XXII
OTSOAREN BELARRIAK
Nok daki etorkizunaren barri? Zeñek igarri leikez bere barruan gorderik dagozan erri ta gizadien goraberak? Zelan neurtu gauza uts batetik etorri leitekean ona edo kaltea? Nondik otuko jakon Anjelen amari, illabete lenago, Antoni ta Anjelen arteko ezkontzea galduko zala barriro?
Bada galdu zan. Patxi ta Peru jaso edo jatsi bearragaitik gurasoak aserratu ziran lenengo, ta eurak egin eben lanik andiena gazteak otzitu eitezen be, Anjelek bere aldetik ezeban asko bear baña.
Sardinzarren ustez, Koipetarrak antxiñatik zirean eriste andiegikoak, beti euki oieben burua besteak baño geiagokotzat, eta areikaz ondo egon nai ebanak, morroi edo mendeko izan bearko eieben, naiz da euren etxean bizi ez. Emazteak ostera, diru zaletxoa zan baña, ezeban gura bere seme kutuna iñoren morroikintzan ikusterik: etzan orretarako azia. Etxe bietako nagusi gazte maite bat ez izatekotan, senartu zedin be ezeban gura. Zarrak baño askozaz obeto zainduko eieban Anjelek etxe bietako ondasun izkia.
Mari Errotak barriz, bere aldetik, ondo izateko ezebiela eurak iñoren laguntasunik bear, esaten eieutsan alabeari; ez ibilteko lagun billa, gura añako ezkongeiak etxera etorriko jakoezala ta. Jokatuko eieban arek, eta baita Matxiñek be, eurenean Sardinzarren etxean baño urre zar geiago idoro baietz.
Etzan, alan be, Antoni amaren siñistekoa, ta amari entzungor egiteko asmoak ebiltzan lenengoan. Urre zarra eukiko ebien, baña berak gura añako mutillik ezjatorkon Antoniri. Erbesteko oial-saltzalle guzurti batek zerbait esan eutsan bein, jai arratsalde batean, (ai ze poza izan eban orduan!) baña oial-saltzallea etzan geiago Arranondora agertu. Ainbesteren atzetik ibilli zan Indianoa be, etzan gomutau beragaz, Antonigaz. Itz egin eutsien mutillak etziran bere duin, bada-ezpadako arlote batzuk ziran danak. Anjel añakorik ezegoan. Anjelen zale ziran erriko neskatilla guztiak, Anjelen adiskidea zalako lagun danak ondamuz begiratuten eutsien berari, Antoniri; Anjel bear eban Antonik nai ta nai ez, erkidien barregarri gelditu etzaitean be. Orregaitik, gurasoen aserreakaz gazteak zer ikusirik ezeukielata, egiñalak egin zituan neskatilleak arrantzale gazte orren biotza irabazteko, baña dana alperrik. Aiperrik jantzi zan iñoiz baizen obeto, alperrik orraztu zan egundo baizen apañago, alperrik egin eutsazan negar musingak eta guzurrezko zotiñak: ain otza, motza, motela ta gogoezekoa aurkituten eban Anjel ori eze, aspertu zan noizbaiten neskatillea, kirio guztiak jagi jakozan guztiz biziro ta aserre itxura andiakaz itxi eban mutilla, agurrik esan barik.
Auxe izan leiteke onena, —apetau jakon oraindiño—. Ni langorik eztau billatuko, ta etorri leiteke neure billa, arpegi añutsuagaz ikusten nabenean. Lenago be etorri jatan.
Baña arpegi añutsuagaz ezeban ezer irabazi, Anjelek ezeutsan geiago itzik esan, ezeutsan jaramonik egin da bertanbera amaitu zan gure neska mutillen adiskidetasuna.
Ta zer egin eban Indianoak?
Ezeben mutil zar au Txanogorrinekoak eralditxo batean ikusi, ta bildurrez egozan lenengo alkar ikustean zer gertauko ete jakoen, baña oso abegi ona egin eutsien batak besteari.
Indianoa bera joan zan Txanogorrinera.
Gure arrantzale gizagaixoa, gaiztakeri bat egin daben mutikoaren antzera, gogamen bategaz ebillen beti, ta D. Jose Antonio ikusi ebanean, trumoi ta tximistakaz eioalakoan, jarteko astirik emon baño len asi jakon esaten:
—Ara, Jauna, nik berorri bai, bai, pozik atan be; baña orixe dago ba, lagunakaz be ondo euki bear da ta orixe dago ba!
Txanogorriren esakerea etzan erraz ulertutekoa, baña ulertu eutsan Indianoak, eta estutasunerik atara eban gizona.
—Eznator orretara. Ori joan zan.
Ori joan zan! Eznator orretara! Itz gozoagorik ezeban egundo iñok entzun. Axe zan poza! Axe zan aldabatera kezkarik astunenak kentzea! Zeru illunaren azpian ostilika edo ostarku ederra ikusten eban Txanogorrik.
—Zer dakar ba, jauna? —itandu eben senar-emazteak, pozezko arpegi alaiakaz.
—Zer ekarriko dot? Zetan garan edo jakitera nator.
—Ba, jauna, gu lengoan, lengoan beti. Arek eztau ezer erantzun, baña lotsaz egongo da. Geuk esaten dogunean a...
—Ba orduan ainbat lasterren. Desagradeziduen erri onetan ezin leiteke persona formalik bizi, ta nik bereala ezkondu ta kanpora joan bear dot, illa batzuetarako bada be.
—Ondo egingo dau, bai jauna, badauka zegaz be ta. Asi gaitezen paperak egiten da gertu gareanean erakarriko dogu neskatillea. Berorrek gura dabenean joango gara abade nagusiagana.
—Zetara?
—Paperak egitera.
—Ez, enetxoak. Orretara luze joango jaku. Niri esan deustienez, norbera ibilli dan toki guztietako dokumentoak eskatzen eiditu abadeak, eta nire dokumentoak etorri orduko sei illabete joango litzakez urrean.
—Ezta, jauna, ainbesteraño luzatuko. Gizon andia lez, ibilli dan toki guztietan ezagutuko ebien berori abadeak eta...
—Ni lanean bizi izan naz, da ez abadeakaz pasietan.
—Dana dala, jauna, paperak bear dira beintzat.
—Abadienak eztira prezisokoak.
—Zeñenak ba?
—Alkate ta juezanak, errekisto zibillekoak.
—Zer esan dau? Errekisto... Jesus, Maria ta Jose! Ori gauza txarren bat da.
—Zuek ezer eztakizue, ta nik ostera asko ikusi ta asko ikasi dot.
—Alan izango da, bana, edozetara be, abadeak ikusi bearko ditu gero paper danak. Eurak dakiez ondoen olango gauzak. Gu ezkondu giñanean, antziñatxu da baña, bikario jaunak egin euskuzan guri bear izan ziran jirabira guztiak.
—Ezta nai ta naiezkoa abadeari gure paperak erakustea. Abade barik be konpondu geinkez, geuk gura izan ezkero.
—Zelan baña? (Señar emazteak aoa zabalik geldituta).
—Guztiz erraz. Abadeari jaramonik egin ezta. Geuk ezkondu bear dogu ta ez arek. Ni ibilli nazan tokietan asko ezkontzen dira elizara barik.
—Elizara barik! Eta ori gura leuke berorrek? Obeto da garai onean jakin dogun. Sasiezkontzea gura leuke? Sasiko dala uste aldau geure Mañasi? Ez orixe, ta eztaukagu sasi-ezkontzetako, Españako erregaagaz izanda be.
Txanogorrik azkenengo itzak bero bero eginda esan zituan. Etzan jakituna gure arrantzalea, baña bai biotz zindoaren jaubea; epeltxoa zan, baña siniste onekoa, Jaunaren bildurrean azia, Elizearen lege ta asabien oitura zarren alde bere bizitzea emongo eukean gizona. Orregaitik, bereala berotu jakon bere odol garbia, beingoan argitu jakon burua, aidabatean biurtu jakon biotza gogo batetik bestera.
Maite dogun gauza bati min emon ezkero, gizonik epelenak azartu oidira; agirian dagoan egia begirik lausienekoak ikusi oi dabie, ta Txanogorriren siñiste maiteai min andia emon eutsien Indianoak eta agirian gelditu zan onen siñisteza, malmuzkeria ta Elizeari egin gura eutsan iraintasun okerra.
Arrantzalearen emazte naigabetuak, bere ordurañoko errua ta Indianoaren gaiztakeria ezagutzean, dana lotsaturik eta garrazkeri andiren batzuk ez esatearren, gizonakgandik alde egin eban. Agintzallea zan etxean, baña kanpokoen aurrean ezeban geiegi sartu gura, ta geiegi sartuko zan, asi ezkero. Berak baño neurri obean senarrak esango eutsazan bear ziran egiak Indiano dongeari.
—Gizona —jarraitu eban zaldun jantziriko baserritarrak— elizara eztoiazan guztiak eztira sasikoak.
—Naikoa sasiko, Ama Eliza ta Aita Jaungoiko bagekoak dira ta.
—A gizagaxoa! Olango Aitamen semea izanda beteko jatsu zuri patrikarea.
—Ta zure lege barriak ondo beteaz zer irabazten dot?
—Neure aitagiñarreba izango zara.
—Bai urte batzuetan, baña gero?
—Itxiozu gerokoari.
—Bai gerokoak neu itxiko banindu.
—Bizi zaite ondo aldozun artean.
—Beti gura neuke Jaungoikoagaz ondo bizi.
—Ze Jaungoiko ta... Etzaite txotxiña izan.
—Oraintxe naz iñoiz baño gitxiago.
—Txanogorri, gogoratuizu etxazula ondo etorriko nigaz aserratutea.
—Ezta Jaungoikoagaz aserratutea be.
—Ba, ba! Zuekaz ezin leiteke iñor entendidu. Neu en persona joango naz Bilbora.
—Zetara? Gure Mañasigaz ulertuko zaralakoan? Alperrik, geure odolekoa data. Eztaukagu arimarik saltzeko. D. Jose Antonio, egizu kontu gure Mañasigaz da gugaz eztaukazula zer ikusirik gaurtik aurrera.
—Eztaukatala zer ikusirik? Esto es demasiaro. Eta nik prestau neutsuzan milla errealak?
—Uste dot laster biurtuko deutsadazala euren jaubeari
—Ta Mañasiri emoniko anilloa?
—Ori be biurtuko jatsu. Eztogu iñoren gauzarik bear.
Trumoi soñoaren antzeko deadar lodi garratzakaz da bere aotik tximista goriak jaurtiaz urten eban Indianoak Txanogorrinetik.
—¡Qué intoleransia! —ziñoan eskillaretan bera— ¡insivilisaos! ¡astokillos! Emen eztago gauza onik abade guztiai lepoa kendu ta eliza guztiak itxi artean. Neuk albaneu...
Bitartean, gure senar-emazteok, alkarri begira jarrita, bata-bestearen naigabea gozatu nairik gelditu zirean. Euren ames-jauregi gozoa goi goitik beberaño etorri jakoen, baña etzan ardura, zerua etzan jausiko. Etzirean aberatsak izango, etzituen beti gura añako jaki ta jantziak eukiko, noizean bein estutasuntxoren batzuk igarotea be izan zeitekean; baña ordurartean be bizi zirean da, aurrerantzean be, lan piskat egin ezkero, biziko zirean beintzat. Antiguako Amari eskerrak emon bearrean egozan, otsoari belarriak agertu eragin eutsazalako. Indianoak judioa edo olangoa izan biar eban. Jesus, Jesus milla bidar! Toki onean geldituko zan euren alabatxoa aren eskuetan!
|