Aitona gizagaisoa
(Larogei pezetako sari bat eta bitezarra Mondragoin irabazitako moldaera)
Udaberriko usai gozozko
ilunabartxo betian,
Donostiyatik urruti gabe
uri ontako partian,
baserritikan onontz datorren
bidetxigor politian,
sagar ta gaztaiñ, aritz, elorri,
urritz ta lore tartian;
azpi aldian errekatxua
marmariyaz ostopian,
eguzkiaren azken dizdizak
aruntzko mendi tentian,
kuku ta beste txorien kantak
baso guztiak botian,
kabi batian lau txorikume,
txillar tarteko otian.
Gauz abei denai beriratuaz
emen, gure lur maitian,
«iñon ez dago onelakorik»
esanaz nere artian,
netorren, eta alako batez
jiratxo bat ematian,
aitonatxo bat arkitu nuben
eserleku arlotian,
berekin zeukan penaren kargak.
lurrera iya botian.
Garai ta leku pozgarri artan
gizon ura ikustian,
alaitasunez inguratua
aiñ egoera tristian,
bereganatu nintzayon zerbait
itzegiteko ustian.
Iruditzen zait gaur oraindikan
bera ikusten naguela,
arri tontortxu baten gañian
eserita daguela;
belaun nekatu bien tartean
urritz makill bat dubela,
beraren puntan ipiñirik len
buruan zuben txapela,
bi eskuakin gogor elduaz,
kontu egiñaz onela,
eta kokotza oyen gañean
lotan balego bezela.
Nola jostatzen pill pill zebillen
egoaizetxo epela,
buruko ille txuri bakanak
egara zijoazela
esan zeikian, uste det berak
sentitutzen etzubela.
Antxen nenguan, bere onduan,
zer egiñ ez nekiyela,
laguntzarik nai zuben galdetu
edo aldegin bestela;
itzegiñ zuben, eta kezkatik
atera nintzan berela.
Asnas lodi bat irten zitzayon
petxu estutik jasua,
ta lenbiziko au esan zuben:
— Nere Euskera gaxua!!
— Esan onetan ezaguturik,
aitonak zedukan miña,
erantzun nion: — Jauna! Euskara
ez dago aiñ aldegiña,
oraindik ere lur maite ontan
bada zeñek itzegiña...
— Bañan nere itz motxak etziran
bera lasaitzeko diña,
ta zion: — Ondo ikusitzen det
datorkigun erasua;
ez da biziko; laster, illko da
gure Euskara gaxua
Jauna, ez edi orla tristetu,
ez dago Euskara juna,
Ez du sentitzen inguru ontan
daguen alaitasuna;
ez du ikusten ez dala gaitza,
baizik dena osasuna;
Euskal-erriko txorien kantak
ez dago pozez entzuna?
— Bai, len bezela sayatzen dira
kukua eta soxua;
oyek or daude, bañan galduda
gure Euskara gaxua
Jauna, barkatu bizait, berriro
gogor egiten badiyot;
Euskara orain baño txarrago
egon dala derizkiyot;
ez du ikusten nola izkuntza
ontan ari geran biyok?
Gaur, Donostiyan ez dakiyenik
ez du aitortu nai iñork.
— Bañan erderak betiak dauzka
erriya eta basua;
alperrik zabiltz, galdua dago
gure Euskara gaxua.
Jauna, alaitzen asi gintezke
Euskara maite degunak;
badatoz, ustez iya betiko
galdutzat zeuden egunak;
len aintzakotzat artzen etzuten
damatxo txapela-dunak,
gaur erantzuten dute biotzez:
— «gu gerade euskaldunak»
— «Bañan ainbestek jartzen diote
traba edo arazua...
Nola nai dezu indartutzia
gure Euskara gaxua!
Jauna, badaki, nola lenago
ez genekiyen erderik,
eta guraso leyal on askok
umiak argitu nairik,
aldi batean, non ikusi da
izkuntz au gabeko mairik?
Orrengatikan dago Euskara
lotsaz txokuan gorderik.
— Bukatu bedi oitura orren
epea edo plazua;
izan zazute maitexiago
gure Euskara gaxua.
Jauna, ez beza negarrik egiñ;
osan diotan bezela, .
ikusitzen du lenago baño
askoz obeto gaudela:
luza lezake, zergatik zaill dan
oso indartzen berela...
— Ontan malkuak kolpez kendurik
erantzun ziran onela:
— Nik erderarik ez dakit, eta,
nere illobak... au sua!
ni bezelaxe burlatzen dute
gure Euskara gaxua.
Au mintzatzian arkitu zuben
nonbait aiñ estu barrena,
non altxarikan eserlekutik
alzezaken azkarrena,
esan ziran: —Ai! Denak nai dute,
lege zarrak dakarrena,
eta ez dute ezagututzen,
izkuntza dala, aurrena.
«Miru gaiztoak menderatutzen
«duten bezela uxua,
«etzazutela illtzera utzi
«gure Euskera gaxua.
Eskuarekin agur egiñaz,
arturik makillatxua,
etxe aldera, abiatu zan
aiñ euskaldun doatsua:
geldi-geldika jarraitu nion
neurtuaz bere pausua,
illobetara biurtu zediñ,
aitona gizagaixua
|