|
VI
ATSEDEN ORDUAK ORAINDIÑO
Barriro diñot benetan eder da maitegarria zala Mañasi.
Ule baltz ugari ta ondo orraztua eukan, bekoki zabal leuna, azal zuri garbia; begiak bigun, garbi ta argitsuak, ao txiki guztiz polito itxia, ta gorputz lerden biurkor ez argal da ez mamintsua. Orrezaz gañera gure neskatille au erriko ikastetxean zerbait ikasia zan, arima argidun da biotz samur sentikorraren jaubea, oso mendu oneko emakumea, mazala berez, apal, zintzo, esaneko, ixil, baketsu ta ona; itz batean esateko, jauregiren baten jaioa zirudian da ez arrantzale txiroaren alabea.
Josepa txiki ta loditxoagoa zan, baltzerana, pitin bat bizitxoa, zerbait berekorra, erriertarako ausardi geiagokoa; noizean bein, arrain saltzalleakaz, deadar ozpindu batzuk egiten ekizana; Mañasi legez, mutillen aurrean lotsatia, baña emakumien artean prakadunagoa.
Nasa aldera lagun biak eldu ziranean, euren buruak sartzeko tokitxu bat ezin billatu izan eben.
Itxasoa goi goian egoan, eguzki beroa ur bizi kiskurtuaren gañean diz-dizka, ibai zabalaren ertz bietan gizate soka lodi trinkoa, zubi zar da barria gizon da emakumez beterik, txalopetan mutil koskorrak eundaka, pleiteru zar batean tanboliña ta «Armonia de Arranondo», bakotxa beren txandan, soñuka; ibaiaren erdi inguruan saretxalopa bi, itxas aingirea langoxeak; eta euren barruan, alkondara zuri garbien papar leuna erakutsiaz, Arranondoko mutil gazte bikañenak, erramuak eskuetan zituela, estropadea asteko laster emongo jakuen aginduaren zain.
Eztot esan gura estropadeak edo gure arrantzalien indar neurketeak zelangoak diran, batetik nire irakurle guztiak ondo dakielako, ta bestetik nik egingo neukean baño milla bidar obeto besteren batek zeaztu ditualako. Gañera, zelanbaitekoa ta laburra izan zan egun atako indar neurketea, ardura ta irabazi gitxikoa: erriak zaragi bat ardao emongo eutsiela ta, ekandu zarrak etzirala galdu bear da, azkenengo egin zan otsandiko itxas deman beste euskal uri batekoen azpian geldituarren oraindiño ende oneko gizon azkarrak Arranondon begozala erakusteagaitik, gazteak euren artean gertau eben bada ezpadako estropadatxoa.
Beste erri batekoakaz barriro dematuten ziranean, orduan izango ziran ipuñak! ziñoenez.
Mañasik itandu be ezeban egin zeñek irabazi eban estropadea. Ez aiderik ez adiskiderik ezeukan bertako txalopetan da. Batera ta bestera begira ibilli zan saretxalopen jira-bireak iraun eban arte guztian, zerbait edo norbait begiakaz idoro gura izan baleu legez. Da gura ebana ezeban billatu.
—Goazen emetik enparantzara —esan eutsan Josepari, andreteria ta gizataldea sakabanatuten asi baño lentxuago— ta enparantzara joan ziran biak.
Enparantzea emakume ta gizaseme gaztez bereala bete zan; tanboliña aurretik ebiela, etorri ziran estropadako mutillak, batek besteari eskuak emon da aurreskorako sokaturik; makilka zabalune andi bat egin eban errizañak, eta asi zan aurreskoa. Ta asi ordurako
—Emen be ezkagoz ba ondo —esan eban Mañasik ostera.
—Zergaitik baña?
—Eztozu ikusten zein dan aurreskularia?
—Bai, neure zera.
—Ba zeure Artoberok zure eske bialduko ditu lagunak, zu atara ezkero ni ataratea be izan leike, ta ni eznago gaur orretarako.
—Zeuk gura dozuna egingo dogu. Neuk be, erri guztiko begiradak neure gañean ditudala, enparantzan tente egoteko gogorik eztaukat, santu bat banitz lez, da goazen nai dozun tokira. Baña, Mañasi, illuntxu zakustaz zeu gaur: zerbait badarabiltzu zuk or barruan. Anjel iñundik agiri eztalako eteda guztia?
—Ez ba.
—Ez ba neuri?
Izan be mirarituteko gauzea zan Anjel lango mutil gazte sasoikoa arratsalde atan iñondik ez agertutea. Goizean ikusi eben, meza nagusitan, ederto jantzita, prestua ta iasakoa mutilla; meza nagusitik urten da kalean bera etorrela ondo begira egon jakozan begi baltz eder bi; baña arratsaldean ezeban iñok begiz jo. Nun da nogaz etebillen? Badakit neuk eta esango dot, ixillean euki bear dan ipuña eztan ezkero. Markiñaldeko aide batzuk bazkaldu eben Anjelen etxean; aideokaz egon zan, bateltxu baten, estropadea ikusten, erritik urrintxu, estropadakoak erriruntz birau bear eben tokian; da gero aideoi poz piskat emoteagaitik, an erabillen bere ontzitxua baga indartsuen gañean gora ta bera, barrukoen bildurrezko ai! ta oi!-ak entzunda nai beste barre ta destaña egiñaz. Ezeukan orduantxe asko goguan bere gomuteagaz da bera ikusten ezebalako enparantzaldean illunduta egoala norbait!
Eta iñori otuten bajako eztala siñistutekoa Anjelek erriko jaietan bere burua ez erakustea, jakin daiala orrek, itxaserrietan be eztirala gizon guztiak aizedun, txakillo ta buru ariñekoak, eta badagozala zenzuna ta burua tentunean daukezan gizonak be; bada ezin leiteke, aoa betean, zuzen da egiaz beti esan: «olango erritakoak zoruak dira edo beste atakoak zentzundunak». Danetarikoak dira edonun. Anjel, itxaserritarra izanarren, mutil burutsua zan, gazte-zarra, gurasoen mendean pozik egoana, lotsabagekeria zer zan ezekian mutilla, aingeruak langoxe ona, balia baizen indartsua, erramulari errimea. Ezekian jolasetik iges egiten, baña tuntunean edo tanboliñean ezeban jakiten bere ankakaz zer egin, da gurago izaten eban erramuetan edo pelotan jokatu, ta aurreskoetan baño gizontasuna erakusteko beste edozer jolasetan ibilli. Ezeukan enparantzan bapere zeregiñik eta zer ikusirik, eta etzan joan enparantzara: ondo ebillen, ebillen tokian.
Baña Arranondoko enparantzeak zer ikusia beukan da bebiltzan bertan zeregindunak. Ango gizadia, ango emakumetea, ango akitika egin bearra, ango berbotsa, ango joan etorri ta gora berea, ango ankeai ta besoai eragitea zer zan! Urriñetik begiratu ezkero, enparantzako billereak moltso zabal bat zirudian, legorreko mandxuba gorri bat, izurde ta guzti; ta, inguru guztian tente begira egozan atso, agure ta neskatilla gatzbakoak egiten ebien uztai andia, saretzat artu eikean. Urretik begiratu ezkero, etzan ikusten sarerik, baña gure arimen arerio baltz okerrak ikusgatx da ezkutuko sare sendoren bat eteukan otuten jakon Arranondoko abade nagusiari.
Baderitxat neuri be: iñun izatekotan, antxe egongo zan gaizkin plagearen sarea.
Mañasi ta Josepa, sareaz kanpotik orra ta ona ibilten asperturik egozanean, jo eban Abemaritakoak, eta gure neskatillok, Ama Mariari arren egiñaz, asi eben etxerako bidea. Enparantzan gelditu ziranak ezeben arrenik egin, lenagoko euskaldunak egin eroien antzera.
Alkarri agur esan baño lenago,
—Urtengo dozu gero suak ikustera? —itandu eutsan Josepak lagunari.
—Ez nik, —esan eban Mañasik— gurean, badakizu, eztabie nai izaten gabetan etxetik urtetea; ta gañera naikoa su ta gar daukat neuk barruan.
Illun, sotil da atsekabez betea sartu zan etxean Mañasi. Zegaitik? Berak be ezeukean esango erraz zegaitik. Aurreragoko gabean amesetan joan zan oera: bigaramonean jai andi alaigarria zalata, au ta ori ta bestea ikusiko zituala ta, nunbaitetik poztasun andiren batzuk euki eikezala ta. Zer, nundik eta zelan, gauza garbirik etxakon gogoratu; baña zana zalangoa, arimako asete onen bat izango zan, bere ustez; biotzaren betekada gozoa. Ta jai egun guztia igaro ta gero, biotza gosean eroian etxera, iñoiz baizen gose andiagoan...
Asko guran urten da utsean biurtu. Nori etxako olango gauzaren bat gertau, bere bizian?
|
|