|
AMAZAZPIGARREN KAPITULUA
Gipuzkoatarrak Franzesakin zenbat aldiz, buruz buru ta bat banaka, alkar disidaturik egin izan dituzten pelea gogorren azaldurea.
Lenengo disida
Amalaugarren Kapituluan esan dedan bezala Errege Don Juanek milla bosteun eta amabigarren urtean, Iruñeko Uria ertsiturik zeukala, beraren Martiztian arkitzen zan soldadu indartsu arro bat, zeñari arpegi ematekorik topatzen etzan Franziako Erresuma guztian. Soldadu urgulloso au, beraren Agintari eta lagun guztiak zeuden sinistatuak irme, ezin izan zitekeala beste bat iñon ere, berari esti eragingo zionik. Uste oso onetan, Franzes uanditu au bein batean jarri zan Iruñeko Uri barruan zeudenai keñuz ta deadarka adierazten zielarik, ezen, beretako gizonik bulardetsuena irten zedilla kanpora kazolete ta pikarekin buruz buru peleatzera; zeñari atera zitzaion Gipuzkoako seme Pedro de Tolosa (beste izen batez Pedro de Obineta deitzen zitzaiona). Franzes Martizti osoa, eta Uri barruko Españatar guztiak begira zeudela, portizkiro peleatu ta garaiturik, epaki zion burua Franzes parrastelariari Pedro de Tolosa edo Obineta Gipuzkoako jaiotarrak; zeñaren bidez Franzesak atsekabetu ziran lazki, eta ertsituak pozgarritu txit. Duque de Alva jaunak saristatu zeban gogoz baza irabazitako Gipuzkoatarra.
Bigarren disida
Milla bosteun berrogei ta laugarren urtean, Monsieur Chanfarron deitzen zitzaion Franzes Zaldun aomen andiko bat, bertako Erresuma osoan agertzen zitzaiozkan kontraritzalle guztiak azpiratzen zituelako arroturik, etorri zan Irun-aranzundik Ondarribiara bitarteko itegira; nondik ojuz aupadaka adierazten zeban, irten zekiola, peleatzera arma bardiñakin Gipuzkoako Probinzian arkitzen zan gizonezkorik errutzuena; zeñari itxorongo zion zortzi egun ondorengoetan toki berperean. Bañan luzaro egon bearrik etzeban izan kontrarioaren begira, eta are gitxiago Probinzia guztian ibilli bearrik izandu zan burrukaririk oberenaren eske, Chanfarron autulariaren arrokeri andia ixiltzeko. Kapitan Juan Perez de Azkue, Ondarribiako semea, irten zitzaion prest arma bardiñakin peleatzera Chanfarron andiari. Jazarra sonata au ikustera etorritako Franzes samalda andiaz estalia arkitzen zan Tellatuetako gañetik mugara bitarteko mendi guztia zeiutzubek beren Erritar Chanfarron pizkor erazirik alartu naiean deadarka ixildu ere etziran, alik eta Kapitan Juan Perez de Azkue Ondarribiatarrak ezpatarekin burua arras epakirik, beren Erraldoi andia lurrean zetzala ikusi zuten artean. Bañan uste etzuten gertakari au beren begiaz argiro ikustean, bat batean mututurik buruak makur makur zituztela joan ziran Franziara, beren kutun maite gudari andia Gipuzkoan utzirik; zeñaren bidez, mundua mundu dan arteko gelditu zan Euskarazko kantaera bat onela.
Monsieur Chanfarron jaun andia,
Irun-aranzun datza illik ezarria.
Badira onelako gertaera geiago ere Franzesakin Gipuzkoatarren artean izanak, bañan ez luzatzeagaitik lagatzen ditut izendatu bage.
Franzesak eldu ziran bi aldiz onara,
Laster irabazteko pozean jazarra;
Bañan uste ez dala samintzen da farra,
Izan ezkero kontra Gipuzkoatarra.
|
|