|
AMAIKAGARREN KAPITULUA
Gipuzkoatarrak Gorritiko Gaztelua noiz ta nola artu zuten; eta egikera onen bidez izandu zan Beotibarko batalla gogoangarriaren azaldurea.
Gipuzkoako Probinzia Gaztelako Erregeagana jarri izan zalako, Nafarroa mustardaturik aserratu zan portizkiro; eta berpertatik asi zitzaion Probinzia oni, asmatu al zitzakean kalte ta bidebagekeriak egiten. Gaiztakeria modu askotako oek egiten zitueneko igesleku ta gordegarri ifini zeban gaztelu bat, Gipuzkoarekin mugatzen dan Nafarroako Erri Gorritikoan, berariaz autatutako mendi erpin batean, bertara iñor ere kanpotarrik ezin igo zitekealako uste oso betean, zeñak iraun zeban Gipuzkoatarrak arras mindu ziran arteraño.
Nafarrak noizean bein gauaz ixilltxorik Probinzia onetako auzo-errietara etorririk egiten zituzten beste gaiztakeria mueta askorekin batean, lapurreta andiak eta eriotza odolgirodiak ere; eta ingurumaiko Gipuzkoatar apurrak oartu ta alkargana batutzen asi orduko, lister oek sartzen ziran koisketz beren gaztelu Gorritikora.
Ezin eraman alako bidebagekeri oezaz ainbesteraño berotuak arkitzen ziran Gipuzkoatarrak, ezik, promestu zioten alkarri, berendu bear zutela gaztelu kaltarkitsu hura, ill edo bizi. Asmo sendo onekin bear bezala prestaturik, eraso zioten ausardi andian portizkiro Nafarrak gordeleku segurutzat zeukaten Gorritiko gazteluari; bai ta menperatu ere ordu bat eta erdigarrengo, eta bertan arkitutako Nafarrik etzuten laga bat bakarrik ere bizirik. Egikera andi au gertatu zan milla irureun, ogeita batgarren urteko agorrillaren zortzigarrengo egunean. Gau artan berean iritsi zan Iruñera barri au, zeñaren bidez asaldaturik irakin zitzaion Nafarroa guztiari, bere onetatik aterarik ezin donariotu zan moduan, eta bereganatu al zitzakean indar guztiak biribillaturik, artu zeban asmo irme sendoa, Gipuzkoako Probinzia erre ta kiskaldurik soilldu bear zebala arras, bere oñean geiagoren geiago ezin jarriko zan gisan. Egiteko balioso onen gañean itz egitean Batxiller Zaldibiak amaikagarren kapituluan esaten du onela.
«Nafarrak Martizti andi bat bildurik sartu ziran Probinziara guztiz arrotasun andian, eta beren sarreran zer gertatu izan zan jarraitzen da emen, Probinziaren anziñako liburuaren asieran ezarria dagoena, eta izkribaturik arkitzen dana Nafarroako Erririk aurrengoetako Puente de la Reinako Elizan, Jesusen jaiotzatik milla irureun ogei ta batgarren urtean; izan zedilla etorria Franziatik On Ponce Morentana Vizconde de Oña, eta Eraonle Nafarroa guztiakikoa, Santa Kruz Agorrekoaren pesta aurreko aste azken egunean albistea artu izan zeban, Gipuzkoatarrak berendu zutela Gorritiko Gaztelua; bereala Buruzari izendatu dan ark agindu zeban batu zedilla al zitekean jende guztia; eta au etzan bestetarako, ezpada, Gipuzkoa abarrakiturik arras ondatzeko; Agintari au irten zan Iruñetik jende samalda andi batekin Santa Kruz bezperan Igande egunarekin: bigaramunean, zeña zan Santakurutz eguna, zabaldurik alde-errietara ibilli ziran jendea biribillatzen; batu zituzten Nafarroatik, Gaskoi, eta Franzesetatik irurogei ta amar milla jazarlari, eta sartu ziran Gipuzkoan San Matheoren pesta aurreko ostirala egunean; erre zuten Berastegiko Erria, eta bertako Elizan egin zuten kalte asko; eta bigaramunean, zeña zan laurenbat eguna, iritsi ziran Beotibarreraño, non Gil Lopez de Oña Larreako Etxenagusiaren jaun ta jabe denpora artan Amasan bizi zan pizkor alaiak zortzi eun Gipuzkoatarrekin banatu zeban Probinzia onen kontra zetorren jendadi guztia, eta lotu zeban Martin de Aibar itzal andiko gizon Nafarroa guztiak asko nai ziona, zeñak esaten zeban petxatu bear zituela Gipuzkoatarrak eguzkitan berotu nai zutelako, eta salduko zebala eguzkia dirutan; irugarren egunean ill zituzten Juan Lopez de Urroz Merio mendietakoa, Pedro de Oibar, Martin de Euso, esan dedan Martin de Oibarren semea, Pedro Sotes, Pedro Garcia, Juan de Urti, aipatu dan Perezen semea; baita ere berrogeita amazazpi zaldunki, eta beste jende asko, eta Don Migel Sanz Alvarez, D. Martin Hiertiz, Don Martin de Ronkal, eta beste jende asko urikoak izan ziran lotuak eta illak, Rosenil Jauna, Juan Corboran, Juan Martinez Medrano, Juan Enrikez, eta illa izan zan Gobernadorearen anaia, eta Bernat Caritut, eta Don Martin Pelena; eta Gil Lopez ta beraren lagunak biurtu ziran ondra andian, batalla gogoangarri onetan berendu zituzten etsai, abere, arma, eta beste gauza askorekin: zeintzuben balioa igotzen zan eun milla librataraño; eta Gobernadoreak iges egin zeban alkandora utsean, eta gañerontzekoak izan ziran illak eta itsaspenduak; eta egikera andi au gertatu zan laurenbat egun esandakoan, milla irureun, ogei ta batgarren urtean; beragaitik Nafarrak artu izan zioten gorroto andia Beotibarko tokiari, zeñetan izandu zan batalla, eta beren anziñako esaera da, Beotibar Beotibar, hik daukak Martin de Oibar. Eta denpora artako kanta Euskarazkoak esaten du; milla urte igaro ta ura bere bidean Gipuzkoatarrak sartu dira Gazteluko etxean, Nafarrakin bildu dira Beotibarren pelean. Erdaldunak beren itzkuntzan esango balute bezala, Al cabo de años mil, buelbe el agua a su quibil; assi los Guipuzcoanos han buello á ser Castellanos, y se han topado en Beotibar con los Navarros».
Batalla andi au izanik aiñ ospatsua, Gaztelako, Aragoiko, eta Nafarroako Kondairatzalleak argitaratu izan zuten beren izkribu gogoangarrietan, zeren bidez eta nola gertatua izandu zan. Eta Tolosako Erri leiala gerozko urte guztietan bere Batzartar eta Elizako Kabildu osoarekin, Pordon-dantzariak arturik, irteten da Igarondora, Beotibarko batalla irabazirik zetozenai ongietorri goza pozkidatsua egitera joan izan ziran asaba maitagarriak idurikatuaz; zeñaren bidez berriztatutzen dan urteoro azaña andi aren oroitpena; eta gertakari onen argibide geiagorako, Tolosako Errian Tingladua esaten zaion tokian arkitzen dira jazarra artan peleatu izan ziran gizonen iduriñak, denpora artako janzi, arma, eta beste ezagungarri askorekin.
Batalla onetako itzbide andiak,
historia askotan daude ifiniak,
Utsaldiarik bage garbiro egiak,
Denpora berpereko gizon jakintiak.
|
|