www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Itz-lauz
Xabier Lizardi
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

aurrekoa hurrengoa

ITZAURREA

 

        Gure gizon pizkorraren euskal-sailletik natorkizu. Yasorik dituzu agian zeorrek ere, ene irakurle, ark. Zorrotz eta bizi, irriparre gazia beti ere ezpaiñean, izperringietan eman zizkigun idazlan begikoetarik zenbait.

        Badio norbaitek bera-bidean degula guipuzkoarrok gure euskalki-gurditxoa idazti-lauko yardunetan beintzat; eta, zerbait dakianak iraulia izaki baipen garratz ori, begiak zabaldu, adimena pizkortu, idiak gora-bidean yarri ta akullu-eztena erabiltzea dagokigu soil-soillik. lkas-ordu aal degu, euskera gaixoari oartuz, zabarkeri narrasaren ondoren beltz negargarria.

        Gaur orraatik eskuetan dezun idazti onek ames-bide xuxpergarririk ematen aal dezakio gipuzko-euskerari ta aundiki-soiñekoz yantzi-bearrezko leiaketa gorri ontan gabiltzizun xoxokumeei. Badizut nik beintzat azi-ale onen emakorrez itxaropenik asko. Ta bidez noski: belarri-belarrietan bait-ditut oraindik gaurko, onen anaitxo nagusiak —«Biotz-begietan» olerki-idaztiak alegia— yaso-txalodurundak. Gure arteko buru-yantzienak, ez Euzkadi-ko, Ludi zabaleko olerkari artean zer txapela kendurik ez zualakotzat etsi ziguten Lizardi. Amaika ao-goxoen miazgarri dituzu aren biotz-begien emaitz yoriak! Eusko-gogoa mamitu bait-dizu olerkiz, beldur-izpirik ez nik, euskoak eusko iraungo duaneño, ez-aztukorra ditekela baiestean; Eusko-baratzan, lore eze zimel-eziña ditekela menderen-mende idaztiño yaukala. Lendik ere aipatua gendun-idazle pizkorra ark goimaillaratu zigun, ark ezilkor-ustaiaz burua bil.

        Ta, arrezkeroko olerkari-lanai oartuz, ikus nabaroki aren eragin izkutua; guziok nonbait guren izan-nai, bestek urratu-bidea arakatzeari gatzazkio oarkabean ere, Yainkoak zorionez giza-biotz-zokoan yaulki-aundiminazi eragikorrak aginduz.

        Azi emakor bekigu au ere ba. Are emakorrago, olerkari edo diralako yainkozko gantzu bereziz igurtzitako giza-gurenen gogai-aria naiz idazkera ez bait-ditezke oroen ikasbide ta yarraigarri eman. Au bai. Sumatu zenezake noizik beinka olerkari-arnasa goitarra, gauza xee utsei eder-yantzia emanez; badituzu agian aiek ainbat giarreko olerki-gai naroak ere, baña yaulkiaren piztugarri dituzu, ez esanaiaren gerri.

        Ta, bearrezko ez ote, esakera lauan ere? Ala, igatuitzez, asmamen biotz-begien atea lau giltzez itxi ondoren, bidezabal-ertzetako makal txuxenak bailiran, xut, mee, oillargabeko oillo-lerro, yosi-bearrak ote gaituzu itzok esangaia nabarmen larri ez danean? Ez. Atsegiñik asko demaio gogo eder-minbera orori beingo goxoki usteezak.

        Ala ere, ez nazu, argitara-gaiak aukera-bearrez, olerkigogai atzetik ibilli, leen yaso-ez apurrez olerki-idaztiaren geigarri bat egiteko asmoz. Badu an, nik uste, olerkariak naiko non murgildu ta non ikasi. Ua olerkarientzat bezain, bedi au idazti lauezkoentzat ikustegi berdingabe.

        Tkiki, sakelerakoa, nai izan zizun Lizardik ua; orrelakoxea eskeintzen dizut nik ere au, nora-nai eraman aal dezazun.

 

* * *

 

        Leen-ukaldiz, azeriari maats-aleak eldu-ez bezela, eskuraeziña baderitzaizu onen mamia, ez dezazula arren zokora; oartu bai, Lizardi bera ez zela betidanik... Lizardi; ta ez zitekela gero ere, idazle-leen-urrats baldarrak eman-bearraren nekeagatik, luma-paperak bertan bera utzi izan balitu betiko.

        Zer pozaldi ematen aal nizuke, irakurle, ikasketa-aroko ingurraztitik aren leen-idazlanetatik zenbait emen aldatzeaz! Yakiñik zaude zu agian esan idatzi bear dala ta ez ezan; ba, zure pozgarri, badakuskezu an onela idatzita bein baiño sarriago. Bai erdal-kutsuak eman-esakera bat eta bi ere. Neke-bide ua ibillia dezu beraz gaurko Lizaldi itzalgarria; ta ez da ortaz zer lotsa; mendibide-lokatzak abarka zakarrez gaindu ondoren yaztetxe-atarira elduki, Ludiko apaiñenen aurrean, orok ederretsi-bearreko zaldun-oski garbi dirdaitsuz yantzia agertu bait-zaitzu gizona.

        Lizardi-ren euskal-ikasketarik aurrena ekiña izan ote zalakoan nagokizu. Igi-almena ibilliaz erakusten bait-da egokien, euskaltzale bezain laster zendun euskal-idazle saiatu aspertezin ere. Ez izan noski egi-beldur ta bai osoki gizon, euskalegiaren argia barnean izetu zizunez gero, egiaren ondorenik ondarrena ere egi-ta bide zuzen beraz-zitekelakoa oartuz, egin-aal giñoan yo zizun yo bekoki zabalez bide ortan gora. Ez dugu au ikaskizun zokoragarri gaurko pizkunde-egun auetan ere amaika euskaltzale zabar erdal-yariok. Giar gaitezen giar, ta gizon bizardun euskera-lantze-arloan, ez gantz koipe-uts.

        Aro ontakorik, esana dizut, ezer gutxi dezu yaso-aal emaitz eldurik, gero aztertu ta mamiagotu-olerkiren bat ezik; naiko lan bait-zizun gizagaixo erdal-kutsatuak euskera aaztu maite-berriaren biurri ezigaitzak menderatu eziñez.

        Ekiña ekin, Axular ta Etxepare irakurtze ta zeatz aztertzeari eman zion aldi. Itz, esaldi, yoskera... an dituzu oro arretaz yasorik, ez errazbidez buru aztukor-altzoan, arkatza erne ta errukigabe erabiliz, idazti-zokondo ta lerroazpietan piloturik baizik. Ta badioakigu... Lizarditzen gure gizona.

        Ala bearrez, desagun Yainkoak ala naita, gora-bide neketsu zail aren biurgune batean, yaun zorr, buruyantzi, aldatz aiek are goragokoak aspaldidanik ibillia, sortu zitzaion lagun: «Orixe». Berak dio ederki. oi duan mintzo-ari legunez, oraindik oraiñagoko idazlan batean:

        «Ni izan ez banintza, oraindik argitara gabe zegoan» Lizardiren liburu txoragarri ori. Egia esan, ni izan ez banintza Yainkoak besteren bat sortuko zun; baña ni izan naizelako ez al daukat pozbiderik? «Etxeak bear ta bideak ekarri», dio esan zarrak. Arentzat ontan ni ekarri nindun...»

        Ontan ori bai bide-da Lizardi-ren olerki-liburua argitaratzerik baiño zabaltxeago. Alkar ezagutu aurretik ere bazizun Lizardik, ikasi-naiak eraginda, «Orixe» ren idazlanetarik, Atsular-Etxepare-en idaztiak bezela, oar yasogarri ederrez ertzaturik. Gero, leen-ikustaldiz egin bait-ziran bein-betiko elkar-bearreko lagun min, eguneroko yardunean, solas-bide naasian, elkar-idazki bidez..., aren buruyazten onen edergaillu-ixuria noraiñokoa izan denik ez bide da erraz mugatzen. Baña ez iñork uka bederen, bidezko ere bidezko duala «Orixe»k, bestek ez ainbatean, Lizardi-tzazko pozbide ori; au izan bait-zizun zirikatzaille, elerti-ederti gaietazko aren illunaldi ezyakiñetan argi-emaille, erditze guzietako aur-yasotzaille ta epaillari zuzen. Ots, onen eskuetan eldu zitzaigun «Urte-giroak» naiz «Erdi-bearra»ren idazle emaitz guria. Badio ortaz ere euskerak zorrik aski.

 

* * *

 

        Ta goazen idazlanetara. Euskera aundiki-soiñekoz yantzi-bearra izaki nonbait bere ikur, ez zizun lanbide ortan asti aundirik galdu. Yo itzazu batera olerkiok, emengo idazlanok eta erdal-saillekoak ez gutxi, oartu bestalde gazterik ere gazterik eraman zigula gure Yainkoak, eta ikusiko noski atertugabeko ekiñean ari bear izan zizula, lantegi-arazoak utzi-tarteetan, zertxork utsenak ere ain landuki emateko. Onegatik batez ere (azkenengo yaialdideirik apurrenari ere ertzak zearo artu-bearra bait-zan) era Euskaltzaleak, Batzoki ta, euskal-bazkun ez gutxik-langille purrukatu zezaguten-arengana bait-zuten yoera erraz beren euskal-lanetarako, guk nai baño urriago ditu elerti-gai utsezko idazlanak. Iru mordoxkatan banatu bide-ditezke oro: elerti utsezkoak, eztabaidakoak, eta apurrak deitu ditzakegun lenengo bietan sartu-ezak.

        Idazti xumea egitekoz, oro ezin argitaratuz, asi nintzaizun aukera-naiean. Bai laster erorbide labaiñik begiz yo ere: eztabaidakoak asko izaki, ta zaurigañeko mintz berria mee agian oraindio, itzul-iraulirik naiko egiña naukazu nere burutxo ontan iñor ez mintze-aal bidea asmatubearrez. Arkitua al-nizuke guzien oniritzizkoa.

        Zer dezu emen ikasgarririk? Irakurriaren irakurriz itsatsiko bait-zaizu oarkabean onik asko, neonek ere egiten aal ditut nere motzean zenbait oartxo neke-aringarri al ba litz. Leenengo, auxe beintzat: aspergabe ekiten. Gero, oar bederen ez dezula Lizardi gogaiak etorri-ala yaulkitzezale, baizik buruz eio, aztertu ta bae xeean igaziak bakarrik dutekela arengandik mundura agertze-baimen.

        Ta, nekearen igesi, sarri yo oi bait-degu idazle geralakook gogaiok (euskeraz gutxi erabiliak batez ere) ez beren, baizik aien senideen mintzo-soiñekoz yaztearen zabar-bide lotsagarrira, yaso dezagun ikaskizun au ere; ez bait-degu euskera txiro-etxeko azken-ume, anai nagusiago guzien praka igatuak erabilli-bearra. Billa dezaiogun gogai bakoitzari bere mintzo-soiñekoa, ta egin berria bereziki ta alik apaiñen yaioberri naiz (gure zabarrez) oraindik biloizik ditezken gogai yaulkigarriai. Ba al du ortik euskerak aberasbiderik.

        Gogai-ta mintzo miatze ortaz alde, labur-nai ere badezu Lizardi, esaldiari itz alperrak iñausi-zale alegia, edota bi-iru itz alkar-ari zorrotzez biltze-zale. Baletorke iñoiz emendik, egia esan, iluntasun apurrik edo adimena ziritubear nekegarririk; baña itzok eraz, euskal-belarri-arauz yostekoan, txalogarri zait eta yarraigarri neri beintzat, amaika izkera yantzik berentzat nai luteken mami-mamiko aberastasun yator bait-du au gure euskerak. Bestalde, geiegikeri bildur-mildurra kitatzen aal dezu ortikako yaulkialdi zorrotz, bizi, ertsatuz.

        Irakur-arian yaso-oar ugarietatik auexek bederen aldatu ditzaizudan esanaren eutsigarri. Igazkotu-kutsu dio zarkutsu-orde, ginbaillaz. Nora-agiria pasaporte. Gero-gai erderaz «elementos para el porvenir» esango bagenu-edo; oler-zaletu-arazi...; esaera zorrotz-adibidez, ona: euskerak etxekotu gaitzake... senide guztiok; euskera gabetzeak arroztu. Ederrez oar zatzakie auei: gure belaunaldiaren muturretan eten bear badu euskaltzaletasunak...; Aberri-aldeko gogo-gudari-sailletan olerkaria beti da leen-oiñean...; Gogai-eltze deitzen dio, gaziki buruari...

        «Etxe-barne bizia» aipatu bearra dizut, Ez diteke ez lumaz, ez margoz, ez argazkiz, etxe-barne-ikuskizun ori bizikiago ikus-arazi. Zein erraz ta neurriz datorkion bearmintzoa. Bestalde, badezu or olerkari-aztarnik ere. Ta bat aipatu, bioaz atzetik nere aorako milixkagarrien dituzun Erdi-bearra» ta «Olermen-irakite». Gogai esangaitzak yaulkitzen ikasi aal geneza ortik.

        Emen dituzu, azkenik, Euskal-Egunkari artazko, bi-iru idazlan ere, ames yori aren agerkai ederrik geldi dedin, amesa egi guri biur-garaian aren aintzagarri.

        Esanak esan, ene iraurle, egunari bere neke-saria eman ondoren, artzen aal dezu idazti au, sagar maotu ao-kilimakor bezain aiduruz, ta gorputzari atseden eman-bearrez, yartzen-aal nasai ta astitsu. koxka bat eta koxka bi, artuala eioz ta are miazkatuz, barte-kutsu izkutu gozoa zureganatu ta zuretu dezazun arte. Auxe nizuke, geroari buruz, euskera pizte-ta edertze-aal uste-sorgarri argienik: eundaka, millaka euskal-eskuk yaso-aal bageneza aizera nork-bere iekitxoa erabiltez igatu, xaartu, koipetua.

 

aurrekoa hurrengoa