|
ZAZPIGARREN KAPITULUA
Gipuzkoako Iturri garbi on ugaritsuen azaldurea.
Esan al guztien gañekoak dira, Gipuzkoako mugapean arkitzen diraden iturri geza-gozoen ioritasuna, eta oek jaiotzatik berenez dituzten doain maitagarri pare bagekoak. Probinzia guztian ez da arkituko legua laureneko bidasti bat bakarra ere, edari mane onetatik naiko guztia ematen ez debanik. Udako bere ta leorte andietan aiñ ur otza eta ugari ematen dute, nola neguko euri-jasa ta elurte luzeetan epel garbia neurri bardiñean beti. Gipuzkoako jende beargilletsurik geienaren egunoroko edaria da, iturri oek oparo ematen dabeen ur geza-gozo garbia. Lurrarekin burruka ari oi diran nekazariak, eta baso eremuetan ikatzgintzan diarduten lagilleak ainbat neke izerdizko egiten dabenik, eta maizago egarritzen danik ote da besterik? Geienaz ere izango da indar bearreko lanean oek bardinduko dituana, eta ez geiagokoa. Eta zer edari mueta oi darabilte lanbide gogor oetan diarduten Gipuzkoatar nekatzalleak? Ez besterik, ezpada, bertako iturri garbiak ematen duten ur geza-gozo txaua, zeñetatik edaten duten gogoz, izerdia gorputz guztitik txirrian dariotela egon arren, gaixotzeko beldurrik bage.
Asko aldiz entzun izan diet gizon jakintsu ustekoai, ezen, guztiz dala kaltarkitsua izerditutako ondorean iturriko ura edatea; perretxikuen gañean are gaiztoagoa; arraina jandakoan illgarria, eta beste onelako milla astakeria. Onelako gizonetan dagoala jakinduria, sinistea ere da erakeria. Gisa onetan mintzo diraden guztiak egon ditezke bada jakiñaren gañean, ezik, gure Egilleak egarria illtzeko ain eroso eta oparo eman izan zigun edari garbi doarikako maitagarri au, ez dala osasun-galgarria, baizikan egillea eta sendagarria.
Gipuzkoako iturri miraritsuen doai andiak ondo zabalduak arkitzen dira Españako Erresuma guztian. Beragaitik ikusten dira uda guztietan datozela jende samalda andiak Probinzia onetako urak artzera eun ta geiago legua bidean. Euretako askori gertatu izan zaie, eritasun gaizto zarkoen bidez, oñen gañean txuti ezin egon direala etorri arren, iturri osasungille oetan denpora gutxi barru ondo jarririk, galgoa bezin pizkor ta arin beren etxeetara biurtzea, pozkidaz beterik. Eta oraindik are arrigarriagokoak dira, arako, ezkabi lizun, legenar zikin, eta miñatza lotsagarri likits askorekin begi bietaraño beteak datozen aekin, iturri garbitzalle oek egiten dituzten mirari andiak. Gisa onetako gaitz eriotsu gogorrakin etorritako anitz ikusi izan dira iturri oetako urak artzen dauden egun banakaetan, erdoi ta tortika likits nazkagarri guztiak arras botarik, zillar apaindua bezin eder, leun ta garbi jarten dirala.
Gipuzkoako mugapean ezagutuak dauden iturrri osasungilleak eta edari geza-gozo garbia ematen dutenak, zein lekutan, nola, eta zer griñatakoak arkitzen diran ezarriko ditut emen, abezekiro Errien izenak dituztela. Arrobi ta meatzeakin ez det orrela egin, zergaitik Erri guztiak izendatu bearrik ez neba, iturriakin bezala.
A
Abalzizketako mugapean badira iturri geza-gozo onak; baita erreka ziztorrak ere.
Adunan unetik unera daude, ur garbia iori ematen duten iturriak.
Albizturko mugapean iturri on asko dira; oetako bat arkitzen da Erri-barrutik gertu, bertako jendea ornidutzen debana. Aldabako erroaitzari dautson mendi Madariaga deitzen zaionaren aldatsean dago izen andiko iturri Salubietakoa; zeñaren urak, eun ta irurogei eta amaika deztatu lerroko bidastia igarorik, sartzen diraden Tolosako mendi egoi aldekoetatik jatxitzen dan errekara, eta jarraitzen debala bere joaira sortegi alderontz, berezitzen ditu Erri bietako mugak, alik eta, berreun ta sei deztatuko bidean joanik, lur-azpira kukuldutzen dan arteraño. Hernioko aitzaren besangan egoialderontz begira dagoen mendiska, Aitzgorria esaten zaionaren oñean daude zazpi iturri, izendatzen diradenak, Atxisaeta, Erausti, Larrarte, Lizarreta, Igeran, Apaiz-iturria eta Irisarri; zeintzuben jarioak egiñeratzen duten Otsaingo ibaia. Beste bi iturri ere jaiotzen dira toki berperean, deitzen zaiotenak Lizarraga, ta Artutxa; eta urak berezitzen dituzte Urkizuko etxadiaren mugak.
Alegeriako Erri barrutik arrikada bateko bidastian dago iturri bat ur geza-gozo ona iori ematen dabena. Beste bat arkitzen da, Infermeri-erreka esaten zaion tokian, guztiz miraritsua; zeñak ematen deban Epaillatik asi, eta Agorrilla bitarteko sei illabeteetan ur garbi ona iori, eta beste seietan ez pitin bat ere. Iturri onek ain zuzen darabiltza bere orduak, nola itsasoak marearen gora beerak. Erri onetan badira gitxienaz, zenbat baserrietxe, ainbeste iturri; baita oetatik egiñeratuak lau erreka oneretsu ere.
Alkizako mugapean badira iturri onak iori; baita bi erreka ere, deitzen zaiotenak Arraiaga eta Aran-erreka.
Alzagako Erriak baditu iturriak, onak eta garbiak, bertako jendea naierara ornidutzeko laina, eta geiago.
Alzako mugapean badira iturri geza-gozo anitz, eta oen artean ugariena ta begitangoena da, Madrigal esaten zaion tokian, itsas bazterretik gertu jaiotzen dana.
Alzo azpikoa eta goikoa, biak dira iturri garbi onakin guztiz ondo janziak.
Amasa Billabonaetan arkitzen dira iturri garbi geza-gozo on asko txit.
Amezketako mugape guztia da iturriz aberatsa; bertako mendietan jaiotzen diran urakin ari oi dira lau errota iringille, eta bi burni ola.
Anzuolako Erri inguru ta mendi guztiak dira iturri garbiz beteak; zeintzubetako urak bakarrik egiñeratzen duten beraren izeneko ibai txiki pizkor, karrikaren alboari ukitzen diola igarotzen dana.
Andoaingo mugape guztia da, iturri geza-gozo askorekin txit ondo janzia; beretatik ixurten diran urak adierazten duten bezala argiroki.
Anoetan iturrri on anitz dira txit; baita erreka bat ere Alkizatik datorrena; zeñak guriatzen dituen lurrak naierara.
Aramako Erria laburra ta medarra bada ere, iturriz ondo ornitua arkitzen da beraren mugape zerrenda guztia.
Arriarango median iturri gez-gozo asko dira txit, baita ugaiotarrak ere; zeintzubetatik egiñeratzen diraden erreka ziztor anitz.
Aretxabaletako mugapean badira iturri onak; oetako bat arkitzen da karrikaren erdian, eta beste bat, bide andiaren ondoan, Erritik arrikada bateko bidastian. Badira ugaiotar sufredunak ere; oetako bati topatzen zaio zillar bizia. Ur oetatik egiñeratzen dira Erri onetan zazpi erreka; zeintzubei deitzen zaioten, Urkalu, Landaeta, San Martin, Urgitxia, Lanzubieta, Murrakio, eta Arbinzelai.
Asteasuko mugape guztia da, iturri geza-gozo on anitzekin janzia uts-unerik bage.
Astigarragako Erriaren gertuan arkitzen da iturri bat ur garbi ona iori ematen dabena; eta mugape onetako baserri-etxe guztiak dituzte bakotxak bana ta geiago.
Astigarretan daude Erriaren inguruan lau iturri, ur geza-gozo garbia naroro ematen dutenak; eta oezaz landara txit asko dira bertako mendietan; zeintzuk egiñeratzen dituzten bi erreka pizkortxoak; oetako bat igarotzen da Erriaren erditik, eta bestea, Beasaingo Erriarekin mugatzen dan tokitik.
Ataungo mugapean badira iturri geza-gozoak iori; baita ugaiotarrak ere. Erri onetako plazatik legua bateko bidastian Aitzarte esaten zaion etxadian arkitzen da ugaio-iturri bat, guztiz ospatsua; zeñari deitu oi zitzaion anziña-eran Iturri Santea; eta orain esaten zaio Erremedioetakoa; beraren aldamenean ifini izan zutelako, izen onetako Ama Birjinaren Elizatxoa. Iturri onetako urak sendatzen ditu eritasun andiakiko asko, eta batez ere legenar zikin, ea maizanre likitsakin tortikaturik daudenak. Erri zabaldu onek bere mugapean dauzkan iturri ioritsuen bidez, egiñeratzen dira bertan amar erreka ziztor pizkortxoak; zeintzuk batutzen diran Aralarko menditik jatxitzen dan ibai Agauntzakora.
Aiako Erri barruan arkitzen dira iru iturri, edari on garbia naroro ematen dutenak; eta oezaz landara, baserri etxerik geienak dituzte, nork bere iturri jakiñak atari inguruan; zeintzubetatik egiñeratzen diraden lau erreka azitxoak, ezagutzen direanak izen oekin; Gilzur-iturri, Erreka, Anzubieta, Alzolaras. Lendabizikoa dago ifarralderontz, burni ola bat, eta sei errota iringille darabiltzala; bigarrenak erabiltzen ditu lau ola, eta amairu errota; irugarrena, aurrenekoagana baturik, sartzen dira irurak Orioko atakan itsasora; eta laugarren errekatxoa, beraren izeneko etxadian arkitzen diran ola bat eta iru errota erabillirik, itsasoratzen da Zarauzko mugapean.
Azkoitiko mugapean iturri geza-gozoko asko dira txit, bai ta osasungilletzat ondo ezagutuak dauden ugaiotarrak ere bi; oetako bat sufreduna arkitzen da Larramendiko zelaiean, saiespeko oñaze eta arrimin edo usuria ezin egiñik jarten diranentzako guztiz eragillea. Iturri onetako uraren doaiak nolakoak diraden jakin nai dutenak, begiratzea daukate zintzoro, Bergarako Euskaldun Lagunkidak milla zazpi eun, irurogei ta amairugarren urtean, eta irurogei ta amalaugarrengoan, egiteko onen gañean, zabaldu izan zituzten argibideetara, non ikusiko diran zearo, zuzenki, argi eta garbi, zer griñatakoak eta zein maitagarriak diraden. Bestea dago, Jaunsoroko olearen ondoan, eta da burniatsua. Erreka anitz dira Erri onetan, bertako iturrietatik egiñeratuak, eta oen artean izendatuenak, Txalongoa, eta Egurbidekoa. Onen izeneko ola bat bertan arkitzen dana, eta beste bost errota iringille naierara ornidurik urarekin, sartzen dira Urolako ibaira, Erriaren gertuan txit.
Azpeitiko Baserri-etxe geienak dituzte iturri beren berekiak, eta Erri-barruko jendearen ornidurarako arkitzen zaiozka sei, ur geza-gozo garbia iori ematen dutenak, gertuan txit. Ugaiotarra ere arkitzen da bat, Erritik legua erdiko bidastian, Zestoarako bidean Lasaoko olearen aurkez aurke. Loiolako atari aurrea, barrunpeko ibiltoki, sukalde eta gelaetarañokoak daude, iturri eder garbiakin ondo janziak. Erri onen mugapeko mendi Izarraitzkoan dago iturri bat miraritsua txit; zeñak ematen daben uda guztian ur garbi ona iori, eta ez neguan pitinik ere. Iturri ugaritsu oen bidez egiñeratzen dira bertako mugapean erreka pizkor anitz, zeintzuk amiltzen diran Urolako ibaira. Erri leial onetako seme, beti gogoangarri izango dan Don Jose Jabier Olazabalkoak, milla zortzi eun ogeita amairugarren urtean Amerikan, guztion egille aundiak beregana deiturik, munduko gauzai buruzpide ona emateko denporan agindu izan zeban, ezik, beraren ondasunetatik egin ta ifini zitezela aren jaioterrian ogei ta lau arri lisiba eroso jotzekoak, beren estalpe edertasun andikoarekin, Erritar guztien onerako, eta beraren oroitpengarri. Gizon maitagarri onek Jaungoikoari kontu eman bezin preste, beraren emazte maitati Doña Nikolasa Megoñi ta Olazabalkoak, gaztigatu zion Azpeitiko Erriari zer ta nolako eginkizunaren azpian arkitzen zan, eta kezka onetatik lenbait-len atera zedin, egin zekiola mesede esateaz denporarik galdu gabe, zer balio izan bear zeban, garbikeraleku bitore au bear bezala egiñik Erri guztiko jendearen naierara ifinteko. Mandatu gozo ustez ustebageko au artu bezin laster Azpeitiko Batzartar Jaunak deitu zuten Maisu andi Don Mariano Laskurain Mutrikukoa, beraren buruz egiña izan zedin Ekida aiñ ospatsua. Maisu jakintsu onek autatu zituen bi toki garbikeraleku au egiteko; bata Albergako ondoan bertako urakin, eta bestea, Enparango Jauregitik zubi berrira bitarteko zelaiean iturritzakoakin, esaten zebalarik izkribuz garbiroki, ezen, Albergako urak arzulotsuetan datozelako arretzen dirala euri pitin bat asi orduko, eta jario gitxigokoak diradelarik, garbikeralekua oekin beren inguruan egiteko bearko dirala berreun ta iru milla, larogei ta lau erreal. Bañan Iturritzako urak direala garbi sendo beñere loitutzen ez direanak; minutu bakotxean ematen dabeela eun ta amar pitxar ur; oek ekarri leizkeala aixa, izendatu dan zelai Enparan-bidekora; eta emen egin leikeala, eun ta berrogei ta bederatzi milla, eta eun ta ogei ta amabi errealetan garbikeraleku naierakoa; Albergakoa baino, berrogeita amairu milla bederatzi eun, berrogei ta amabi errealez merkeago. Emen ezarri ditudan gertakari oei ondo begiraturik, geroenean ifini dute garbikeraleku begitango guztiz ikusgarri au, lau iturri eder bitore gaiñ gañekoarekin, pillota-jokuko plazaren barrenean, ikusle guztiak arritzen diran moduan.
B
Baliarraingo mugape laburrean arkitzen dira amaika iturri onak, zeintzutatik egiñeratzen diran lau erreka, izendatzen diradenak, Erbeta, Lopesarasu, Gabizabaso, eta Gomentz-iturri.
Beasaingo Erri inguruan badira amalau iturri, eta beraren mendietan asko txit; zeintzutatik egiñeratzen diraden zortzi erreka larritxoak, eta deitzen zaiote, Mariaras, Murua, Maleza, Errekartetxikia, Uganerreka, Erroiz, Egurola, eta Langala. Erri onetako ostatu andi, Aranberri deitzen zaionaren ukulluan dago ifinia, abereai edaten emateko toki eroso bat, aldameneko erreka azitxotik ur garbi ona iori beti dijoakiola.
Belaunzako baserri-etxerik geienak dituzte beren iturri garbi jakiñak atari inguruan.
Berastegiko plazaren erdian dago iturri eder bat ur garbi ona iori ematen dabela, eta beste iru Erri-inguruan gertu txit; baserri-etxeak ere gitxi dira, bere iturri jakiña bagekoak.
Bergarako mugapean ezagutzen dira irureun iturri eta geiago, ur garbi ona iori ematen dutenak; baita ugaiotarrak burniatsuak ere txit asko, Eguzkitzakoa dan bezalakoak. Beizaman ikusten dira ogei ta lau iturri ur garbi ona iori ematen dabeenak; beste bat ugaiotarra arkitzen da Amenalas, eta Osinalde deitzen diran baserri-etxe bien bitartean. Ur oekin egiñeratzen dira erreka ziztor asko; oetako bat azitxoa, zeñari deitzen zaion Ibai-eder. Erri onetako mugapean bi errota iringille erabillirik jatxitzen dira ur oek Urrustillako etxadiara; eta emen bertara biribillatzen direanakin bat egiñik, zortzi ola darabiltzatela sartzen dira Azpeitian Urolako ibai andira.
Berrobiko mugape laburra ere ondo janzia arkitzen da, ur garbi ona iori ematen dabeen iturriakin.
Bidaniako mugapean iturri on asko dira txit; eta beretatik egiñeratzen diraden erreka ziztor guziak alkargana baturik, erabiltzen dituzte iru errota iringille Erri berekoak.
Bilafrankan plazaren erdian dago iturri bat, lau txorro burniazkotatik ura iori dariola, eta abereak edan erazotzeko toki galant eroso bat inguru guztian arlantzaz egiña daukala. Erritik gertuan arkitzen dira beste iru iturri deitzen zaiotenak Iturritxo, Lorentziturri, eta Osinbiribillaga; oezaz landara ere badira Erri onen mugapean ur garbi ona ematen dabeen iturriak.
Billarrealko Erri inguruan eta baserri-etxeetan badira ur garbi ona ematen duten iturri geza-gozoak; bai ta ugaioak ere.
D
Debako Erriak baditu bere mugapean iturri onak eta asko; oen artean bat arkitzen da, ekin-aldi ikusgarriakikoa Mendaron Kilimon deitzen zaiona; zeña Kondairatzalleak aipatu izan duten maiz aski, berezko egikera eta griña guztiz miraritsuak dituelako. Iturri onek ura botatzen du irrin-arte batetik purrustaka, ain iori ezen, erreka pizkor larritxo bat egiñeraturik, berak bakarrik Debako ta Elgoibarko Errien mugak berezitzen dituela, ordeka zelai laban joan arren, badarabiltzki bi ola andi eta amabi eotarri arrikada bateko bidastian; oen lankai guztiak gelditzen dira iñoiz bat batean sost, iturriaren urak usterik gitxienean kukuldutzen direalako: eta orobat asitzen dira beingoan dinbi danba, urak botatzeko aldia iturriari etorten zaionean.
Donostiako Uriak bere mugapeko zazpi jaio-tokitatik dakartzien urakin egiñeratua dauka plaza zarrean iturri bat, bederatzi txorro bronzezkotatik ura dariola, bertako jendearen ornidurarako. Ur oen garbilekua dago ifinia, Izoztegi deitzen zaion tokian. Izen onetakoa da zazpi jaio-tokietatik lendabizikoa, zeña dagoen sort-alderontz, esan dedan garbilekutik bosteun eta larogei oñeko bidastian; onek ematen daben ura da sendoeza eta arretzen dana. Bigarrenaren jaio-tokia izendatzen da Puiu, eta dago ere sort-aldean, aipatu dedan garbilekutik bi milla, lareun, berrogei ta bost oñeko bidastian; eta beraren urak sendoak izan arren, loitutzen dira euria egindakoan ordu gitxi barru. Irugarrenaren jaio-tokiari deitzen zaio Aroztegi edo Errizoko, zeña dagoan eguerdi-alderontz, eta bera izanik guztietan urrutienekoa, bi milla, zazpieun, berrogei ta amar oñeko bidastia dauka, esan dedan garbileku Izoztegikotik bera jaiotzen dan lekura; onen urak sendoak badira ere, arretzen dira Puiukoak bezalaixen. Laugarren eta bostgarrengo jaio-tokiak daude sart-alderontz, zeintzubei deitzen zaioten, Aiete, eta Melodi; oek biak dira sendoak izateaz gañera, garbiak eta geza-gozo onak; eta izendatutako garbilekutik daukate milla, eun, irurogei ta sei oñeko bidastia. Seigarrena, eta zazpigarrengoa orobat arkitzen dira sart-alderontz; oetan aurrenengoari esaten zaio, Santa Teresakoa, zeñak daukan aipatu dedan garbilekutik milla, bosteun, irurogei ta amar oñeko bidastia; bestea da Lazkanokoa, eta onek dauka milla berreun, berrogei ta sei oñeko bidea garbilekutik jaio-tokira; azkenengo bi oetako urak dira sendoak; bañan euri pitin bat egin orduko loitutzen diradenak. Izendatu diran zazpi jaio tokietako urak, Izoztegiko garbilekuan alkargana baturik egiñeratzen dute beren errondoa, eta jarraitzen dute Urumeako ibaiaren ezker-aldeko mendiskaren oñetik murru lodi goituen gañean San Martingo etxadian berariaz artarako egiña dagoen ur-tokira, lau milla ta zortzieun oñen luzetasuneko bidastian; eta ur-toki onetatik, bi milla berreun ta berrogei ta amar oñ lerrokoetan joanik, Uriaren gordegarri dauden murru gogorretan bidea epakirik sartzen dira urak Erri barruan, izendatua dagoen ur-leku bakar plaza zarrekora. Emen egin dan agerkeratik ikusten da argiroki, ezen, plaza zarreko ur-lekutik Aroztegikoaren jaio-tokira badagoela bederatzi milla eta zortzieun oñ Gaztelako neurrikoen luzetasuneko bidastia. Ur oen anditasuna da, neguan zazpi orkoro eta lau udan. Beren etorbide eta gordelekuak arkitzen dira era bage egiñak, ardura gutxi eta utsune askorekin. Uri onek edo beraren Batzar ondraduak ikusirik argiroki, azaldura egin dan iturri bakar Izoztegikoaren urak direala izatez gitxi eta griñaz loituak, begiratu izan dio ardura andiarekin, ur garbia ona iori ematen deban iturri Madrigal esaten zaion tokian jaiotzen danari; zeña dagoen Loiolako etxadia buruan Urumeako ibaiaren eskui-aldeko bazterrean Alzatik Piñuetarako mendiskan aldatsaren erdian; bañan ur au Erri-barrura eramateko agertzen dira eragozpen andiak txit. Uri barrutik iturri onetara badago amasei milla oñ ta geiagoko bidastia. Bide luze au guztia arkitzen da lan gogor anitz egin bearrekoa, gañera dago iturri au guztia oso ta garbi Urumeako ibai andian igarokizuna; eta lanbide lodi oni ekiteko algorik orain orain bezala Uriari arkitzen etzaiolako, laga ditu asmo on oek guztiak, era obeagoren bat etorri dakion arteraño. Orobat arkitzen dira Antigua deitzen zaion etxadia alderontz, Igeldoko mendiaren muno andiak ixurten dituen ur garbi bitoreak iori txit; non ikusten diran argiroki, ur geza-gozo oek Uri barrura eramateko asmoan noizpaiten ere egindako lan neke andikoen aztarnak. Lanbide maitagarri au urte askoan oi dago arras lagatua, uraren ekarlekuak begitaratzen dituelako, Madrigalkoak baino ere eragozpen andiagokoak. Txofreenekoa esaten zaion beste iturri bat ere gertuan dauka Donostiako Uriak, iru txorrotatik ur garbia iori dariola.
E
Elduaingo plazan arkitzen da iturrri bat ioria txit, eta Elizaren inguruan beste bi onak eta garbiak; baserri-etxeak ere badituzte ornidutzeko laina eta geiago.
Elgoibarko mugapean badira iturri onak, bañan erritik urruntxo. Plazatik iru ordu-laureneko bidastian arkitzen da bat, izendatua txit San Lorenzoko zelaiean, Aroztegi esaten zaion baserri-etxekoa. Badira ugaiotarrak ere iru, zeintzuk deitzen diran, Kaskante, Olasarraga, eta Alzola; azkenengo au da naigarriena, ur beroa, ematen dabelako.
Elgetan iturri garbi geza-gozo anitz dira txit, eta beretatik egiñeratzen dira iru erreka izendatzen direanak Ubegi, Ubera, eta Aingiozar.
Errezilko mugape guztia da iturri on geza-gozoz betea; zeintzutako urakin egiñeratzen dan ibai txiki pizkor bat; eta au, bi ola ta zortzi errota erabillirik jatxitzen da Azpeitiara, Urolako ibai andiarekin bat egitera.
Errenteriako Erriak badauzka iru iturri eroso txit, ura naroro ematen dutenak inguru guztiko jendea naierara ornidutzeko laina ta geiago. Erri onetako Jaun prestuak izanik bertako biztanleen onari amodiozko naitasunarekin begiratzen diotenak, iturri oekin ifini dute Erriaren sarrerako plaza andian, Azpeitiko garbikeraleku ospatsuaren idurin berpereko ekida begitango eder ikusgarria txit. Mugape onetako mendi guztiak dira iturriz josiak; eta beretatik ixurten diraden urak egiñeratzen dituzte bost erreka, zeintzuk deitzen diran Pontika, Monjaetakoa, Utxaleta, Arbitarte, eta Pundibandieta.
Eskoariatzan badira iturri geza-gozo anitz; bai ta ugaiotar sufretsu, eta menasloradunak ere. Bolibarko erreka bizitxoak ureztatzen du Erri au ondo egoialdetik. Iramaingo umanzia ere guztiz da ona bertarako.
Eibarko mugapean jaiotzen dira ainbeste iturri, ezik, esan leike Erri au guztia dala iturrizko itsaso bat. Ur oekin egiñeratzen dira amasei erreka pizkorrak, eta oetatik bost guztiz izendatuak, zeintzuk diran, Matxarka, Azitain, Zaturio, Urkizueta, eta Ibur. Oek dakartziten urak amalau errota erabillirik sartzen dira Egoko ibaira, zeña igarotzen dan Erriaren egoi-aldetik, eta jarraitzen du bere joaira Debakoarekin batutzera, Mahalzaga izendatzen dan tokiraño. Erri onek badu Debako ibaiaren bazterrean ugaio iturri bat menasloraduna.
Ezkiogako Erri inguruan eta beraren mendietan iturri asko dira, ur garbia naroro ematen dutenak; zeintzutatik egiñeratzen dan ibai txiki bat; eta au Ormaiztegiko ondoan beste batekin alkarturik jarraitzen dute biak Oriako ibai andira, berarekin gorputz bat egitera.
G
Gainzako mugape laburrean badira zortzi iturri ur garbi ona iori ematen dutenak; zeintzuk deitzen diraden Barriola, Goikogaña, Etxeberrikoa, Aranburukoa, Otaza, Erdoza, Urkidi, eta Txinkintxorro.
Gatzagako mugapean iturri geza-gozo asko dira txit; baita ugaiotar burniatsuak ere. Erri barruan arkitzen da bat ur garbi ona iori ematen dabela. Beste bat dago Erritik arrikada bateko bidastian, ur gatzduna naroro dariola, eta au daramate etxe jakiñetara, zezeneko bidea galerazorik. Etxe oetan dauzkate bakotxak biña pazia burniazko, lendanaz jarriak; eta beretan egiten dabe, su bizi portizaren bidez, gatza, zeña ziatzen duten linazarekin. Lau orduren epean ateratzen dute, bi arroba bezalatsu, eta urte osoan zortzi milla, bost eun eta amabi anega. Beargai au izanik emakumezkoak egiten dabena, lantegi bakotxa ez oi da lanean ari, ogei ta lau aste erditan baizik urte guztian. Alaixen agintzen ere du, etxe oen eskubideak erabakitzeko ifini izan zuten legeak. Erri onetako iturrien ioritasunetik egiñeratzen dira erreka anitz, bertako jendeari guztiz on andiak egiten diozkatenak; oetako bat jatxitzen da sortegi-aldetik; bestea jaiotzen da Gaztañagaztetako mugaetan; zeñaren joaira dan Arabako Probinzia-alderontz. Bide andiaren ondoan, Santa Kruzko Elizatxoa lur jorik dagoen toki goititu artan, sortzen diraden ur asko aetatik alde batekoak dijoaz, Debako ibaira sarturik Kantauriako itsasora, eta bestekoak, Zadorrakoagana batu ta Arabako Probinzian batetik bestera jirabira ibillirik, Ebrora. Erri onen mendietan asitzen da Debako ibai andia, bere kapitulu esleituan zabalkiro esango dedan bezala.
Gabiriako mugapean badira iturri anitz ur garbi ona iori ematen dutenak; baita ugaiotarrak ere. Eztanda sakona esaten zaion tokian, sortalderontz begira dago ura jaiotzen dan putzu zulo bat, Aztiriko ibarrean; zeñak egunaren ogei ta lau orduetan bi aldiz botatzen daben ura bide luzetxoan gora; aldia oetako bakotxak irauten du bi orduan bezalatsu, eta darion bitartean ematen dau kotarri bat erabilteko laina. Iturri miraritsu onek bere denpora jakiñetan, uda ta negu urte guztietan ematen du, ez gitxitu eta ez geiagotu bage; eta oraindik ere geiagokoa dana, egunik euritsuenetan ere gordetzen dau bere neurri din diñakoa. Putzu zulo onetan sortzen dan urik ez du iñork edan nai izaten, kirats gaiztoa debalako.
Gazteluko mugape laburrean badira iturri onak eta asko ur geza-gozo garbia iori ematen dutenak.
Goiazko Erri guztia da iturriz ondo janzia, eta oetatik egiñeratzen da erreka bat pizkortxoa; zeñari ezagutzen etzaion izen berekirik.
Gudugarretako mugape txikian ere ezagutzen dira iru iturri jendearen ornidurarako txit eroso daudenak, zeintzuk egiñeratzen duten erreka txikitxo bat.
Getariako plazan arkitzen da iturri bat, lau txorrotatik ura iori dariola; baditu beste geiago ere baserri-etxe inguruetan beretako biztanleen ornidurarako; zeintzutatik egiñeratutako erreka ziztor anitz amiltzen diraden itsasora.
H
Hernaniko Erriaren sarreran eta irte-eran txit gertu arkitzen dira bi iturri garbiak eta ioriak. Beealderontz dagoanari deitzen zaio Txillar edo Zillar-iturri, beinere arretutzen ez dalako. Bestea dago goierri-alderontz Erritik irten ta bereala, iru txorrotatik ura galanki dariola; eta garbikerarako, ta abereai edaten emateko toki zabal eroso bat berariaz egiñik alboan daukala. Iturri au izanik berez aiñ ioria eta guztiz leku egokian dagoena, beraren aldamenean arkitzen da arlanza ederrez egindako itxitu andi bat, alferrik joan bear lutekean uren zati bat gordea beti bertan egon dedin: izango balitz iñoiz edo berriz sua itzali bearra edo beste edozeiñ gertakaritarako, eta batez ere Arategitik bota bear izaten diran likiskeria nazkagarri guztiak arras aienatzeko; zeñaren bidez Erri onetan egiten dan garbitasun andia txit. Ezda oraindik urte asko Erri ondradu onen mugapean jarri dutela, Donostiarako bide andiaren bazterrean eskui-aldetik, abereai edan-erazotzeko toki zabal galant bat arlanza ondo landuakin egiña, iturriko ur garbia naroro gelditu bage dijoakiola. Izendatu ditudanaz landara ere, guztiz iturri asko dira Hernaniko mugapean; non ez dan izango baserri-etxerik, bere iturri jakiña atari inguruan ez dabenik.
Hernialdeko mugape guztia da iturri geza-gozo ugaritsuakin ondo janzia.
Hernioko mendian Landetxaren azpiko aldean arkitzen da iturri bat guztiz izen andikoa, zeñari esaten zaion Iturriotz; beraren ura ona da txit eritasun mueta asko sendatzeko, eta batez ere larmintz-azalean agertu oi diran zanbro pikortatsu eta basasto itxusi lotsagarriak kentzeko.
I
Ibarreko mugape laburrean arkitzen dira iturri garbi onak iori.
Ikaztegietan badira iturri geza-gozo onak, jendearen ornidurarako erosotasun andian.
Itxasoleorrean iturri on ugaritsu asko dira txit, zeintzutatik ornidutzen dan bertako jendea naierara.
Idiazabalko mugapean iturri on garbi asko dira, eta oetatik iru izendatuak txit; zeintzuk diraden Oiarbidekoa, Lapiritukoa, eta Lardizabalkoa. Erri onetako mendietan jaiotzen direan urakin egiñeratzen da ibai txikitxo pizkor bat, zeña plazaren gertutik igaroaz sartzen dan Oriara.
Isasondoko mugapean etxe gutxi topatuko dira beren atari inguruan iturri garbi on ugaria ez daukatela, eta badira biña ta iruna dituztenak ere. Erritik legua erdiko bidastian dago ugaio iturri bat guztiz aomen andikoa, zeñaren egikunde onak ikusten diran sarriro miñantza mueta askorekin oi daudenetan; eta batez ere, legenar eta giltzurrunetako oinaze portitzak izan oi dituzten aetan. Plazako bide andiaren bazterrean dago iturri bat zurezko aska luzetxoa aurrean daukala, abereak bertatik eroso edateko jarria; beste onelako bat arkitzen da arrikada bateko bidastian beeraixeago, ostatuaren aurkez aurke.
Irun Aranzungo Erri-barruaren aldetxoan arkitzen da iturri bat, sei txorro bronzezkoetatik ur garbi geza-gozo ona iori dariola. Beste bat dago guztiz edate onekoa Elizako Janzitokian, bronzezko txorro bitatik ura ematen beti diarduala; zeña arkitzen dan marmol arri piñ ederki landuan ifinia; eta bertan bear danaz gañerontzeko ur guztia igarotzen da Erri-barrura jendearen ornidurarako. Erritik legua laureneko bidastian San Marzialko aldatsean Aldabe deitzen zaion baserri-etxean dago ugaio iturri bat guztiz sendagarri ona. Osterontzeko kanpo-etxerik geienak ere badituzte beren iturri jakiñak eroso txit; oetatik egiñeratzen dira lau erreka azitxoak; zeintzuk deitzen diraden Aranzate, Olaberria, Alzubide, eta Primaut; bertako mugapean ur oek erabiltzen dituzte bi ola, eta amalau errota. Beste bat are ugariagoa da Endara-erreka deitzen zaiona; zeñak berezitzen dituen Irun aranzungo eta Lezoko mugaak, Urzango mendiskaren beeko aldetik asi, eta Bogako zubiraño.
Irurako mugape laburrean ere iturri asko dira, ur garbi ona iori ematen dutenak.
L
Larraulko mugapean iturri asko dira ur garbi ona iori ematen dutenak, zeintzutatik egiñeratzen dan erreka bat, Ibeltz esaten zaiona, eta au Erriko errota bat erabillirik igarotzen da Asteasura, non bertako erreka batekin laztandurik jatxitzen diraden biak Amasa Billabonakora.
Lasarten badira iturri geza-gozo onak; bai ta ugaiotar bat ere, Ola-errotaen ondoan.
Lazkauko mugapean ezagutzen dira ogei ta amar iturri, ur garbi ona iori ematen dutenak.
Leaburun, Guriaga esaten zaion etxearen mugapean dago ugaio iturri bat, burni ur otz menasloraduna ematen dabena; zeñak osasuna ekarten dioten buruko miñ, erraietako estura, txixa ezin egiña eta gorputz osoko oinazeakin jarri oi diran askori. Iturri geiago ere badira Erri onetan, ur garbi geza-gozo ona naroro ematen dutenak.
Legazpiko mugapean jaiotzen dira iturri garbi anitz, ur ona iori ematen dutenak; baita ugaiotarrak ere; zeintzutatik asitzen dan Urolako ibai andia, laster azalduko dedan bezala. Erri onetan bertako iru ola eta zortzi errota erabillirik jarraitzen du ibai onek bere bide zuzenean.
Legorretako Erriaren mugapean guztiz iturri asko dira, eta beretatik egiñeratzen dira berrogei ta amar erreka ziztor gitxienaz; zeintzuk jatxitzen diraden amilka, Oriako ibai andira.
Lezoko mugapean jaiotzen dira iturri geza-gozo anitz, ur garbia iori ematen dutenak; oetatik iru oberenatakoak arkitzen dira Erriaren inguruan gertu txit, deitzen zaiotenak, Lakosta, Puntal, eta Olazar; berak ematen dituzten urakin egiñeratzen dira ordu erdiko bidastian bost erreka, deitzen zaiotenak Zaroizar, Gainza, Huronekoa, Binkuda, eta Molinos; zeintzuk batutzen diran Lezoko ibaira. Ibai oni esan oi zitzaion anziñaeran, Oiarzungoa, Aiamendiaren erroetan jaiotzen dalako.
Lizarza guztia da iturri garbi on geza-gozo ioritsuakin ondo janzia.
M
Mondragoiko mugapean iturri geza-gozo asko dira txit; bai ta ugaiotarrak ere. Guztietan ospatsuena eta maitagarriena da, Erritik legua erdiko bidastian Santa Agedaren Eliz-aurre Gesalibarkoan arkitzen dan sufreduna. Izen andiko iturri onetara eun ta geiago legua bidean etorten dira sarriro jende talde andiak osasun billa; bai ta sendatu ere iñoiz berak uste baino lenago, gaitz luze goaikarriak azpiraturik egin al guztiak lenago egin ta beren biziaz etsitako eri urrikarri anitz eta anitz; zeintzuk ikusi izan diran asko aldiz beren etxeetara doazela atsegintasunezko pozkida bete betean. Erri leial onek ezaguturik ondo, ur osasungille oetara jendeak artu daben joera guztiz dala begiramen andikoa, artu ditu neurri egokiak beretara datozenai atsegin emateko. Ifini du bide zabal erosoa iturriko ondoraño; egin dira bertan bizitegi ederrak, jendea naierara jarteko, eta apaindu ere da inguru guztia txukunki edergarri askorekin. Erri onen mugapean badira ur menasloradunak ere iori, San Franziskoko Fraileetan dagoana bezalakoak; bai ta erreka anitz ere beretako urakin egiñeratuak.
Motrikuko mugapean badira iturri garbi onak iori; zeintzutako urakin egiñeratzen diran erreka pizkor anitz, eta oen artean ezagungarrienak dira Osandategi, eta Arzerain. Erreka oek biak, Mijoa deitzen zaion ibar buruan alkargana baturik, amairu errota iringille legua-laureneko bidastian erabillirik, sartzen dira itsasoan.
Mutilloako meatze-mendian jaiotzen dira iturri asko, eta beretako urakin egiñeratzen da erreka pizkor bat. Beste bat ere jatxitzen da Erri onetara Zeraingo mugapeko Aizpea-mendian sortzen diran urakin egiña.
Oikinako etxadian Manzizidor esaten zaion zubiaren alboan arkitzen da iturri bat guztiz miraritsua; zeñari urtearen aldikada batzutan jariotzen zaion ur garbi ona neurri ta denpora jakiñik bage. Aiñ prest botatzen du purrustaran iori, nola gitxi ta pitinka. Udako bero ta leorterik andienetan ematen du iñoiz naroro, eta neguko euriterik ioritsuenetan asko aldiz batere ez.
Olaberriko mugape laburrean ere badira iturri onak iori; eta beretatik egiñeratzen diraden erreka ziztorrak amiltzen dira Lazkaura eta Iurrera.
Oñateko mugape guztia da ur garbi ona iori ematen duten iturriakin ondo janzia; badira ugaiotarrak ere franko, eta oetako anitzek uzten dituzte burnia ta berunaren aztarnak, igarotzen diraden toki guztian. Erri onetako Batzar-etxearen ondoan dago ifinia iturri bat bertako jendearen ornidurarako, zeñari deitzen zaion Iturri-zarra. Ur onen etorbide luzea zerekin egin eta nola jarri ezin asmatuz, lan nekoso balio andiko anitz alferrik egin bearra izandu dau Oñateko Erriak. Iturri au jaiotzen da Erritik ordu bateko bidastian, Aloñako mendiaren aldatsean, Anzuabar esaten zaion tokian. Ur au bere irten lekuan guztiz da ioria, otza eta garbia, eta baldin gertatzen bada Erri-barrura ekartea naikidatzen dan bezin ondo, bertako jendeari egingo litzaioke mesede andia txit. Erri onetako iturrien askotzatik egiñeratzen dira erreka pizkor anitz; oen artean indarrik andienekoak eta ospatsuenak dira, Aranzazukoa, Ubao, Olaberrieta, eta Anzuelas-erreka. Lendabizikoa jaiotzen da Artiako mendi goitituan, eta ureztatzen du beraren aldatsa sortaldetik sartaldera, alik eta arroka izugarri andi bat jo dezan arteraño, zeñaren irriñarte batetik lurperatzen dan guztia arras; arroka oni deitzen zaio Gesaltzakoa, izen berpereko baserri-etxea gertu daukalako; eta lurraren erraietan zearka mearka legua laureneko bidastia igarorik, irteten da aitz beraren beste zirritu batean, zeñari esaten zaion San Eliaskoa, Santu onen Elizatxoa arzuloaren aurkez aurke jarria ikusten dalako. Bigarrenaren jaio-tokia da, Aloñako aitz eguerdi-alderakoan. Irugarrengoa dator sortaldeko mendietatik; eta laugarrenaren asiera da, Erri onen ifarralde eta sortegiko mendietan. Lau erreka oek beren joairan erabilten dituzte ogei ta iru errota iringille, iru ola, eta landiera bat.
O
Ondarribiako Uri inguruan badira iturriak, bañan ez beste toki askotakoak bezin garbiak. Uritik ordu beteko bidastian Jazkibelko mendiaren oñari dautsola, Gaitzubia deitzen dan etxadian arkitzen da iturri garbi geza-gozo iori bat, Txorrotea esaten zaiona, zeñetatik ornidutzen dan Ondarribiako jenderik geiena.
Orejako mugapean badira iturri garbi geza-gozo onak ugari.
Orendaingo Erriak baditu iturri onak iori, zeintzutatik egiñeratzen diraden bi erreka deitzen zaiotenak, Ubiaga eta Anziain.
Orioko Erri-barruan arkitzen da iturri bat, iru txorrotatik ur garbi geza-gozo ona ematen dabela. Aiñ ugaritsua da iturri au, ezik, ordu baten epean betetzen ditu irureun eta irurogei gurbil, bakotxa bostna pitxarrakoak. Erri onetako baserri-etxerik geienak dituzte beren iturri jakiñak atari inguruetan.
Ormaiztegiko mugapean badira iturri garbi onak; bai ta bi erreka pizkor ere: oetako bata jatxitzen da Gabiriako mugatik, zeñari esaten zaion San Estebango erreka, eta bestea Alegeriako etxadiatik datorrena.
Oiarzungo Erri inguruan badira iturri geza-gozo garbiak, jendea naierara ornidutzeko laina ta geiago; oen artean izendatuena da Urdaide iturria, zeña dagoen izen bereko etxearen mugapean, Erritik legua-laureneko bidastian. Iturri onetako urak guztiz dira sendatzalle onak eritasun mueta askorentzako, eta batez ere saiespeko oñaze, eta arri miñ edo txixaren eragozle gaitz zarrentzako; ainbesterañoko sinistpen oso betea arturik oi dago ingurumaiko jendea, nola ez daben uste iñon ere dala miñantza onentzako sendarri eragilleagorik, Urdaide iturriko urak baino. Mendi andi oetako iturrien ugaritasunetik alkargana biribillatzen diraden erreka pizkorrak egiñeratzen dute Erri onen izeneko ibai andia, zeña azaluko dedan zabalkiro, berari dagokion tokian.
P
Pasaia biak itsas bazterrean daudelarik arkitzen dira iturri on garbi geza-gozo anitzekin ondo janziak. Gauza arrigarria da itsasoak alde guztietatik inguratuak dauzkan Erri txiki oetan ainbeste iturri geza aiñ ioritsuak izatea.
Plazenziako Erriak badauzka bi iturri gertuan txit, deitzen zaiotenak, Aranekoa eta Errekalde; oezaz landara baserri-etxerik geienak dauzkate beren iturri jakiñak atarietan; zeintzutatik egiñeratzen diran erreka azitxo anitz; oen artean izendatuenak dira, Otzegietakoa, eta San Andresen ibarrekoa.
S
Segurako Erri-barruan ikusten da iturri leor bat bi txorrorekin, noizbaiten ere neke askoren bidez urrutitik urak ekarririk ifinia, zeña ezagutu izan neban, orain irurogei urte inguruan, ura ematen zebala gitxi ta txarra bederik. Erri onek bere mugapean baditu iturri onak, baña urruti txit.
Sorabillako mugape laburrean badira iturri garbi onak ugari.
T
Tolosako mugapean arkitzen dira iturri on garbi geza-gozo anitz. Erri-barru onetan unetik unera ikusten da iturri eroso naierakoa, eta baserri-etxeak ere geienak dituzte bakotxak bana. Goierri-alderontz irteteko atakaren ondoan dauka jarria, abereai edan-erazotzeko toki zabal eder bat arlanza bikañakin egiña, ur garbia naroro beti dijoakiola. Iturri oetatik egiñeratzen diran erreka gozatsuak ongarritzen dute Erri au, naiera guztira; zeintzutatik berezituenak diraden Laskuaingoa, San Zipriangoa, Otsaraingoa, Uretakoa, eta Magdalenakoa.
U
Urnietako mugapean ikusten dira ainbeste iturri eder geza-gozo, ezik, ezdakit arkitu ote litekean Erri guztian baserri-etxe bat bakarra ere bere iturri jakiña bagekorik; baña, bai biña eta iruna atari aldean dituztenak ere. Iturri oetatik egiñeratzen dira erreka ziztor asko, eta beretatik dator Urnietaren izena. Anziñaeran deitu oi zitzaion Erri oni Ur-oneta, bere mugapean iturri onak eta asko zituelako. Oraiñ ere alaixen bear litzaioke esan legez ta bidez, baldin denpora doatsu artako Euskaldunak bezin maite oraingoak balute beren itzkuntz gozoa.
Usurbilko baserri-etxerik geienak dituzte beren iturri jakiñak, eta Erri inguruko etxadiaetan bizi oi dan jendea ornidutzeko dauzkate bi iturri gertuan, deitzen zaiotenak, Puntapies, eta Alzondo; zeintzuk egiñeratzen dituzten beren izenakiko erreka bi, eta oek batutzen dira, Txapaurenea, Zususpe, Lasao, Mapillerreka, ta Saria esaten zaiotenakin; azkenengo onek berezitzen du Erri au Oriokoagandik; Ardumbrekoak Aia, Urdaiaga, eta Amidia esleitzen dituen bezalaixen, eta sartzen dira Orioko ibai andian Errira baino lenago.
Z
Zaldibiako Erriaren mugapean arkitzen dira berrogei iturri ta geiago, ur garbi geza-gozo ona iori ematen dutenak; ugaio iturriak ere badira bost, zer griñatakoak diraden oraindik iñork azalkeratu bagekoak. Oetako bat jaiotzen da Anduriora igarotzeko zubiaren goiko aldetik ibai nagusiaren eskuiko bazterrean ur andian azpitik gora, eta ifinten du urdin urdin bere irteten dan ur-ondoko aitz bizi bizia, bi oñ ta erdiko inguruan bezalatsu. Beste bat Osinberdetik goraixeago ugaio burniatsua; iturri oetatik egiñeratzen diranak ogei ta bi erreka ziztor biribillatzen zaiozka bertako ibai nagusiari, zeñari deitzen zaion Osinberdeko ibaia; eta au jaiotzen da Erri onen mugapeko osin zulo andi batean, azpitik gora pill pill pill ura botatzen dabela, irakiten ari oi dan lapikoak bezalaixen. Bere jaio-tokian ibai au dan baino ugariagorik, ez det uste arkituko dala Gipuzkoa guztian besterik; ez eta ere, bera ainbat bidean aiñ garbi jatxitzen danik. Legua erdiko bidastian ez da arretzen, aitz bizien tartean datorrelako. Erriko plazatik ibai onen jaio-tokira dago ordu ta erdiko bidea bezalatsu, eta gitxi gora beera onen erdia igarotzean dauka mendiska goititu bat eskuiko aldetik, Erramutako aitza esaten zaiona, zeñaren goiendea izango dan irurogei oñ bezalatsu, eta onek bere musturretik, iturri batek txorrotik bezalaixen, botatzen dio ibaiari erdi erdira purrustadan, eotarri bat erabiltzeko laina ur. Gauza begiragarria eta miraritsua da txit, aitz goititu onek bere erpiñetik ixurten daben ur garbi ain ioria nondik eta nola datorren burutaratzea. Ibai au baino amorraiz aberatsagorik, ez da billatuko Gipuzkoan andiago ez danik; ez eta ere onek bezin piñak ematen ditubanik. Zaldibiako amorraiak non nai du jaso andia, eta edozein denporatan egiten dau librak iru erreal; aiñ jakiña eta ezagutua arkitzen da balio au, ezik, gitxiagorik eskiñiko ere ezdau iñork. Izanik bada ibai maitagarri au, urtearen sasoi guztietan amorrai piñ izokitsuak aiñ iori ematen dituena, ez da mingarri berari obeto kontu ez egitea, orain berrogei urterañoko gizonak egin oi zioten bezala? Bai, mingarri ez ezik negargarri ere da, onelako ibai aberatsa sare, eta amu debekatuakin bidebagekiro galtzen ikustea; eta are illgarriagoa da, urak agortu, eta kare bizi ta sokaranak osin zuloetan botatzea. Guztiaz ere, sinisterazorik nago nere buruari, ezen, Erri onetako Jaun prestuak oraiñ arkitzen diraden lozorro astunetik irazarririk artuko dituztela bide zuzen egokiak, beren gurasoak idurikatuaz ibai goixo au bear bezala gordetzeko.
Zarauzko mugape guztia da iturri garbi eder geza-gozoz ondo janzia. Erriko Batzar-etxearen aurkez aurke dago bat, lau txorrotatik ur ona iori dariola, eta beste asko gertuan txit; baserri-etxerik geienak ere badituzte beren iturri jakiñak, zeintzutatik egiñeratzen diraden erreka ziztor anitz; oen artean izendatuenak dira, Astarubiakoa, eta Abendañoko errotatik datorrena; Erriaren bukaeran biak sartzen dira Iturritzako ibaitxora.
Zegamako Erri barruan badira bi iturri, ur garbi ona iori ematen dutenak, zeintzubei deitzen zaioten, Ormapea, eta Ibarreta. Erri onetako mendien oñetan arkitzen dira beste anitz ur geza-gozo ona iori dariotela; oen artean izendatuena da, Iturbegietakoa, bere ugaritasun andiagaitik; zeña dagoen Aitzgorriko mendian, laburua arkitzen dan lekutik ifarpe alderontz jatxitzean, ordu erdiko bidastian. Iturri oni uda ta negu beti neurritsu batean dario errota bat erabilteko laina ur; eta beragandik asitzen da, Oria deitzen zaion ibai andi Gipuzkoakoa, laster azalduko dedan bezala bere kapituluan. Mendi onetan badira iturri sufredunak, baita gatzdunak ere. Milla, zortzi eun ta amabigarren urte inguruan, gatz asko egin izan zuten Zegamako mugapean. Alzanian ere badira ugaio-iturriak naroro.
Zeraingo mendi, Oarrea, eta Aitzpea-erreka deitzen direanetan jaiotzen dira bi iturri guztiz ugaritsuak; zeintzutako urakin egiñeratzen diraden bi erreka izen berperekoak.
Zestoako Erriaren mugapean iturri on asko dira txit; oen artean ioritsuena da, amabi-iturrietakoa; bañan dauka uts-aldi andi bat, euri denporan loitutzen dalako prest. Anbiakoa ere, griña berperekoa da. Osin beltzekoa beti da garbia. Pagari-gastañarikoa da guztietan oberena, jario gitxiagokoa bada ere. Beste geiago ere badira jendea naierara ornidutzen dutenak, aiñ izendatuak izan bage arren. Urolako ibaiaren bazterrean, Erritik iru arrikadako bidastian arkitzen dira bi iturri ur berodun guztiz izen andikoak, zeintzuk sendatzen dituzten sarritan, eritasun gogor zarko ustel, eta oinaze portitz illgarri gaitz mueta askotakoakin etortzen diran anitz ta anitz. Zorioneko ur bedeinkatu oek aspaldiko urteetan egiten dituzten mirari andiak nork ez dakizki bada? Egia garbi onen argibiderako, begiratzea baizik ez da uda guztietan, eta neguetan ere iñoiz, Zestoako urak artzera biribillatzen diraden jende samalda andiai. Jende askoren etorrera baino sinistgarri oberik ezin izan diteke bada, ur oen doaiak nolakoak diraden jakiteko.
Zizurkilko mugapean badira iturri anitz ur garbia iori ematen dutenak, eta beretatik egiñeratutako erreka pizkorrak badarabiltzate burniola bat eta lau errota iringille.
Zumarragoko mugapean iturri asko dira, ur garbi geza-gozo ona iori ematen dutenak.
Zumaiaren mugapean badira iturri onak eta asko, ur geza-gozo garbia naroro ematen dutenak; eta oetatik egiñeratzen da Arroako aldetik jatxitzen dan erreka azitxoa.
Ikusi degu bada argiroki, Gipuzkoako mugape guztia dala iturri garbi edate gozoko, eta osasungilleakin gure Egille andiak oparo doaindua. Ez ordea edozein modutan moldakaitzkiro janzia, baizikan jendearen ornidurarako unetik unera neurri zuzen egokietan erara jarria.
Gipuzkoan arkitzen diran iturriak
Izan ta izango dira txit maitagarriak;
Berenez diralako osasungarriak,
Gaiñ gañeko tokian daude gaur jarriak.
|
|