|
BEDERATZIGARREN KAPITULUA
Gipuzkoako Baso zabal andi eta zuaitz liraiñ galanten barri zuzen egiazkoa.
Gipuzkoako mugape guztia da, baso edo oian galant begitango anitzekin osotoro josia, eta zuaitz mardul lirañaz ondo janzia. Berenez jaio ta aziak dira ugaritsuenak, bikañenak, eta baliorik andienekoak. Probinzia onetako lurrak bere griñaz ematen dituen zuaitzik ezagutuenak dira Aretxa, Pagoa, Artea, Zumarra, Agiña, Lizarra, Ametza, Elorria, Alza, Gorostia, Urritza, Lertxuna, Zumalikarra, Ezkia, Astigarra, Makala, Ostatxuria, Kurkutxa, Intxusa, Ezkerraina, Likabra, Erika, Elotriska, Itsasa, Zurbeltxa, Artanozka, Gurpitxa, Zamandorra, Maalza, Otea, Sosatsa, Zumea, Zaika, Aiena, Nekosta, Arantza beltza, Arantz-zuria, Arkasatza, Txillarra, Erramua, Ziga, Ezpela, Gañabera, Kotala, Udalatxa, Zurikotxa, Friskua, Ziurza, Lekeltxorra, Biñorria, Karraska, Urkia, Otsalizarra...
Izendatu ditudan zuaitz oen artean ugaritsuenak, bikañenak, eta ondasunik geiena ematen dutenak dira Aretxa ta Pagoa; zeintzuk izan oi duten jaso andia txit lanbide askotarako, eta batez ere itsasoz ibilteko nai ta nai ez bear diraden ontzidiak, arraunak, eta pipa-olak egiteko. Probinzia onetako barri ez dakienari ezda erraz buruan sar-eragiten, zenbat eta nolako zubage eder liraiñ galantak ateratzen diran baso edo oian oetatik kanpo-errietarako; eta oraindik are nekezagoa da, ikatz-gai, eta ezkurrarekin ematen duten aberastasuna zenbaterañokoa dan, bear bezala adieraztea. Guztiaz ere azalduko ditut agirieneko banaka batzuk, erdizka motzka bederik, Gipuzkoaren ondrarako, eta Erbestekoen adigarri.
Nere eskeñi oparo au enzutean izan leike nor edo nor esango dabena, ezik, zer bada? Gipuzkoako zuaitzen errazoi egiazkoa ez da arkitzen zearo eta garbiroki ezarria Españako Itztegi Kondairazko ta Luzeazaltar Nafarroako Erresuma eta iru Probinzia Euskaldunak aditaratzen dituen izkribu gogoangarri aomen andikoan? Egia da izendatuak daudela toki berperean, Gipuzkoaren mugape guztian zenbat zuaitz, zer gisa ta sasoitakoak arkitzen diraden, bakotxa bere eran egoki ifiniak; bañan guztiz daude utsaldi andiakin jarriak, laster ikusiko dituzuten bezala.
Gipuzkoako baso maitagarriak nolako ondasunak eman izan dituzten ezagunmendura etorzeko, agirian dauzkagu egiazko sinistgai asko ta asko; oetako bat ezagungarriena da Probinzia labur onen mugapean zenbat onzitegi, non ta nola eta noiztik nora ezagutzen diraden jakitea. Beragaitik izendatuko ditut emen denporarik anziñakoenetik gaurko
eguneraño Gipuzkoan ezagutu izan diran onzitegiak.
Irun aranzungo Errian ezagutu izan da onzitegi ospatsua, eta gaur ere izen onekin deitzen zaio toki berari.
Errenterian baziran iru onzitegi gaiñ gañekoak, beti lanbide artan ziardutenak Erregerentzat eta Merkatarientzako; non egin oi zituzten laurogei toneladakoak asko ta asko. Denpora aetan izanik saldu erosia aiñ baliosoa eta oneretsua baziran Erri onetan eta beraren auzo inguruan bi milla ta geiago itsasgizon ugarotariak. Egia garbiro onen argibide sinistgaituak gordetzen dira Errenteriako erriaren gordeleku zuzenean.
Lezoko Erriari arkitzen zitzaiolako toki zabal erosoa lanbide onetarako, milla bosteun, laurogei ta amazazpigarren urtean Errege Jaunak agindu zeban, ezik, ifini zitezela bertan onzitegiak: eta emen milla sei eun, eta bederatzigarren urtean egin izan zuten, arako, aomen andiko ontzi La Capitana del Occeano deitu izan zitzaiona; bai ta beste amabost ontzi andi ere gelditu bagetanik bereala.
Pasaia bietako onzitegietan egin izan dirala ontzi andi ospatsu anitz, badaki mundu guztiak. Milla sei eun eta irurogeigarren urtean Pasaian egiña zan, Europa guztian ondo ezaguna izan zan La Capitana Real milla bost eun ogei ta bi toneladakoa; eta au ikustera etorri izan zan Felipe IVgarrena Madrilletik beste eginkizunik bage. Erri onetako onzitegien artean bat esleitua zan, Pilipinasko merkataritzak bear zituen ontziak egiteko bere gaiñ zeukana.
Donostiako Santa Katalinan eta inguruko ondartzaetan ezagutu izan dira onzitegi ospatsuak, esaten ere duten bezala garbiroki, anziñaerako argibide askok, eta batez ere Erregiña Doña Juanak milla bost eun ogei ta amalaugarren urtean emandako txartel batek. Jorge Barraunen izkribuan arkitzen dan Donostiaren andigarri milla bost eun irurogei ta amaseigarren urtean moldizkidatuak ere adierazten du garbiro, nola Uri onen ikuskeran gertu txit ari oi zirala ontziak egiten. Milla sei eun berrogei ta amar urte inguruan baziran onzitegiak Ergobiako zubiaren aldetxoan, Urumeako ibai bazter, Donostiarekin Hernani eta Astigarraga mugatzen diraden tokian. Denpora aetarako geiegia zan Donostiako inguruan egin ta prestatzen zituzten ontzidi andien kopurua; zortzi eun tonelada, eta bederatzi eunekoak ere egin oi ziran asko. Felipe IIIgarrena eta bere Alaba maite Doña Ana Franziako Erregiña begira arkitzen zirala bota izan zan urtara, Santa Ana deitzen zitzaion Almirante andi ospatsua; zeñari Erregiña gogoangarri onek ifini zion izen bere bereki au milla sei eun eta amabostgarren urtean. Europa guztian aomen andikoa izandu dan ontzi oroitpengarri onen barriak emango ditut zearo, garbi eta zuzenkiro, Gipuzkoatarrak itsasoz egindako guda gogor portitzen azaldurako Kapituluan.
Usurbilko Agiñagan beti ezagutzen dira bi onzitegi zabal erosoak, zeintzubetan egiten diraden ontzi eder ibilte andiko guztiz naierarakoak.
Orioko Erriaren gordeleku zuzenean arkitzen dira argibide egiazkoak, esaten dutenak, ezen, bertako kaia izanik aiñ era onekoa, bazirala onzitegi egokitsuak, eta egin oi zirala oetan, Erregeren izeneko ontzidi andi gudarakoak eta merkataritzarakoak txit asko, bai ta zillarbizitarakoak ere.
Zarauzko Errian Txiliku esaten zaion tokitik Mirador izendatzen dan etxearen inguru bitartean baziran onzitegiak, lan asko egiten zutenak; nondik irten oi ziran ontzi andiak, bitarteak, eta txikiak naroro; bai ta iñoiz sei eun toneladakoak ere pleitarako.
Debako Erriak ere bazituen anziñaeran onzitegiak, bere izeneko ibaiaren bazterrean; zeintzuetan egin oi ziran ontzidi andi asko, egia onen argibide anitzek adierazten duten bezala garbiroki.
Gipuzkoaz landara beste Probinzia batean, eta toki aiñ laburrean non topatuko lirake ainbeste onzitegi, nola nik emen izendatu ditudan? Eta zein lekutan egin izan dira beretan ainbat ontzidi eder galant ospatsu, guztiak erri-barruko gaiakin, eta bertako jaiotarren eskuz? Lanbide onetan Gipuzkoari alderatuko zaionik izango ere ez dala uste det nik. Eta Probinzia onetako mugapean egin izan diran ontzidi andiaz gañera nork daki zenbat zubage lodi lirain eraman izan dituzten Gipuzkoako baso aberatsetatik Santander, Ferrol, Koruña, eta beste tokietara ontzigiteko? Eta oen ostean zenbat pipol, arraun, allere, barrika ta tonel landuak eta landubagekoak igorritzen dira Erbeste urrunekoetara ontziak betean? Ez da asmatzen erraz! Zertxobait badira beraz!
Kanpoetara biraltzen diran zubage oen guztien balioa deus ez da Errirako ematen dituzten ondasunen aldean. Zerekin berdintzen dira, bada, baso maitagarri oetatik ateratzen direan ontzidi ta etxegintzako zubage eder galant, ol zabal piñ, Elizaetarako abe luze kateatu, dolareetako ardatz liraiñ portitz, olaetan bear diran gabi lodi indartsu, ikatz-gai balioso, karobi egur iori, ezkur gozo, osto berde, orbel igar, eta beste etekiñ geiago? Beren aberatstasuna zenbaterañokoa dan ondo jakiteko, ifiniko ditut ezagungarri banaka batzuk agiri agirian.
Laurogei eta amasei ola bezalatsu kontatzen dira gaurko egunean ere Gipuzkoan, eta lenago askoz geiago. Oetako bakotxak naiko ura dabela, egingo ditu astean berrogei ta amar kintal burni seiña arrobakoak; eta kintal burnia ateratzeko bear dira bost zama ikatz gitxi gora beera. Burniola oezaz landara badira Gipuzkoan laureun, berrogei ta amar sutegi bezalatsu, nekazari lanerako ermentari, perragin, iltzegille, txispagin, ainguragille, eta gudarako iskillu mueta guztietakoak egiten ari direanenak; sutegi oetako bakotxak bear du lan-egun guztietan zama ta lauren ikatz. Nekazaritza zerbait ondotxo darabillenetakorik txit gitxi izango da Gipuzkoan, urtean karobi bat txiki edo andi egosiko ez debanik, berak darabiltzan lurrak guriatzeko; badira biña ta iruna egiten dituztenak ere, beren alorrak ongarritu eta gañerontzekoak saltzeko. Tella, kisu, eta auski erretzen ere egur asko esekutatzen da Gipuzkoan. Sukaldeetan desegintzen danaz ez dago zer esanik batere; zergaitik, Probinzia onetan sarriro igarotako gizon andizki arrotz askok autortu izan duten garbiro, ezen, neguaren biotzean Gipuzkoako ostatu garbi txukunetan egiten diran su-aldi galanten ondoan artzen diraden gozaldi oso beteak, ez dirala pagatzen diruz. Orra zenbaterañoko ikatz ta egurtzak esekutatzen diran Probinzia labur onetan. Guztiaz ere, beraren mugapeko Erririk geienetan erosten da amabi erreali dagokala zama ikatza, eta oni dagokion moduan egurra.
Nere irakurle Euskaldun prestuai adierazo nai izan diotet gitxi gora beera, Gipuzkoan zenbat ola diran; oetako bakotxak naiko ura dabela zenbat burni dagikean: kintal burnia ateratzeko zenbat ikatz bear dan; Ermentari sutegietan zenbat bezalatsu erretzen dan; karobi, arrao, tella, auski eta kisu egosten, nolako egurtzak esekutatzen diraden: eta su-gai oen balioa noraño igotzen dan. Eta zeren bidez jarri dedan au guzia, berealaixen dezute ikusia.
Milla, zortzieun, ogei ta amargarren urtean Barzelonan moldizkidatutako Itztegi Luzeazaltar mundu osoarekikoaren laugarren liburuan, irureun, irurogei ta amargarren orrikatik aurrera, Gipuzkoako burnigintzaz itzegitean esaten ditu itz oek.
«Lurbira meatzeak ematen du gaiñ gañeko doaia daben burnia naiko guztia, baldin gai guztiak balirake bear ainbat, besoz, egurrez, olaz, eta uzearlez; meatze oetako menasta izanik aiñ gozatsua, eskillosa mueta guztietarako da arras egokia; bañan urte oro ateratzen dan burniaren pisu guztia dator izatera, 233.200 arroba».
Itztegi aomen andiko artan Kapitulu au irakorten dabeenak, sinisturik egongo dira uste oso betean, ezik, beso, egur, ola, eta uzearleen bagetasunen bidez ez dala Gipuzkoan egiten burni geiago. Nork ezagutu ote du bada Probinzia au azal ta barru, esateko aiñ biribilki, ezen, bertako mugapean burnigintzarako ikusten dala, izendatuak dauden lau gauzen bagetasuna? Baneuka arterañoko bizia ta osasuna. Ha zer ondasuna! Eta suertez ere ez ote da urte osoan egiten Gipuzkoako ola guztietan ogeita emezortzi milla, zortzi eun, irurogei ta sei kintal eta lau arroba burni baizik? Gañerontzekoak baneukazki! ez nengoke gaizki! Paperetan ifinten da bost onelako; bai ta sinistu ere egiak diralako; ordean Gipuzkoan lanbide onetarako, badira beso, egur, ola eta urontziak franko.
Aipatu dedan Itztegi ospatsu onek badakartzi Gipuzkoako Kapituluan beste gauza geiago ere, egiazkoak ez diran moldakaitz itxura bageak, zeintzuk azalduko ditudan bakotxa bere leku egokian; eta bitartean jarraitu bear diot asitako sallari, zeña dan Gipuzkoako baso edo oianen aberatstasuna argitaratzea. Onetarako ekin bear natzaio beste Itztegi bati; ikusiko dezute zergati.
Milla zortzi eun eta bigarren urtean, Madrilleko Ikasola Erregezkoak argitaratu izan zeban Itztegi Luzeazaltar Kondairazko Nafarroa eta iru Probinzia Euskaldun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aditaratzen dituanaren lenengo liburuan, Gipuzkoako Kapituluan, irureun ogei ta zortzigarren orrikan dago ezarria, Probinzia onetako zuaitz guztien errazoia, zar ta gazte, txiki ta andi, bañan ez ongi.
Ara emen garbiro Itztegi aipatu dedanak toki berean ematen daben errazoiaren zati bat, akastuna dala edozeñek dakiena.
Alamos
Jóvenes: 102
Sazonados y viejos: 196
298
Olmos
Jóvenes: 92
Sazonados y viejos: 608
700
Alisos y chopos
Jóvenes: 71
Sazonados y viejos: 128
199
Beraz, Gipuzkoako mugape osoan arkitzen diran Ezkiak, zar ta gazte eta sasoiko guztiak 298 baizik ez dira. Kontatzallea nora ote zegoen begira? Joan izan balitz Aralarko mendira, arkituko zituen bertan nork daki zenbat milla? Usterik gitxienean agertzen da gauza moldakaitzki egiña!
Zumarrak, gazte, sasoiko eta zarrak 700 bakarrak direala Gipuzkoako mugape guzian, sinistuko daben gizonik ez da nere iritzian.
Eta 199 baizik ez Ostotxuri eta Alzak. Orra nolako gauzak, leunak diralako ustean latzak, ifinten diran inoiz paperetan; bañan nork ez daki mene-menetan, ugariagorik badala Gipuzkoako erreka bazterretan?
Izendatu dedan liburu andi artan Gipuzkoa guztirako jarriak dauden Ezki, Zumar, Ostotxuri, eta Alzak baino askoz ta askoz geiago, beren mugape bakarretan dauzkaten baserri-etxeak izango dira Probinzia onetan, gitxienaz laureun edo bost eun. Desberdintasun aiñ andi egiaren antzik ere bageko au, mundu osoaren aotan ibiltea, mingarri ez ezik lotsagarri ere da Gipuzkoako baso ospatsu aberatsentzako.
Itztegi beraren irureun, ogei ta zazpigarrengo orrikaren bukaeran arkitzen dira itz oek.
«Mendi batzu dira alako ditxakikoak, ezen, berak berenez ematen dituzte zugazti andiak, gertatzen dan bezala Gatzagako Errian, Lenizko ibar errealean, eta Hernioko mendietan».
Kapitulu au egiñeratu zebanak etzekien ondo, nere ustez, Gipuzkoako basoen barri. Baldin jakin izan balu bada zergatik bear zituen utzi aipatu bage txokoan Aralar mendiko baso andiak, Errenteriako Erriarenak, eta beste geiago, Probinzia onetako mugapean diraden ugarienak, oberenak, andienak, eta aberatstasunik geiena eman izan dabeenak? Zer dute bada zer ikusi oen aldean Gatzagako, Lenizko, eta Hernio-mendikoak? Ez gauza andirik! Edozeñek daki bada, gisa onetako Kondaira bat azaldu bear danean, gauzarik begitangoenak lenengo mallan jarri oi dirala, bañan Gipuzkoako basoen Kapituluan ez da ikusten ala.
Ez det esaten nik, ez eta esan nai ere, Gatzagako mugapea, Lenizko Ibarra eta Hernioko mendia ez daudela zuaitzez ondo janziak, baizikan, badirala Gipuzkoan baso ugariagoakiko tokiak, kondaira andi ark izendatzen ez dituanak. Egia garbi onen argibiderako ifiniko ditut bertan ezagungarri agirikoak.
Milla zazpi eun laurogei ta amabigarren urte inguruan saldu izan ziran beingoan Aralar-mendiko basoetatik, bederatzi eun milla zama ikatzen gaiak, bakotxa zortzi marabedi ta erdiren balioan, zeñean zetorren erreal bat lau zamarentzako. Beretatik atera izan zan diru andi onen bidez ixildu ziran Amezketako Erriaren kontra Unioko beste amairuak, bost eun ta geiago urtean zerabiltzaten auzi ots andiko kaltarkitsu guztiak. Mendi onetan egon izandu naiz eguzkiak argi egiten dabela egunaren erdian basora sarturik gora begira jarri arren, zerurik eta odeirik agiri ez dala zuaitzen ugaritasunaren bidez. Ikusi izan det bertan aretxa, bost gizonek eskuak alkarri eman eta besoak zabaldurik, beraren gerriko loditasuna ezin iritsi dutela. Beste onelako bat, edo are geiagokoa ezagutu izan neban Elgetako Erriaren mugapean. Aretx onen barruan zeukaten arrizko mai andi bat jarria, Erriko Buruzari ta andizkiak egurastu nai zutenean bera zegoen tokira joanik, alkarrekin atsegintasun andian bazkari gozarotsuak egiteko. Mai ikusgarri oni begira nengoela esan izan zidaten bertako jaun prestu bik, ezen, jan aldi bakotxean amabi lagun kabitzen zireala bertan, lasaitasun andian eseririk naierara, eta iñoiz bai amasei ere.
Don Pedro Manuel Ugartemendiako Maisu andi jakintsuak, beinbatean Gipuzkoako basoaz itzegiten biok geundela kontatu zidan, ezik, nola bere eginkizun baten bidez izan zeban milla zortzi eun eta amalaugarren urtean, Errenteriako Erriaren basoetara joan bearra; eta beretan arkitu zituela, orduraño iñon ere ikusi ez bezalako zugaztiak. Beragaitik, edertasun aiñ zoragarriari begiratu izan ziola arreta andiarekin txit gogoz, eta bere iritzian bazerizkiola, baso aetan arkitu zituen zuaitz eldutakoakin bakarrik egin zitezkeala zortzi eun ontzi andienetakoak.
Gipuzkoan arkitzen diraden basoak,
Ugariak dira txit, eta erosoak;
Emango lituzkete ondasun gozoak,
Baldin bear bezala baleude jasoak.
|
|