Anaitasuna
(Pakea)
Larogei pezetako sari bat eta bitezarra Oyarzunen irabazitako moldaera
Ikusirikan arrai zatarrak
arrapatutzean aula,
erruki gabe, bizi-bizirik,
sabeleratzen duala;
gisa berean pizti gogorrak
menderaturik argala,
onen karrasiz kupitu gabe
puskatzera daramala;
gizonak oei begiraturik
esaten du bereala,
ikaraturik nola indarrak
daukan agintea ala,
«arrazoyaren argirik eta
zentzu gabeak dirala»;
ta sinisturik, bera askozaz
biotz obekua dala,
jakiñik Jaunak zentzua eta
kupira eman dizkala,
pentsatutzen du alako lanik
egingo ez lukeala
Aitorturtzen det, lotsa aundi bat
barrenen sartzen zaidala,
iduriturik iñoiz gizona,
piztiak beziñ zitala.
Arrazoyaren argi gabeak,
nola diran pizti denak,
ta ezagutu ez litzateken
ematen dituzten penak,
oyek dirade barjakindeko
kargatik libre daudenak,
bañan ez dira orla arkitzen
gizonikan lotuenak,
atzera dauden basati, edo
salbajerik gualduenak,
zergatik diran Jainkoak bere
antzez egiñ zituenak.
Alaxen ere barkatzekuak
dira okerrik geyenak;.
ume traketsak beste gauzarik
ez diran gizon ayenak,
Nola arritu, ez egiteaz,
obra on eta zuzenak,
Jesukristo-ren Lege Santua
iritxi etzayotenak!
— «Aita nerea, barka zaiezu,
ezdakite zer egiñ duten!».
— Begira emen Maisu aundiak
nola digun erakusten,
ezaguerarik gabeak zenbat
gaitz gutxiago dituzten,
sayatu arren beste iñoren
zaiñ eta ezurrak austen.
Nor arrituko da itxua ez
ibilliagatik zuzen?
Bañan gu oitu baldiñ bagera
txikitandikan ikusten;
zuzen-bidea jarraitutzeko
argidotu baginduzten,
argaltasun ta zitalkeriak
zertan ez ditugu uzten?
Ondamutasun ta griña txarrai
zergatik diegu eusten?
Gerra-kontua beste gauzarik
iya ez degu entzuten...
Agintariak, begira gero,
zer lan egiten dezuten!
Kristau jatorrak izanagatik
asko daude gelditurik,
beren bizitza ta izaerak
orretara bearturik,
irakurritzen ezdakitenak
ta ez aditzen oiturik,
gizon argidotarren artean
maiz izaten dan konturik.
Orregatikan ikusten dira
askotan txit beroturik,
ezer balio ezduten gauzak
oso aunditzat arturik,
edo auudiak ezerezera
beren ustez biurturik;
erabaki nai eta iñola
itzikan eziñ neurturik,
beren antzeko aditzallea
bullaka iya gorturik;
ta berak duten trakeskeriaz
azkenean asperturik,
altxatzen dira eserlekutik,
atzaparrak goititurik
ta asten dira elkar zanpatzen
ukabilltzarrak loturik.
Ustez jakite zerbait duena
oyeri begiraturik,
egiten duten baldarkeriaz
gelditzen da arriturik,
esanaz: — nola ezagutzen dan
daudela atzeraturik!
— Bai, egia da, ori geyenak
daukagu ezaguturik;
bañan, au errez eraman leike,
ez balitz okerragorik;
ayengatikan, guhitan oi da
familietan lutorik;
gizon aundien iñozokeriz
gaude onetaraturik.
Nola nai dute ez izatea
berentzako errenkurik!
— «Pax in terra hominibus bonae
voluntatis,» —len esanik;
— «ez degiozu besteri
«zeretzat nai ezdezunik,
«gizon-guztiak anai zerate,
«jakiñ zazute azkenik,
«ez dala iñor Jainkoarentzat
«aztu ta gelditzen danik.»
— Badago kristau egiazkorik,
txit ondo ez dakienik,
oyek Jesus-en itzak dirala
Berak legetzat emanik?
Gañera denok barjakindean.
dauzkagun gauzak izanik,
da jakiñik ontzaz kanpora
ezdala bide zuzenik,
nola liteke arkitutzea
aiñ dollorrik, aiñ zekenik,
arrazoyaren lege santura
erori nai ez duenik?
Begira nago, ta ala ere
eziñ det sinistatu nik,
kristau artean arkitutzea
orrelako txartasunik.
Zertako dira erakusleak,
zertan egiñ ortan lanik,
araudeari ez ematekoz
jakintsuak aitormenik?
Aundi gaiztuak diran tokian,
ez eskatu, txiki onik!
Leundu gabe oraindik dauden
gizon illun ta zakarrak,
bizi diranak atzeratuak
diralako basatarrak,
ikusten dira beren artean
luzaturik atzaparrak,
lagundutzen ez diotelako
izketan mingaiñ baldarrak,
edo trakestu dituelako
arduak edo patharrak.
Bañan orien egiñpideak
izanagatikan txarrak,
bestek gutxitan nozitzen ditu,
baizikan beren bizkarrak.
Aserretzera iritxitzean
gizon aundi ta azkarrak,
utsa litzake ortaratuko
balira berak bakarrak;
ordea oyek jotzen dituzte
gerra-soñuko adarrak,
deituaz gazte sasoi dutenai,
utzirik ume ta zarrak,
ta emakume indar gabeak
kendurik beren senarrak;
kupitu gabe ama gaisoen
zizpuru eta negarrak
ta gizonari deitzen dioten
emazteen deadarrak...
Gisa orretan naspillaturik
pakean zeuden baztarrak,
bukatzen dira dama kutunen
abo politeko farrak,
itzaldurikan begi alaien
dizdizarizko txingarrak.
Aitonak makur, amak auldurik
ta goseak iltzen aurrak,
nola ez daukan zer kendurikan
len tititsu zan bularrak
zergatik kolko oparotsuak
gelditu diran medarrak.
Lengo arto ta gari-soroak
estalitzen ditu larrak,
eta etxean ziran jankayak
kiskali su eta garrak,
arkiturikan lurperatuak
nagusi eta maiztarrak.
Baleike iñor ontaratzea
munduau bizi bearrak?
Begirozute albait kupidaz
O, gizon argidotarrak!
Esaten da, ai! bearrezkoa
dala iñoiz gerratea!
Zeñek naiko du bere amari
iñork miñik ematea?
Ez da orduan arrazoikoa
beraren alde joatea,
balditi oskaitu albaliteke
egiñ dioten kaltea?
Bai, au da seme leyal guztiak
daukagun.borondatea.
Bañan, zertako da ipintzea
lurra odolez betea,
isurtzen dana, geyena bada
gaitzik gabeko maitea?
Ez da obea beste dierri
batek artzea partea,
ta egiazko juez egiñik
kulpaduna bereiztea?
Merezi badu, kendu bizia
edo erantsi katea;
gaizkirik egiñ ezduenari
obea da esatea:
— zurekin ezdet zer ikusirik
ta etxera joan zaitea.
— Ama leyalak, beti naiko du,
seme onak izatea;
txarkeri gabe, albaldinbada,
arrazoi eramatea;
zergatik gerrik onena baño,
beti obe da pakea.
Izutzen gera neguko arrats
ekaiztsu ta illunean;
oñazkarren su errabitsuaz
trumoi t'arrijas unean,
itsasoaren orro-burrunba
iritxitzen zaigunean,
ujola edo sua gallentzen
ikusten ditugunean.
Ikaratuak arkitzen gera
gaitz bat datorkigunean,
sosegu edo lasaitasunik
iñon ezdaukagunean;
beldurrez eta larritasunez,
beti estutasunean,
gure bizia ain da tristea
pakerik ezdegunean!
Ta, ala ere, gañera gerok
gerra piztu azkenean?
Aitor dezagun inundutarrak ez
gaudela zentzu onean,
guda, burruka eta bekaitza,
maiz darabiltzkigunean...
Bañan, oraindik, sartu gintezke
anbat bide zuzenean,
sinistu eta pentsaturikan
Maisuaren esanean;
begiraturik nola negua
igaro ta ondorean,
itsaso ta lur, landare, lore,
denen alaitasunean,
eguzki gaxo, txori joxtallu
aize epel bigunean;
gau izartsuan illargiaren
begirakun txukunean;
errekatxoen mur-mur-soñuan,
nonnai, goian eta bean,
ori guztiya pakea dala
ta askoz gisa obean,
gizona aisa bizi leikela
arrazoiztutzen danean;
len txarrerako ainbeste griña
onerako duanean.
Armak utzi ta aitzurrak artu
eta soroan lanean,
edo bakoitzak zerbait mesede
egiñ lezakeanean;
aita ta ama, senar-emazte
ta aurrak aldamenean,
otorduetan ta arratsean
bildutzen diradenean
senide, aide t'adiskideak
maitaro datozenean,
pake santuak elkarganako;
dakarren naitasunean,
munduan izan gintezkeala
gu zoriontasunean,
lagun urkoa bear bezela
maitatzen dakigunean...
Otoitz egiñaz bukatutzen det
Jainkoaren izenean,
dollortasun ta gaitzak kendurik
pakezko osasunean,
Berak ipiñi gaitzala, arren,
denok anaitasunean.
LABURGOA
— Gerrik onena zer da azkenik?
— Da, doakabetasuna;
biotz gogorren zitalkeria,
pozoyezko erantzuna;
arlotegitza ta oñazea,
gosea t'eritasuna;
eriotza eta infernua...
— Ta, pakea?
— Osasuna.
|