|
LENENGO KAPITULUA
Gipuzkoako Probinzia non arkitzen dan, zenbat leku betetzen deban, eta bere mugak nondik nora ta norekin dauzkan.
Gipuzkoako Probinzia guztiz Argidotar, eta txit Leiala arkitzen da Europan, Españako Erresuma andiaren zatirik aurrenengoa; zeñak betetzen deban, Erresuma luze onek ifarralderontz daukan bukaerako muga ingurua. Bere goiendea dauka berrogei ta lau mallataraño, gauberdintzatik polo artikora. Sort-aldetik mugatzen da Franziaren zerrenda bategaz, eta Nafarroarekin. Eguerdi-aldera, Arabako Probinzia, eta Bizkaiko Jabedearekin. Sart-aldera ta ifarraldera bukatzen ditu bere mugak Kantauriako itsasoan.
Probinzia onen luzetasunik andiena da, eguerdi-aldetik ifarralderontz, Gatzagako mendi gañetik, Ondarribiako Higerren buakeraraño; eta dauzka amabost legua Españakoak. Bere zabaltasuna du bederatzi legua, sort-aldetik sart-aldera, Alleku menditik Motrikoraño. Beste bederatzi legua luzatzen da itsastarra, Olearso, edo Jaizkibelko mendiaren munoko erpiñetik, Ondarroako mugaperaño, zeña dagoen Bizkaian. Gipuzkoako inguru guztia da ogei ta amairu legua gitxi gora beera.
Probinzia onetako aizetorkia guztiz da sasoi onekoa eta gozatsua. Egoi-aldeko bero andiak, ifarraldeko otz gogorrakin adiskidetasunean eztiturik zabaltzen dira emekiro biztanleen osasungarri. Mendi tarte oetan geienean da, egurastutzeko aize edendu ezetxoa. Zeru me eder garbi alaia, eta beraren izarkida aiñ da egikari onakikoa, non obeagokorik ezin arkitu leikean. Ez udako berorik andienak makaltzen gaitu arras, eta ez neguko otzik gogorrenak kikildu geiegi. Ain toki goixoa, garbia ta osasuntsua da, ezik, ez da beintxu ere ezagutu izan emen, beste leku askotan sortu oi dan bezalako izurrite likits gaizto eriotsu aietakorik batere. Itz batean, gai guztietara da Probinzia labur au, izakiagandik doatsueraz ondo betea.
|
|