|
ESPAÑA-LEGEBILTZARREA NERE BEGIPEAN
ETXE-BARNE BIZIA
Etxe-barne bizia dut au ere. Gaurdañoko bigarrena. Oraintxe digart, «etxe-barne bizi» edo bodegón viviente diraleko oetaz, elerti-sail yolasgarria egin ditekela. Baña, au ez duk gure etxea; orrako txontxongillo oek ez dituk nere aur gaxoak. Beraz, itzalez begirzatze aal-ziotet, itzak eta irriantxa xe-xee neurturik.
E-nintzan egundaño sartu Españako legebatzartokian. Leizaola arpetarrari zor diot sarbide baten yabe egiña. Yainko onak ordainduko al-dio.
Egia esan, goitik beera begiratuta, areto onek ez dirudi izparringietan barrena bezain ikaragarri.. la-ia beera yoateko ere badamada ausardia.
Utsik dago oraindik. Alki gorri oetan atze-aldeak atsegin dukela deritzait. Bai begiak ere nik emendik goitik baño —irugarren lerroan bainago— ikusala zabalagorik. Arraiotan!, aulki urdiña ez ikusten noizean-bein altxata ez bada...! Yaurlariak datozkenean, ezin begi-emango diotet atzez-aurreka baizik. Azaña-ren ortzalde eder ura ikusteko irrikitzen nengoana!
Laurak Asi-garaia. Lendakari-aulki-atzean lau atemorroi, soin-ertzak urrez aski-apaindurik. Baña orra Lendakaria bera ere, dagoaneko; Besteiro yauna, alegia: soinkera neke-antx pinpirinez badator aulkira Nik, begiak ezo-dirdaika, begiratzen diot: orain zenbait urte, Lojika-n silojismo bat askatzen e-nekielarik, sobresaliente eman zidanez-gero, xamurbera natzaio.
Aldunak bakarka ta nekez datoz txita aseak ore-ondakiñetara bezela. Zortzi-bat-amar bildu diraneko, Royo Vilanova bizar-zuria dugu zutik, itzaren yabe Au agurearen aserrekoia! Zaragozako ikastetxe nagusian barrabaskeriren bat egin dulako zabaldu omen-zuten atzo, ta ori ez omen-da gizalegea. Aizeari, beintzat, astiñaldi ederrak eman dizkio.
Gero, lekaro gorri artan, gazte iztun bat yaiki da. Erderazko idazkirik Ameriketara ezin sal ditekela dio, papergiñak ase-ezin batzu omen dira-ta Tolosa-ko lagunak gogoratu zaizkit bereala, ta erruki ditut. Baña, erantzun dio Carner-ek nere lagunen alde. Itza labur-ebakia du yaun orrek, eta burua muñez ornia, dirudienez.
Bakarka-bakarka, txindurriak txindurritegi-bidean bezelatsu, baña ez ain arazoturik; badatoz aldun geiago.
Bata bestearen ondoz yaikitzen dira olako ta alako, nork-bere eskariak egiñaz. Lendakariak beti legun erantzuten die. Nik uste, eskari oien etorkizuna ta auntzaren gauerdiko eztula or nobait ote-diran. Baña mintzalariak, bereak eta bost irauli ondoren, pozik esertzen dira, ta, uts egin gabe, bereala atarira diyoaz, inguru-ibilbideetan barna iñork zorionik esaten al-dieten.
Bitartean, aldunak ugariago datoz, norbere tokia beteaz. Ni erne nago, ezagunei gogozko begi-keñu bat egiteko zaletuta. Izan ere, bizi guziko atsegiñik aundienetakoa dut auxe: irrimar-utsez (karikaturaz) dazauzkidan gizon ospetsuak ezur-mamitan ikustea. Ordun, barruak yauzi pozkor bat egiten dit, eta ezagun-berriari, nerekiko, itz maitekor zenbait zuzentzen dizkiot: «Kaxo, gizontxoa! Zu ziñan, beraz... Onik zaude! Beyondeizula.» Eta, aldameneko lagunekin berriketan asi badadi, itzak-ezik aotik ontzako urre gorriak yalkitzen ari dala dirudit. Eta, yakiña, txoraturik nagokio, begira.
Besteiro-z beste, ezur-mamiz ezagutzen nuenik, Aldasoro, tolosarra, ozta-ozta. Leen bezelako mutiko ederra dago. Etzaio aaztutzen noizean bein ikustegi-goialde-ezpañetara begiratzea, emakumeak baitira an nagusi. Besteiro-ren ezker-aldetik yarri da.
Baña, leen esan bezela, ezagunberri zenbait egiten ari naiz. Antxe dago Maura aurpegi-luze beltza. Zuzentzakikoaren senargai guri Ossorio-rekin berriketa bizian ari da. Ez urrun, «gure» Unamuno ere. Agure orrek badik, orratik, puskaterako osasuna-, oldozbearrak ez al-dik gizona asko ondatzen. Ille-bizar txurien esi-barnean, aurpegiazala, aulkien gorria bera lotsarazterañokoa, ageri du. Txantxangorri kantari Melquiades da, nonbait, araxeagoko ura. Marañón ospetsua, urrengoa. «On» Alejandro ere —zer esan ez dakienean ixilik egoten dan gizon garaia— oraintxe eseri da zabal-zabal, aurpegi-erdian sudurra zuzen, surpekoa ezpañaren babesgarri eder. An dator Campoamor andereñoa. Or, apaiz lodikote bat: irrimarrez ezaguna det, baña izena aaztu. Urrena, Nelken andereño liraña (zerbait esan bear emakumezkoari, polita ez danean); orrako mutiko argal betaurreko-beltz ori, belarri-ertzera itz goxoak esaten ari zaiola dirudit. Begira, Xanti Alba ere; e-tzian Primo gizagaxoak asko uste aulki oiek berriro berotu bear ituanik.
Arpetarrak uts egin digute gaur. Geienak, aberri-miñak ukitura, aldegiñak dira, or beeruntz. Begira Horn gizagaxoa, bakar-bakarrik, moko-luxe, erromazale otxan bati dagokion eratasunez, Galan-en ereñoki (medallón orlado de laurel) azpi-azpian, ain txuxen ere. Euzkadi-ko yainkoti utsek toki ortan balekuste orratik!...
Bazterretxea-ren surpeko Charlot-iarra ere, ta aren buru xoil ta begi beltx biziak, giza-ardatz muturrean or dakustzit, Batzorde-lagunen artetik aruntz-onuzka.
Baña, ixo! Nik ezagun-berrikoak egin bitarte, galde-eskari salla agortu da, Yaunari- eskerrak.
Ordun Besteirok itz ernerazgarri ok yalki ditu: «Ortega Gasset Yoseba yaunak du aldi».
Gizontxo bat zutitu da, Unamuno ta Maura tartean. Arraioa!, onixe ez nitxion bada nik begi-eman. Ta bera duk orratik: gogai-eltze aundixkoa atxe-samarretik ille orraztuz ebakia, bekain-lerroa aldero-antxa, itsusi aurpegiz, elez eder.
Atsegiñez, esertokian ipur-kabia sakontxeagotu dut. «Ez diat zorion makala», diot nerekiko.
Ordu bete t'erdian aritu da. Unamuno-k, noizean bein; alako begirakun bixia botatzen zion, esan nai balio bezela: «Ez, konpañeo: nik ez nian orrela esango; nere aldean mutil-koxkorra aiz!»
Urrengo egunean, Madrid-eko izparringi batek ala zion: «Beti bezela, orain ere, buruz ezer dezateken gizonak, gaztelarrak: Sánchez Román, Ortega Gasset...» Bereala, Unamuno-ren begi bixiak berritu zitzaizkidan.
Tayuz itzegitea korapilloak askatzeko aski balitz! Baña, besteri poza ta aurpegi alaia eskatzen dizkion gizon orrek, Catalunya arloa goibelki, illeta-eresiz, aurkeztu digu. Erabat zuzengarria ez-omen da, alegia; minsorrez eramanbearra baizik. Catalunya erri nai-ta-ezin bat omen da: betidanik eta mendeen ondarreraño goranaiaren oñaze bizia berekin ibilliko duna.
Erri aundien eta txikien abertzaletasuna ez omen dira gauza bera; iturburu batetikoak bai, alegia; baña, aundiena eraikitzallea, bestea ondagorria: batak gora begiratzen, besteak beera.
Asmakunde polita, benetan.
Kataluñarrek ez omen ditute beren buruak españitarren anaitzakotzat; argatik korapillo aren ezin-askatua; argatik estatutoaren muin izkutua askatasun-asmoa izatea. Baña, bereala berriz, kataluñarrik geienek muin ori gogoko ez dutela esan digu.
Catalunya osoak ala nai izanda ere ordea, zer?... (Ortega ari da). Aiek gu maite ez, baña guk anaitzat baditugu, bidezko al litzake gu geiago izanik gure nai ori ez nagusitzea?..., aiek anai ez ditugula epaitzea?... Au ere ez dago gaizki esana. (Orain ni ari naiz).
Baña, dana dala, zerbait eman bear zaiela aitortu du. Buru-yabetza apurrik gabe, aldika-aldika, besterik eziñak eska-ala, zenbait eginbide utzi bear omen zaizka.
Orratik, irakaskintzakoan onetsi zabala eman du: bada zerbait. Españak Catalunya-n ezer gutxi egin omen du —zer esango guk!—; Barcelona añako uri batean, Cuenca-n ala Soria-n bezelaxe «Instituto» bakarra, Doitxerria-n berrogei ta Prantzia-n amalau legozkiolarik Ta, irakaskintzari buruz bezela, gañontzeko gaietaz esan omen liteke.
Luzexko egin arren, guziok ixilik entzun diogu. Azkenaldera, txalo anitz; mintza-bitartean, bat-ere ez: guziak erne, baña iñor ez da berotu.
Campalans kataluñar sozialista yaiki da urrena. Estatutoaren alde. Ele-eder aren ondotik itz-egin bearra ez du lan atsegiña, noski, ta egia aitortu bear badet, gizagaxoak, lasai-samarra dirudian arren, izerdi ederrak atera ditu; aria nondik-nora zerabillen, berak ere nekez aal zekian. Eseri danean ez duzu aserre.
Lendakari-mai aurretik mintzategi bat dago. Tarteka, ministroak, idazkariak-eta, ara igotzen dituzu, ta idazki garrantzitsu zenbait irakurtzen diardute. Atariko aizeari baño yaramon geiago ez die iñork egiten. Egin nai liekenak ere, belarriak arrotzea alperreko lana luke, ango marmario-otsaz ezpaitago ezer entzuterik.
Estatutoa orain, berriro. Batzordearen izenean, Bello-k azalpen batzu egin ondoren, Abadal, Lliga-koak, itz-egin du. Yatorki-samar, arraioak ez badu. Aguretxo bat duzu, oso begikoa. Ingixka batzuei gaibidea noizik-bein eskatuz, or ari dugu neke aundirik gabe.
Ortega-Gasset-en eta Sanchez-Roman-en asmakizunak poliki-poliki autsi ditu, Españako Lege Nagusia eskuan artu-utsarekin. Ez-arian bezela, orretxek bota ditu gaur arratsaldeko arrazoirik mardulenak.
Beste gauza askoen artean, Ortega-ri onelakoak bota dizka: «Orain zenbait urte, guk, Lliga-koak bakarrik, autonomia eskatzen gendunean, gutxi giñala erantzuten zeniguten: gu ez giñala Catalunya. Pixkanaka, ango alderdi guziak abertzaletu dituzu, ta orain emen gaude guziok, kataluñatar aldun oro bat-egiñik, leengoa bera eskatuz. Ori gutxi dalarik, err-iritzia nai zenduten eta egin da: Catalunya osoak Estatutoaren alde bota du... Eta zuek, antziñean bezela, gu ez gerala Catalunya, diozute: geienak ez daudela, Catalunya-n ere, gure alde. Zer bear duzute bada?... Zeok egindako Konstituzioa e-tzazute ukatu, bai, ta aski dugu.»
* * *
Zuk ere aski duzu onezkero, irakurle. Ta Besteiro-k guziori atsegin ematearren, yoaleaz batzarrea azkendu du.
Lau ordu-t'erdiko egonaldi ederra egiñik nago, ta utziko al didazute kaña batzu artzera yoaten.
Ta orain Erkalaren babesgarri-legea ez al didate ezarriko, legegin begiragarriok ikusi bezelaxe antzeztu ditudala-ta.
Madrid-etik, 1932-gko. Orrillak 13-g.
|
|