GAZTE AIZEAK IV
EMAZTE EIZEAN
ASIERA: Aurrenengoan bezela... (Eresia: «Xarmangarria zera, eder eta gazte».)
INA: Zer din, ba, neska orrek bestek eztegunik?
ATXUN: Orrek? Ezer ez. Arroa galanta ori! (Eresia gora ta azpipe...)
KONTATZAILLEA: Onela ari ziran bi neskatil gazte, maixiaketa bizian... Ain zuzen ere, orduantxe zetorren kalean barrena, Aingeru Galtzairuneko seme gaztea. (Eresia gora ta bera...)
INA: Ikusten al-den, zein datorren, Axun?
AXUN: Zein, gero?... Aaa!... Aingeru ikusi al-den?... Beste mutil bat, guretzako alperrik sortua, Ina.
INA: Begiz jo al-den?
AXUN: Zertarako? Euskaldun mutillak, txurrutean bakarrik diñate beren gogoa.
INA: Ez denak, beiñepein. Ba-ditun, bidetan zear, oso txoratuak dabiltzan batzuek ere.
AXUN: Oso bakanak, Ina. Geienak, parean pasata, kaikukeriren bat esateko bestetarako eztitun.
INA: Aingeru, zuzen zetorren, ba, guregana, Axun. (Eresia gora ta bera...)
AINGERU: Kaixo, gazte pare! Asmatu baietz, zertan ari ziñaten...
AXUN: Kaixo, Aingeru! Asmatzaille sartu al-zera?
AINGERU: Asmatzeko gauzak errezak diranean, bai.
AXUN: Ia, ba, gaurko gure jarduna asmatzen dezun.
AINGERU: Zuena? Entzun ba-nu bezelaxe.
AXUN: Au den au argi-iturri, Ina!
INA: Mutil denak berdin, Axun.
AINGERU: Zuek nai dezuena esango dezue; baiña eun bosti, zuen izketa zertaz zan asmatu baietz.
INA: Orrenbeste erronka jo gabe, esan ezakean, Aingeru.
AINGERU: Orratx, ba, Ina. Zuen jarduna, nexka bat maixiatzea edo mutillen bat aotan artzea izan dala, egingo niken itxu-itxu lepoa.
INA: Erretzen, erretzen...
AINGERU: Bete-betean asmatu dizuet, ezta ala?
AXUN: Mutil auek beti artabero. Beren burua nesken aurrean jakintsu egiten.
AINGERU: Eta neskok, mutillen aurrean mokoa arro-arro jasotzen. Kontu ikutu erreginkume auei!
AXUN: Zaude ixillik, Aingeru! Zurruterako bestetako ez dezue zuek begirik-eta.
AINGERU: Izan ere, goxoak jartzen zerate, itz-erdi bat iñork esaten badizue-ta.
AINGERU: Nolakoak esaten dizkiguten, Aingeru... Kaikukeriak aditzeko ez gaude.
AINGERU: Eta gero; markesa aide bat artzen dezue, etxetik irten orduko...
AXUN: Zuek ere, mutillok, nesken aurrean, alako aizeak jotzen dituzue...
AINGERU: Beno! Kontuak kontu, zer zan zuen izketa?
INA: Ara emen galdera-modua! Iri esango diagu!... Gure kontuak guretzat.
AINGERU: Orren ixillekoak al-dituzue? Berriz ere, mutillak iges egingo dizue...
INA: Mutillak? Ez edozeiñi... Ba-dituzue zuek ere, neska batzuek alako gozabera dituzuenak.
AINGERU: Ara bertan! Zein, zein da neska ori?... Baten batek itzala egiten al-dizue?
INA: Itzala? Ez gabiltz eguzki-gose... Ori mutillak esan bear dezue.
AINGERU: Zer, gero?
INA: Zera!... Zuen arro-aizeak noizean bein, eta zenbait nesken aurrean, ederki galtzen dituzuela, Aingeru.
AXUN: Egia dion, Ina... Mutil auek ere, makurtzen ba-zekiñate.
AINGERU: Garbiago itzegiten ezpadezue, Axun, len aiñean geldituko naiz. (Eresia gora ta azpipe...)
KONTATZAILLEA: Artan jarraitu zioten neska-mutillok puska batean, bakoitzak bere alderdia zaituaz, eta besterenetik gordeaz. (Eresia gora ta bera...)
Ta saltsa ontan sartu geran ezkero, bi neska aien aotan zebillen neskatxa nor ote-dan ere, argitu bearko dizut... Baiña aurrez, mutil-talde baten erdian sar gaitezen, auen esanak ere jasotzeko: (Eresia gora ta bera...)
PELIX: Kaixo, Aingeru! Pil-pillean al-abil?
AINGERU: Nungo pil-pillean, Pelix?
PELIX: Neska-eztitan, Aingeru. Begirik ez degula uste al-dek?
AINGERU: Geiago esaten ezpadek, barau natxegok, eta sartu gaitezen bar ortara.
PELIX: Neskak pareka dituanak, eztik zurruta bearrik.
AINGERU: Erorrek esaten dituk denak, Pelix.
PELIX: Nik... eta Joxe'k eta Martiñ'ek eta emen gauden guziok.
AINGERU: Ta zer dek, ba, guziok esaten dezuen ori?
PELIX: Lengoan luzaro egon intzala Ina ta Axun'ekin.
AINGERU: Ori al-uan guzia?
PELIX: Uka zak, al ba-dek, Aingeru.
AINGERU: Zer uka bear diat, Pelix?
PELIX: Neska biak nolako arpegi gozoa jartzen zikaten!
AINGERU: Entzun ba-zenie...
PELIX: Zer zioten, ba?
AINGERU: Mutillok, arro-aize aundiak erabiltzen ditugula, baiña zenbait neskatxen aurrean, ondo makurtzen gerala.
PELIX: Zein nexken aurrean?
AINGERU: Untzaiñ'eneko Yolanda'ren aurrean da...
KONTATZAILLEA: Mutil guziak txistu luzea jo zuten Yolanda'ren izena entzun zutenean. Aingeru'k galdetzen die:
AINGERU: Zer dezue?... Orren txistu luzea merezi al-dik neska orrek?
MARTIN: Ederra aitatu dek, ba, Aingeru. Nexka orri, ako azeriaren mats-aleena gertatzen zaiok.
AINGERU: Erorrek esango dek, zer dan mats-aleei gertatzen zitzaiena, Martin.
MARTIN: Goregi zeudela eskuz eltzeko... Mokau ona dek ori. Aingeru.
AINGERU: Ba, nik ez diat ixkillara bearrik izango dagoen lekura igotzeko.
MARTIN: Ezetz?... Ago, ago! Yolanda dek, gero, neskatxa orren izena, ta ba-zekik oso gora igoa dagoela.
AINGERU: Jetxi-arazi egingo diagu, ta kito.
MARTIN: Samurra zegok neskatxa!
AINGERU: Poliki-poliki egosi egingo diagu. Ia orrela biguntzen dan.
MARTIN: Eun amarri, ezetz ireganatu uso ori.
AINGERU: Ba-ziak, Martin!
MARTIN: Entzun al-dezue, lagunok?
AINGERU: Denen aurrean esan diat. Beraz, egiña zegok trabesa.
MARTIN: Galdutzat jo zak ire dirua... Motellak! Onek txurruta bat merezi dik. Oraingoa nik ordaintzen diat. Aingeru'k gerotxoago ordainduko zidak guzia, trabesa galtzen duanean. (Eresia gora ta azpipe...).
KONTATZAILLEA: Onela esanaz, aurrean zeukaten ardangelara sartu zan mutil taldea. (Eresia: «Matsaren orpotik dator mama gozoa».)
Urrengo igandean, Meza Nagusi ondoren, gazte-jendea an zebillen betiko ibil-lekuan, atzera ta aurrera; nexkak, beren lepo tenteak mutillen aurrean erakusten; eta mutillak, nexken sorginkerietara beren begiak zorrozten. Yolanda'k an zuen bere erregin-tokia. Mutil guziak bere edertasunez txoratuak zeuzkala, konturatzen bai-zan; eta aien itz eta loxinkaz, aspertuta, etzuen iñorentzat erantzun gozorik. (Ibiltarien itz-zarata ta iskanbilla entzun bedi...)
Aingeru'k bere aldetik, jo zuen beste iñork artu etzuen bidetik. Nexka ari, etzitzaion, aren ustez, bigunkeriz ez loxinkaz eraso bear. Aren biotzeko atea zabal-erazteko, oso besteraka jokatu bearko zan. Ta ala, gora ta bera zebiltzala, neskatxa bere parean jarri zitzaioneko batean, bota zion botatzekoa: (Berriro ibiltarien otsa ta zaratak...)
AINGERU: Agur, itxusi!
YOLANDA: Orra gure eder-ispillu! (Eresi bizia ta zarata aundia...)
KONTATZAILLEA: Artan gelditu zan guzia. Baiña ura izan zan asiera ere... Andik aurrera mutillak zituen aukerak, ederki artzen zituen, gaztelu ura bere gogora ekartzeko: (Ibil-lekuko zarata...)
AINGERU: Aizu, Yolanda. Etzaite nere aurrean jarri. Ikusten zaitudan bakoitzean, erleren batek eldu didala, iruditzen zait.
YOLANDA: Nundik ibilliko ote gera, ba, markeskume onek aizea ar dezan. (Eresia gora ta bera...)
KONTATZAILLEA: Itzak zorrotzak zituzten elkarrenganako; baiña begiak gezurtatzen zuten, aoak ziotena... Ala joan zitzaien egosten, izkutuan zeukaten elkar-miña. Mutil lagunak, beti zirika zituen Aingeru'k: (Lagun arteko marmarra...)
PELIX: Zertan dek ire izarra?
MARTIN: Goitxo eskuz arrapatzeko, ezta ala?
JOXE: Eztaiak mindu egin al-zaizkik, Aingeru? (Eresia gora ta bera...)
KONTATZAILLEA: Ba-zan gazte artean esamesa ta jakiteko azkurea. Yolanda'k beste ainbeste zuen nexken aldetik: (Nexka lagunen abotsak eta istillua...)
INA: Aingeru'k eztin begirik kentzen, Yolanda.
AXUN: Aize otza al-dago Galtzairu'neko etxe aldetik?
INA: Ai, ene ba!... Usoa saretan nastu dala, uste diñat. (Nexka-zarata berriro...)
KONTATZAILLEA: Aingeru'k bere bidea zuzen zeraman. Itzetan gogorkeria ta begietan eztia jartzen jarraitu zuen: (Eresia gora ta azpipe...)
AINGERU: Yolanda: aundia izango litzake, gero, gu biok elkarrekin lotzea... Burugabekeri aundiagorik asmatu al-diteke?
YOLANDA: Ara bestea! Ezta eskutik elduta, aldare aurrera eraman ba-nindu ere!
AINGERU: Astakeri galanta egingo nuke, orreatik, ortaraiño iritxiko ba-nintza...
YOLANDA: Au mutil itzontzia!... Emakumerik berritxuena ere, aspertuko luke. (Eresia gora ta bera...)
KONTATZAILLEA: Esanak onela zijoazen; baiña biotzak, samurtzen zetozen... Egunak joan, egunak etorri, Aingeru'k aldatu zuen bere jokabidea, ta zuzen-zuzen eraso zion Yolanda'ren askenengo ateari: (Eresia gora ta bera...)
AINGERU: Yolanda: ziaro zoratu bearrean naun.
YOLANDA: Zer dek, mutil?
AINGERU: Nere kazko onetan, irekin ezkondu bear dedala sartu etzaidan, ba!
YOLANDA: Ederki eman ere!
AINGERU: Eroa bear din, gero, mutil batek irekin elkartzeko!
YOLANDA: Oakit emendik, artabero! (Eresia gora ta bera...)
KONTATZAILLEA: «Oakit» arek, «atorkit» aidea zuen; eta Aingeru, geroago ta ausartago zebillen neskatxaren gaztelua menderatzen: (Eresia gora ta bera...)
AINGERU: Yolanda: noiztik ago nerekin txoratuta?
YOLANDA: Amonarik ez al-dek, Aingeru?
AINGERU: Aundia egingo niken, ba, ik nai denala ta beste gabe, eztaietara ire besotik joango ba-nintza!
YOLANDA: Erorrek esaten dituk denak... Irekin joango litzaken neskatxak ere, benetan burua galdu bearko likek aurrez. (Eresia gora ta bera...)
KONTATZAILLEA: Udaberria lurraren jabe zan. Baso aldea, txori jai betebetea. Odolak irakin berriak zituen zaiñetan; aidea sorgintzen ari zan. Eta onela eldu zitzaien gure gazte biei, beren zoro-aldiaren ordua: (Eresia: «Itxasoa laño dago»).
AINGERU: Yolanda, zoratu al-aiz zearo?
YOLANDA: Ta i, Aingeru, zertan aiz ire ames eroetan?
AINGERU: Santa Ageda'ko bidean, Yolanda.
YOLANDA: Orduan... neretzat ere lekua eskatuko al-dek?
AINGERU: Yolanda... bizitza guzian gorrotatuko aut!
YOLANDA: Eta gorroto ortan urtuko dek gure bizia.
AINGERU: A, ze kazkarrekoa merezi denan, maite!
YOLANDA: Ik eman al aiñakoa, nere!!! (Eresia: «Zarmangarria zera, eder eta gazte»...)
BUKAERA: Betikoa...
|