XXIII
EZKON BARRIAK
Andik egun batzuetara, Bilboko kalietan zear ebiltzan alkarregaz, dendaurretan begira, on itxurako gizon motz, gazte, sendokote, arpegi zabal bat eta bere ideko emakume argi, garbi, azkor, baltzerantxu bat, zituen jantzirik onenakaz biak, aterpetxu edo guardasol bana eskuetan ebiela. Ezagun zan, urriñetik be, erri txikiren bateko ezkonbarriak zireala.
Atean atean geldituten zirean begira, bada ate danetan dago Bilbon dendea, salerosketea ta zer ikusia. Emen, danetariko oial-barriak arro arro; or, atorra zuri ta alkondara leunak tente tente; orain narru bigunezko oin-zorro edo zapatak goitik berako errenkadetan argi argi; jarleku, mai, oe ta ispilluak urrengo, etxea betean; ardao zar da erari mueta edo eringo guztiak arutsatxoago, piper, tomate, lukainka ta urdaiazpikoen ondoan tolostuta; gozotegirik ederrenak gero, gozozko gizon, aingeru, etxe ta eliza ta guzti; ta beste aldean ostera zidarrezko ontzi tresnarik ikusgarrienak ugari, urrezko orduari edo erlojuak eundaka ta kate apain dizdizariak millaka. Aretxek zirean dendak, aretxek! Zenbat diru etegoan Bilbon!
Korreo kalean Au monde elegant izeneko denda eder baten aurrean bibo1iña joten egoan guzur-gizontxo bati barrez barrez begira egozala, billatu zituan Mañasik gure emakume ta gizona.
—Aitaren, Semearen! —esan eban, kurutzea egiñaz—, Josepa! Artobero! Nondik eta ona?
—Ementxe, Bilbo ikusten.
—Neugana etorri barik?
—Zeugana giñoiazan oraintxe.
—Noiz etorri zarie?
—Bart arratsean.
—Ezkonduta alzagoze?
—Bai, atzo ezkondu giñan.
—Da neuri jakin eragin bez?
—Zetako? Bagenkian Arranondora etorriko etziñalata.
—Ezteust iñok be ezeren albisterik jakin eragiten.
—Geuk dakarguz zutzat Arranondoko albiste guztiak, onak atan be.
—Onak?
—Ezin obeak. Atzo gure ezteguetan —jarraitu eban Josepak— gure lagun guztiak an ziran, zu izan ezik, zeu, lagunik andiena ta onena. Zu an etzegozalako utsune andia neukan barruan nik... eta besteren batek be bai.
—Zeñek gero?
—Anjelek.
—Anjelek!
—Bai, geure ezteguetan zan Anjel be, ta uste dot zu an izango ziñalakoan etorri zala geienbat. Lenago jakin izan baneu...!
Onetan egozala txinel edo errizain batek dendaurrean ez geldirik egoteko esan eutsien iru arranondotarroi, gizadien ibillerea galerazoten ebielata; baña Josepak eta Mañasik ezeutsen jaramonik egin. Eztakit entzun eteutsen be, andik urriñean egozan da. Ezeukien orduan belarririk ezer entzuteko, ez bururik ezer ulertuteko, ez biotzik ezer gura izateko, Arranondoko gauzak izan ezik. Artoberok bakarrik esan eban Arenal aldera eskua luzatuaz:
—Goazen aorrutz (ara orrutz) emen ezkagoz ondo ta.
—Zer diñostazu? —itandu eban Mañasik.
—Zeuk entzuten dozuna. Anjelek zeugaz ezkondu gura dau, ta laster egingo deutsu eskabidea, edo, obeto esateko, oraintxe egiten deutsut neuk, bere izenean.
—Emakumea! Ezeidazu irririk egin zeu zorioneko zareanean.
—Mañasi, noiz egin deutsut nik zuri barre? Noiz esan deutsut guzurrik? Egia, ni zorioneko naz, gizon langille on bat artu dot eta; baña zeu be bidean zagoz zeuk gura zenduanak gura zaituta. Aren aginduz edo esanez beren gurasoak emon deutsiez zuenai Indianoarentzat bear zituen milla errealak.
—Neuk be baneukan orrenbeste... Anjelen aginduz!... Eskerrak emotekoa da... Ta zer esan deutsu?
—Osterabe? Gozua alda albistea? Zeugaz ezkondu gura leukeala, orra, orixe.
—Noiz, nun da zelan esan deutsu? Dana jakin gura dot.
—Atzo, zalpurdi ondoan, da biotzetik ezpanetara jatorkozan itz egiazkoakaz. Zeugatik, bai, zeu ikusteko gogo andia neukan da; baña beragaitik batez be etorri gara gu Bilboraño, bada bestelan ezkiñan gu Durangotik onuntz igaroko. Bera egon jatan atzo, azken orduan, Bilbora ta Bilbora ta Bilbora etorteko jardunaz zuri esan deutsutana esateko. Pozik zagoz orain?
—Josepa, au poz geiegia dala uste dot niretzat. Ezin ziñistu daiket. Zelan izan leiteke ori Anjelek eta nik alkarregaz bein bakarrik itz egin badogu?
—Jaungoikoaren gauzak, Mañasi.
—Ta nondik edo zegaitik eten da Antonigazkoa?
—Patxi ta Perugaitik. Batak eta besteak Diputau edo orretariko agintari izan bear ebalata, erri guztia nastau dabie: Jakingo zenduan.
—Bai, zerbaiten entzutea badot.
Artobero, ordurarte ia itzik egin ezeban Artobero ixilla, Arranondoko aserrien oiarzuna balitz lez, sartu zan autuan:
—Patxiren aldeko guztiak zenrzubakoak dira, Mañasi. Eztago Peru lango gizonik, ona, errikoia, jakintsua, emollea da Peru. Bestea barriz edozer gauza, badakizu zer dan edozer gauza? Orixe da ba. Perutarrak gara gu, ta Anjel be bai.
—Ondo da —erantzun eban Mañasik— baña bere aritik eruan nai eban autua, ta Artoberok edegi eban bideari jarraitu barik,
—Eta eraztuna? —itandu eutsan Mañasiri.
—Ai! Barre andiak egin doguz eraztun orregaz. Zuk Arranondora bialdu zenduanerako, erri guztiak jakin eban Baserritar Mutilzarrari emoniko kalabaza barrien albistea, ta emakume ikusmin asko izan giñan zuenean eraztun ori ikusten. Ikusi orduko berialaxe esan eban Azeritxuneko Petrak:—Ene! Neuk euki nebana berbera da. Neuk lenengo ta Birigarroneko Mikallok urrengo, Ja jai! Etxerik etxe erabilteko erosia izango da.— Gero barriz, otu jako Tramanari bere eskuetan euki bear dabela, sartu dau bere beatz lodian, señora balitz legezko itxura ta ziñoak egiten ibilli jatzu ta, azkenean, ezin inondik iñora biatzetik atara. Zure aitaren estutasunak, Tramanaren arraiuak, gure algarak zelangoak ziran! Tramanari atzamarra ebagi bear geuntzelata ibilli giñan, olgetan.
—Baña emongo eutsien eraztuna jaubeari?
—Bai, emakumea, bai, ta oraindik askoren eskuetan ibilli bear dabela deitzot.
—Ederra zan ba! Egunero ipinten neban eskuan, guztiz ondo jatorkidan, da egia esaten deutsuet, eraztunagana zaletu egin nintzala uste dot.
—Bana Indianoagana etziñan zaletu.
—Ez, ori ez. Alperrik gure etxekoandreak egin ditu egiñalak eta esan deustaz esateko guztiak, nire biotzean ezin izan da sartu Egurbideko gizon ori.
—Jakiña ba. Bestea zeukan biotzean da...
—Baña, Josepa, benetakoa eteda Anjelen eskabidea? Zer deritxozu?
—Barriro be lengora? Eztotsut ba esan biotzetik ezpanetara jatorkozan itzakaz esan eustala?
—Ta zuk zelan dakizu?
-Ikusiagaz. Orreik gauzok arpegian ikusten dira. Ondo siñisgaiztokoa zagoz zeu.
—Ia ba, Antonigaz be bi aldiz ibilli da ta.
—Baña ez gogoz. Berak autortu dau.
—Berak autortu! Ai, Josepa! Ondo esan dozu len: Jaungoikoaren gauzak dira oneik. Jaungoikoak entzun deustaz nik Begoñako Amaren bitartez egin deutsadazen arrenak. Siñisgaiztokoa nagola diñozu, baña eztot nik egundo siñistea galdu. Ziur ziur zenkizula ta Antonigaz ezkontzen zala esaten zeunstanean be, nik baneukan neure arima barruan eztakit nondik norako siñistea ta itxaropena. Gauza miragarriagorik nai dozu?
Nik eztakit noiz artean egongo ziran autuan gure ezagunok, beti lelo bati eragiñaz, non egozan be aztuta, bertan bera sartu zan aize indartsu ta euri zaparradeak igitu ezpalitu. Aizeak zabundu zituan gogotik Ondartza edo Arenal-eko zugatzen adarrak, jaso zituan lurretik odeien itxurako autsak, itxutu ebazan joan etorrian ebiltzan gizadiak, kendu ebazan buruetatik ondo sartu bariko gizon-txapelak; eta aizearen atzetik etorri zan truxuak sartu eragin eutsien zalapartaka bebarruetara kafe aurretan jarrita egozan gizon guztiai.
—Jesus! Auxe da egualdia! —esan eban Mañasik, Done Nikolas ondoko aterpera akitika eldu zanean—. Arratsalderako onduko dau, Artobero?
—Baietz uste dot —erantzun eban onek.
—Nai neuke beintzat. Zuei laguntzeko baimena eskatutera noa ni. Arratsaldean Begoñara joan bear genduke, ta olango egualdi txarragaz...
—Egualdi txarra? Lurraldean eztago egualdi txarrik, aterpeak dagoz da. Itxasoan dira egualdi txarrak, eta jum! gaurkoak gogor joko dabela uste dot.
|