|
BARATZA AZI-BEARRA
Zertxo bi begietara ditut atzeko egunotan. Bata, zenbait idazki «Euskel-Atala»peko otarrera botea. Bestea, «Mendi-Lauta»ren amets gozoak.
Argi dakuskegunez, tokiaren uts gera euskel-idazleok. Gutxi giñalakoan, amaika negarrek erten digu; baña, egia, gure ingien zabalerako geiegi gera, ezpaitegu non idatzi.
Gertari oni begi-eman bear zaio lenbait-len. Ez-tegu euskel-idazlea bakantzera yo bear, ugaltaraztera baizik. Bestela, zertarako litzake atzeko amabost-ogei urteotan egindako lan etengabea?-... Orixe nai ez genduan, bada?... Euskel-idazlea ugaldu-eske ez geniardun?... Bai, ta zuzenki: ortik bailetorke euskera beñere senda al-izatea.
Baña, euskel-idazleak, edozein idazlek beste, tokia bear du. Lana non agertua ezpa-du, eztu lanik egingo. Ta orra, ordun, ez soilki idazle bat galdua, baizik aren ikasbide ona ere, idazlekumerik sortzeko bideak langatuz.
Beraz, baratza bete aza badaukagu, ta azarik geiago gose, nai-ta-nai-ez baratza azi bear.
«Euzkadi»ri arlo ortaz, beste ainbestetaz bezela, asko, eunetiko larogei, zor diogu. Berorik dago «Kirikiño» zanaren oroitza, ta alperreko lana litzake ori erakutsi-bearrez izketa luzeetan yardutea.
Baña, «Euzkadi»k eztu lanbide orretan mugarik nai-bear, arik-eta euskel-egunkari bikain bat izan dezakegun arte. Idazle-ugaltze orreri, begi-itsuka, nik uste, bear-alako paper-langille-ugaltzeaz erantzun bear dio. Ez aztu, euskel-idazleen sari-eska-ezak zenbateraño bidea errezten dion.
Ongi zion, beraz, lengoan, «Irular»ek, gure Atala zabaltzeko otoi-zegionean. «Euskaltzaleak» deritzan Bazkunak ere otoi orixe egitea erabaki du, azkeneko billaldian. Eguneroko maite onen agintariei, gaurko nere itz auen bidez otoi ura egintzat etsitzea eskatzen diet.
* * *
Baña, euskel-baratza azi-bearraz gogoeta egiñak, gereiziak gereizia bezela, euskel-egunkari ametsa dakargu.
Ona begiak itxita nolakoa dakustan.
Yainkozale garbia, euskeItzale yaukala; ederra, argia, erreza; ongi ordaindutako gizonek egiña; berriez, lan benez ta arin-alaiez —parrirudiak aztu-gabe— naroki ornitua; erri bakoitzean izperkari on bat du, zerbaitez sariztatua, bertako arazo gazi guziak, baita berriak ere, garaiz ta ongi bialiko dituenak; lankideen artean, maiz agertzen dira erbesteko euskel-yakintsuen izenak, bein Alemani-tik, urrena Errusi-tik, Txekeslobakiatik, nondik-nai.
Labur esateko: erderazko zenbair egunkari bezin eder-osoa...
EuskeItzale guziak ditu asieratik arpidedun; apaiz Yainko-gizaki orok laguntzarik zabalena zor lioteke; beste askoek erosten dute, yaio-berritan ikusmiñez, gero aren erreztasun-atsegiñek gogoa irabazita; mendian lenbizikotik eztu sarbide erosoa: baserritarra —Argia»k-eta asko egin dutelarik— eztegu oraindik ugari ta egunero irakurtzeko gertu: ori urteak, agian dakarkete. Bitartean, astean bein, igandeetan, egunkariak ale berezi bat daterake: asteko berri-laburpena, parrirudien bat, izkirimiri ta ipui alaiak, Yainko-gaiak, nekazaritza ta abar...; gaurko «Argia»ren oñordekoa.
Euskel-Erri osoan amar-amabi milla ale ez ote-ditezke saldu, zabalkundea bear bezin sakonki egin-ezkero?
Bestalde, len esandako guziez gain, iragarkiz poliki betea dakust. Lantegi ala saltoki, edozein irabazpidedun euskeItzalerik ezta, berea uka dionik: eta euskeltzaleez ateko zenbaitek ere balemaioteke, Euskel-Erri osoan poliki edatu ta bazter urrutietara eltzen dala oartemanik.
Esan-bearrik ez, idazleak erruz ta gero ta yaioagoak ditu, gizarteko gai guzietaz aritzeko gai. Ordaindu egingo baitzaie, ainbestean. Gaurdañoan, utsean, agertu beste sail goldetu dalarik, zer litzake gero, euskera, irabazpidetzean, eguneroko leiaketak metu ta eskuak artarakoaean?...
Ainbestetaraño da ene ametsaren sor-bearra, ikusten baitet argi-argi ukabilla añako izki lodiez egunkari orren izen berbera ere!
«BAI»... «BAI» du izena. Baietza du ikurritz, baietza ekin deadarra. Egona EZ da, aritzea BAI; illa EZ da, bizitzea BAI; egia BAI da, gezurra, berriz, EZ... Ta egunkaria ari-otsa, bizi-otsa, egi-otsa: euskoa badalaren BAIETZIK gorenena baigenduke...; orretxegatik, aren izenik egoki-errez-laburrena au izatea: «BAI»...
* * *
Ta amets ipurtzuriak zer dira?, galdegin dezake norbaitek, irriparreka. Ametsa, berez, EZ izatea nai badezu ere, BAI-aren azia diteke. Zenbat bider izanik ote-da, ludian gizadia danetiki!
Baña, amets-goi urdiñetik be arre-zakarrera amildu-bearrik gera, onezkero. Egin dezagun ala, urrengo batean egunkariareriko gertu-lanak gaurtik, nere aburuz, nola asi diteken azalduaz.
1929-gko. Epalla 13-g.
|
|