XIII
ALKARREN AURREAN
Ura, gatza ta ezkata edo eskamea darioela ibilten dira Arranondon txalopa jaubien emazteak, euren alabak eta alogereko emakumeak, besigutarako bear dan arrain txikia upalategietara eruan da gazituten. Baña berez garbi dana edozetan oi da garbi, ta gure Mañasi, arratsalde baten, trauskoak oñetan da belakizko (aize-oialezko) gonea jantziarren, olango zeregiñetatik, ondo orrazturiko ulea buruzapi polit bategaz loturik, ezkatak ondo astindurik, eta iturriko uretan erabilli zituan eskuak oial-zorkiagaz legortuten eioan etxeruntz, altzaneraño txukun da beste edozein baño garbiago.
Ain zuzen, beren aterpetik urten da, orduantxe eioan Anjel be kale batetik besterako malletan gora, errenka, errenka, ta uste uste barik jo eben alkar gazte biak.
Mañasiri, arpegiko azal zuria berealakoan gorritu ta, barruko zarrada andi bategaz, taupadaka jarri jakon bere biotza; zer esan ezekiala ta erdi moteldurik gelditu zan emakumetxoa. Anjelek, orma ondoko egur latzari elduta igoten joiala, albokera ikusi eban auzoko neskatillea.
—Zer dozu, Anjel? —itandu eutsan onek, zelanbait arnasea artu ebanean.
—Gauza andirik ez, baña ementxe nago iragoko egunetan, ezertarako eznazala. Lenagoko baten, (bariakua zala uste dot) txalopan, maste nausia erasten gebiltzala, eskuetatik iges eginda, ezkerreko biatzak zapaldu eustazan.
Mañasik, zentzun guztiak ezpanetan ipiñita:
—Baña ausi-aterarik eztozu izango?
—Ez ba, zapaldua bakarrik. Alan esan eban osagilleak.
—Eta zegaz ipiñi deutsue?
—Linaziagaz edo eztakit neupe.
—Orio ta ardauagaz nastean?
—Baietz uste dot.
—Orioa ta ardaua guztiz onak eidira olango zaurietarako.
—Alan esaten dabe, baña neuk eztaukat oberik. Anditu egiten jat ibilleran.
—Ez ibilli.
—Ta etxean egon, alperrerian?
—Etxean be izaten dira arazoak.
—Atzo ta arañegun egin nituan neukazanak: esku-zurda ta txibi korain batzuk, bear diranerako. Orain eztaukat geiago berunik eta loro ta tantzarik bez.
Geure aitak daukaz, da emongo deutsudaz gura badozu.
—Ez, ez, eskerrikasko. Badaukat zeregiña tretzakaz.
—Zuk, u, danari itxita, Arranobatekoagana joan bear zenduke, Anjel.
—Zer edo zer egin bearko dot, obeto ezpanoa.
Anjelek, nekatu egiten zan da, geldi geldi igoten zituan arrizko malla zarrak, bidean billatu eban lagunari zearkera begiratuaz; besteak, etxerako gogorik ezeukan edo, oraindik Anjelek baño astiroago igoten zituan. Asieran eukan bildurra bota ebanean, geroago ta errezago egiten eban itz, Erriberatik goragoko kalera lasterregi igotea ezeban gura, ondo egoan Anjelegaz jardunean, da au dala ta ori dala, orkoa ta emengoa, urlia ta zendia, esan da esan, txutxu ta putxu, aleban guztia luzatu eragiten eutsan mutillagaz eukan gatzbageko autuari. Ta gatzbagekoa izanagaitik autua, edo berakatza, edo porrua, edo kipulea, baeban zerbait, bada mutillak geroago ta geldiago igoten zituan mallak, eta azkenerako, Mañasiri aurrez aurre begira, atseden andiak egiten ebazan malla bakotxean.
Arpegiko gorritasuna joan jakonean, zurbiltxoa gelditu zan neskatillea; begi bitarte illun lausotua eukan, baña begirada bat bai bigunagoa! Anjelek ezeban alango begiradarik ikusi, ta pozik ikusten eban orduantxe.
Zer esan andirik ezeuken euren artean, baña etxera joan bear andirik bez, itxuraz beintzat, ta gora ta bera ebiltzanai «agur» edo «arratsaldeon» egiñaz, baziarduen euren amaibageko jardunean.
Onetan, len goruntz joiala ikusi eben Tramana betorren ostera beruntz, ta eskuak gerrian zituala, autodun biai apur baten begira gelditurik,
—Gazteaaak —esan eutsien irribarrez— luzea dozue aria zeuek. Ezin eten e, ezin eten?
Da Mañasi, lo gozotik esnatuten dan bat legez, barriro gorri gorri eginda, begi andi zabalakaz begira jarri jakonean,
—Ez lotsatu, neskatillatxua, —jarraitu eban Tramanak— ez lotsatu, garaian zagoz da. Aukerakoak zarie zuek bata bestearentzako.
Arriturik gelditu zan Mañasi bere barruko amesak ikusi ta agertu eutsiezalakoan: Anjel, iñoiz baño geiago ta obeto neskatilleari begira.
—Entzun dozu zer esan daben? —itandu eutsan onek Mañasiri.
—Edozer gauza orrek —erantzun eban besteak— lotsabage andia da ta.
—Bai, lotsabagea da.
Ta auxe da ipuña. Tramanaren esana lotsabagekeria zan, baña gure gazteok ezeben txartzat artu.
Barrez asi ziran arrain saltzalleak esan zituan itzen gañeko autuan.
—Ezpagenki lez —ziñoan Mañasik— Anjel eztagola Txanogorriren alabearentzat.
—Zegaitik ez?
—Zagoz ixillik: gauza asko gaitik ez. Erri guztiak eztaki Antoni Errota-gaz ezkonduten zareana?
—Errietan, emakumien miñean batez be, barritxukeri andiak ibilten dira. Neuk diñotsut eta siñistuidazu, Mañasi: niri oindiño iñogaz ezkontzerik etxat gogoratu.
—Ee? Egia diñostazu, Anjel?
—Egi egia.
—Zelan, bada, egoten zara Antonigaz?
—Asko askotan eznaz egon. Zeugaz be banago.
—Baña nigaz beste era batean.
—Zuk zer dakizu?
Au entzutean, Mañasiri begi biak malkoz bete jakozan, da Anjeleri bat batera bereak argitu. Baña geiago itzik egiteko asti bage, neskatilleak, txalopetako otzarakaz mutiltxoak betik gora etozela ikusi zituanean,
—Ene! Txalopak etorri dira, ta aparia egiteko oraindik, ama errekan da ta —esan eban— da asi zan arin-aringa etxeruntz, Anjeleri agur egin barik. Onek be ezeutsan agurrik egin, baña bere artean esan bai:
—Zelan otu etxako lenago aparia egin barik eukala?
Zer diñostazu, irakurlea? Amesetan egongo zala gau atan Mañasi? Jakiña ba.
Baña amesak ames izaten dira beti, itxurazkoak izan arren.
|