|
IV
GARIZUMAKO EGUNETAN
Orain artean esan dotan guztia oraindik ez antxiña ta neguaren erdian gertaurikoa da.
Arrantzalien bizitzea beti izaten da neketsua, baña neguan iñoiz baño neketsuagoa. Neguan izaten da besigutea; neguan, legortarrak epel epeletan lo dagozan bitartean, potin andirik astunenak kalara ezin eruanik eta kalatik ezin ekarririk ibiltea; neguan, suezta baño beste aterperik eztaukiela, edur maluta galantak eta txingorradarik gogorrenak gorputzaren gañean artzea; neguan jan gitxi ta lan asko egiteko ereti luzea; neguan arrantzale errukarrien negua.
Baña negua ia igaro zan, azkenetan ebillen ia, ta udabarri gozoak bere arpegi garbi ederra erakutsi gura eban. Luzatu zan eguna, urdindu zan zeru aldea; eguzkia, geroago ta goizago, epeltasun bizigarri bategaz agertuten zan; Arranondo gañeko sagastiak eta Done Klararen zelaitxoa lorez jantzirik egozan; Errenteriako baserritarrak euren lur ondo narotuak gari berdez beterik pozarren ikusten zituen; Asterrika ta Gorozikako bide ondoetan txor txor ebiltzan zozo-birigarroak, sasirik sasi; Kortetako soloetan kardantxulo ta txindorrak, txepetxak eta txirriskilloak txio txioka; Zaldupe inguruan da Kurutzemendiko arizti ta gaztañadietan eskillasoak eta amilotxak, ostrorik ostro ta adarrik adar, guztiz biziro ta alai egiten zituen euren egaldi errez da ondo neurtuak; ibaiko urak, ujoldietako loikeri guztiak bazterrera kendurik, garbi garbi erakusten ebien kolko barrua, euren ondo edo oe gañeko tresna zar, arrain galdu ta erretillu zati guztiak banan banan agertuteraño; besigutan erabillitako potin andirik geienak, atunetara baño len azpiak ondo garbitu ta pikekoipetsu edo karena barria emoteko legorrera jasota eukiezan; da nasa ondoan, azkenez, zirauna legezko saretxalopa edo treñeruak, me meiak eurak, lirain, leun da guztiz polito egiñak, (meiegiak eta politegiak eidira orainguak) azpitik baltzez da karel ondoan edo gañertzean lerro urdin, zuri edo gorriz apaindurik, antxobatarako prestaurik egozan.
Garizumako egunak zirean, antxobatarako ta txarteletarako egunak.
Antxoba talde ugaria urgañean ikusita, itxasora begira dabiltzanak gorria! gorria! deituten dabenean, Arranondoko saretxalopok arraña dagoan tokira eruaten daben abiadea ta aparra benetan izaten da begiragarrizkoa.
Urriñetik ezagututen da nun dagoan arrain ori. Izurdien erasoaldiakaz izututen danean, batu baturik eta azal azalean geldituten da antxobea, gañalde guztia itxas egazti zuriz beteten jako, izurdeak azpitik gora ta kaiuak goitik bera, dsist eta dsaust, sartuten dira arrain pilloaren erdian, janalak jaten da iruntsialak iruntsiten; da sare txalopok agertuten dira alderdi guztietatik aldaben giñoan biziro, euren sareakaz arrain dana inguratuteko asmoan. Txaloparen bat bakarra, urrerago egon dalako, besteak bano lenago elduten bada antxobea batu dan tokira, botaten deutsa txalopa orrek, azkar, jira guztian bere sarea gorriari, ta eztago zeresanik, txalopa orrena da irabazi guztia: bi elduten badira batera, biak alkar artu oidabie geienetan da irabazia bientzat izaten da; iru edo lau alkarren urre samarrean badoaz, iru edo laurentzat be bai, batzuetan; baña beste batzuetan barriz, txalopea urrean zalata, bidea eragozten aurrean jarri dalata eztalata, Jaungoikoak daki arrantzaleak euren artean erabilli oi daben aserrea, erriertea, iskanbillea ta deadar garratzak!; ta noizean bein alkarri arraña artzen galerazotea, arrika edo agaka norbaiti burua austea be gertau oi da.
Au gauza okerra da, ezin geinke ukatu, baña zegaitik izaten dan errez ulertu daikegu. Iñoiz, arrain asko dan urtean, antxobea, bokarta edo sardiñatxoa, soloetarako, satsa legez be salduten da, oso merke; baña beste askotan, urri dabillenean, arrain andiagoen janaritzat amoetarako edo tretza lakioetarako bear danean, diru andiak egiten diru, ta, diru premiñan dagoanak, zerbait irabazteagaitik, astakeri andiak dakiz egiten.
Arranondon, oiture zarra da, norbaiten txalopeak bokarte asko artu badau, legorretik betaurreagaz gertaldi on ori ikusi daben deizaleak txalopa jabearen etxean jakin eragitea; ta orduan izaten dira eskupekotxoak, batez be arrañak diru asko egingo daben ustea bada; ta baita txalopak errira etorrita gero, arrain otzaretan zidar urtua legez erionga saletxera daroienean antxobea, deizaleak eskatu badau, lengo eskupekoagaz gañera otzarakadatxu bat edo sudur zapia bete edo, zerbait geiago emotea be. Amaika arrain eder jandakoa da Arranondoko Deizalea!
Antxobea atara ondorean bereala, kenduten deutsiez txalopeari ondoan gelditu jakon ur zikin guztiak, orretarako diran zurontzi edo baldeakaz; garbitzen dabe lanbasakaz guztiz ederto; ezkata zuri dizdizariz beterikako sare luze bustia, arrantzale bakotxak samearen jiran iru edo lau ingurukada artuta, eruaten dabe, errenkada bakan irrigarrian, ondartzan edo zubian esegitera; oso edo erdi legortuten danean sare ori, badaroie ostera txalopa barrura; ipinten dabe atzealdean ondo pilloturik, eta prest dagoz bariro, bear bada egunean bertan itxasora beste urten aldi bat edo bi egiteko.
Gure arrantzaleok gorrira baizen azkar eztira joaten txarteletara, elizako ezkillatxoak dilin dilin luzarokoan dei egiñarren. Baña ezta gura eztabielako ta Kristiñauen ikasbidea eztakielako bez. Elizkoiak dira ta naikua ondo jakin oi daroe Kristiñauen ikasbidea, autortuten dabe ona dala ikasbide ori urtean bein itandutea, dana aztu eztakioen; zerbait ikasten jarduten dabena be badakit; baña nagitasun apurtxo bategaitik edo, euren jakituri laburra iñoren aurrean erakusteko lotseagaitik edo, beste olango zioren bategaitik, dana dala, txartelaren billa elizgelara joateko euren gorputza astundu egiten jakoe.
Alan be ia arranondotar guztiak joaten dira txartelatara, asabe zarren ekandu on orri jarraituaz, euskaldun garbi guztiak egin bear dabien legez; da joaten eztiran bakartxoak, edo guztiak dira motzak eta adin illunekoak, edo gaiztakeriren bat egin dabie oraintsu ta gaiztakeria egin da laster eztaue gura apaiz nagusiaren arpegia ikusi.
Artoberok, etzan bera ain argia ta gauzak ikasten erreztasun andikoa be baña, jatorri onekoa ta guraso begiratuen semea zan, da bekizan Kristiñauak nai ta nai ez jakin bear dituan gauza danak, zerbait geiagogaz. Itxasoraterik etzan goiz batean bajoian, bere lagun batzuen atzetik, atoian legez, elizara, ta ia atean zanean, ara nun Josepak berak urteten daben elizatik.
Begiratu eutsien gazteok alkarri, ta Josepak, beste agurrik barik,
—Txartela nai dozu? —itandu eutsan Artoberori.
—Bai, baña zeuk?...
—Nik badaukat bestea. Aitarentzat dala ta zeuretzako asmoan eskatu dot ori... arako besiguaren ordañez
Geiago ezer esan barik jarraitu eban Josepak bere bidean, da mutillak, papertxoa bere atzamar lodietan ebala, ta bere barruko poza ezin gorderik,
—Josepa —deitu eutsan— nik badakit onek zer esan gura daben. Baietz, e?
Ezeban erantzuerarik izan, baña Artoberok, txartela txapel egalean gordeta, —«Ziur ziur nago, baietz esan gura dau»—zirautson bere buruari.
Andik laster etorri zan Asterik Andiena, Aste Santua, ta beragaz batean baru-zaroak, eliz-jai samurrak... eta Apostolu, Beronika ta Fariseo jazteko egunak.
Aste Donerako ioran andia izaten da beti Arranondoko erri sinistetsuan. Benetan ikusgarriak, beste uri txikietan egiten eztiran legezkoak izaten dira orduko eliz-jaiak; baña batez be Eguen da Bariaku Donetan elizatik urten da kalean zear egiten dan joan-etorri edo jira-bira itzala, guztiz da entzute andikoa, ta inguru-errietako gizaldra asko jai soñekoakaz jantzirik eta bideak betean joaten dira Arranondora jira-bira edo joan-etorri ori ikusteko asmoetan.
Eguen Doneko arratsaldean urteten dabe elizatik Jesusen Nekaldi samiñeko gomutagarri askok, eta euren artean amairu arrantzalek, bat Jesus Bera ta beste amabiak Jesusen lenengo Ikasleak balira legez. Orrezaz gañera, Bariaku Donean agertuten dira emakume batzuk Jerusalengo Alabak diralata; lau edo zortzi gizon Erromako gudarien antzera jantzirik; beste bat, errian danik onena al bada, Jesusen gisara kurutze astun bat sorbaldan daroiala; beste bat Zirineo laguntzaria legez kurutzeari eutsika, ta eztakit nik zenbat olango Kristoren Eruankizuneko gogoragarri biziak.
Guztiz egoki jantzi ta apainduak ibilten dira gaurko Ikasle, Gudari, Beronika, Zirineo ta osterantzekoak, orretarako norbaitek iasa ta itxura onean egiñiko soñekoak daukiez orain da; baña ez nik diñotan urtean. Orduan Jesusen Ikasleak alkondara ta gona zuri almidoi ta burdin beroagaz gogortu ta leunduak jazten zituen soñean! Buruan barriz oraingo Eliz-Artzain edo Obispoak eliz-jaietan erabilli oi daben antzeko txapela eruaten ebien, paper zuriagaz egiña!, oial-estu edo zinta gorriakaz apaindurikoa Eguen Donean, da oialtxu baltzagaz Bariakuan...
Au irakurtean, barre egin daike nire irakurleren batek, baña ezeban Arranondon iñok barrerik egiten. Eztarririk oneneko Apostoluak, euskerazko liburu bat eskuan ebala,
«Jesukristori kendu ezkero
Pekatuakin bizitza,
Baldin ezpadot negar egiten
Arrizkoa dot biotza»
erestu edo kantaten ebanean, beste Apostoluak eta erriak danak, arima arimatik eta biotzeko berotasuna arpegian igarten jakuela, erantzuten eutsien:
«Baldin ezpadot negar egiten
Arrizkoa dot biotza».
Eder da egokitasun billa dabiltzanen begiak itxura oneko gauzea billatu barik naigabez egoten dira; baña Jaungoikozkoa idoro nai dabenak, kanpoko edertasunagaitik eztau izaten ainbeste ardura, ez ederzalea eztalako, ezpada orduan edertasunari begira eztagolako baizen.
Arranondokoen iritxiz kalean jirea oso ederto egin zan nik diñotan urtean.
Josepa ta Mañasik bakarrik euki eben zeresan apurtxo bat.
Artobero Apostolutzat eta Anjel Erromatar gudaritzakotzat ibilli ziran, da Josepak esan eutsan Mañasiri:
—Ikusi dozu gure Artobero? Ezta ondo jantzita joan. Neu izan banitz bera jazteko, alkondarea obeto leundurik eruango eban da gonak ez ain arro.
Mañasik barriz Josepari:
—Ta Anjel? Alango mutilla, kedarragaz arpegia baltziturik eta... Ori eztago ondo.
|
|