ez dabe arrapetan.

        Eta itanduten dau euskaldunak izanik Uzkurtzaleak (erlejiñozaleak), gitxienez erdaldunak aiña, ta euren errian bizi izanik, ia zegaitik dana emoten jaken erdaldunei ta bapez euskaldunei; Jaunaren landako jana ez dauala uste ardi erdaldunentzat bakarrik danik; uste dauala euskaldunak be Josu-Biotzagana eroan bear dirala, izkaldiak euren elean edo berbetan egiñik, eta euskerazko abes ta ostantzekoakaz euren gogoak poztu ta argiturik.

        Egia da guzti au baiña...

        Ara, adibide bat ipintea otuten jat. Zuk, ba dakizu, Durangoko gazte orrek, Sagunto deritxon Valenciako itxas-uri baten euskaldun pillo andia bizi dala.

        Sagunto artara joten dau Sierra Menerako burdinbideak, eta beronetik jasten diran meak artu ta eroateko eltzen dira Bilbaoko itxas-ontzi asko; onez ganera bertan sortu dira olak eta lantegiak eta arrikatz-bildegiak.

        Onetariko arazo guztien jabe ta nagusiak euskotarrak dira, ta augaitik ango ola ta lantegi ta bildegi ta zeregin-toki guztietan emengoak dagoz asko ta geienak euskaldunak.

        Sagunton orraitiño iñori etxako otu euskeraz egiterik eleizako jairik; eta iñori otu balitzakio, txarto egiña eretxiko eben bertako biztanleak.

        Jokatuko neuke bertakoak ezetz joan eleizara, eleizan euskeraz egingo balebez izkaldiak, otoiak, abestiak eta abar; eta jokatuko neuke emengo euskaldun erdaltzaleak be esango leukiela: «Nori bururatu jako baiña Sagunto lako erri erdaldun baten euskeraz eleizkizunak egitea? Bertakoak ori ikusirik ez dabela oiñik ipinten eleizan eta asarre dirala? Jakiña! Aituten da bai ori!».

        Erbesteko aberatsei, edo beintzat dirudunei, eder egitearren, eleizan erriko elea edo berbetea aldatu ezkero, errikoak asarre jarri ta eleizara ez agertzeko asmoa artzea, ez dot esango ondo dagoanik; baiña bai esango dot ori egingo leukiela ludiko alde guztiguztietan ementxe, Euzkadin izan ezik.

        Geuri euskaldunei egiten jaku iñori egiten etxakona, lelo eretxita edo nik ez dakit zegaitik; lotsarik, izpirik be, etxaku artzen; beti garabillez ostikoka ta ezetsika.

        Noz uleak astinduko ete jakuz ta noz lotsea zabalduko ete dogu?

        Ordua ba dala uste dogu ba.

1914-VII-10

 

aurrekoa hurrengoa