IRUGARREN KAPITULUA
Gipuzkoako biztanle beargilletsuen langintzarik aurrenengoak.
Probinzia onetako jaiotarrak gazte gaztetanik dira neke izerdizkoetara gogoz jarriak, eta saiatuak. Jendadi maitagarri onen langintzarik aurrenengoak eta ezagutuenak dira artzaintza, atxurkintza, ikatzgintza, burnigintza, eta onekin egiten diran su-arma, baioneta, ezpata, matxite, aingura, nekazaritzako erremienta, eta beste lankai asko bear bezala landurik ondo apaintzea. Badakite ere Gipuzkoatarrak, berak beren eskuz Erriko zubageakin egindako ontzidi andietan sarturik, itsasoz mundu osoari jira ematen, besterik iñork oartu baino lenago; baita arraintza andiak egiten, eta itsas lapur txar asko aienatzen ere. Zeren bidez, nork, eta nola, azalduko ditut garbiro Gipuzkoatarrak itsasoz egindako azaña andiaz itzegitean.
Izkribu gogoangarri anitzetan irakurten da, gizonak lendabizi artu izan zeban lanbidea dala Artzaintza; ezagutu izan zebalako mugaz, abere guztietan dan eskurakoiena, zaintzen errazena, eta lakarik geiena ematen dabena dala Ardia. Egiazki, alaixen da izatez ere! Eta baldin onelako argibiderik izkribuz iñork ezarri izan ezpalu ere, Gipuzkoako artzain prestuak beren itzkuntza ederrarekin batean maitaro gordetzen dituzten oitura oneski gozoak, eta berak darabilten langintzari egokidatzen zaiozkan izen bere berekiak adierazten dabe argi eta garbi, artzaintzako lanbidea dala txit anziñakoa, guztiz garbia, eta arras ondradua, laster azalduko dedan bezala bere zati guztiakin zearo.
Euskara zintzoak, lendabiziko itzkera dan bezalaixen, gorde izan ditu osotoro ta zuzenki, beste erdara-mordolloen kutsurik txikarrena ere bage, ardiak izan oi dituzten eritasun eta miñatza gaiztoen izenak; berak ematen dituzten etekin mueta guztienak; belarrietan ezagungarritzat ifinten zaiozkaten marra miraritsuenak; artzainak bere langintzarako bear dituen erremienta guztienak; berarekin bere artaldearen etzauntza-tokienak, eta beste gauza askorenak, zeintzuk jarriko ditudan bakotxa bere eran obeto adierazteagaitik.
Ardiak izan oi dituzten eritasun eta minatza gaiztoen izenak
Albatamiña.
Armuñekoa.
Atzartekoa.
Enpatxua.
Ermuñekoa.
Erreneria.
Erruñekoa.
Galkordea.
Gorrentzia.
Gozaña.
Illurtua.
Nafarreria.
Okallea.
Oñitoia.
Pikortalla.
Sabeleria.
Zibela.
Zoramarroa.
Ardien eta berak ematen dituzten etekinen izenak
Aixuria.
Ardia.
Aria.
Arkumea.
Artanzua.
Artgaztea.
Beinardia.
Bildotsa.
Eznea.
Eznorea.
Eznotza.
Gatzagia.
Gaztaia.
Gaztanbera.
Gazura.
Guria.
Mamia.
Matoia.
Txikiroa.
Umerria.
Urtebildotsa.
Ardi jabeak nork bere artaldeko ardiai belarrietan ifinten diezaten marra ezagungarrien izenak
Bakar bakarri bost izenekiko marrakin ezagungarritzen dituzte artzainak mendirik andieneko ardi guziak, ez ezik, beste geiagotakoak ere. Bost izen oek dira; Pitzatua; Txuloa; Urkullua; Laiategia, eta Akatsa. Eta oek ardien belarrietan bein bata aurrera, eta gero bestea atzera erabilliaz, daukate egiñeratua utsunerik bageko adieragarri txit zuzena, izkribua sortu izan zan baino ere are lenagotanik Euskaldunak asmatua. Jarriko dizuet, bada, emen anziñako artzain izkriburik ezagutzen etzutenak erakutsitako eskola zerrenda bat, gaurko egunean ere Gipuzkoan irauten dabena; eta ardiakin artzainak diran arte guztian biziko ere dana.
Ara zer gisatakoa dan eskola mueta au.
1. Ardijabe batek bere artaldeari ifinten diozka ezagungarri, belarri bietan Pitzatu bana.
2. Eskuiko belarrian bakarrik Pitzatua.
3. Ezkerrekoan bakarri Pitzatua.
4. Belarri bietan Txulo bana.
5. Eskuiko belarrian bakarrik Txulo bat.
6. Ezkerrekoan bakarrik Txulo bat.
7. Belarri bietan Urkullu bana.
8. Eskuiko belarrian bakarrik Urkullu bat.
9. Ezkerrekoan bakarrik Urkullu bat.
10. Belarri bietan laiategi bana.
11. Eskuiko belarrian bakarri laiategi bat.
12. Ezkerreko belarrian bakarrik laiategi bat.
13. Belarri bietan akats bana.
14. Eskuiko belarrian bakarrik akats bat.
15. Ezkerreko belarrian bakarrik akats bat.
16. Belarri bietan pitzatu biña.
17. Eskuiko belarrian bakarrik pitzatu bi.
18. Ezkerreko belarrian bakarrrik pitzatu bi.
19. Belarri bietan txulo biña.
20. Eskuiko belarrian bakarrik txulo bi.
21. Ezkerreko belarrian bakarrik txuko bi.
22. Belarri bietan urkullu biña.
23. Eskuiko belarrian bakarrik urkullu bi.
24. Ezkerreko belarrian bakarrik urkullu bi.
25. Belarri bietan laiategi biña.
26. Eskuiko belarrian bakarrik laiategi bi.
27. Ezkerreko belarrian bakarrik laiategi bi.
28. Belarri bietan akats biña.
29. Eskuiko belarrian bakarri akats bi.
30 .Ezkerreko belarrian bakarrik akats bi.
31. Belarri bietan pitzatu ta txulo bana.
32. Eskuiko belarrian bakarrik pitzatua ta txulo bat.
33. Ezkerreko belarrian bakarrik pitzatua ta txulo bat.
34. Belarri bietan urkullu ta txulo bana.
Ikasbidea eman dedan modu berperean, bost izen oek banaka ta biñaka batetik bestera erabilliaz, ezagungarritzen dituzte mendi guztiko artaldeak, eta are geiago ta geiago balirake ere. Beste marra mueta bat ere ezagutzen da artzaien artean, ardiari ifinten zaiotena, bañan ez bide onezkoa, baizikan ardi-ebatsitzaleak beren gaiztakeria estaltzeko asmatua, zeñari esaten zaion Lapur-marra. Izen au ematen zaio, belarri biak ondotik epakiak dauzkan ardiari; zergaitik ardia ostutzen dabenak egiten deban aurrenengo lana dan, belarri biak kentzea, jabeak edo beste edozeñek egiazko marraetatik ezagutu ez degion. Beragaitik dute, bada, ardi belarri bageak jakintsuro ifinitako izen egoki txit bidezkoa, Lapur-marra.
Gipuzkoako artzainak beren langintzarako dituzten erremienta, eta beste zenbait gauzen izenak
Anekak.
Apatza.
Apazkoa.
Arsugatsak.
Asuna.
Burrutzia.
Elkorra.
Epaikia.
Estugarria.
Eznarriak.
Garneroa.
Gatzagipotoa.
Gatzontzia.
Gaztanaska.
Gaztanola.
Iragazkia.
Kaikua.
Kirtenbikoa.
Malatxa.
Mutxitaia.
Potoa.
Taloburnia.
Txantxilla.
Txurka.
Urie.
Zalia.
Zumitza.
Artzainen bizileku mendikoari deitzen zaio Txabola, zeña egiten dan zotal, zarbazta, arba, tantai, aizkorol, eta gisa onetako gauza txeakin, beraren izenak adierazten daben bezalaixen. Mendietako bizi leku oek dira etxeak baino askoz ta askoz lenagokoak. Etxearen izenak berak adierazten du garbiro, txabola baino gai andiagoakin egiña dala; beragaitik esaten zaio Ez-etxea.
Txabolaetako lo-tokiari deitzen zaio etzauntza, eta emen ifinten dituzten biguñgarriai txillarrak; oñen euskarri jarten duten zutoiari idulkia; eta estalgarriari burusia.
Ardiak jatzitzeko tokiari esaten zaio artizkunea, euri jasa andiak erortean eta gauaz leorpera sartzeko lekuari billorra; mendiak elurrez estaltzen diraneko ardientzako bazka gordetzen duten lekuari saletsea; janariari saralea; jakiari zaldalea; eta oek ifinteko maiari lizipua.
Guztiz da arrigarria eta miraritsua txit, lendabiziko artzain Euskaldun garbietatik datozen izen ezkutapetsu oek, ainbeste urteren buruan zuzenki ta osotoro Gipuzkoako mendietan gordetzea; eta ez da gitxiagokoa batere Probinzia onetako artzainak alkarri dioten amodiozko naitasun irazekia; zeintzuk beren oitura maitagarriakin adierazten duten argi eta garbi, nolakoa zan anziña anziñako gizonen bizimodua. Gipuzkoako barri ez dakienari ez da erraz sinisteragiten, bertako artzain samalda andiaren izaera gozoa nolakoa dan. Guztiaz ere, esan bage ezin laga nezake, aurreragokoetatik dakidan apurra, eta nere denpora guztian Aralarko mendian ikusten dedana.
Mendi onetara batutzen dira berrogei milla ardi bezalatsu, eta zortzi eun artzain txiki ta andi gitxi gora beera. Txabola bakotxera biribillatzen dira iru edo lau artzain bizitza banatakoak alkarrekin izatera; eta senideak balira bezalaixen igarotzen dituzte urte ta urteak beñere aserratu bage. Bizileku txikitxo onetan eukitzen dituzte agiri agirian beren janariak, egiten dituzten gaztaiak, eta izaten dituzten diru apurretarañokoak, aiñ seguru ta osotoro, nola burniazko kutxa lodi giltza askorekiko batean gordeak izango lirakean. Artzain oetako edozeñi bukatzen bazaio iriña edo beste janari gauzaren bat uste baino lenago, edo beraren etxekoai gertatzen bazaiote bear orduko ezin biraldua, goserik ez du nozituko, txabolako lagunak duten arteraño. Eta baldin beretako edozeñi etxetik igorritzen badiote urte sasoiak dakarren gauza berri bikañen bat, edo txeremoniaren batzuk, txabolako lagun guztiak jango dituzte alkarrekin, gorputz bat balira bezalaixen. Lagun amatu oen arteko edozeñi gertatzen bazaio egun batzuetarako nora edo ara joan bearra, edo eritasun batek eraso eta gaixorik oean gelditzea, onen eginkizun guztiak egingo dituzte beraren txabolako artzain lagun leialak aiñ gogoz, egoki, eta kontu andian, nola ardi-jabeak berak osasunarekin dagoela egin izan al-litzakean, edo obekiago benturaz.
Mendi osoko artzainen artean suertatzen bazaio iñori adu txarren bat, dala otso edalle gaiztoak artaldera sartuta; ikatztoki eta putzu zuloetako ur zikin ustelak eran ta okallatzea; nafarreri gaitz eriotsuak arrapaturik, edo bestelako gertakari gaiztoren batekin ardiak gitxiturik, edo batere bage gelditzea; artzain lagun guztiak alkargana baturik, bakotxak ardi bana ematearekin ifinten diote bertatik len zeban ainbateko artaldea; zeñari aztutzen zaiozkan atsekabe guztiak, bere lagun amatuen ondrabide aiñ oparoa ikustearekin.
Larrebide galduetan oi dabiltzan ardi erratuak, aurrena arkitzen dituen artzainak artzen ditu bere artaldera, baita kontu egin ere zuzenki, alik eta jabe egiazkoa agertu dedin arte guztian. Bereala zabaltzen da barria mendi osoan, onelako edo alako marra belarrietan dauzkan ardia noren artaldean dagoen, eta ditxekana ezagungarri egiazkoakin etortean eramango du bere ardi erratua, eukitze ta kontu egite saririk eman bage.
Gipuzkoako mendi luze zabalak igaro bearra izaten deban edozein gizon erbestekori, gertatzen bazaio iñoiz edo berriz bideak utsegitea, uste baino len illuntzea, gorputzeko txar-aldiaren batek ematea, edo bestelako ezbearren bidez ezin joanik beretan gelditzea, aurrena ikusten duen artzainak maitaro arturik, eramango du bere txabolara, eta emen gozarotuko du egin-al guztian, adiskiderik amatuena balu bezalaixen. Bazkatuko du mendiko gisara gaiak agintzen dion moduan, alik eta bere bideari ekiteko ondo jarri dedin arte guztian; eta orduan saririk eskatu ez ezik, eskaintzen badio ere, artu bage lagunduko dio leialkiro, bide zuzen erosoan ifini dezan arteraño; non lenago alkar beñere ikusi bageko gizonak adiskide mami betiko egiñik, banakatzen direan nor bere eginkizunetara, batak besteari amodioz esaten diotelarik Agur ta Agur.
Ha zein gauza ederra ta maitagarria dan gisa onetako eginpide ondraduak egiten bere Erritarrak ikustea! Gipuzkoako mendi gogoangarrietan bizi diran artzain prestuak dirade, bada, bere asaba doatsuetatik jatorriz darraizkioten oitura gozo oneski oek gordetzen dituztenak zuzenki.
Ez du, bada, inork ere zer uste izan, apaiñgarri ustelakin edertu nai dedala Gipuzkoako artzain leialen ondradutasuna, baizikan sarritan ikusten diran eginpide egiazkoakin; eta baldin izango balitz nor edo nor sinistu nai ez dabena, ditxidatzen det bertatik Aralarko mendira, non ikusiko daben argi eta garbi artzain doatsu oen ontasun pare bagekoa.
Beste doain andi bat ere arkitzen da artzain oen artean guztiz maitagarria. Lenago esan dedan bezala, batutzen dira mendi onetara, txiki ta andi zortzi eun artzain bezalatsu. Gizon samalda andi onek ez du izaten mendi guztian ez Alkaterik, ez Alkateordekorik, ez Amamerurik, eta ez oen eskubideakiko beste agintaririk. Guztiaz ere, despita, aserre eta burrukarik bage igarotzen dute beren denpora guztia, amodiozko naitasunaren bidez alkarturik pakea oso betean. Artzain oneski oen pakeazko bizi modu garbia ondo ikusteko, ez da ispillu obeagorik Aralarko mendira begiratzea baino; zeñetan bizi oi diran ainbeste gizon, millaka urteak igaro ta ere, Alkate ta Alkateordekorik bage. Eta zer litzake gizon samalda andi au guztia Erri batekoa baldin balitz? Gitxienaz izango dira amalau edo amabost Erritatik alkargana biribillatuak, eta anaiatasun maitagarria beñere ausitzen ez dutenak. Iñoiz edo berriz ardiakiko saldu-erosiaren gañean artzen badute eztabaidaren bat alkarren artean, gizonik elduenetako bana edo biña alde bakotxetik ifintearekin, berealaixen daukate zuzendua okerbide guztia. Beragaitik izkribauen lantegietan ez da topatzen Gipuzkoako arzainak alkarren artean erabilitako auzi-paper anitz.
Gai guzti guztietara da zoragarria txit artzain doatsu oen mendietako izaera gozatsua. Goizean goiz beren artaldeakin irteten dira larrebiderik oberenetara, ojuz ta kantari egaztiak bezalaixen, sasiak, zelaiak, basoak eta aitzak pozkidaturik erantzuteraño ifinten dituztela; eta ardiak janlekuari onetsi degioten artean, an ibilliko dira berak, batak txilibitua jo, besteak bolingozoa, au dantzan, hura saltoka, atxi atxika, itzulamilka, makilurrunean, arriurtika, indarlean, eta beste onelako egikari anitzetan jostaldiatzen dirala atsegintasun andian. Modu onetako olgantza gozatsuetan asper aldia bat artzean, biribillatzen dira nor bere txabolara, udan taloarekin eznea, eta neguan gantzarekin egositako baba jatera. Arratsaldean egiten dute etzanaldi andia. Illunabar-alderontz ardiak artizkunara biribillatu ta jatzi, eznea iragazi, ta gatzagia emandakoan kantari asirik, ez dira ixiltzen alik eta gaztaiak egin ditzaten arteraño. Bereala eznarri gorituakin gazura erosirik, irteten dira berarekin txabola-atakara, apatzetik apatzera goi goitik bee beera boteaz irabiaturik oztutzera. Orduan dira adigarriak txabolatik txabolara ojuz ta irrinziz alkarri adierazten diezaten hitz jostallu gaitzik bageko pozkidatsuak, batzubek itzneurtuan, eta besteak itxumustuan. Azkenean amodiozko naitasunarekin gau onak batak besteari emanaz, joan oi dira nor bere etzauntzara.
Orra zein garbia eta gozarotsua arkitzen dan, bada, gaurko egunean ere, Gipuzkoako artzain doatsuen bizimodu zorionekoa. Baldin suertez ere izango balitz iñor, kapitulu au luzetxo iduritzen zaiona, bertatik nai det kontuan jarri amodioz, ezen, begiratzen badio lanbide oni alde guztietara ondo, topatuko diola gaia, geiago ta geiago esateko ere.
Gipuzkoako artzain zintzo ta argiak
Izan ta izango dira gogoangarriak;
Maite dituztelako oitura garbiak
Beren guraso onak anziña jarriak.
|