|
BIGARREN KAPITULUA
Españara lendabizi etorri izan zan itzkuntzaren errazoia
Gauza jakiña ta egiazkoa da txit Euskara dala, zorioneko gure Aitalenen Tubal gogoangarriak bere etxetarrakin Españara ekarri izan zeban itzkuntz eder jakintsun leun guri gozoa, beraren etsai ozpindu txar txoriburu puztu anitzek eztanda ler gaizto badagite ere. Euskaldun garbi garbia zan, bada, Tubal; baita beraren aita Jafet, asaba Noe, eta are lenagokoak ere. Ezin uka dezake, bada, iñork bide onez, Tubalek bere gurasoai ikasitako itzkuntza Españara zebala ekarri; ez eta ere, gizon doatsu onek ekarritako itzkera dala Euskara; zergaitik, Españara etorri ta bereala Euskarazko izen egokiakin Armeniako erara deiturik, ezagungarritu izan zituen, mundua mundu dan arte iraungo duten mendi, aitz, muno, munaiska, lur, berar, iturri, erreka, ibai, aintzira, zuaitz, garau, abere, pizti, arrain, egazti, eta osterontzeko gauza guzti guztiak. Eta zer gisatako izenak dirade oek? Ez, aizeak ustekabean nondik ezdakiela arturik, airean jira-bira oi darabiltzkien geldo illaun, ta litxen antzekoak; ez non nai billatutako zerrenda saretu ausikorrakin moldakaitzkiro arabatuak; ez non jaioak, noren odolekoak, eta zer txertutatik datozen ez dakiten itsu moten illun eta garratz saminduak; baizikan, beren lenengo jarlekuetan irme ta sendo, zintzo ta ernai beti daudenak; beren txukuntasun garbi ederrean apaindurik non nai agertzeko, ezertxuren ere eske iñora joan bearrik ez dutenak; non sortuak, norgandik jaioak, eta zeñen jatorriak diraden, beñere aztutzen etzaiotenak; zergaitik, berak dauden esanaz argi eta garbi, nor norenak eta zertarako jarriak diraden; ain dira bada, argiak, egokiak, zuzenak, ezagunak, eta eztitsu gozoak, nola oen parekorik arkitzen ez dan, Euskaraz laudarako itzkuntza guztietan.
Esan al guztiaz ere andizkatu ezin leizke bear ainbat, Euskarazko izen miraritsu maitagarriak; zeintzuk lau milla ta geiago urteren buruan ere, adierazten dituzten beren esakariak aiñ zuzen ondo ta garbi, nola jaiotako egun berperean. Amarik zintzoenak bere erraietatik ateratako semerik maiteena bezin aixa ta ondo, Euskarak bere zatirik txikarrenak ezagutzen ditu edozein tokitan. Amarik ernaienari gerta lekioke, bada, iñoz edo berriz bere semeaz ezeztatzea, dala denpora luzean ikusi bagez, lenagoko antzik arkitzen ez diolako, edo beste edozein gertakariren bidez gorputzeko jonturetan gaitzbiderik izan badu, atzeren bat dala iduritzen zaiolako. Bañan Euskara jakintsun argiak bizi dan arte guztian ezagutuko ditu bere zatiak, munduaren araurrunean ere.
Jakinduria andiko Menaskindari batek, urre, zillar ta beste edozein menasta, zaborraz ta tortikaz naspillaturik egon arren, erdoi tartetik garbiro bereizten dituen bezin ondo, edo obeto ta are garbiago Euskararen zañetik datozen izen guztiak Euskaldun on batek ifiniko ditu, beren distiazio ederrakin adierazten dutelarik arkiroki, norgandik jaio izan ziran, zertarako jarriak diraden, eta zer gauzari dagozkan.
Ez da, bada, ezagutzen munduan lurbira osorik, zeri edo ari Euskarazko izen garbi egokia arkitzen etzaionik. Ez ordea alferrikako izen geldo deus balio ez dutenak, ezpada, guztiz goi me diranak, eta gizonaren serbitzorako bearren diradenak, zein beren toki jakiñetan ezarriak, laster ikusiko dituzuten bezala.
Aspaldiko urteetan egon bada ere gure Euskara jakintsua ta esan al guztien gañean guretzat beti gozoa, aitzarte oetara bazterturik loak artua bezala, geroenean ere irazarritu ta mendi zuloak utzirik agertuko da mundu osoaren aurrera arpegi garbi alaiarekin bere zati eder baliosoen billa, eta toki guztietan or emen arkituko ditu ugari ta errazkiro, zergaitik agiri agirian dauden ojuz deadarka esaten diotelarik beren Ama maiteari, bizi gera, emen gaude, zureak gera, atoz lenbait len laztantzera aspaldiko partez, eta gorde gaitzatzu ordu onean, zure kolko zabal mardul gozo indartsuan sekula betiko.
Gure guraso maitagarriak beren itzkuntz ederra, etsai portitzak lurraren azpiraño sarturik arras ezkutatu naiean darabiltela ikusi badute ere denpora luzean, gaurko egunean arkitzen da, beraren seme prestu leial argien bidez auziak irabazirik, eder ta galant, pizkor ta sasoikoa txit, erdaldun mingain latz arroak onelakorik gertatzea uste ez bazuten ere.
Euskarazko itzkuntz jakintsu maitagarri au Españaren kaltarki ta lotsagarri balitz bezala, nork daki nolako nekeak eta zenbaterañoko buru ausitzeak egin izan dituzten gizon andi usteko askok, bera bidebagekiro desondraturik, beñere agertuko ez dan tokira ainatzeko asmoan?
Beste anitzen artean Euskarak izan dituen etsairik indartsuenak dira Mariana, Maians, Armesto, Osorio, Nikolas Antonio, Marti, Belazkez, Ledesma, eta Don Joakin Traggia. Guztiak aomen andikoak; bañan Euskara azaletik bedere ezagutzen zebanik, ez bat bakarra ere. Berai arkitzen zitzaioten utsune andi onezaz batere oroitu bage, ekin zitzaiozkan goien beean Euskara zintzo gaitz bageari erasotzen, beren luma latz lodi amutsakin asmatu al guztia lotsabagekiro esaten, ondoreari begiratu bage. Azkenik ifinten zuten beren zirri borroetan txit gauza anditzat eta segurutzat, ezen, Euskara ez dala beste gauzarik, ezpada, Eguzkiaren jaiot-aldean diraden itzkundeetatik artutako zerrenda banaka batzukin, moldakaitzkiro antolatutako itzkera farragarri bat; etzebala gramatikarik eta itztegirik, eta izan ere ezin zezakeala, zergaitik etzeban gairik bear bezala neurtu ta zuzen-bidean ifinteko.
Bidebageko josi askatu iraingarri oek, eta beste onelako asko esan bage uzten ditudanak entzutean, mindu ziran lazki Euskaldun prestuak, eta asi ziran berpertatik Euskara garbi gozoaren doai ederrak zabaltzen mundu osoaren jakiunderako. Aita Larramendi gogoangarriak azaldu zituen zuzenki ta garbiro Euskarazko Itztegia, eta gramatika, zeñari izena jarri izan zion El imposible vencido; non adierazten zeban argiro, Euskararen maixiatzalle guztiak direala itz-jario erausle motel ez-jakiñak.
Larramendi doatsuaren ondoren, Astarloa jakintia, eta Erro ernaia irten ziran plaza agirikora, Euskara illezkor zintzo maitagarria janzi aberatsakin ederki apaindurik, mundu osoari begien aurrean ifintera, ikusi zezaten donarioz ondo, oraindaño ezagutu diran itzkuntza guztien artean bera dala bakar bakarrik, munduaren lenbiziko asieran sortua. Beragaitik arkitzen zaiozka, bada, Euskarari bere kolko zabalean ondo gordeak, guztion Egille andiak gizonaren izatearekin batean eman izan ziozkan doai maitagarri ain gaiñ gañekoak. Gizon itsutu bat bere itsu-aurrekoak, nora nai ta ara, eramaten deban bezin zuzen, edo are zuzenago ta bide erosoagoetatik Euskara zintzoak eskua gogoz emanik, oi daramazki seme egiazkoak, beraren sustrai pin ta zain iraunkorrak arkitzen diran tokietara.
Gisa berperean igo dirade, bada, Astarloa, ta Erro beren Euskara maitagarriarekin biderik galdu bage zuzen zuzen, munduaren lenengo adiñera; non billatu dituzten Euskararen jaiotzako argibide egiazkoak zuzenkiro, baita agertaratu ere beren izen garbiakin mundu osoari, Euskararen bere berekiak direala iñork ezin uka dezakean moduan.
Sinistmen osorikan ezin artu oni,
Euskara ezagutzen ez debanak ongi;
Bañan autortuko du gogoz eta garbi,
Bera ikasitzera nai debanak jarri.
|
|