DONAPALEU-RA YOAN-ETORRIA
Goizeko nagi goxoak ogean nindukala —yeikiko al, ez al?...— telefono-otsa.
Zuti, belarriok...
Neskameak: ¿Quiéeeen?...
Neskamerik ezta Euskalerria-n, telefonoz euskeraz dakinik. iArian barrena ibiltzeko ere, lakatza ta baldarra degu, noski, mintzoa!...
Baña, orraatik, euskerari eldu bear dio, quien-aren urrengo. Agi danez, deitzallea ezta nornai...
Aizak! —nere artean— Mendiola ote?... Egin ote-dit beribillean tokirik?...
Bart, etzula baitzion... Ta nik iru eguneko bizarra; sasiak yana arpegia.
iZortziretan abitzekoak zirala, ta zortzirak orainme.. Auxe dek lana!
Mendiola da, bai. Yoateko ta yoateko, itxongo didatela; bizarrak zer-ikusirik eztula gure eginbearraz...
Ez bizarra moztu, ez gosaldu —yantzi ere ozta— banoa
Zer egin bear zenduan?... Egun eder bat nola-nai galtzekoa ezta.
* * *
Beribil bi daude gerturik.
Mendiola-renean, yabeaz gain, Emeguren deritzan zaldun bat, Yausoro olerkaria ta neretzako utsunea. Arregi guriarenean, «Uitzi», Larrain Ibarluze-ko Udal-otseña- ta gizaseme aundi sendo igar bizar-beltz bat —Rekalde, izenez— aitarengandik Karlos-en gudateko oroitzez, ta are suz ere, betea.
Eguna urdin garbia. Berotu bear du poliki eguerdirako, Agorra illurren izanagatik.
Noizbait ere, Arregi-ren «gurdia» asi da oska, ta badiyoaz. «Uitzi» muskurioka ibillia dute, ain bide luzea egiteko berandu omen—dala-ta. Goiztarra izan gizagaxoa, ta besteak oge-zulo uts...
Gu ere abia gera noizpait, Donosti-runtz.
Etxeguren dalakoa ta Yausoro ditut atzean.
Etxeguren, gizon egiña da, ta, diotenez, lege-gizon azkarra: Euskal-erria-tik ate bizi-izaten omen, geienean. Arpegiz, sudurkako, begi-bizi, okotz-zorrotza; oldez, urduria ta alaia.
Olerkaria du aldamenean: aingeru azpildu-gabea. Arpegi gorrizta ta apaiz-yazki beltza, alkarrekin egonbearraren bear gorriaz ditu lagun; baña lagunarte gordintxa dagie. Luzexka sudurra, goi-beez beintzat —musuaren arabera— ta pitin bat zearka azia. Begi otxan parre-beraak ala diotzute, begiratzen zaitutenean: «Olerkari biozti bat nazu: orrenbestez esana dago eztedala «malizi» aundirik». Larre-larrean bizi dezu erretore, ta aren ginballak (kapelak) ere badio alako basaka-usai ta igazkotu-kutsu bat; gañera, gutxienik uste dezula, ez bat eta ez bi, lepazamarreruntz diyoakio.
Ateratzen baitu Mendiolak urtero euskel-egutegi bat, arakoxe apaiz begi-urdiñak egin izaten dizka zenbait zizka-mizka ta izkirimiri. Ordañez, Mendiola-k eman izaten dio —gaur bezela— basotik ateko ega-alditxo baten abagunea.
Ibil-eguntxo auek arroagotzen dute txantxangorria eguraldi epelak baño. iBadu ark etorria, alazainkoa, neurtitzez ainbatsu itz askatuz ere!... Or det atzean itzari laga eziñik... Etxeguren enetxoa: entzun bear dituzu zereak eta bi!...
* * *
Zer zatozkit, «Uitzi» adiskide miña; zer, Homero, Anakreonte, Virgilio ta Ciceron buruan edukiagatik, bete-beteko euskaldun zaitugun ori?... Zer zatozkit, bai, oñak narras, izkutu-mizkutuka, bekokian beera ginbail-egala eratxirik, betaurreko-erantziak begiak lausotu ta izuantz?...
—Zer irizten nazu?-galdegia dit —Zure anaiaren antzik badet?... Aterako otedegu gauz onik?
Nik, baietz; egoteko lasa...
Beobia-n ditugu alkar-izketok. Mugan gaude ez-arian ez-arian, bidetxoa egin baitegu... Orain, beribilleen ta gu geronen nora-agiriak erakutsi-bearra.
«Uitzi» badiyoakit, Yainkoarren «iñori ez esateko « aginduz...
Nik eztizutet oraindaño esan, baña «Uitzi» zintzo orrek nere anaiaren nora-agiria darama, alkarten antzik bai baitute, ur-tantoak ardoarenaren ainbat... Ikusi degu, ordea, zenbait bidexka arturik dala arranoa, mugazaiak gezurpean atzeman eztezaten.
* * *
Erne!... «Uitzi» ta lagunak sartu dira berriro beribillean. Mugazaia badatorkie. Ni begis-uts...
Orraatik ere!... Yare dituk! Baziaztek...
Orain, gurekikoa...
Auxe dek ederra!... Nork esan bear zigun?...
Olerkari xoxokumeok... Egutegi-zortzi-illabeteen saria, agur!
Esku ikaraz luzatu dek agiria... Ta mugazaiak —begirakun bakar bat aski— ezetz, eztekela aurrera egiterik: igazkoa dala... Egin dek arrituarena, baña ez taiuz: gezurra oi-eztekena ezagun... Bekañei eragin, bekokia zimurtu,... Alperrik; beribilletik yexteko...
Zorigabea!... Uzteko, beingoa gora-beera; Prantzira bear gorrian aizela... Aita ditzak apaiz-yazkiak, ginbail yatorra beatzaz erakutsi... Bost axola, etzegok errukirik!...
Atera zak anka bat, eta... iarren!; atera bestea, ta... otoi!... Begi gaxoak! Ezer eztet ikusi unkigarriagorik... Bustigabekorik ere ez, ain dirditsu...
Guk, etsitzeko; ikusi baitegu otseña eztala esanetik gibelatuko... Berak, ordea, ezin etsi.
Beribil berriak datoz. Mugazaia albora begira dan batean, apaizak esku dardartia atexkari egotzi: ginbail bulardetsuak, erabaki gorrien garaia eldu dalakoan, zutitu aurrea lerdenki bekoki-gañean, ta egal-atzea lepazamarreruntz etzin... Euskal-Erria-tik Eskual-Herria-rako zubian gera, onuzko burutik... Ta Yausoro etsituak, oña berriro beribillean sartu-eske: «Lagunak! —otsegin digu— ekingo bagenio laisterka!... »
Gizagaxoa!... Geronek bai, ekin bear izan genion ibillari, ura gabe, iñola etsiko bazun...
Larrain gaziak gero, arratsean, zionez, arena omen-zan abagunea, Espronceda-ren Etsigaizto itzala euskel-neurtitz bikañetan iraultzeko!
* * *
Apaizaz arinduta, bagoaz Prantzia dalakoan barrena.
Bagoaz, baña ez luzaroan... Etxeguren-ek eginkai txiki bat egiteko bai omen bide-ertzari begira... Ta entzun izan baitiogu maiz Arregi mardulari: «Laguna egin-bear gorrian danean, lagun akiok; naiz eorrek bearrik ez, yarri adi beintzat: sasira begira»; yetxi gera guziok, ta ustuantxean egonak gaituzu. bide-ondoko ormaxkari begira...
Lanok amaitu ondoren, Yausororenaz geniarduala, Etxeguren-ek bera ere gezurrezko agiriz datorrela aitortu digu... Gizon politak gatxeudek, alajaña!... Ta ez nolanaiko gezurra, ibarluzearra bailizko nor-agiria (zedula) atera baitu..., Larrain-en laguntzaz...
Beraz, iru kristautxo zitan gure arrean okerreko agiriez ornituak; eta oietarik, munduan oi-bezela, errurik txikienekoa eror. iAmaika lan emandakoak, erriak erdibitzeko arrasto oiek!...
Donibane-Lointzun-dik aurrera, erregebide aundia albora utzi-ta beste mearrago bati lotu gotzaio: kaskar-samarra bera.
Lurralde emea!... Mendixka bigun utsek bulartua... Guzia agiri da legun, lirain, guzia garbi, guzia... tipi... Errixkak, etxetxo apal polit banatuzkoak. Bizitzea, emen, zorion-uts bear dala uste; aizea berriz, beti epel, beti dirditsu...
Bitartean, Etxeguren-ek pillarmonika txiki bat atera dizu, ta, arixe ezpañak egotziz, asi da oska, biribilketa bizienak yoaz.
Tarteka, ordea, geldi ta beera, sasiari ipuiak esatera... Maskuri txikiagorik egundaño!... Gu aspertu gatzaio laguntzez, ta Arregi-ren arako aolkuaz gibelatu...
Lurralde atsegiña ondoren, onaa, luzaro-samarrean, beste bat, itun, bakarti, idorra... Orren arabera, bidea ere latzagotu, koskortsuagotu egin da, ta aren kankatekoez Etxeguren-en larria ez batere obekitu...
Gere ibilliaren azkenaldian, berriro leengo musker (berde) ezeak irten digu bidera, ikus-mugarañokoa pozgarriki yantziaz...
* * *
Orduak yoanik dira poliki. Amabi-t'erdiak arte ez gera sartu Donapaleu-n. Kaleak utsik, otordua baita... Errizelaian orraatik arki ditugu morrosko eder batzuk. Euskeraz galdegin ta euskeraz erantzun, eman dizkigute bearberriek. Biltzarra-koen bazkaria Trinquet-ako yatetxean dala, ta bagoaz ara.
Onaa berreun-bat bazkaldar bi mai luzeen alboetan yarrita, pelota-toki estalia zearo beterik. Badago an berriketaots ederra, erlauntz yoria iduri...
Arregi ta lagunak an dira, gu baño leentxeago sartuak, artean Yausoro-ren ezbearra eztakitelarik.
Etxeguren ta biok alkarrekin gera. Aurrean, Urruña-ko mutil ta agure batzuk, aruntzaxeagoko ziberotarrei ezka ta baika, ea nortzuk ote euskaldun yatorrenak...
Goizean egiñak dituzte gogozko yaiak. Gu ordea beti, iñora garaiz iritxienean, soñezkora, sabel-yaiera; ta are ozta-ozta. Yan-ezkero, gañerakoak guxi axola... Meza, mintzoaldi xamurrez; batzarrea, aurtengo gora-beerez ta etorkizunerako asmoez, apainduak; euskaltzale izandu baten gorazarrez oroitz-arria agertzea..., oiek guziak, zer?, urdalla zerk berotua badegu?... Argatik zan, ba, goizean asarre «Uitzi»: oiek ez genituala-ta atzemango... Orrek, ala ere, eztu esan nai «Uitzi» yale bizkorra eztanik.
Dana dala, gaurkoak, bai? ta yan dezagun.
Yaki-agiria euskeraz poliki egiña dago. Orren arabera, leenengo eltzekari saldatsu bat dakargute, barazki-puxka gozoez egiña; gero izokia arrautzolioki edo maionesaz; urrena idiki ona, ta, azkenik, indiollo bikaña erreta. Guzia aIderdi artako ardoxka garratz batek bustia... i Nik, gure Getari ta Zarautzeko txakolin orixka min!
Baña, ardoa bizienetakoa izan ez arren, labeak asi dira goritzen... Bai baita lasabide bat —gure lotsagarritzat norbaitzuk etsia— euskaldunen otoruntzez-gero ezinutsezkoa; eztarri ausartenak ekin diote abesteari, kantatzeari...
Artean, ordea, etzan orren garaia... Biltzar-buru-yaunak, guziek nekez ixillarazi-ta, mintzaldi labur bat egin digu... Anai auek esaera ere eztia dute ta, egoki lotua... Agur gozoak guretzat, mugaz zear etorrientzat; gu, giputzok, ezezik, bazan an ale bat edo beste Bizkaia ta Naparroatik.
Orain bertsolariak. Bat aundi-musugorria, bestea txikia ta aurpegi-zimela... Yaten ari-tokietan zutitu, ta ekin diote. Aundiak berebiziko neurkin edo metro biguna darabil: noiz-nai luzatzen zaio bost zentimetroz, noiz-nai beste ainbestez moztu. Orretan zeatzagoa da bestea; baña Zibero-eraz ari, ta gure belarriak, ezpaita oitua, gutxi yasotzen du.
Urrena, abesak du berriro aldi... Bakarkako batzuk ere badira: oietarik bat yakiña, gure Arregi egokia, abotsa pitzatzen asia badu ere... Urteak, enetxoa!... «Andrea, maite zaitut!...», abestu digu. Mutilzaar tinko batek, zer egokiagorik?...
Gure anai auen artean, mugaz onuzko alderdiko euskaldunen eri berberari oar natzaio. Buru-yantzienak, yakitez ertenenak, euskeraz aal-duten gutxien ari-izaten dira, naiz yardun-gaia erreza-izan... Gure etsaiak —olagintza industri larria, batez ere— balituzte, yarkiko al litzaiete gu baño biziagoki?
Bazkalondoan pillota-yokaldi bikain bat dago, alderdi ontan oi-diranetako pillota-toki albo-zabalean. Uritar gañekoenak —neskatx apañak «barne»— dira ikusle sutsu.
Baña, berandutxo degu guk, eta bide luzeak eginbearra. Onuntzakoan baño areago, Naparroan barrena Baigorri-tik itzultzea erabaki baitegu, gerekin, Yausoro zorigabearen tokian, beste apaiz yaun xalo agurgarri bat artuaz. Ez al da au ere olerkaria izango!...
* * *
Donibane-Garazi zeartu-berriak geralarik ikuskizunaren txoragarriak geldiarazi-egin gaitu. Esan-bearrik eztago Etxeguren-en maskuri urduriak, abagune oni eskar, artu bide-duan lasa-aldia.
Ibar ametsezkoa, zenbait mendixkek biribilki esia... Iru margoz, poliki naasiak alegia, irudia osatzen da. Zelaien ta basaxkaen muskerra, emen argi, an urdintxa, or arre-antz; tellatuen gorri miña; etxeen zuri txuria. Alkarren auzo dira, atseginzulo artan, iru-lau bat: urixka maitagarri. Ola-kebide bakar bat ez, ortziaren aratza, izerdizko, nekezko, oñazezko lurrun-gandor zikiñaz lardazten...
Iñartzi (inbiri)..., ta abia.
Baigorri-n mugazai euskaldun otxanak. Seirak —muga-ate ura itxi-garaia— yoak izan-arren, Biltzarra-koen artetik gatozela esanda aurrera utzk digute. iAlakoxe batzuk izan bazenitu aruntzean, Yausoro adiskidea!...
Iñularreko oxkiroa lagun atsegin degula, Izpegi-mendatea bitarteko aldapa igo degu, astiro-astiro. Lukaika polita, zazpireun neurkin gora egin bear baitira.
Orain Naparroa-n gera. Obeto esan, aspaldi genbiltzan Naparroa-n barrena, mugaz beste alderditik ere Naparroa baita. Ikus, bestela, non-nai, etxe-aitziñetan naiz pillotatokietan; ikus Naparroako kateak, arroki erakutsiak...
* * *
Illun-aski dala sartu gera Elizondo-n: artean etxetik urruti.
Leen ere adirazirik nagonez ezpai-gaituzl gogo-utsezko, aparia degu amets, eta, ao batez, bertan artzea erabaki degu. Ibarluze-ra urrutizkiñez (telefonoz) ots eginbearra, gaberdirarte ez gure usterik izateko; emaztearen —dutenak— ziri gordintxo batzuk ere entzun apalki, ta orra arloa antola!...
Otordu atsegiña egin gendun orratik ura!... Bikaña aparia, polita ardoa... Bazan an esan ta yolas-bearra!...
Ordun azaldu ziran gure arteko zaarpil guziak. «Uitzi»-k artu zun, leenbizikoz, astindu eder-samarra.
Nik, aren berri nekian bakar onek, galdegin nion biurriki:
—Ta?... «Uitzi»... goizekoa esango al-degu, ba?...
Larri zan gizagaxoa! Ukabilla estu-estu egiñaz:
—Yainkoak barka!... Ez gero!...
Gure mai muturreko lagunak —Larrain eta Rekaldek—:
—Zer, zer?... Yakin biar diagu ori...
Ta zirika nik, berriro: ta, berriro —yateari zearo uzteka, noski— «Uitzi «-k:
—Yainkoak barka!! Ez dezazula esan!!!...
Gezurra dirudi, latiñez ta griegoz yakin gizonak eta «trampa» txiki bat aitortzeko ainbestetaraño lotsa.
Baña alperrik ibilli zan. Bein artara-ezkero ni ere enengoan ixiltzeko, ta aren urduriak gero ta axkureagotzen ginduzen guziok. Ta, astiro-astiro, itzez-itz... orra yalki guzia...
Ura yolasa atera zuten artatik beste biak!... Polita zala yokoa, alegia!... Ea ura al-zan bere burua agiriz, idaz-bidez, zintzo ta zuzentzat erakuska diarduan kristauaren egitekoa?... Bazetorkela urrena ere zuurtasuna, gizabidea ta olakoak aipatu ta goresten: esango zutela berok, nornaik ikasteko eraz ta tokian, gizaseme makur ura nolakoa zan larrugorrian ikusi-ezkero!...
Entzutekoa zan, ta parrez lerregin-bearrekoa, ango aria. Larrain sudurruts betaurreko-aundi burusolla ta Rekalde betozki-illun bizar-beltza, patata errea baño legorrago biak, «Uitzi»-ri berebizikoak botatzen... Ta «Uitzi» gizagaxoa, berrogei urtetik gorako gizaseme tinkoa, Homero ta Virgilio koIkoan sartuta darabiltzian gizona, estu ta larri, esku baten ogi-puska ta, bestean ollasko-izterra (ta agoan bietarik aski), bere burua gerizatu-eziñik, neri erru guziak egotzi-naiean, neronek alako egin bideetan sartu bai omen-nun (egia zanez... )
Eskarrak gerekin genduan apaizari. Oben artarik, eta aren antzeko guzietarik, bertan yaretzen ginduala esan baitzun; orduntxe «Uitzi»-ren gogape bildurbera asi zan baretzen, ta ekin zion yateari biziagoki, leen galdu-astiaren ordañak nondik yasoko.
Beste gairik asko maxiatu zan. Aitatu zun norbaitek erderaz ta euskaldunen itsusiz ta kaltez idazten duan eusko gazte bat... Baita ere orretzaz «Uitzi»-k iñoiz argitaratu-iritzia. Izan ere, badirudi gure errian arrogarritzat artzekoa ote-dan beste iñon lotsagarri litzakena... Berotu zan «Uitzi» bere aburu-alde, ta igerri zion alegia pattarraren ontzixkak: ipurditik autsi baitzun mai-gañean ukaldika...
Berdinduxe giñalarik, eta naikoa. yardunik, etxerako asmoa, damuz bederik, artu genizun ta antxe azkedu zan gure eguna.
Gañerakoa, ezer gutxi. Ibilli, ibilli, ibilli; yoan, yoan, yoan... Utzi degu nunbait apaiza; beste nunbait utzi gaitu «Uitzi»-k eta illunak irentsi du... Ozkiro gazia, gau beltza, izar-mordo aundia... Nekea..., asperra, ogemiña...
* * *
Egun bat geiago... Egin al-degu zerbait Euskalerriaren ederragatik?... Ez asko, benetan. Baña, bada zerbait anai erdi-ezagunenganako elkarbidea, urrats bakar batez bederik, laburtua...
1922-gko. XII-22 g.
|