 |
BIOTZ ERDIKETA
Gau-ama lore-egoak
biltzen ari da.
Bidean zear maite bi,
besoak korapilloan,
astiro doaz pausoan.
Oiñatzak bide ixilla
esnatzen dute otsera.
Tra!... tra!... tra!... Illuna
deika biotzera.
Maite bi doaz bidean,
oiñak alkarren parean,
izketa ixil, begiak gandu,
odola irakiñean.
Odei-muilloak gaiñetik sapai,
izarrik ez du Illargiak zai.
Lau oin, bi ta bi,
nexka-mutillen
arraun, lur joaz,
geldi-geldiro dijoaz.
Amesik ez da bidean...
Urruti baten mojen kanpaia
asperenka da illunpean.
Orduak orraztuaz,
aurrera dijoa gaba;
bide alboak sasitzen.
Maite biak, asmotan bat,
tanto bi dira urrutira;
ipurtargiak bide ertzetik
ikutu die begira.
Besorik-beso, eskurik-esku,
maite biak geldi dira.
Bustiñez labain dago
alboko zingira;
labaiñago da mutilla
neskatxaren belarrira.
Geroxeago, aldapan geldi,
ostropea illunago...
Arnas estu bi aidean!
Ingurua miñez dago.
Biotz biren erditzeak,
zotin da urruma dario;
griña itxua etxeko dabil;
adimena, andik auzo.
Gero... Aldapan bera kezkati,
maite biak mutu datoz.
Neskatxa, txima-luze, soiñeko-
zimur, itxu dator malkoz.
|
 |