|
VIII
ARRAIN SALTZALLEAK
Arraña polito ekarren da, potiñak errira sartu ziraneko, an egozan nasa gañean emakumeak.
Euren egitekoa da, Arranondon beintzat, arraña txalopetatik atara, garbitu ta gazitutea, txikia bada. (Sardiña ta antxobea). Andia danean, (besigu, legatz edo atuna, batez be) saltokira eruatea dabie asko, bada txalopa guztiak dakarren arraña batera saltzen jakue mandazañai.
Emakumeai jagoke, gañera, erdalerrietara bialtzeko lantegiak erosi daroen arraña oriotan erre ta upeltxuetan tolostutea.
Ta, azkenez, euren egitekoa da, errian da inguruetan jateko bear dana, kalerik kale saltzea.
Iru eratako saltzalleak ezagutzen ditut: txalopa jaubien emazteak, emakume ixil da onak geienetan; potintxuak dakarren arrain txikia, erre edo egosi barik luzaroan euki ezin dan arraña, errian bertan kalerik kale saldu oi daroenak; eta besteai erosita auzoetako errietan aldan arrain mueta guztia eruaten dabenak: astodunak deritxue azkenenguoi, astoakaz doiazalako erririk erri.
Astodunak ziran Tramana ta Brix, edo obeto esateko, asto jaubeak, bada errietara alogerekoak bialdu oi zituen; langilleak biak eta biotz onekoak, baña ezagutu ziranetik bata bestearen arerioak edo arerio legez bizi ziranak, eztena baño min zoli ta zorrotzagokoak, aora jatorkoen zatarkeria edozeñi esan bear eutsienak, alkar ikusi orduko beti erriertan ziarduenak, atzamarkarako beti prest egozanak. Eurak ziran emakume agirakari guztien buru ta nagusi; agiraka egitea zan euren poza; nasan batuten zireanen artean gogorrenak eta gaiztoenak izatea euren arrotasuna. Orain bat eta gero bestea esan arren ezeutsien ardura; guzurretan iñok artuagaitik etziran lotsatuten, bada deadar andiena egiten ebanak edo atzamarrik sendoenak eukazanak irabazi oieban auzia. Ta deadar, garraxi ta txillioak egiten, orretantxe ziran ba eurak mutillak... eda emakumeak! Utsa bear izaten ebien aserratzeko, ta aserre egozanean, entzutekoak izaten ziran euren destañazko esanak... edo ez entzutekoak, ikusgarria euren gorputz, buru ta eskuen eragin aukerazkoa.
Aitatu dotan egun onetan be, ezerez bategaitik asi ziran, da Jaungoikoak daki zelan amaitu eben aserraldia, eztarriak itxi ta zeresanak eta indarrak amaitu jakoezanean.
Otzarakada bat atunegaz etorrela, nasa gañean egozan emakumien artetik igarotean, bultzada bat emon eutsan otzara orregaz Brixek Tramanari, uste bage edo naita, ori eztakigu, bada era bietara gertau zeikean. Tramanak, burua biurturik, ikusl eban bere arerioa ta asi jakon:
—Nor da berau, ainbeste leku bear dabena? Erregiña dalakoan birau natxako ta Brix sorgiña baño ezta.
Tramanaren esan garratza entzun orduko, itxi eban Brixek lurrean bere otzarea, ipiñi zituan esku biak gerrian, da inguruetakoai begira, buruari eraginaz, esan eban:
—Ara, ara oin be zelan asten dan kaskamotz, zikin, ordiori.
Ta arerioari ausarditsu arpegia emonda, jarraitu eban:
—Entzuizu, Traman zabala, atso popandia, zein sorgintsutan ikusi nazu neu? Zeu izango ziñan sorgintsuan zu, baña orditurik, eta ezenduan ezagutuko zeugaz ebiltzanak be zuk.
—Ordituta neu? Zegaz gero ordituta? Zeuri atzo amantalpetik kalean jausi jatzun bonbillekoagaz?
—Eee? Zeeer? Neuri bonbilla jausi jatala atzo kalean? Guzurra diñozu, zaskil, zantar, txarri, urde, zorritsu, lotsabageorrek.
—Min emoten deutsu egiak, min? Alperrik ukatuko dozu ba, Marikontzek be ikusi zenduzan da.
—Marikontze eskallu, txatxala, ezkel, petralari ta zuri, biori, arpegiko narrua kenduko deutsuet nik, neure atzamarrakaz, lodia daukazue baña.
—Zeeeuk? Ja jaiii! Etzaite aztu gero, buruan zorririk ezpadaukazu. neuk lenago bartzak (ligarrak) ausi neutsuzalako dala.
—Zeuk bartzak kendu neuri? Eztago toki txarrean. Nire buruan eztago bartzik. Burua garbi daukat nik, Tramana: zuk, zital zikin orrek, egundo zeure bizian euki eztozun bestean garbi.
—Zegaz garbituta? Txanton Kaiuanetik zeroiazun pattarragaz? Obeto egingo zenduan begietako makarrok be garbitu bazenduz.
—Txantonenetik pattarra baneroian, ondo neroian; neuretik, ez zuk lez iñoren lepotik...
—Ja jaiii! Len eztozu ba esan ezeroiazula?
—Len, da orain, da beti, neuria egia, neuriaa...
—Uutik, mielga ustel gosekilla! (goseak illa). Zuaz nire aurretik, bestela...
—Bestela zer? Neu joango naz, nai dotanean, zulango emakume baldar, koipetsu. zetakaz beteriko bat neure aurrean ez ikusteagaitik...
Etzan onenbestegaz amaitu Brix da Tramanaren arteko ekiñaldia: aldendu ziran alkarregandik, jardunean; bana billatu eben barriro alkar bi, iru ta lau bidarreraño, ta an izan ziran angoak azkenerako, batak besteari oratu eutsienean.
Askok usteko dau zatarkeri geiegi ipinten ditudala emen: izan leiteke; bana Brixek eta Tramanak esandakoen laurenik eztot ipiñi; ta alan be, erritar gizonak euren txalopetako arazo ta zeregiñetan, ezeri jaramonik egin baga jarraim eben. Betikoa zan da! Beste batzuk izan baziran baña, Tramana ta Brix... Ba!...
Saldu ziran arrañak. Astodunak erosi zituen zatitxu batzuk; mandazañak geitxuago; lantegietarako gelditu ziran enparauak. Maneau zituen bakotxak bereak, astodunok ipiñi zituen eurenak asto bakotxean otzara biñaka, ta arre azkar, arre, asko ibilli bear ebien da.
Arranondoko astodunak entzute andikoak dira. Astorik bizkorrenak baizen bizkor, oñez beti ordu luzietarako bidean, naiz uda ta naiz negu, geienetan gabaz, iñoren bildurrik bage, ain laster Arrateko, Iziarko, Gardotzako edo Antiguako Amari arrenez, ain laster alkarregaz agiriketan da batak besteari zitalkeriak esaten; errien sarreran alai ta pozkor, eresi zar da barri ederto esanakaz lotan dagozanak esnatuteraño, gabaz bada; ta eguna argitu ezkero arrain ederrak eta merke! luze, zoli ta garbi deadar egiñaz, belarririk sor da gorrenari entzun eragin artean; zortzi, amar, amasei asto aurretik dituela, an doiaz Arranondoko arraindunak goierrialdeko urietara, itxas ertzetako azkartasuna, oiua, zarraparradea ta gatz ale lodia kale guztietan zabalduaz.
Amaika bidar Markiña ta Durangon, edo Elgoibar, Eibar, Ermua, Plazenzia, Bergara, Mondragoi ta Oñatin entzun ditue Arranondoko astodunen esakera latzak eta baita euren kanta edo eresi eztitsu ta ederrak be; amaika bidar, erritik kanpora eioazala, entzun deutsiet nik, arrantzaleak lotarako dagozan orduan, illuntzeko aize bigunak Arranondoraño ekarren olango eresi-oiarzuna:
«Itxasoak urak andi,
Eztau ondorik agiri:
PASAKO nintzateke andik
Maitea ikustea gaitik».
Iñoiz, eresi au aitu ondorean, lantegiko ate ondoan, besoak lotuta, barrura sartzeko deiaren zain egoan eibartarren batek, txantxetan esan badeutsa astodunari:
—Baña maiterik badaukazu gero zeuk, maiterik?, laster asko entzungo eban arrain saltzallearen era onetako erantzuera zorrotza:
—Emen daukagu geure mustur baltz, eta maiterik daukagun diño berak. Bai bost, zu baño morrosko obeak eta maitegarriagoak.
|
|