Alkar
Pedro Mari Otaño
1904
[liburua osorik RTF formatuan]
[inprimitzeko bertsioa PDFn]
[Literaturaren Zubitegia]
Bertsio elektroniko honen jatorria: Alkar, Pedro Mari Otaño. Buenos Aires, 1904
|
|
|
Donostiya
(Uxua)
Saritua
Nola gizon guztijak
txit aundiyak diran
eta oso txikiyak
denbora berian,
batek asko pentsatu,
eta ondorian,
igartzen diyo nola
gauz'asko lurrian,
ainbeste itsasuan
ala legorrian,
egonagatik anbat
gugandik urrian,
Jaungoikuak daduzkan
betiko gordian.
Argatik dago txutik
betiko galdeera:
— Zergatikan da gauz'au
beste ori zer da?
— Iñoiz erantzuteko,
izaten da era,
gizona iritxi da
zerbait jakitera
Illunpetatik gauza
asko du atera;
bañan jakintsunetan
geyena dan bera
erortzen da maizena
galde egitera:
— Zergatikan da gauz'au
beste ori zer da!
Ixiltzen diranian
gizon jakintsunak,
izketan asten gera
gutxi dakigunak;
ayentzat bide asko
daude txit illunak,
estrapozoz betiak
eta trabadunak;
guretzat berriz denak
liraiñ ta legunak,
gañera geren ustez
oso ezagunak;
ez bestek erakutsi
izan dizkigunak
edo ikasbiretik
datorkizkigunak,
baizikan ametsetan
sortzen zaizkigunak.
Naiz farra egiñ iñoiz
aditzen digunak,
beti izango dira
guretzat lagunak.
Argatik, galdetzian:
Donostiya zer da?
Ikusten da lenago
diyotan bezela,
jakintsu aundi denak
ixilik daudela,
edo geyenaz ere
mintzatzen dutela
lan ori erabaki
eziñ ditekela;
ametsgilliak berriz,
kolpian, berela,
bere erantzuera,
ematen dubela
esanaz; — Donostiya?
Kantauriko perla,
ta beste izen asko,
errezki, orrela,
txit ondo datozenak
jartzen ditubela.
Nork ukatu doaya
berez datorrela!
Naspillaturik beren
pisuz eta neurriz,
mundu guztiya bete
nai dutenak egiz,
bete oi dutena da
kopeta izerdiz,
gauzak ezagutzeko
arreta geyegiz.
Nik agurtutzen ditut
begiramen aundiz,
naiz berak farra egiñ
gure umekeriz;
or konpon ditezela
beren jakinduriz;
neretzat Donostiya,
ara zer dan berriz:—
Uso bat-biralduba
Noe-ren Arkatik,
iñon legorrik bazan
jakitiagatik
pixti leyal gaxua
al zuben lekutik, i
izpi bat txintxilika
zubela mokotik,
aditzera emanaz
argiro gogotik
azaltzen ari zala
lurra ujalpetik,
biurtu zan atzera
urditza artatik,
lokabetuaz denak
zeukaten dudatik.
Putzuban emanikan
len ainbeste jira,
uso ona biraldu
zutenak urdira,
noizbait iritxi ziran
Ararat mendira,
lenbizi egokitu
zan legortegira.
Noe buruzariyak,
irtenik erdira
ta eskerrak emanaz
zerura begira,
itza bireztu zuben
bere familira,
esanaz: «Sem ta Jafet,
egun'etorri da,
ta Jaunak agindubak
egiñ bear dira.
Zeron emazteakiñ
biyak urrutira
joan bear dezute
bizitza berrira;
Kain ta bere andrea
nerekiñ baitira;
ait'amak zarrak gaude
ta izan kupira,
ez lotsikan biraldu
gure aurpegira.
Oraiñ bendiziyua
ar zazute, tira!»
Eta agindu zuben
beste alderdira:
«Pixti denak bijoaz
al duten tokira».
Aiñ leial legor billa
joan zan egaztiya,
ekarririk birpiztu
zituben izpiya,
pixti denak bezela
izan zan utziya;
bañan argitasunez
nola zan jantziya,
aurrera eramanik
bere iritziya,
laster igaro zuben
legordi guztiya.
Oroitutzen zan leku
on bat ikusiya,
eta bera izanik
txit egalariya,
alderdi artara zan
berela abiya,
topatzera goguan
zedukan tokiya.
Iritxi zubenian
berriz Kantauriya,
ementxen autu zuben
beretzat kabiya;
etziñ zan, eta ez da
geroztik jaikiya;
begira non daguan
gaxua jatxiya:
len uxua zan eta
oraiñ Donostiya.
Buruba ageri du
Gaztelu orretan,
korputza Donostiko
etxe ederretan,
ta isatsa Loiola-
ko erriberetan;
eskuiko egua
Ategorriyetan,
eta ezkerrekoa
Antiguan bertan,
edo alde artara
dauden birietan.
Beste pixti batzubek
egope onetan
ikusten dira iñoiz
uda-egunetan,
beren lumak bustiyaz
Kontxako oletan,
pozkidaz dabiltzala
jostatzen uretan...
Sartu gabe kondaira
luziaguetan,
orra nere iritziz
Donostiya zer dan.
|
|
|
|
|