XVI
ALDERDI ARGALETIK
Min andia emon eutsan Indianoari Mañasiren erantzuereak.
«Asko da gero —zirautsan bere artean gizon orrek, Mañasiren eskutitza artu ebanetik laster— asko da famili beartsuko neskame pobre batek nire aberastasunari ez begiratutea... Zarra nazala ni! Orixe da gizonari arpegira emoteko arrazoia! Iñoiz bein akordau jataz neuri be neure urteak: ikusi ditut, naigabez, ispilluaren aurrean nagoala, bekokiko zimur da arpegiko bizar batzuen zuritasunean; baña olango gauzarik etxako iñori esan bear... ¡Sin educasión! Neuk erakutsiko deutsat ari. .. Nik eztot gura zartasunaren gomutarik. Zetarako da edadeak bere atzetik dakarzan eritasun, gaixo ta eriotzeagaz gogoratuten egotea? Berez be badatoz bai olango pentsamentu gaiztoak, geiegi, ta naikoa garraztasun emoten dabie.. . Olango kontuak aztu egin bear dira zerbait ondo bizi izateko, ta orregaitik etxat gustetan gaixoakana ta entierroetara joatea. Gustoko pertsonak ezleukie joan bear egundo... Beste gauza bat da erromeri ta bodetan ibiltea!... Ta noiz zelebrauko ote dodaz neure bodak?... Egi egia neure buruari esateko, ez naz gaztea, ez; baña ezkonduten dira zarragoak amaika... —Kristiñau otza nazala, gañera, ta bada ezpadako euskalduna! Iñusentea! Zer dauka orrek zer ikusi ezkonduteko edo ezkongai egoteko? Au ezin leike Arranondon esan, baña eztira bizi asko munduan ondo ederto, Jaungoiko barik? Zetarako dogu gero Jaungoikoa?... Ta zer gauzea euskaldun izatea! Zer kostumbreak eurenak! Artoa jan, sokilla jo ta iñok eztakian lenguajean itz egin, Ameriketan ikusi ditudan salbajeak legez, gitxi gora bera. Orixe da emengo baserritarren bizimodua: orixe izango zan neurea, mendi tartetik urten ezpaneu. Ta bizimodu ori maitetu! ¡Parese mentira!... Abadeak daukie kulpea, abadeak. Eurak dabiltza beti emengo abueloen uso kostumbreak konserbau bear dirala deiezka; eurak eidiñoe eznazala ona elizara sartzen eznazalako. Ezagun da bai argizari jaleok ni lez estranjerian ibilli eztirana. Nik aña lur ikusi balebe, jakingo leukie ilustraziñoia daukien gizonak eztirala joaten elizetara... Lastimea da Mañasi lango neskatilla bat abadien esanera egon bearra, lastima andia. Kenduko deutsadaz nik elizkeriok nire eskuetan jausten bada. Ta jausiko da. Zegaitik ez? Maitetasunaren eztena, biotzaren erdian, geroago ta biziago daukat, zirika-zirika, ta egin bear dot zerbait. Mañasiren biotzak gaztelu sendoa dirudi, baña badakit nun dagoan gazteluaren alderdi flakoa, badakit, eta alderdi orretatik sartuko naz gazteluan. Bai, Jaungoikoak gura badau, Jaungoikorik eztago baña».
Esan da egin. Iñoiz ez da egun atan, Indianoa, egualdi txarrari arpegi ona ipiñi oi deutsienen gisa, barrez barrez, Txanogorriren etxera joan zan illunabartxoan.
Txanogorrik muskillea eriola ezagutu eban Joxantonio; Txanogorriren emazteak amaika bidar erosi eutsan iru errealeko egur txortea enparantzan; baña gero, Egurbideko mutil ori, kanpoetan ibillita, Arranondora barriro agertueran, andikiakaz batu oi zan beti; ta D. Jose Antonio esaten eutsan erri guztiak.
Txanogorrik eta emazteak gure jantzi apañeko baserritar-zalduna, urrezko katedun gizona, etxean ikusi ebenean, ezekien beragaz zer egin.
Emakumea, zarrapastaka, ezarlekurik onenaren billa ebillela,
—Baña, Jauna, zer dakar gure etxe zarrera berori lango gizon batek? —itandu eutsan Txanogorrik.
Indianoak.—Niri ez zuk jaunik esan. Zuk niri seme esan bear deustazu.
Tx. eta E., konkortuta. —Zer diño, Jauna? Seme? Zelan izan leiteke ori?
I.—Zelan? Era batera bakarrik. Etxazue gogoratuten?
Tx. eta E., alkarri begira. —Ez... edo bai... baña... ori..
I.—Ezin leiteke? Ezeuskidazue emongo Mañasi emaztetzat?
Tx. eta E. —Baña badaki berorrek zer esaten daben? Ondo ulertu dau eskabidea? Gulangoakaz berorren burua bat egitea...
I.—Zeuek gura badozue beintzat...
Tx. eta E. —Guk bai, Jauna, guk bai pozik.
I. —Bada Mañasiri esan eikeozue.
Tx. eta E. —Bai Jauna, ta berorrek be, esan beio.
I.—Nik esan deutsat.
Tx. eta E.—Eta?
I.—Eznabela gura erantzun deust.
Tx.—Zoro arraiua!
I.—Zein?
Tx. —Neure alabea, Jauna, neure alabea. Eztakie gazteak ogia irabazteko zenbat izerdi bota bear dan. Berorregaz ezkontzen bada, ogia izango dau.
I. —Nigaz ezkontzen bada, señora izango da Mañasi. Ia berrogei milla ogerleko daukadaz nik.
Tx. eta E. —Ee?
I. —Ia berrogei milla ogerleko.
Tx.—Jeseuus!
E.—Ezin kontau ala diru!
Tx.—Ez bei bildurrik euki, Jauna. Nire alabea berorregaz ezkonduko da, berorrek gura badau.
I. —Nik gura dot ba.
Tx. eta E. —Guk be bai, ta ezkonduko da.
I. —Zuen eskuetan geldituten da nire eskabidea.
Indianoak oso alai urten eban Txanogorrinetik, bere artean esanaz: «neurea da, diruak edegiten eztaben aterik eztagota».
Txanogorri ta emaztea barriz txotxindurik egozan. Aberatzak izango zirean, guztizko aberatsak. Nai aña jango eben, nai aña edan, gura aña lo egin, da lanik baperez. Etzan izango geiago gaberdian jagiterik, etzan izango besigutara edo atunetara joan bearrik: besigu ta atunik onenak etxera ekarriko eutsiezan aurrerantzean. Atuna ta besigua? Baita okela zati ederrak, ardao zar ona ta tabakorik indartsuena be. Axe zan erea! Neguan jaka-gona bigun lodi berogarriak jantziko zituen; udan, aukerako oial mei zuritsu argi ta garbiak; egunero entzungo zituen mezatxu bat edo bi, illuntzean joango ziran, biak alkarregaz, Antiguako Ama maiteari eskerrak emotera, ain zartzaro ona jaditxi eutsielako.
Euren lenengo zoroaldian, albiste entzungarria erri guztiari esateko gogoa etorri jakoen, baña gero, gauza guztiak orapillotu artean ixillik eukitea obeto izango zalata, egun batzuetan ixillik eukitea erabagi eben. Deitu eutsien Josepari, eskolaua legez, eskutiztxo bat egitera, ta atean sartu orduko asi jakozan senar emazteak:
—Josepa, zuk be gaur geugaz batean poztu bear dozu.
J. —Zer dala ta?
Tx. eta E. —Mañasiri eskutitz bat egin bear deutsazu barri on bat emonaz.
J. —Baña zer da bera?
Tx. eta E. —Guk be ezin siñisturik gagozan albiste zoriontsu bat.
J. —Esaidazue ba ia zer dan.
E. —Ara. Ezagututen dozu Egurbideko Indianoa, D. Jose Antonio?
J.—Arako agure motrollo ganorabakoa?
E., arpegia zerbait illundurik. —Emakumea, ezta oraindiño ain agurea ta gitxiago barriz motrolloa.
Tx. —Ta ganorea, Josepa, ganorea dirua da.
J. —Ganorea dirua? Noiztik ona?
Tx. —Antxiñatik eta beti... ta orrek dirutza andia dauka; gure etxeak artu ezin ala bai.
Zorrozkeri bizian zerbait erantzuteko gogoa etorri jakon Josepari, baña bere lagunaren gurasoak zer eterabillen jakingureak atzeratu eutsan miñaren ertzean eukan esakerea.
Tira —jarraitu eban— argiratu daidazue ipuin ori, ta Indianoaren diruakaz nundik daukazuen zer ikusia.
Txanogorrik, barruko eztitasuna ezin gordeta, irribarrez, lurrezko pipa motza atzazkal lodiakaz beteaz:
—Eizu kontu D. Jose Antonioren diruak neureak dirala.
Mañasiren ama, beso biak bular azpian kurutzetuta, begira jaokon Josepari, onek ze arpegikera ipinten eban ikusteagaitik.
J. —Ezin dot ulertu ori zelan izan leitekean.
Tx. —Geure alabea D. Jose Antoniogaz ezkonduta!... Berbera etorri jaku, ementxe egon da, berak esan deusku Mañasi nai leukiala emaztetzat.
J. —Baña Mañasik eztau naiko senartzat Egurbideko agurea.
Tx. eta E., batera, aserrezko arpegia ipiñiaz:
—Zegaitik ez?
J. —Burutsua ta ona ta biotz andikoa dalako Mañasi, ta biotz, buru ta Jaungoiko bageko gizon bategaz ezingo litzatekealako ondo bizi.
Tx., aserre andiagoan. —Ta zeñek esan deutsu zeuri buru ta Jaungoiko bagea ta biotz gogorreko gizona dala D. Jose Antonio? Iñoren ona ezin ikusi daben dollorren batek, satorraren antzera edonori azpiak janaz bizi dan ozkil, salatzalle, guzurtiren batek. Eleuzkit neuri arpegiz-arpegi esango.
E. —Ta, Josepa, zer da burutsua izatea, zer? Etxera datorkigun ondasuna leiotik bera jaurtitea? Zulango eskallu burubakoa izango litzateke Mañasi be, ezkondu gurako ezpaleu...
J. —Etzaiteze aserratu, baña eztau gurako ba... Ezta naikoa nik esatea, berak erantzungo dau.
Tx. —Ba, ezezkorik erantzuten badau, eztau gurean geiago ankazurrik sartuko.
E. —Ori ez orraitiño.
J. —Paperik eta lumarik badaukazue?
E. —Ara or: beko andreak emon deuskuz.
J. —Ia ba, egin daiogun eskabidea.
E.—Baña dana ipiñiko deutsazu gero.
J. —Dana.
E.—Ezteilla burubakoa izan.
J. —Bai.
Tx. —Señora izango dala.
J. —Bai, bai.
E. —Gure zartzeari begiratu daiola.
J. —Baita.
Tx. —Ondamutsuen esanari ez jaramonik egiteko.
J. —Baita.
E. —Zoriona etorriko jakula.
J. —Dana, zuek diñozuen guztia... ta zerbait geiago.
|