|
XIX
MASIA
Gau atan bertan, ukabil sendoa lotuta Indianoaren etxe-atean danbada batzuk emonaz, Ave Mai Puixima! deituten eban gizon arrantzale batek.
Atea eregi ebenean, barrutik etorren argiagaz ezagutu genduan deizalea zein zan: Mañasiren aita, Txanogorri.
Zer eteroian berak Indianoaren etxera?
Aurraldeko beste etxe batean zelataka egoan atsotxoak ezekian, gura izanarren; baña neuk dakit eta esango deutsuet, irakurleak.
—Ara, Jauna, —esan eban Txanogorrik Indianoagana eldu zanean —lotsatube egiten naz, baña, laguntasuntxo bat eskatutera nator. Egia da, berori gure Mañasitxugaz ezkontzen danean, legatzetarata joan bearrik eztot izango; baña, edolabere. itxasotarra nazalako itxasoari guztiz ezingo deutsatala itxita, orretarako potintxo barri baten bearrean nago, erri aurrean da atxondoetan ibilteko baizen ezpada be. Lengoa zarra daukat, zarra ta sorra, askotan arabakindua, sutarako baño geiago ia eztana, ta barria neuk egiteko eztaukat naikoa dirurik. Irabazi txikia izan dogu aurten, Jauna, ta jan bearra, jantzi bearra ta etxe-saria emon bearra edozein urtetan legez... Berorrek milla bat errealegaz jantziko banindu, nik potin barria eukiko neuke. Txanpon arotzanean ikusi dot gaur bat, ondo polita.
Indianoa, bekokia zimur zimur eginda, ezpanetako bizarrari tenga gelditu jakon, begira begira.
—Zeuk eztaukazu dirurik bape? —itandu eutsan gero arrantzaleari.
—Bape, bape bai, baña neskatilleak ezkondu bear badau esku utsean ezingo dogu etxetik bialdu, ta ordurako zertxobait gorde nai genduke.
—Gizona, zeuek dirua eukita beste bategana diru eske joatea, ezta itxurazko ibillerea.
—Baña, Jauna, esan deutsat ba, eztaukagu txalopea erosteko aña, eztaukagu naikoa. Tira, estu estuan onezkero Mañasik be zer edo zer aurreratuko eban da, berak daukanagaz... berorregaz ezkondu bear izan ezik...
Indianoak, milla erreal emotea baño aoko agiñak ataratea gurago eban; baña, ezkontzarako bidea okertuko ete jakon bildurrak ikutu eutsanean, jarrita egoan tokitik aida batean jagi, inguruko gelatxo batean sartu ta atara zituan nunbaitetik diru-paper batzuk.
—Nire izketea esate bat baño besterik ezta izan, —esan eutsan Txanogorriri, paperok bere eskuetan ipiñiaz—, baña ara emen nire borondate onaren pruebea.
—Zer da au, Jauna?
—Dirua, milla errealak. Onek paper batonek eun peseta balio ditu, onek beste eun, da onek sinkuenta, berrogetamar.
—Eun da eun... berreun... da berrogetamar... berreun da berrogetamar dira oneik.
—Bai.
—Milla erreal eztau esan ba?
—Bai, berreun da berrogetamar peseta milla erreal dituzu.
—A! Bai. Eun lauko... (buruari atz eginaz) eun lauko laureun... beste eun lauko beste laureun.. ara non diran zortzireun... da berrogetamar... zortzireun da berrogetamar.
—Baña berrogetamarreko au berreunekoa dozu.
—Berrogetamarrekoa bada zelan izan leike berreuneko?
—Berrogetamarrak pesetak diralako.
—A! Bai, pesetak... Baña... Ara, jauna, nastau egiten naz ni, baña ondo egongo da. Irakurten be ezeuskuen erakutsita... Mañasik bai, arek ederto daki, eskolau andia da.
—Neuk be badakit orrenbeste ta geiago. Kanpoetan asko ikasten da.
—Bai, Jauna, bai; geu gara ezer ikasi eztogunak, itxasoko gauzea ezpada. Eskerrikasko, Jauna, (diru paperak txapel koipetsuaren egalean, pipa motz zarraren ondoan gordeaz) eskerrikasko ta agindu. Esan deust niri andreak berorrek ezeustala ezer ukatuko.
—Ezin ukatu neizu.
—Alan esan deust berak; nire andrea be argia da, Jauna.
—Bai, argia izan bear, Mañasiren ama data. Baña eztau berak ezer abisau?
—Zeñek?
—Mañasik.
—Oraindiño ez, Jauna.
—Ba eskribidu eiozue biar barriro, ta esan neuk emon deutsuedazala milla erreal potiña erosteko.
—Ta potiña da gero bera, nik begiz jota daukatana. Ezta errian beste bat politagorik egongo. Matxin Koipek beretzat gura ei dau.
—Alegretan naz potin ori gustokoa dalako. Baña eskribidu gero.
—Bai, Jauna, bai, Jauna, orixe bai!
Gure arrantzaleak, pozarren, bere etxeruntz urten ebenean, Indianoak, ezker eskuma len baño gogorrago ezpanetako bizarrari tenga,
—Arraio, arraioa —zirautsan— milla erreal, milla erreal andi atara deustaz dirua zer dan be eztakian agure zikin orrek!... Masia bota bear bazan bota dogu masia ugari, ondo ugari gero! Baña ezta ezer galduko: laster izango da neurea Mañasi, ta potiña be bai.
Txanogorri ta emaztea, onen asmoak ondo urten ebielako, diru-paperetako santuai luzaro begira egonda gero, zorionezko ames gozoak egiñaz sartu ziran oera, ta urrengo goizean goiz, Joxepak baño obeto ekialata, erriko irakasla edo maisuaren bitartez, egundoko eskutitz larria bialdu eutsien Mañasiri. «Indargetuta egozala senar-emazteak, oso indargetuta, iñondik ezegola ezeren irabazirik, zorpean sartuta egon bearko ebiela, ta laster gaixotegi edo ospitalera joateko bideak egin bearko zirala... Don Jose Antoniori baietza emon ezik. Au zala gizona, au. Ondraua, emonkorra, biotz andikoa, bardinbagea. Milla erreal emon eutsiezala berak txalopa barri bat erosteko! Baña, danak betiko ondatu etzaitezen, ondo erantzun bear jakola, ta ondo erantzuteko, arren! Jaungoikoagaitik, Antiguako Amagaitik, guraso zar errukarriakaitik!...»
Geiegitxoa zan, guk badakigu, gurasoak Mañasiri esaten eutsiena; baña norbere gogoaren alde zerbait jaditxi nai danean, edozeñek daki geiegi esaten. Ezagutzen ditut nik amaika euren gogoa ta iritxia indartu gura dituenean, esan-alak esaten bein be aspertu ezin diranak, guzur da abar. Gogoa bada neurri, ezta erraz neurria beteten.
Txanogorrik berberak bota eban, elizpeko eskutitz ontzian, Mañasirentzat egiñiko eskutitza, ta bereala, pozkor, irribarrez da urduri Txanponen ontzitegira joan da, ordu erdi baño lenago, egin zan begiz jotako txalopatxoaren jaube.
Ezegoan oraindiño ain indargetua gure agurea. Edozeñek artuko eban gizon gordin, zail, sendotzat, txalopea, narras, uretara eruaten egin zituan indarrak ikustean, da gero, ibaian jira-biraka, ain laster arraunean, ain laster aize-oialtxoa jasoaz; potin orren azkartasunak erakusten ibilli zanean.
Lan orretan ebillen bitartean, itxasoraterik etzan izan da, arrantzale asko jaokozan begira, ta danak ekien da guztiak ziñoen nundik etorkon aguratxoari onek ezin gorderik erabillen poza ta gozotasuna: Indianoagandik, Indianoak berak esan ebanez.
Beste arrantzalien artean, antxe nasa gañean egoan Anjel be, besoak tolostuta, adiskidien jardunak entzuten, da antxe jakin eban, gauza ziurra legez laster ezkontzen zala Indianoagaz Txanogorriren alabea. Zergaitik ezekiala keriz andi bat sartu jakon mutillari biotzaren erdiraño. Alango gauzarik! Zer joakon berari Mañasi ezkonduagaz? Ezer bez, baña gogoratu eban bat batera neskatilla orregaz Erriberatik Kalenagusirako malletan bein euki eban jarduna, etorri jakon begien aurrean egun atako Mañasiren begirada gozoa, gomutau zituan aren orduko malkoak, esangura andiko malko lodi garbiak, eta geroago ta samin andiagoa jarten jakon biotz barruan. Egundo ez da orduantxe ikusten eban Mañasi lango emakumerik ezegoala ez errian da ez erbestean: ain zan txukuna bera, ain itxurazkoa, ain langillea, ain... Da bear bada, Anjelek bere eskuetan euki eban Mañasiren biotza. Garai onean otuten jakozan olango gogamenak, garai onean! Ura joan da gero malatua.
Gure mutillau, eguardi aurretxoan, bere lagunak nasa gañean itxita, itxas aurrera joan zan, bakar bakarrik, bere arimako samiñak astindutera.
Aurreragoko egunean ain bare gelditu zan itxasoa guztiz egoan arro, bere zabaltasun danean kiskur, bizi ta apartsu; aizea, neguko egunik txarrenetakoaren antzera, gogor, zematzalle ta soñulari; odei moltso lodiak, baltzak geienak eta itxura itzalekoak, iñoizkorik azkarren joiazan Franzia alderontz, norbait atzetik jarraika baleue legez; Gipuzkoako mendi ta arkaitzak laño ta bisuts azpian estaldurik egozan; Matxitxako entzutetsuaren mustur zorrotza itxasoak iruntsi ebala esan zeitekean, bada etzan iñondik agiri; ur malla sendo galantak eten bageko errenkadan etozan erri aurrera, Arranondori berezi gaizto bat ipiñi naian legez; da kaio zuri lumatsuak, egoak zabal zabalik, zerutik etorriko kurutzeak bailirean, or jausiko emen galdituko ebiltzan baiezean, ekaitzaren orruari jaramon barik.
Anjel, ezarleku batean urriñera begira jarrita, bere barrualdea zearo ikusteko asmoetan gelditu zan.
Begiak urriñera begira dagozala askozaz obeto ikusten da batzuetan norbere barrua.
Jakin bear eban, noizbaiten, zelango arpegia eukan beretzat etorkizunak, noizbaiten arakatu bear eban bere biotza. gogamendu bear zituan noiz edo noiz arimako gogo ta iritxiak. Ezeban orretarako bein be astirik artu, gauza danak berenez, euren bidetik, nai eban erara etorriko jakozalakoan.
Gogamenetan asi zaneko ai! ezagutu eban ederto Anjelek Mañasi zala, ordurarte ondo igarri barik, beretzat aspaldietan aukeratuta eukan emakume egokia. Bai, garbi egoan, orixe izan zan bere iritxia, orixe bere gogoa, neskatilleagaz itz egin eban ezkero beñipein. Orretxegaitik naigabetu eban bere ama maitea, orretxegaitik emon eutsan Antoniri bidebageko atzerapena. Bere gogo au ezeban iñoiz ondo jakin, baña orain, aspaldietan jakiñiko gauzea zirudian. Zetarako izan eban burua ain argi egozan gauzak lenago ez ikusteko? Zetarako mingaña bear zan orduan Mañasiri zerbait ez esateko?
Anjelek, gogamenokaz, zauri sakona egiten eban bere biotzaren erdian, da alan da guztiz be luzaroan egon zan jarrilekutik jagi barik, biotzeko zauriari geiago ta geiago ikutuka. Baña zenbat eta ikutu geiago ainbat eta min andiagoa artzen eban gizagaixoak, eta azkenerako, miñaren miñez, itxi eutsazan argiari begiak, eta astakeri andiak etorkozan burura.
Min danean itxi oi dira begiak eta orduan astakeririk andienak egin.
Mutillorren esakeran, ekatxak itxasoaren erdian artu daroan txalopa baten irudira egoan bera: ekatxak urten baño len, edozein tokira joateko eskubidea baeukan; orain ez, orain al zan portura sartu bearko, naita naiezean, arribadan. «Neure erruz nago ni galduta, —ziñoan— baña, dana dala, neu samiñez nagoan ezkero, emongo neuskio nik orain samintasun bat Mañasiri be... Ta nire susmoak egiak badira, ari min emoteko egiterik andiena, bera baño neu lenago ezkondutea izango litzateke, Antonigaz... Ta gero Bilbora joan, bera, Mañasi, ikustera, erritarra legez... Egingo ete dot bero beroan?»...
Eguardiko amabiterdietan, bestetan baño berandutxoago, sukaldeko maitxoaren ondoan bazkaitara jarri zanean,
—Ama —esan eban— Indianoa ezkontzen dala entzun dot.
Amak. —Alan diñoe, seme... Ta zeu. noiz ezkonduko zara zeu?
Anjelek. —Ni be noiz edo noiz ezkonduko bearko.
Amak. —Eztakit ba nik, aserratuta daukazu zeure ezkongei ori ta...
Anjelek. —Aserratuta badago, aiskiretu leike.
Amak. —Lanbide ori pozik artuko neuke neure gain.
Anjelek. —Artu bei ba.
Amak. —Benetan diñozu?
Anjelek. —Benetan.
Amak. —Jesus, Maria ta Jose ta Aita San Antonio bedeinkatua! Bein edo bein, bein edo bein! Gaur bertatik asiko naz lanean, baña, Anjel, zeuk be koipekeri batzuk esan bearko deutsazuz Antoniri.
Aitak. —Bai, amak amoan ipinten daben jakiagaz bakarrik ezta jausiko: masia bearko da or, masia.
Anjelek. —Masiori be emongo jako.
|
|