|
Amets bat
Ni jayo nintzan Euskal-lurreko
leku pozgarri abetan
eta Euskera irintsi nuben
lenbiziko arnasetan
amak siaskan nedukanian
edo bere besuetan,
kontu politak esanaz beti,
kantatuaz batzubetan,
geren aitonak moldatutako
itz neurtu ta bersuetan.
Neri begira eziñ aspertuz
antxen, ordu osuetan,
semetxuaren bizigarriya
berak bere petxubetan
emanaz, azi ninduben aiñ
izaera goxuetan,
non egundaño etzaidan aztu
geroz nere pausuetan,
iñoiz arkitu izanagatik
bizitza erosuetan:
ainbesteraño baturik negon
neronen gurasuetan
ta txikitatik. nere onduan
ikusitako gauzetan;
bañan etsayaz miñ artzen nonbait
gure poz ta jolasetan,
argatik gerok batere kulpik
ez gendubela ezertan
txit urrutira-joan biarra
izandu nuben batetan,
oso gazterik arkitu nintzan
Amerikako Panpetan
ta bizimodu txit erosua
iduki arren an bertan,
nere biyotzak etziran uzten
sekulan ere paketan,
iduri zuben berriz eguak
neukazkiyela anketan:
esaten da, bat bizi leikela
ondo alderdi danetan,
—bai asetzia beste gauzarik
ezpadu artzen arretan—;
bañan gizonzk odol pixka bat
baldin badu errayetan
eta txikitan bizitu bada
esan dan modu ayetan,
egunaz zerbait atzendu leike
darabiltzkiyen lanetan;
bañan pentsatzen jartzen danian
bakardadian gaubetan,
zenbateraño supritutzen dan
nik ondo progatu det an:
iñola ezin pentsatu nuben
nere lurrian bestetan,
eta, ara zer gerta zitzaidan
arrats batez ametsetan.
Amets eragiñ ziran
neukan desiuak;
non artu ordurako
arrats artan luak,
beriala zabaldu
zizkiran eguak,
ta lagundurikan
betiko leluak,
ixtan, patez igaro
nituben leguak,
mendi eta zelayak
tontor da zuluak;
legor eta bustiyak
lur ta itsasuak,
laño eta odeyak
erri ta basuak,
batere neke gabe
egiñaz pausuak,
neretzat bide denak
ziran erosuak:
inbiriya ziraten
aideko usuak,
atzian gelditutzen
ziran balazuak,
ta etziran segitzen
tximistaren suak;
eziñ busti. ninduben
euri erasuak,
aitu ziraden traba
eta arazuak;
urruti egon arren
nere gurasuak,
Amerikan zabaldu
orduko besuak,
biyen tartian artu
nituben gaxuak.
Nik.— Ama!... Aita!... amatxo!
Amak.— Nere seme!!... semetxo!!
Nere besuetan... o!
Aitak.— Mutill, emen aiz?
Nola ago?
Amak.— Ai! Eutsi, nere xeme...
muxu bat, onlaxe...
ma, ma, berriz, ere bai,
ma, len bezelaxe...
jango zinduzket dana,
aren nago gose...
auxen da zoramena,
ni eziñ naiz ase...
Nere seme laztana,
ondo zaude noski?
Ni illko ninduke zu
ikustiak gaizki...
Sekulan ez det izan
ai! onenbeste poz,
argatikan begiyak
bete zaizkit malkoz;
bañan biyotzetikan
aiñ eztiro datoz,
farrez baño geyago
gozatu det askoz;
nere seme ederra;
eldu berriz, atoz.
Nik.— Ama! aita....
aparte bizi beraz
onenbeste naita!!
Aitak.— Mutill auxen nai nikan,
oraiñ emen ago
ta ez dek noski berriz
asmorik izango,
gure aldamenetik
joateko geyago;
ez aldiguk orlako
penarik emango!
Amak.— Zer da, nere senarra,
zer da kontu ori?
Geyago orlakorik
begira gero neri
aipatutzen banazu!
Atoz; Pello Mari;
laztan gozo bat, muxu....
orlaxen... amari...
Nere seme ederra,
au poza eman diak;
iya ler eguiñ nikan
nere barrunbiak!
Ama guztiyak gaituk
semien zaliak,
bañan nork izateizkik
onlako aliak?
Nik eguiñgo nizkikek
millaka galdiak,
nekatuba ez baldiñ
baeuka biriak,
bañan nola egongo
aizen logaliak,
ondo gobernatuta
oyera joan biak.
Denak lotan , zioztik
ire senidiak,
—i ezkeroztik sortu-
tako landariak—;
bigar gonbidatuko
dizkiyat aidiak
ta inguru-mari-
ko adiskidiak,
pobre izan arren ez
gaituk eskaliak,
zer jana bazedukak
gure sukaldiak;
bañan nik badizkiyat,
mokaru obiak,
amariyo txokuan
iretzat gordiak,
umotutako sagar
eta udariak,
jarri ezkeroz iñork
ikutu gabiak...
Ia semetxo, muxu
bat eman akiak,
goxatzen aukanian
oyeko pakiak,
ayek janaz kontubak
esango nazkiak...!
Aitak.— Zer goguangarriya
dan gaurko eguna!
auxen da suertia
izandu deguna!;
etortziaz gañera
gure seme ona,
guk etxian ostatuz
daukagun amona!...
AmAk.— Iya ez nintzan artzaz
oroitzen, gizona;
gure mutillak eman
digun poztasuna
dala meriyo neukan
burutikan juna.
Uraxen da xarra ta
polita zegona!;
begiyetan aldizka,
zer alaitasuna!
bañan galdu xamarra
dauka osasuna
edo barrenen zerbait
berak nai eztuna.
Suspiriyo batzubek
ixilik entzuna
nago berari, eta
pentsatzen egona:
— Atxo xar polit onek
zer ote du Jauna,
semien bat agiyan
aldegiñ dubana?
Ainbeste begiramen
neukan beregana,
ikusirik aiñ xarra
garbi ta txukuna;
berrogei arabakiz
konponduba gona,
alde danetara aiñ
modu polit-duna,
diruri aingeruben
kolkoko katuna.
Kontatu digu bere
bizitza astuna
(Guk zer baliyo degu,
ura da iztuna!)
bañan erana dago
negarrez aipatutzen
du etorkizuna.
Nik oro nola deran
txit biyotz biguna,
berialaxen artu
diyot naitasuna,
eta galdeturikan
al beziñ leguna:
— Ama, berori.zein da,
anbat alarguna?
— Erantzun dit esanaz:
— Ni naiz Euskalduna.
Onen ondoren, amak
agindu bezela,
eskuban arturikan
piztu ta kandela
ta esanaz Jainkuak
gaubon ziyotela,
zai nedukan oyera
joan nintzan berela,
amona xar on ura
goguan nubela.
Erantzi ta maindire
tarteko onela
goxatzen, iya luak
artuban neguela
ta begiyak itxiyak
nedukazkiyela,
golpez ikusi nuben
argituba gela,
eta erdi erdiyan
txutik zeguela,
amona xar bat, diz, diz,
egiten zubela,
zeña izketan asi
zitzaidan onela:
— Ama Euskera naiz, Pello Mari,
etzaitezela bildurtu;
kezketan nator beste aldera
ote zeraden biurtu.
Ainbeste semek iges egin dit,
iya naiz negarrez urtu!
ez ote dezu zuk ere naiko
nere malkorik legortu!
Au aditzian odol guztiyak
ur biurtu zitzaizkian
eta saltatu nintzan oyetik
zergatik negon gaizki an,
esanaz: — Ama! bere lurrian
beraz berori eskian?
Beria nau ta agindu bizait
nik zer egiñ nezakian.
— Gauza aundirik etzenezake,
ezagututzen det ori;
urruti izan dan batentzako
franko lan zalla diruri;
bañan eztiyot nik eskatutzen
eziñ dubenik iñori,
eta ara zer agindutzeko
asmoa daukadan zuri.
— Eskutik eldu ta muñ emanaz
bertan belaunikaturik,
erantzun niyon: Ama, agindu;
ez izan nitzaz ardurik.
Beraz berorren lurrian dago
Euskera iya galdurik?
Ni beria nau eta ez det nai
kontzientziko kargurik.
— Diyozun aña maite badezu
zartu dan Ama Euskera,
billa ezazu Euskal-Erria
izendatzen dan papepa;
ura da nere bizi-lekuba,
ez det nai andik atera;
seme leyalak an biltzen zaizkit
joan zaiztez ayen artera.
Ama Euskerak au esan ziran
jarririk. begi alayak
orrengatikan nakar onera
berari lagundu nayak;
gutxi nezake, oso txikiyak
dira nik dauzkadan gayak,
bañan pozkiroz egiñgo ditut
gaubak egun, aste jayak,
leku pixka bat Euskal-errian
eskatzeizutet, anayak.
|
|