 |
GIZON-ERRI
Nundik sortu aiz? Zer dakark?
Erri baten arnasa
igan elurtu dek.
Urte joanen amesa,
guraso zarren mataza,
erio-aizez eten-zorian
genekusan negargarri.
Jaiki intzan arrigarri,
begietan sorgin-argi,
gogoan ezkutu ixil,
biotzean, erri osoa
ekarren irekin.
Ez uan bizi kezkarik,
ez intzalako gizon uts.
Gizon bakoitzak, bizi laburra;
laster dek lur-azpian auts.
Baiña i, gure erria intzan
aragi egiña.
Argatik ire lurriña,
ez uan irekin galdu.
Aurrean aut gure mendien
orratz goietan. Lañoak,
ire usai ditek; egoak,
ire izena zekarrek.
Iparragirre! Zein Maitagarrik
soindu iñukan?
Nungo aideak doiñu biurtu au?
Zelai ta malkor,
ire soiñuz pozkor;
ta gabaren etxe illuna,
eresiz astundu dek.
Gernika! Aritza lege!
Ostro bakoitza, Euskalerriko
oitura burutua;
gure izate-muiñean
sakon errotua.
Sustraiak euskal-lurrean
odoltzeraiño sartuak dituk;
besoak zabal aidean,
besarkada eskeinka
mundu osoari. Munka,
ire oiñetan auspez nauk.
Ago! Ez adi zapuztu
ur zikin nastuan.
Munduan,
izan adi aizena:
sendotasuna erroan,
zuzentasuna gerrian,
zintzotasuna buruan.
Agur, Iparragirre!
Orain oake pakean!
Lurrak ez dik iretzat
arrik.
Geroaren magalean,
iraupena dek oetzat.
Euskalerrian
bizirik
zebillek ire irudia.
I, ez aiz gizon, ez.
I aiz, gure erria!
|
 |