|
XV
USTEGABEKO JAZOERAK
Antonik baño negar mingotxagoak egin zituan Mañasitxuk. Ezekian onek zer igaro zan Anjelen etxean, au etorri ta urrengo goizean goiz, bera, Mañasi, Bilborako zalpurdian sartu zanean. Entzun eban lenago, Anjel Elgoibarren egoan artean, au ta Antoni laster ezkontzen zireala. Ezin sinisturik, alde askotan itandu eban egia ete zan albistea, ta alde guztietan ao batetik zirautsen baietz da baietz: gauza ziurra zala. Antoni ta Anjelen gurasoak eurak ziran barri ona toki guztietan zabalduten ebenak. Artoberok ziñoanez, Sardinzarrek be txalopako guztien aurrean autortu eban.
Lenagaz gañera asko argaldu zan Mañasi: bere buruan erabiltzan gogamen tamalakaz da biotz barruko naigabe sakonen indarrez, oso uldua gelditu zan gaixoa. «Zetarako —gogoratuten jakon— zetarako esan eustan Anjelek niri Erriberako malletan esan eustana? Neure lepotik barre egitearren? Ai orduan billatu ezpaneu! Ezeban jakingo gaur dakian beste. Ai, txatxala burubagea ni! Negarrez enintzan ba asi, Antonigaz ezeukala ezer entzun neutsanean? Dana igarri eustan orduantxe. Ainbeste urtean ondo ixillik eukitako gauzea...! Orain Antoniri esango deutsa ta laster jakingo da Arranondo guztian. Zer lotsaria! Zer barriak egingo dituen orain nire lepotik! Ez, ez nau ni emen geiago iñok kalietan ikusiko, Bilbora joango naz neskame, antxe ezkutauko dot neure burua ta eznaz geiago Arranondora etorriko. Ta nik, zoruonek, zer poza artu neban bere biotza katigau barik egoala jakiteaz...! Ez zirudian guzurtia ba, baña»...
Lortu eban zelanbait gurasoen baimena ta bajoian Bilbora. Amak eta Josepak lagundu eutsen zalpurdiraño. Zalpurdi barrura sartu baizen lentxuago, Josepak belarrondora esan eutsan:
—Atzo etorri zan bera, ezta?
—Bai.
—Ikusi dozu?
—Bai, besteagaz. Bart, kalearen ertzean egozan biak, aurrez aurre. Jaungoikoak adu oneko ta zorioneko egin daizala.
Ezeben geiago itzik egin. Bularraren kontra Mañasi estutu, malko gori andi batzuk igortzi, barri onak eta laster bialtzeko sei edo zortzi aldiz esan, zalpurdia bidearen jira batean estaldu zan artean egon, bidezkoari sudur oialak agurka, ta negar ondoko arnasestuagaz banatu zirean euren etxietara Josepa ta Mañasiren ama. «Ori burubidea artu dau —ziñoan onek— ori burubidea artu dau neure alabeak, irabazi egingo dabela ta! Jaungoikoak daki zein etxetan izango dan, zelan begiratuko dautsien da zenbat negar egin bearko daben. Jesus, Jesus! Naiago neban baimenik emon ezpaneutsa. Eskerrak bera pozik doanari».
Pozik! Ezekian asko bidezkoak eroiazan naigabe ta zotiñak.
Bilbora eldu zanean, arranondotar ezagun bat eukan arek Atxuriko gelunean zain, da beragaz batean, beti erri andietan oiturik dagoan emakume baten antzera, geluneko gizon da emakume narrasen deadar. eskintze ta morroikintzeari jaramon barik, kalietan zear joan zan aurretiaz billatuta eukan etxera.
Andik jakin erazo eutsien amari ta Josepari guztizko toki onean egoala ta ez beragatik kezkatan egoteko.
Alaxe zan. Berezko argia eban Mañasik gauza danak errez ikasteko, oso apala ta begiratua zan, lenengo egunetik asi zan berari jagokozan eginkizun, arlo edo arazo guztiak alebanik ondoen egiten, da beren nagusi ta etxekoandreak ikusi ebenean neskatillea ain azkar, zintzo ta gogotsua, ain leun, garbi ta itxura ederrekoa, etzirudiala neskametarako jaioa ziñoen, da begi biak emongo euskioezan pozik.
Nagusiok guztiz zirean elizkoiak, eta egunero, goizean goiz jagita, mezatara joaten itxiten eutsien, zortzian bein autortuten zan, euskaldun abade on baten oñetan; amabostetik amabostera, jai arratsaldetan, urten oi eban edo elizara edo itxasaldera, beste biderik ezeban ikasi gura ta. Benetan egoan ondo, ta neskame izatekotan, ezeukean egundo etxe atatik beste batera urtengo.
Arratsalde baten, zaldi-mandoen indarrez burdin aritik ebillen burdian, Ondartzetatik Bilbora etorrela (oraindik tximist-indarrik ezegoan orretarako, Bilbon), Arranondoko gizon bizardun bat billatu eban burdi barruan: Indianoa.
Norbere lurretik kanpoan billatu ezkero, naiz da errian agurrik egin ez, arpegi ona ipinten jako erritar bati, ta alan, Mañasik eta Indianoak, guztizko arrera ona egin eutsien alkarri, ta biak, bata itaunga ta erantzuten bestea, Arranondoko gauzen gañeko jardun luze batean asi zirean. Mañasi zan itaunle, berak nai eban aritik eruaten eban jarduna, ta ain buru-ta-biotz arlotu zirean euren autuan eze, ezeri be jaramon barik, ez bide inguruko burdin lantegi ketsuai, ez Ibaizabalgo ontzite ugariai, ez gora ta bera oso astiro eroiezan gabarra astun beteai, ez edonun agiri ziran gizadi zamatzalleai, ez burdi barrukoen barregarrizko esanai, ez Bilboko sarreran egozan jauregi barri ederto apainduai; ezeri begiratu barik, ezer ikusi barik, uste baño lenago eldu zirean zalpurdia geldituten zan kaleraño Indianoa ta Mañasi.
—Nun bizi zara? —itandu eban gizakumeak zalpurditik jatsi ziranean bereala.
—Ementxe bertan, aurreko etxe onetantxe.
—Naigabe dot.
—Zegaitik?
—Zeuri apur baten aconmpañatea gura nebalako.
—Eskerrikasko. Etxatorkit ondo zulango lagunik kalean. Ze esango leukie? Banoa.
—Zagoz piska bat. Dos de Mayoko korridak ikustera etorri naz ni, ta alkarregaz joan bear dogu biarkora. Neuk artuko deutsut billetea, Mazantini da primer espada, guztizko toriadore abilla.
—Jesus, Mari ta Jose! Ezta... Eskerrikasko. Eznaz zezenzalea. Agur, eztaukat astirik egoteko ta, Arranondon gurekorik ikusten badozu, gorantziak.
Bideko laguna aoa bete agiñegaz itxi ta, sartu zan etxera Mañasi.
Indianoa egon zan, etxe ari begira, ordu laurenean bai, bere artean esanaz: «arrano-arranoa, orixe da neskatilla ederra dagoana Mañasi».
Andik egun batzuetara, nagusientzako eioazan eskutitzen tartean, Mañasirentzat eldu zan beste bat. «Niretzat ete da», esan da, bi edo iru aldiz begiratu eutsan estalkira. Aots edo letra andi oker batzukaz Maria Iñasi Irazabal, Estupa, lumero 6, Bilbao, ziñoen estalkiak. Eregi eban jaubeak eskutitza, ta ara emen zer eukan barruan:
«Arranondotik 18...ko Maiatzaren 7-an.
Irazabalgo Mañasitxuri.
Mañasitxu neuria: Antxiñatik begiratuten neutsun ondo, luzaroan zaukadaz neure biotzean sartuta, aspaldietan nerabillen zeugaz egoteko gogoa; baña zugaz itz egiterik eztot izan joan dan jaiegunerarte. Orduan be eneutsun esan neuk gura nebana, ta oraintxe eskutitz onen bitartez diñotsut.
Ezkongei nago ta ezkontzeko ustean nabil, neugaz pozik biziko dan lagun baten billa. Beste askoren artean zeu aukeratuten zaitut: zeu izango zara niretzako lagunik onena. Ezta alan, Mañasi?
Ia berrogei milla ogerleko daukadaz, Bankoan ondo gordeta: ni ilten nazanean, zeureak izango dira danak, eta bitartean, eurak emoten dabenagaz biziko gara biok ederto. Erantzun daidazu baietz da zeruan sartuko dozu eskuak munga dagotsun
Egurbideko Joxe Antonio».
Arriturik gelditu zan Mañasi eskutitz au irakurtean. Etxakon iñoiz berari alango gauzarik otuko, ezta, ezta. . . Bere billa Egurbideko Jose Antonio, bizardun baserritarra, Indianoa! Ezin zeitekean siñistu. Andiki billa etzan ba ibilli? Jakin izan baleu aurreragoko domekan!...
Mañasik jakin ezarren antxiñatxutik begiratuten eutsan begi onakaz Egurbidekoak. Egia da, andiki etxetako alaba bateri baño geiagori itz egindakoa zan gure mutil zarra, eurakandik ezezko biribillak arturikoa be bai, baña beti euki eban biotz bazterrean tokitxu bat Mañasirentzat, eta andikirik izan ezean... Ezkutuko uste ori eukan Arranondon; baña Bilbon ikusi ebanean ain polito jantzia ta ederra, urretik ezagutu ebanean bere izketearen soñua, egokitasun barriak idoro eutsazan neskatilleari, etxe andiko alabarik onena baño obea iruditu jakon bera, ta orregaitik berealako eskabidea, besteren bategaz lotu etzedin Mañasi.
Orain ikusi daigun neskatilleak Indianoari emon eutsan erantzuerea:
«Bilbon...
Egurbideko Jose Antoniori.
Neure jauna: Eskerrikasko, baña etzaitut bear. Berrogetamar urte inguru eukiko dozuz onezkero: zarra zara niretzat. Kristiñau otza ta euskaldun badaezpadakoa zarean entzutea dot: ortik be ezkiñake ondo etorriko.
Gordeizuz, bada, zeure diruok beste batentzat, eta parkatu egiozu bere gordinkeria
Irazabalgo Mañasiri».
Ondo egin eban onek alan erantzutea? Nik neure aldetik eztot ezer esan gura. Olango gauzetan biotza izan oi da agintari, ta biotzak bere legeak eta bere egitadeak daukaz. Dakitana da erregeri be Egurbidekoari legez erantzungo eutsala orduan Mañasik. Bere erregea Anjel zan: ezeban besteren bearrik.
|
|