|
XII
BEDAR TXARRAK
Kitolis, Mikol, Peru ta beste lagunak egozan aterpetik urretxoan, nasa gañean zutinik, ondo jantziriko bost gizon egozan, alkarregaz autuan, eguzki epela artuaz batera.
Iskillos edo armaduna zan bat, kontrabandoa galerazoteko Arranondon egozan beste armadunen burutzakoa, ta erdalerrikoa bera, zer esanik be eztagota; bizardun baserritarra beste bat (Indianoa esaten eutsien), Ameriketan aberastua, ez erderarik eta ez euskerarik ezekian mutil zarra, zerren aztu egin jakon bata ta bestea ezeban ikasi, baña bere buruari asko eritxon arro andia, siñiskorra ta siñisgaiztokoa, beren esakera nastau, mordollo ta gatzbakoak gauzarik adjutu ta zapalgarrienak legez astiro esaten zituana; Arranondoko dendetan oialak saltzera, lantzian bein, Bilbotik etorten zan gazte polit, guri, buruarintxua beste bat; itxasoetan luzaro ibilliriko ontziagintari azkor, zintzo ta bizia beste bat, kondaira onen asieran itxas aurrean ezagutu genduana; ta bostgarrena, besigu, atun, sardiña ta enparauak maneaten zituen lantegiko nagusia, erdalduna au be.
Arranondon lanik gitxien eukienak legez, or da emen alkar billatu oieben da alkarregaz egoten zirean sarri, oial saltzallea ez besteak, eta au be bai areikaz, Arranondon zanean.
Gure Itxasgizona bekoki baltz samarrekoa zan, itz latzekoa batzuetan, biotzean eukan guztia erraz kanpora botaten ekian gizona, edozeñi egia andiak esaten eutsazana, bear zanean; baña oso arima leñargi ta onekoa. Aserre zalea izan ezarren, Euskal-erriari edo Elizeari ikuturen bat iñok egin ezkero, aserretik urriñean etzan ibilten.
Lelo, zio edo gai orregaitik, au da, Elizeari ta Euskal erriari bakean ezin itxi eutsielako, Itxasgizonak askoetan emon eutsen min beragaz batuten zirean erbestetar edo erbesturiko batzuei; baña alan da guztiz be ezeben beragandik iges egiten, maite ebielako, edo dirutsua, Arranondon guztiz ondo ikusia ta eskubide andikoa zalako.
Bost gizonok erderaz ziarduen, baña nik euskaldunentzat egiten dot neure lantxo au ta euskeraz ipiñiko dot beren jardun guztia.
—Nik eztakit —ziñoan Ezpatadunak, zeñen aurrean egoan azturik nunbait— ze deabruzko eresiak esaten dituen or barruko astuok euren txakur-izkuntza orretan.
Itxasgizonak, arpegia beingoan illundurik:
—Etzeunkan ona etorri baño lenago euskerea ikastea baizen: dana ulertuko zenduan orduan ederto: Nik, erbestetan ibilli izan nazanean, euren izketan itz egin dautsiet erbestetarrai, erdizka ta motel bada be. Etxat egundo gogoratu eurak euskeraz itz egin bear deustiela neuri.
Iskillosdunak: —Baña, gizona, zer dinostazu? Gogoratuizu, alde batetik, zuen euskera ori, erdi-izkera ezkel zatar bat dala, ta beste aldetik españatar guztiok gaztelarrez ikastera naita naieztuak gagozala. Gaztelarrez bakarrik itz egin bear da Españian da beste izkera danak osoro ta betiko kendu.
Itxasgizonak, berotuten asita: —Eztiñozu ondo, zalduna. Euskerea antxiñetako izkera-guraso, eder, mamintsu ta sakona da, atzerritar jakitun askok dakien legez, zuek jakin ezarren. Da gañera, zeñek esan deutsu zuri nai ta naiez ikasi bear dogula guk Gaztelako izkuntzea? Eztiñot gura dabienak ikasi eztaiela, ikasia beti dator ondo ta; eztiñot gaztelar agintariakaz Euskal erriko gauzen gañean zerbait erabagi bear daben euskaldun nagusiak eztabiela ikasi bearko; baña euskaldun guztiok? Zeñek nai ta naiez itz eragingo deusku gura eztogun eran? Zer dala ta? Zeñek dauka Españian gu orretara ipinteko eskubidea? Ezkara gu izan geurekorrak eta askatuak, geure gurariz da geuk ipiñiriko zerzelada batzukaz, Españiaren laguntzat, ez mendekotzat, jarri giñan artean? Nok dauka gu makurtuteko eskubidea, diñot ostera be? Indarrak? Indarra dozue eskubidien iturburua? Bada orduan ondo egin eban Napoleonek Españia menderatutera etorri zanean. Baña itxi daiogun alde batera euskaldunen geurekortasun da askatasunari. Zegaitik kendu bear jako gizon, etxadi edo erri bati beren endako itxurea, beren aberastasuna, iñoren on barik? Zegaitik kendu bear jaku guri geurea? Ezta naikoa norbere lurrean daukagun ondasuna ez ezagututea; ezta naikoa, alperreri ta nagitasunagaitik izkuntzarik zarren da maitegarriena ez ikastea, arrotzak ikasi oi daben legez; ezta naikoa bazterturik eukitea, enzun bere ez gura izatea; il da lurperatu egin bear da gañera? Eztozuez zeuek bandera oial da burdin zarrak gordeten gertaera on batzuen gomutagarri legez, edo zeuen asabienak diralako beste barik? Bada zegaitik itxi ez guri zeuen da geure asabien izkuntz ederra mendi tartean gordeten?
Iskillosdunak: —Etzaite aserratu, gizona; baña jakin eikezu euskereak eztabela zuk uste dozun aña edertasun.
Itxasgizonak: —Zuk zelan dakizu euskerarik ikasi ezpadozu?
Oial saltzalleak: —Neuk be eztot ikasi, Bilbotarra izanarren, gurasoak ezeusten erakutsita; baña eztot damurik be. Euskalerritik kanpora euskerea ezta ezertarako, ta Euskalerrian bertan edozeñek daki gaur gaztelarrez.
Itxasgizonak: —Zuk euskerea ezjakiñagaitik damurik ez izatea, mirarituteko ipuña ezta. Zuek, bilbotarrok, antxiña galdu zenduen asabien izkera biguna ta antxiñatik zagozie erdaldundurik; eta gañera, zuretzat, sal-erosketarako ona eztan gauzea ezta iñoiz be ona izango. (Zeuk saltzeko gauzea balitz, ederrenetakoa dala be laster esango zenduke zuk). Baña jakin eikezu, lenengo, saltzaillientzat onak eztiran gauzarik asko badagola lurrean, da bigarren, geure euskerea eztaukagula saltzeko. Euskal-errian barriz edozeñek itz egiten badeutsu erderaz, ainbat gaiztoago: neu dendaria banitz, ikasi bearko zendukie euskeraz, oialak eta enparauak eskiñika zatozentxuok.
Indianoak, kukurruku egitera doian ollarrak legez burua jasota, sudur azpiko bizarrak kiskurtuaz, guztiz astiro ta benatsu:
—Neuk esan neike iñok baño obeto, lur asko ikusi ditut eta: euskereak eztau ogia irabazteko balio. (Yo puedo desir mejor que nadie, porque ha visto muchos tierras: bascuentze no vale para ganar pan) .
—Zelan irabazi dozu ba zuk geldotzarrorrek? Erderaz jardun ederren batzuk egin da? Ezagun dozu.
—Nik neure ogia lan gogorrean da ondo irabazita daukat.
—Eztiñot ezetz, baña lanean egiteko eztot uste euskereak kalterik egingo eutsunik, eta erdereak indar andirik emongo eutsunik bez.
Baserritar bizardun edo Indianoari zer erantzunik etxakon otu, Ezpatadunak eta Oialsaltzalleak ezeben ezer esan gura Itxasgizona aserratu etzedin, da guztiak ixillik gelditu zirean apur baten. Bitartean aterpekoak baziarduen egiñaletan Berrio-Otxoaren bizitzea erestuten, da lantegiko nagusiak gure Itxasgizonari itandu eutsan:
—Jakin leike zer diñoen or barrukuok?
—Bai, gizona, bai: len Amar Aginduak erestu ditue, itz neurtuetan; orain, Berrio-Otxoaren bizitzea.
—Zein zan Berrio-Otxoa ori?
—Abade egin da laster pralletegian sartu zan elorriotar gizon done bat. Apezpiko edo Abadeartzain izatera eldu zan gero, ta Jesusen siñistea zabalduten ebillela, Tonkiñen kendu eutsien burua, ezpateagaz,
Lantegiko nagusiak: —Ba, ba; abadien gauzak.
Baserritar-bizardunak: —Orixe bera, emen eztago besterik.
Ezpatadunak eta Oial-saltzalleak: —Egia da.
Itxasgizonak: —Eztakit abadienak diran edo ez aterpekuok erestuten dituen itz-neurtuak. Emen, euskeraz, edonok eta edozer gauzen gañean daki itz neurketan, buruz da errez; guztiz egoki ezpada be, erestuteko erara beintzat: naiz Elizako erakutsien gañean, naiz errian izan dan gertaera bategaitik, naiz erramuetea, idikitea, aizkoraketea edo pelota jolasa galdu edo irabazi dalako. Ta edozelan be abadeak egindako itz neurtuak erestuteari obeto deritxot erdalerritik erakarten dituen itz zikin nazkagarriak deadarka jarduteari baño. Ezteritxazue?
Indianoak: —Bai, baña eztabie gauza danak abadeak erakutsitakoak bakarrik izan bear.
Ixasgizonak: —Eresiakaitik badiñozu, len be esan dot eta bigarrenean diñot edozeñek atereak izan oidirala: arrantzale bat da naikoa, beragaz ezkontzeko egoan neskatillea beste bategaz ezkondu bajako, itz neurtu batzuk neskatilla orren kontra berealako baten egiteko.
Indianoak, Itxasgizonaren esanari jaramonik egin bage: —Jakituriak iturburu on asko daukaz.
Itxasgizonak: —Estu estuan ezetz esango neuskizu. Orain, ikasbide asko dagozala esan nai badozu, ori egia da. Baña, abadien etsai zarean ezkero, erantzuidazu: zeñek daki eurak baño geiago Arranondo lango erritxuetan? Nok erakutsiko deusku zerurako bidea eurak ezpada?
Indianoak: —Niri ezteustie egundo ezer erakutsi.
Itxasgizonak: —Siñistuten dot: zuri ezteutsu iñok ezer erakutsi, ta gañera zeuk be eztozu egundo ezer ikasteko burubiderik artu. Alan zara zarean langoa.
—Txarra, ezta? Kanpoetan zerbait ikasi dogun guztiok gara txarrak zuentzat.
—Ori ez, txotxo, ori ez. Kanpoetan ikasiak ezagutzen ditut amaika, ondo Jaungoikozkoak eta euskerazaleak. Zu ibilli zarean lurrean, Ameriketan bertan, badira Begoñako Amari elizki ederrak egiten deutsiezan euskaldunak, eta euren jaioterriko mintzoerea guztiz maite dabienak. Ez gitxi gero, asko baño. Bizibearrak eruan zituan urriñetara, baña euskaldun bizi dira ta euren biotza Euskal-errian daukie.
Ezpatadunak: —Baña egia esan gura badeuskuzu, gu be zuk gaiztotzat gaukazuz.
—Nik ezteutsuet zeuenetik ezer kendu gura, ta orregaitik esango dot zerbaiterako onak izango zariela. Batori, legezkoa dana (edo legezkotzat daukazuena bada Euskalerrian egiten dozuen ori ezta legezkoa) legeak diñoana ornidu barik iñok ezer ekarri eztaien, errien mugarri ta itxas inguruak zaintzeko; besteori diru pilloak ortik edo emendik laster irabazteko; besteori, or nunbaiten egiñiko oial mengelak ingeles oial sendotzat emoteko; beste au, erriko arrañik merkiena oriotan zerbait erre ta erbestean diru andiagaitik saltzeko. Orretarako onak zarie, baña ez Eliza Donearentzat eta Euskalerriarentzako. Siñisterik eztaukien gizonak, izketa, ekandu ta erakuste gaiztoak erakarri oi ditue errietara; ta zuek, gizon argi jakintsuok, eztaukazue siñiste onaren izpirik. Beste aldetik barriz, gure izkuntza, oitura ta izateko erearen arerio diranak, geure areriotzat daukaguz, da zuek ezin entzun dozue gure izkuntzea, gure oiturak ta izakerea ezin dozuez ikusi: orregaitik begiratuten deutsuegu gure arerioari lez. Erbestetik ekarririko aziagaz emen ernetako bedar txarrak zarie zuek.
—Danok?
—Zuek bai, zuetarikoak ez, Jaunari eskerrak.
Era onetako esate gogorrak bere aotik entzunarren, itxasgizon zarraren lau entzuleak koipekeri andian da irribarrez egozan. Irribarrez kanpotik, barruan zer erabillen eztakigu baña.
—Zure gauzak —zirautsien zigatro bana eskeniaz.
Urren egoanari bat artuta obeto lotuten egoan bitartean, arrast ixiotuaz joan jakon Indianoa, ta Itxasgizonari esan eutsan belarrondora, euskeraz:
—Zu abadeakaz abadetuta zagoz.
Da besteak Indianoari:
—Ta zu abereakaz aberetuta.
Itxasgizonaren zirikadea ezeban Indianoak ulertu. Aberea zer zan ezekian. Animalia esango eukean berak eta...
|
|