|
AITAREN ERREAL BIKOAK
Noiz atertuko nengoan, azken-argipen batzuk, laburki, Urlia yaunari emateko.
Bergarako «Saski-Naski»-aldiaz. Nik, an ta egun artaz egokiago izan-izango zala itzaurreak euskeraz egitea. Urlia yaunak, an ta egun artaz ere, erderaz egiña ongi zegoala. Argi dago elkarrekin bat ez geundela, Baña neri, erderazko itzulpenean, itz bat izparringiak yan zidan. «Bien está para quien NO ahonde un poco en el asunto», idatzi nun nik. «NO» ori etzan agertu, ta artatik atera zun Urlia yaunak ni bere iritzi berbereko nintzala, ta orretara-ezkero eztagoala zertan eztabaidarik sortu. Euskerazko itzulgaiari begiratzea aski zukean argi ikusteko. Baña, dana dala, ni arekin ala ura nerekin, orain batera etorriak omen gera, berak dionez. Beyondeiola, biotzez.
Euskal-egunaren eraltzalleak bai omen dute ortan errurik, «Saski-Naski»-koei itzaurreak euskeraltzeko esan etzietelako. Ontaz, nik dakidan pixka yalki dezadan. Bergara-ra «Saski-Naski» «Eusko-Ikaskuntza»-k deitu zulakoan nago. Baña, alaz guztiaz ere, zati orren eraltzalle «Euskaltzaleak» ez izan arren, norbait beronen buruetarik izketatu zan «Saski-Naski»koekin, garaiez, euskeraz itzuli ta esan zezaten. Etzan ala egin, ta ortik aurrera eztakit ezer.
Gagozkion lanari, gauzak ar ditzagun diran bezela, ez dazaiegun egiñei gibel-eman. Au da Urlia yaunaren beste aolku bat. Sangüesa-n ta Salinas de Añanan ez omen-diteke Udal-etxean euskeraz egin. Arira, arira, gizon... Guk Bergara-n egitea, ta euskal-egun batez egitea eskatu degu. Guk «Eusko-Ikaskuntza» batean erabiltzea nai genduke. Beude, bada, lasa Salinas de Añanako ta Sangüesako ziñegotzi yaunak.
Gorrikeririk gabe, bear-neurrian, elkartu-bearrak omen dira gure bazkunetan euskera ta erdera. Guk dioguna berbera. Nun da gure gorrikeria? «Saski-Naski» seitik batean euskeraz egiteko... «Eusko-lkaskuntza»n ordulaurdentxo batez... Gañontzean erderaz...
Gure auzia ta katalandarrena ez omen dira berdin. Egi aundia orixe, zaar-samarra izatea. Bi alde agertzen dira arazo oien artean. Bata: euskeraren bidezkoagoa, beronek añako nortasunik beste izkuntzarik batek ere eztulako. Bestea: gure lanaren gaitzagoa, asabaen zabarkeria ta izkeraren bereiztasuna bere etsai ditugula. Bi alde oiek ondoren bakarra bear luteke ekarri: guk suagoki, aiek baño tinkoago ari izan bearra; ta ez epelagoki, gertatzen danez.
Baña, tira: ni enaiz gai ontan sartu. Urlia yaunak betegarri utsez edo, agian, adiskide «Aitzol»i beste goxoki bat ematearren aitatu bide-du, ta utz dezagun orrenbestez.
Egi biribil-samarrak bota bear zitula agindu zigun Urlia yaunak, eta onaa emen batzuk: odol-berotxo, bazternastalle, eztabaikari alperrikako, arroxko ta artobero-uxai omen-naiz. Oietaz gañera, buru-arlotea: andre Yakintza, andre Kultura, askorik maite ez dutenetakoa, alegia.
Apaltasun gezurrezkoz gere buru au yantziaz, oiek egitzaz aitor ditzagun... Eztabai-gaiarekiko ain axola gutxiko ezpa-lira!
Ene odolkera egiten du ixtillu onen errudun bakar. Baña, yardun auen azpian besterik dago, Urlia yaun adiskide. Zerori ere oarturik al-zaude onezkero.
Giza-asmo aundi guzietan gertatzen da. Gizaldi gazteak zaarrari zirika, zaarrari bultza. Zaarra bere egonean goxo, ta aurrerago ez nai. Gazteak: «Eup! Garaia da». Zaarrak: «Ago ixilik, lotsagabea!» Barkatu, ontan ere artobero-usaia badarigu, geren buruok gaztetzat yotzez. Nik eztakit guri zer gertatuko zaigun. Gu ere, Yainkoak nai beza!, zaartuko al gera ta sutondo-zaletuko, ta usteizango al degu iñor eztitekela gu baño areago. Ta Yainko onari dakiola ordurako beste gazte-sail bat agertu-izatea, guri zirika, guri bultzaka, gu baño aurrerago-naiekoa. Txakurrarenak esango dizkiotegu, bear bada. Aitatuko dizkiotegu «odolkera», aundi-ustea, naastu-bearra, burgoikeria ta buruarlotetza. Baña, gure esanak gora-beera, gazteok biyoaz aurrera, gurekin naiz gure gañetik; biyoaz, ordun min emango badigu ere.
Eztabai alperra sortu omen det. Txarki egin omen det orrela gogoak naastea, astia orrela galtzea ta galdu-eraztea. Irri det ezpañetan. Orain irutsu urte orrelakoxeak entzun bear izan genitun. Bai besterik geiago ere: obe gendukela, alegia, gutxiago karraxi ta geixeago lan. Ta badakizute zer gertatu zan?... Eztabaikariok geren asmoetaz elkar-kutsatuz, ixtillu artatik gaurko «Euskaltzaleak» sortzea, aurreragoko «Eusko-Elazkona» zalakoa eraberritu ta zabalagotuz.
Gertatzen oi-da maiz-samar, aita-semeen artean, semeak aitari erreal bikoa eskatu, bai, ta aitak ezezkoa ematea, ta gañera bereak eta bost esatea. Yakiña: orrek eztu esan nai semea izpidean etzegoanik. Gerta diteke gizagaxoak erreal biak arnasa artzea baño bearrago izatea; aitak zuzenbidez aietxek zor izatea. Ez emate orrek zer esan nai du, bada?... Soil-soilki: aittak eztitula errealok eman nai.
Ortatik antz-emango diozute, eztabai onek ere amari zimel bat edo beste ekar lezakela. «Saski..Naski»ren itzaurreak euskeraz yartzea... «Eusko-lkasikuntza»ko batzarretan euskerari goratzarre egitea... Bi apur oiek iritxi-ezkero nik ez nuke uste-izango alperretan yardun dedanik. Nere zirriborroak ontzat emango nituke.
Baña, txarrenera yo dezagun, bada-ezpada. Egin zagun atala ezer irixten. Zer esan bearko degu?... Ez nula arrazoirik?... Orrelako eztabaidarik eztala noizik-bein yarri bear gure artean?... Ala... aitak erreal-bikoa eman nai ez didala?
Andre Yakintzari diodan gorrotoa ere oso poliki igarri dit Urlia zoliak. Iztegiaz egin nuan arako amets artatik. Baña, onginairik aundixeagoz, besterik eman zezaioken buruak. Gogora zezakean amets aren iturri ez ote-zan, agian, yakintsuei diotedan eraspena. Dalako iztegi ori ez ote-degun arloteok txerri goseak ezkurra baño ametsago; ari berandu-etsirik ez ote gauden. Berantetsitze ori baditeke ez bidezko; baña gure beldurra ori da: ondoegi errebearrez, opil goxo ori ez ote diguten emango sekula.
Bestalde, gure ustez, yakintza-lanez gañera «Euskaltzaindi»k axola aundiz artu-bearra du euskeraren zaitza. Yakintza lana ta euskerari eutsi-bearra neurriz elkartu ditzakete bazkun euskozaleak. Ta gai ontaz, «Euskaltzaindi»ko azken-batzarrean euskel-ikastoletzazko asmo eder batzuk erabillia pozik ikusi degu.
Baña, Urlia yaunak, leun-leunki, au ere esaten digu: buru-arloteok ez gaiteala sar yakintsuen arazoetan. Gu eragille gerala, ta etsi dezagula orrenbestez. Arrokeririk eta artobero-usairik gabe gure arlo apalari lotu gatzaiola.
Ikaskizun ori ere yasoa degu, ta oñak labur ibiltze aal-ditugu aurrerakoan. Auxe bakar-bakarrik esaten utzi zaiguzu, yauna. Yakintzazale ta euskeltzaletasun-eragille, biak batera, naiz kristau naiz bazkun, notin berbera izan zitekela uste gendun. Ta uste ori artua eztegu gere erru. Urlia yaunari begira ikasi degu. Bera ikaskuntza goitarren zale da, ta orrekin batera euskeltzaletasun-eragillerik bizkorrenetakotzat bere burua agertu izan du beti. Guk, egia izan, yakintza-zale uts izan balitz, ez genion esana yasoko. Euskeltzaleen eragille ozena dan aldetik iritzi nion arrotz berak idatziari.
Baña, aski degu onenbestez. Bazterrak naasteari utzi dezaiogun bein-betirako. Nik eztet beintzat geiago txintik ateratzeko asmorik, makartzu deituko banindukete ere.
Galderatxo au. bakarrik:
—Aita, erreal-bikoa emango?
|
|