|
OLERMEN-IRAKITE
Aitzol'dar J-ri eskeñia
Gaur da, Errenderi langile eder ontan, leenbiziko Euskel-Olerti-Yaia, Egia, leendanik ere olerki-sariketaen batzuk egin izan dira Euskal-Erria-n; baña ez «Euskaltzaleak» orain egotzi nai dioten ainbat mamiz ta kemenez.
Aien asmoz, gañera, urtero ta gero ta ospe larriagoz, berrizkatu-bearra da Olerti-Yai ori.
* * *
Aspalditxodanik zegoan zokora-samartuta gure olerkaria. lñoizka oi-dituten geiegikerien zatarragatik, alegia, elerti-batzaldietan sarbidea uka egin zaie. ala gutxitu. Ta ots ozenen bat ere entzun izan da, olertia, ledo ark egokizko yantzia baitun neurtitza beintzat, ez-aintzakotzat emanaz.
Zertzuk-nai esan, ordea, neurtiza ederrik da, ta olermenak ezin asma dezake bere emaitz yoria yaulkitzeko era atsegiñagorik. Neurtitzez eztala, alegia, yende xeea mintzatzen?... Bañan, izkera berdiña bear ere al-dute eguneroko gora-beera utsak eta egiazko olerkariaren amets eta ikusizun goitarrak?... Olerkari aizun askoek neurtitza nardagarri biur omen-dute... Ta olerkari banaka batzuk, berriz, mintzabiderik eztien. Zenbait atso ta gixonen yardun txotxoloei begiratu-ezkero, are mintzatze utsa ere iguingarri etsi-bearrak giñake. Izneurtuetan betegarri edo «ripio» askotxo oi-dirala... Olerkari motzak oi dute ori ere. Ta, zer darraika orreri? Izneurgintza eginkizun gaitza dala, argiarria arkitzea errez ez izaki antzo. Baña, argiarria itsusi danik?... Azkenik, esan-aalak entzunik gera oskidetza edo «rima» dalakoari buruzki. Yakiña, neurtitzak eztu berezko, ez bearrezko oskidetasun ori. Gabe ere egin izan dira ta baditezke egin neurtitz eder askoak; agian ederragoak. Baña, berez bezela, esaldia biurritu gaberik, olerkariaren antzetsuz datorrenean, belarriak, egia esan, eztu ain gaizki artzen. Mintzatzea, gizakumeek elkarri gogapenak adiratzea, otsaren bidez eginbearreko gauza danezkero, esanaren ereskitasunari (musicalidad), otsaren eztiago-bearrari zor zaio berea; ta, ez izneurgintza; ezeta ere oskidegoa, euira gauz uts eta zokoragarri. Otsaren bidez ezik, eskuzkoa-edo bagendu elkar-adiraztea (mingeak oi-antzo), yende xeea, agian, azkazal zikin ta atzapar zakarrez aritze aal-litzake; baña olerkariek, eskierki, sumatua luteke beren amesketak esku landuez, esku zuri legunez, azkazal garbi gorriztadun eskuz itzulibearra. Begiari ordun zor, alegia.
Baña, arloaz ertzeka diardut. Natorren arira.
* * *
Olerkaria deritzan gizatxoro ori gabetanik, ezta ezagun izan ez erri-pizkunderik, ez-ta-erri-elerti-betetasunik. Aberrialdeko gogo-gudari-sailletan olerkaria beti da leen-oñean. Ta beroni zor zaizka, gogo lurgoien irriek gora-beera, gudate orietarik gurenda ozenenak.
Batez ere, eleen apaintze ta gaizkakundeari buruz, olerkariari ez bezakio iñork ken oro-aal bezelako bat.
Ezagun (diran, ala izan diran) elerti aipatu askoek bitxirik oberentzakotzat olerkari gorenen bat darakuste: David, Homero, Virgili, Dante, Camoëns, e. a. Ele-berbizkundeei buruz, berriz, Mistral-ek ongi (ta gaurki) darakus gizon ale baten esku naroak zer dezaken, asabaen mintzoa eriotzarengandik begiratzeko.
Batek baño geiagok esan izan du euskera gaizka litzakela, orrelako olerkari bar luken egunetik. Baña, oar bari gatxikion: olerkari guren oiek eztira bakar soillean azten, gure Aizkorri zelai lau-utsetik bulartu ez-antzo; beti ditute olerkari zeeagoak aitzindari ta laguntzat; beti, bil-aldean, muño ta mendixka sail bat. Tkikion giro-berotzea gabe, sortzerik bai al-luteke aundiak?
Ta gu, euskoak, ete-gaude olerkari gurena eldu-giroan? Ezetz uste det. Baña bai, etorriko dala, txikien olermenari su eman-ezkero. Nork daki yaioa eztegun? Nork, gure semetxoen arrean ez al-dagon buruño maite bar, urteak zear ez-ilkorren dirditz-ustaiak bil-bearra?
Garau eze ori, bada, bear-garaiez goza ta ondu dedin, euskel-olermena irakin-araz dezagun, ta oler-zaletu-araz dezagun erria.
Olerkari onik eztegula?... Zirika ditzazute diranak, eskein zaiezute aintza-apurño bat... eta, gero mintza! Ta ori maiz egiñaz, ikusi baietz leengoak beren buruak yantziagotzen, ta berri lirañak sortzen; ta, azkenik, kemen illezkorrez bazkako duan gizagurena euskera gaixoari agertu baietz...
* * *
Gogapen oietxek erabilli ditu buruan, nere ustez, «Aitzol» zuurrak, olerkari-xuzperrarazte au asmatzeko.
Eragille bizkorra, aiz, adiskide on, ta abagunearen sena dek argi: Euskel-Olerti-Yaien etorkizunean aitatu bearra zegok ire izena. Iri, bada, eskeñi nai dizkiat itz motz auek, «Euskaltzaleak»en eraberrigin ta zuzpertzalle berdiñaka.
Olermin aundi eder batek baigarabil euskozale oro: aberri berriaren olerki giarra egin dezagun: idaz dezagun guziok neurtitz bana, bederik!
1930-gko. Garagarrila 1-an.
|
|