XIV
NAIGABEAK
Sarri dakie gurasoak etxeko seme-alaben zorigaiztoa egiten: batzuk umeai zuzenbidea erakusten ardura bagekotxuak izan oi diralako; beste batzuk ikasgarri okerrak emoten deutsiezalako, euren aurrean edozer gauza esan edo egiñaz; onek norbere umearen utsegite ta griña txarrak ikusten eztituelako, beste batenarenak ikusteko begi zabalak eukiarren; arek bear dan orduan astiñalditxu batzuk emoten ezteutsezielako, aserre barik eta euren onean dirala erakutsiaz; da, geienak, semealabak bizi bide barria artu bearrean edo ezkongei dagozanean, umien zorionari baño euren (gurasoen) uste ta gogoari geiago ta obeto begiratu oi deutsielako.
Alperrik da esatea osoro ta geiago eziñean maitetuten dituela euren umeak. Ori danok dakigu, baña, nire ustez, maitetasun guztien azpian, sustrai barruan, biotz mamiñean, bakotxak norbere ondo-naia, norbere buruaren maitetasuna idoroten dau bestienganakoagaz nastean, da gurasoak be bai eurenean.
Orregaitik, seme alabak ezkontzeko egunetara elduten diran eretian, gurasoak eztira euren guraria ukatu gura, euren gogo betekoa eztana eztabie nai etxean, naiz da izan semien gurarikoa, ona, adjutua, elizkoia, ta langille maratza etxera ekarri gura dan mutil edo neskatillea. Ta guraso askori gogoa beteteko, dirua ta ondasuna izaten dira gauzarik onenak. Euren iritxiz, etxejauntzakoak etxejauntzakoakaz ezkondu bear dira beti, maizterrakaz maizterretakoak.
Egia da, semien gañean, Jaungoikoak eta Izakiak emoniko aginpidea daukiela gurasoak, eurai jagokela esonde ta erakusmen zuzenak emotea; baña eztabie aztu bear euren aginpide ta esanetan Jaunaren legeari ta seme-alaben onari begiratu bearrean dagozala. Zarrago diran aldetik argi geiago euki daroe, ta erakutsi daiela euren gogamena: baña ez beti jarraitu eragin, seme alabak errukarri izateko zori ta agiñean ipiñiaz.
Anjelen aita ta ama beste askorenak legezkoak zirean. Gure mutil onek, bere barruan zerbait erabilliarren, ezeutsan iñori ezer esan, da Arrenobaten oña sendatuten egoan bitartean, Sardinzarrek eta emazteak, emazteak batez be, euren mutilla lotsatia zala ta egundo berez etzala aurreratuko gogamendurik, Antoniren gurasoakaz egon da arautu ebien gaztien ezkontzea. Geiagoko bage gauzea eginda egoala uste izanik, atunetara baño len, Donibanetarako, ezkonduko zireala zabaldu eben erri guztian, da etxe bizitza barrirako bearkiren batzuk egin eiezala agindu be bai, ixil isillik.
Antoni pozez zoratzen egoan. Etzan bera iñoganako maitetasunak urtuko eban emakumea, Anjelegaz legez beste edozeñegaz ezkonduko zitzatekean, au baño geitxoago izan ezkero besteren bat; baña, Arranondon, mutillik eder da aberatsentzat egoan Anjel, neskatilla guztiak gauzarik onena zala ziñoen, da orregaitik egoan ain pozik Antoni, gauzarik onena beretzat zalako. Erriko adiskide guztiak ondamuz begiratuko eutsien berari: orixe zan Antoniren gogamen bakarra.
Entzun daigun orain, Anjelek, Elgoibartik etorri zanean, Amagaz euki eban izketartea. Aita itxasoan zan.
Amak. —Astia emon deutsugu, seme, ta onezkero zerbait erabagiko zenduan.
Anjelek. —Zer erabagi, ama, zeren gañen?
Amak. —Ori diñostazu? Ezkontzearen gañean ba.
Anjelek. —Aa!
Amak.—Guk u, zeuri bideak edegiteagaitik, Antoniren gurasoakaz itz egin dogu, Antoni bera be prest dago, ta eztaukazue abadeagana joatea besterik. Ara ama on batek zelango lanak egiten deutsazan seme onari.
Anjelek.—Baña, ama, nik ezer erantzun ezpadot!
Amak. —Eta etzenduke erantzun be egingo. Lau illabete bada gauza onen gañean itz egin neutsula, ta mutik ezteustazu esan, da nik i... Beti ezkongei egon bear aldozu?
Anjelek.—Eznaz oraindiño zarra.
Amak.—Baña ni bai, ta gure etxean neke asko dago emakume bakarrarentzat.
Anjelek.—Artu bei ogipeko neskame on bat.
Amak.—Etxekoa dozu neskamerik onena, txotxo.
Anjelek.—Ezkara ondo bizi, ama? Bizi gaitezen olantxe, oraindiño.
Amak.—Ta zegaitik eztozu ezkondu gura Antonigaz?
Anjelek.—Egia esateko, etxat biotzera sartu neskatilla ori; arrotxoa dala uste dot, apainduri zalea, lerdenegia.
Amak.—Ta zer esango dabe gugaitik Antoniren gurasoak?
Anjelek ezeutsan itaune oni ezer erantzun. Bekian amarena berea zala errua, baña ezeutsan arpegira bota gura.
Aita itxasotik eldu zanean, illuntxo billatu zituan ama-semeak, eta bere itauneri «bai» edo «ez» besterik erantzuten ezeutsiela. Igarri eban nundik etorriko zan illuntasunaren asierea, baña euren aotik entzutearren,
—Zer izan dozue? —itandu eban.
Amak.—Zer izango da? Gure seme oni arrotxoa irudituten eijako Antoni Errota, lerdenegia, apainduri zalea. Lerdena izatea obea da korkoixa izatea baño, ta apainduten bada barriz, bereagaz apainduten da: berak dauka arek apaingarriak erosteko ta geiagorako.
Sardinzarrek semeagan ipiñi zituan bere begiak, arek zerbait esango ebalakoan. Anjel suaren garrari begira egoan, ixillik.
Baeukan mutillak zer gogamendu. Alde batetik bere buruak zirautsan txarra zala gogokoa etzan emakume bategaz ezkondutea; beste aldetik ezeutsan bere amari naigaberik emon gura; axe zan bene benetako estualdia.
Sardinzarrek barriz, gauza guztien gañetik etxeko bakea ta semearen ona gura eban. Egia, bera ibilli zan, ainbeste bidar, ardantegiko lagunai ta txalopa barrukoai esaten, Antoni Errotagaz ezkontzen jakola semea, ezkontza ori gauza andia zalakoan; baña etzala ezkontzen esateko be laster jarriko zan, alan bear izan ezkero.
Iñok aorik ezebaia edegiten ikusita gero.
—Ia ba —esan eban— guk u, Anjel, egin doguna zeure onagaitik egin dogu; baña zeu zara ezkondu bear dozuna ta zeuk gura ezpadozu...
Amak, negarrez.— Auxe da ordaña! Beragaitik buruausten jo ona ta jo orra ibillita, auxe da ordaña!
Amaren ganorabagekeri ta bidebageko esateak min andia emoten eutsien Anjeleri. Ezekian zer esan, ezekian estualdi atan nundik urten. Begiak itxi ta ezkonduko zala esateko be baegoan. Azkenean, egonaldi bat eginda,
—Ona da —itandu eban— norberak nai eztabela ezkondutea?
Aitak.—Ez, txotxo, ori ez. Zeuk gura ezpadozu, len be esan dot eta...
Anjelek. —Nik badakit esker asko zor deutsiedala neure gurasoai ta eskerbagea eznazala uste dot: euron mendeko nago, ta eurok agindu ta gogo barik ezkondutea ona dala esan ezkero, ezkondu be bardin egingo nitzateke; baña ezta ori neure guraria gaur beintzat, eta nire iritxia da luzapena emotea Antoniren gurasoai. Olan eztira eurok iñogaz txarto geldituko ta nik arnasea eukiko dot.
Aitak.—Ondo esan dozu, seme, ederto. Goazen orain errosariora ta ¡biba la pas! Andrea, ipiñi eikeguzu gaur apari on bat.
Amak ezeban geiago ezer esan. Gizon biak joan ziran elizara. Andik urtetean, gure mutil oni, aparitara eioala, «Anjel» deitu eutsan kale baztertxuan eliz-zapia tolostuten egoan emakume gazte batek.
—Ola, Antoni, —erantzun eban mutillak.
—Zer barri? Noiz etorri zara?
—Gaur arratsaldean.
—Ondo?
—Bai, sendatu naz.
—Elizan ikusi zaitut eta itanduteagatik urten deutsut bidera.
—Eskerrikasko.
—Ta? Ezer esan deutsue etxean?
—Bai.
—Zer deritxozu?
—Oraindiño eztogula olangorik bear.
—Ee! Zegaitik? Donibanetarako ez? Noizba?
—Eztakit noiz.
—Eztakizula noiz?
—Ez.
—Gitxi gora bera bez, gizona?
—Gitxi gora bera bez.
—Zoratuta alzagoz? Zuk eztaukazu ezkontzeko gogorik.
—Oraindiño ez.
—Oraindiño ez? Neuk be ez ba... Nai baneu zu baño obeak badaukadaz edonoiz da edonun.
—Eukizuz ba, emakumea. Zeñek esaten deutsu ezetz?
Onenbestegaz aldendu zirean neska mutillak bata besteagandik: azkar neskatillea, batbatera esnatu jakozan kirioak emoten eutsien bizitasunagaz, aserre ta muker, etxe bazterrean negar egitera, erriko mutillik ederrena beretzat ezegoalako; baña kalearen erdian kezka bagekoaren antzera agertzeko ustean, berak itxi ebala mutilla esateko asmoagaz: Anjel, astiroago, amaren bildurrez, baña pozik, gurasoak ipiñi eutsien lokarria ain laster urratu ebalako. Ezeban uste berak alango gertaldirik ordubete lentxuago. Bear bada gurasoai aurre artzea etzan ondo egiña izango, baña zer egingo eban ba, gauzea esku artera etorri jakon ezkero?
|