|
EZ SARI TA EZ ESKUPEKO
Gazte-samarrak geralarik ere (?) —ta, gazte-antzo, sutsu ameskorrak— ari gatzaizu, bai enetxoa, munduko berri ikasten. Adibidez, auxe badakigu; izana, ustearen aldean, ustel oi-dala. Izanaren arloteria, ordea, askoz dezu areago euskel ametsen ondoren. Alegia; gere euskotasuna, gere euskeltzaletasuna, ta al-dakit nik zenbait «ziri» geiago ezpain artoberootan maiz darabiltzigu; baña, begira ez dezaion iñork gure eginmenari dei egin. Errezago da, bai, euskerari, «tesoro secular», ta beste zenbait txaldankeri esatea: errezago noski, gu geok euskeraz aritzea, geren aurrei ala erakustea ta euskeraren bizirako zakela atximurtzea baño...
Bazan gizon bat, guk maitetzat genduna; euskozale eztiran zeribaitek ere agertu baitzioten onginaia. Gizon orrek, euskeraren alde, urte luzeetan, neke askorik eraman-ondoren, aldegin dizu yaioterrira, ango pakean zartzaroko ateak urratzeko ustez.
Munduaren izen onerako beti bear baitiruzu gizagaixo batzuek, alako bat edo besteri buruak eman die gizon ari gorazarre —omenaje— eder bat egin bear liotekela euskeItzale orok. Gizonak ordea, apala baitzan, gorazarrea euskerari zor zaiola dio.
Yardun batzuen ondoren, ikus zertaratu geran: betirako gorazarre bat, naiz urria, euskerari eskeintzea, gizon zintzo aren izena oroigarritzat, emanik. Zeaztuz-zeaztuz, Zumarragako euskel-egunera gatoz, ta bertan euskel-idazleak zearo taiutu dizute asmoa: arpide bat zabaldu bedi, amar-milla pesetatxo baderik biltzearren. Diru mordoxka ori yar zak «Euskaltzaindi» naiz «Eusko-Ikaskuntza» zaipean, ta aren adarraz, aren ekarri edo korrituaz, sariztu zak, urtero, nonnai argitaldutako euskel-idazlanik onena.
Ontara osotu zan «Kirikiño»-sariarekiko asmoa. Eguzki ederra ta yai ederragoa baitziran egun artan —yolasa ta oporrerako bakarrik ote zaigu berotzen odola?..—- orok uste izan gendun Euskelarriari amar-milla laurleko kentzea, itxasertzari eskua bete ondar ainbat zala. Iñork uste zun «uxkeri» ori biltzeko Bilbaotik irten bearrik etzegola, «ainbeste adiskide on baitzituan an Bustintza yaunak». Bertan sortutako batzordeak ere etzun uste besterik.
—Baña, usteak uste, arpidea asi da, yoan ere egin dira lendabiziko illabeteak, eta orra gu ikara-samartzeari eman, asmoren azken negargarrien bat sumaturik, ain baitzioan mottela ta illa.
Bat-batean, iñork ustegabekoa dator. Gertari samiña —artakotzat etsi genizun itzez, beintzat— gertari beltza, guk: zuzendu eziñekoa, baña orretxegatik euskeltzaleen biotza irabiatzeko añakoa ere, ta, beraz, gure asmoaren zorimotza sendatu zezakean, gertaria. «Kirikiño» il da...
Euskerari erderazko itz-putzak esateaz gain, besterik oiuztatzez ere bagaituzu euskaldunak zintzurrok larruturik, eta inguruko arrotz guziek asperrarazita. Alegia, aspaldidanik, larru meezko yatorri-agiria erakusten baño arrokiago, or goazkizu esaten itzez laburtxoak gerala, baña... egitez, ordea?... egitez lukaika baño luzeagoak!... Au ere ezta ziri makala.
Il zan «Kirikiño». Eneee!... Ura otsa, ango iskanbilla, gure negar-zotiñak, oroen bularra lertubearra!..., zer zan ura?... Guziok agurka, guziok goreska, guziok illetari; alako gizonik gutxi zala, ari euskerak onenbeste zor ziola, arexen oroitzapena beintzat etzala iñoiz gure gogoetan itzaliko!...
Arako gizagaxoak —munduaren izen ona zaitzeko Yainkoak yarriak, alegia— alkarri esan zioten: «Oraingoan, orraatik! Oraingoan bai, etorri bear dik urreak erruz, urregorrizko baitira, biotzarekiko, oien malko samiñok... Amar milla laurleko, alajaña!... Bai geixeago ere, eman baietz, alkarren leian, beartsuak eta aberatsak!»
Badakusazu, irakurle: alper-samarreko lana dirudit «Kirikiño»-sariarekiko gorabera azaltzea.
Emen, Euskalerrian, edozein gai irabazigarrik atera zak «empréstito» bat: eskatuala, ta akats, bete baietz ordu batean. Emen, Euskelerrian oa noiz-nai ardandegiz ardandegi: beti arkituko dituk beterik. Oa ostikoketa-zelaietara: an ere yendea zakarra bezela; bi, lau, seina laurleko aizatu bear izan badituzte ere. Emen, Euskelarrian —asmo begiragarri ta doneetarako, egia, baña, txarrak al-dira gureak?— arpideak badituzu eunka milla pesetakoak. Emen, Euskelerrian, amaika dirudun ezagun izan ditugu iñoiz, euskozaletasun-garrak kixkalita, esku beteka zillarra botatzen, auteskundeetan garaile izateko... (Nor-gere maitetasuna beti: eztakigu euskaldunok maitetasun ederragoen berri!...) Bada, Euskalerri ortantxe bertan, gabetasunik arloteenean bizi (?) dituzu, euskera, euskal-oiturak, euskotasuna zaitzeko yarri diran bazkun guziak. Euskerari ez iltzen laguntzeko ezin ditezke amar milla peseta zikin batu. Ezta ere beiñik-betirako eman bear-dezula yakinda: urtero-urtero, zuk ezer berriro eman gabe, saria berriztuko dala: sari orrek gertu aurrena, ta bazkatu gero egin bear duala iñoizko gure egunkaria...
Ontara geralarik, zuzenkidez ari-ezkero, aitortu bear degu gauzatxo bat: aberatsak eta txiroak eztutela, alegia, berdin eman. Geiago eman dute, yakiña... txiroak. Gaurdaño bildu-mordotxoan, geiena beartsuen alez egiña da. Zenbaitek, bizibideari gaur ordu bete biar laurdentxoa osturik, euskerari buru-eskuak eskeintzez gañera, ta utsean eskeintzez gañera, berenetik ipintzen baitue papera ere ta selloa, badizute kemenik edozein arpidetara bi pesetatxo, bost pesetatxo, botatzeko. Ostera ordea: aberatsen ukaldi gaitzak, eztira gaurdaño «Kirikiño»-sarirako agiri. Aundiki oiek, ez al dute asmo ederraren mamia atxiki?... Ala, etxez-etxe eskean astea bear dute?...
Gogoan det gaur ere, Zumarragako euskel-egunerako arpidean Belaustegigoitia yaun baten bosteunekoa agertzea. Ura poza gurea! Bizkortu ginduzun emaitza ark!... Eta abagunea egokitu zaidan-ezkero, geixeago esan dezadan, geren buruok edertuz. Alako lanbideak beti ere, lendik aski lanpeturik daudenen bizkar ezpaletoz, artu bear zun zaldun ezkuzabal ark papel-mutur bat bederik, eta bertan «eskarrik-asko» bat, aren diruaz sariztutako ogei mutiko-nexkaak izenbetua, ziriborro ta guzti.
Gutxi, (naiz berak onak) kendu-ezkero bada, gure aberatsak arlote gorriak dituzu, irabazirik, atsegiñik ala puztubiderik eztakartzen eginbearretan. Orain gutxi, adibidez, Bilboko arpidean lerrotxo bat agertu da, eusko-langilleak «Kirikiño»-sarirako emandako berreun laurlekoez. Eusko otseñak zirala esan dute gero. Berdintsu da, langille deritzanak baño beartsuago oi-baitira, askotan, otseñak. Diranak dirala, ezta zenbaitentzat ikasbide txarra. Baña, ain baigera bizkar bigunak! Eta bizkarrak uzkurtzen ain yaioak geranontzat, alperrikako baitira ikasbiderik larrienak!...
Oraintxe bada zirt edo zart egin bearra dago, sariaren orrekin. Gu, ludiko ukabilketa-txapela etxera-usterik ain arro gabiltzanok, euskerari «il-ala-bizi»-ko azken burrukarako amar milla pesetakio «zakela», «poltsa», eskeintzeko ez gera gauza... Bekokia ere gorritzen zaigu, ontaz erbestetarrak zer esango luteken gogoeta-egiñik. Ta ezpaita egoki urtearen atzenerarte parregarri aritzea, eman nai duanak eman beza bereala, ta nai eztuanari beondeiola.
Nere iritzirik entzun nai izan ezkero «Euskaltzaleak» eta Bilboko batzordeak, auxe legiteke:
Lendabizi: Garagarrillaren azkenean arpidea itxi, ta bertatik iragarri ala egingo dala.
Bigarren: (guziok bateratuko al-gera erruki egintza ontarako!) amar milla laurleko biltzen ezpadira, yo genezake gure aberatsak, naiz ala ematen ez azaletik, urritasunik gorrienean daudela; ortara-ezkero, bildu dana, aien artean bana dezagun; bakoitzak asko-askorik yasoko ezpa-du ere, beti da laguntza...
«Kirikiño» gaixoa!... Zenbatu ezin-ala zenituan adiskideak. Nork uka lezake, aien illeta-eresia oiartzunga baitago oraindik?... Lurralde berritik —Yainko-argizko lurraldea!— ezer ezpaitira or beko bizitza-gau onek aunditu oi-dituan atsekabeak, ez bide-da zureganaño eltzen gure diru-otsa... Ez erreza izan ere, ezpaitago otsik!... Ez beza ordea iñork artatik atera gure adiskide aundiaz aztu geranik; baizik, ainbestetaraño dala guri-gozoa gere maitetasuna, beldur baigenduke maitearen pakea urre-tintin zakarrez autsia!...
* * *
Egi kaxkar auek esan nai nituan iñon, erderaz, baña.
1929-gko. Orrila 5-g.
|
|