III
OARTXU BAT ETA ALBISTE ONAK
Ezizen geiegi ipinten dotala uste badau irakurleak, jakin daiala lenengotik, Arranondon eztagoala ezizenik eztaukan etxadi bat bakarra.
Andiak eta txikiak, aberatsak eta landerrak, guztiak daukie eurentxua.
Jatorriz erritarrak diran etxadiak, ezizen ori antxinetatik daroe, ta etxadiko danak ezizen bategaz ezagutuak izaten dira. Aitari Talotxu esaten badeutsie, semea Talotxuren semea da, andrea Talotxuren andrea, alabea Talotxuren alabea geiago bearrik eztago. Iñoiz bateo arrian abadeak ipiñiriko izena ondo esaten bajako norbaiti, gurasoen ezizena izango da izengoitia. Talotxuren semeari ezarritako izena Joane bada, Joane Talotxu esango jako.
Kanpoko errietatik Arranondora datorren etxadiak an dauka bere izengaiztoa ogetalau ordu barru, ta eztau geiago beragandik kenduko. Zeñek ipiñi deutsa? Iñok eztau ori garbiro jakiten. Edo mutiko batek etorbarriaren semeari ikastetxean, edo arrantzale batek senarrari elizpean, edo emakume batek emazteari enparantzan. Zergaitik? Edozer gauzagaitik. Edo lodi eder guria, edo argal me zatarra dalako, apaindua edo prakazarduna, azkarra edo baratxa, argitsua edo argibagea, olango edo alango irabazbidekoa, orko edo ango baserri edo uritik etorritakoa. Mutiltxoari deitu badeutsie lenengo Prakazar, etxadiko buruari Prakazarren aita esango jako; andreari esan badeutsie Moñoker, Moñokerren senarra. Lenengo ezizena ezarri jakonak emoten deutsa gero etxadi guztiari.
Arranondokoen belarriak ain dagoz onetara egiñak eze, batzuk, euren benetako izena zelan dan be eztakie; norbait ezagutu dot bere aitarena gogoratu eziñik; aitaitarena gitxik jakiten dau.
Badakit albistari-zabaltzallea ibilli dala iñoiz eskutitz bat zeñentzakoa zan ezin argitaraturik. Sr. D. Julian Iragorri eukan estalkian, da Julian Iragorri zein zan ezekian iñok. Atso-agure guztiai itandu jakuen, da atso-agureak etzala, esan eben, erritarra izango. Azkenean, apaiz nagusiari eskerrak, agertu zan eskutitzaren jabea. Zein izango ta Saguzarra deituten jakon gizontxu bat zan.
—Orixe be bada ipuña, —esan eieban orduan Artoberok —Saguzarrari Don Julian asmau eideutsie.
Eztedilla, bada, iñor miraritu izen gaizto asko ipinten ditudalako: izengaizto guztiak, Arranondon, egiazko bakarrak dira.
Ta onenbestegaz, goazen etenda itxi dogun neure zeregiñaren aria orapildutera.
Sardinzarren txalopakoak Getarian sartu zirean, da ondo zainduu egozan, guztiz ondo.
Ikusi eztabenak eztaki zelan artu oidituen, edozein erritan, euskal lurrean bada erri ori, itxasoagaz guda ezbardin ikaragarrian ibillita gero legorrera datozen arrantzale anaiak.
Legorretik ia ondatuan ikusi diran gizonok eurenez badatoz erri batera, an idoroten ditue legorrekoak, bakotxak bere etxera arrantzale nekatuok eruan naian, batak salda beroa, besteak Santandertik ekarritako kaña gorria, onek jaka lodi bat, arek oe zuri garbia ta urliak su eder galanta eskeñiaz, danak etxean dauken guztia emon guran, daukena baño geiago nai leukiela, anai beartsuai guztia emoteko.
Sarrera txarra badago errira ta nunbaiteko arrantzaleak sartu ezinda badabiltz, legorrekuok, izugarrizko azartasunik andienagaz, eriotzaren atzamarretatik gizon batzuen bizitzea kendu ta irabazteko asmo leñargitsuagaz indartuta, urteten deutsie txalopetan itxas bidera; euren buruak galtzeko zori txarrean doiazala igarri edo gogoratu barik, sartuten dira itxas barrura, etxeak añako baga zuri sendoen artetik, ekiñaren ekiñez, bideak eregiaz; da arriskurik andienen artean artegatasun bage, asten dira, gogor da zintzo, zelan amaituko dan iñok ezin esan daikean lanbide zuzen, goragarri ta txalogarrizkoan.
Erritik begira dagozanak orduan euki oi daroen larri ta estutasuna ezta esatekoa, ta nire lumeak ezin daike ondo esan. Asko egoten dira oso urduriturik eta itxasokoari ziñuka; danak, era batzuetan, aoa zabalik, arnasarik artu ezinda, ari albañu etengarri batetik esegita balegoz legez (gaztelarren antzera esateko), erriko gizonik sendoenak noiz itoko ete jakuezan bildurrez da ikaraz; da eurak, bitartean, adiskideai edo ezezagun batzuei laguntasuna emoten dabiltzan arrantzale umantkorrak, lagundunai gori orretan erre ta kiskaltzen, lagundu gura orregaz danak itsuturik, agertuten diran olatu guztiai euskaldun ausarditsuen arpegia emonaz, urpean orain da aizean gero, uraga edo erramuak eskuetatik itxi barik, begiak ernai ta besoak irme dituela, legorrekoen ziñuai jaramonik egin bage, euren asmoagaz ondo urten edo Kantauriko ondarretan ondatu artean aurrera mutillak! alkarri deizka, aurrera mutillak, Iaungoikoaren izenean!
Izan da Euskalerriko arrantzale bat, zumayatarra, Jose Maria Zubia eritxona, baña Mari-ren izenagaz ezagutua. Arrantzale orri, beste askotan ondo urtenda, orain esan dotan legezko gertaldi baten Donostian ito zalako, bere jazkera ta izakeraren irudi bat egin eutsien uri eder atako gizon agintariak, eta irudi ori an dago Donostiako kaigañean Mari-ren gomutagarritzat. Baña Jose Maria Zubia-ri ezer kendu barik esan geinke, bere gisako beste umant asko dirala Euskalerrian, gure itxaserrietan gizonik aña umant dirala.
Getarian eztago beinbere sarrera txarrik. Aita Done Antonen menpean beti izaten da bare, ta an egoten dira sarri Kantauriako txalopak eta ontzi azitxoagoak be bai, irxasoari bere amorru ta aserreak joan arte guztian, etxe barruan balegoz legez.
Goizeko ordubietarako Ankaluze ibiltaria Arranondon zan, Sardinzarren etxean ate joka, gizonak Getarian sartu zirala ta kezka barik egoteko esanaz.
Aitatu bearrik be eztago zelango pozagaz jakin zan albiste au Arranondon.
Laster-bidietatik, oñez, nekatutxua ta lokatzaz betea eldu zan Ankaluze, orretarako jaioriko gizon azkarra; baña ondo berotu eben, su andi baten aurrean jaten da edaten emonda. Iru librako besigua, lauko ogiaren erdia ta pitxar bat ardao berialaxe iruntsi ta txipillau eizituan, jardunari itxibarik.
Illunabarrerako sartu eizan Getarian txalopa ori.
—Eztabe doekabetasun edo kalterik izan? Eztau iñok miñik artu? —itanduten eutsan oraindiño ikaraz egoan Sardinzarren emazteak.
—Ez andrea, ez. Zaparrada gogorren batzuk artu omen dituzte, txalopako tretza, otzara, jaki ta soñekoren batzuk galdure bai; baño gizonak naikoa tente etorri dia.
—Anjel be bai?
—Zein da Anjel ori geo?
—Neure semia ba.
—Ezaltzea ba zu Sardinzarren emaztea?
—Bai, baña semia be badaukat antxe, txalopan. Mutil eder bat da, ta ona mutilla.
—Nik eztakit ezer, baño danak egon bear dute osasunez. Alkateak esan dit nei: Ankaluze, jungo altzea Arranondoaño txalopa emen dagoala ta bildur gabe egoteko esatea? —Ta, bai, esan diot, bai jauna; ta esan ta egin, perloi bi jan ditut eta asi naiz bidean Burnietatik gora ta Askizutikan zear. Zumayako ondartzan egon bear izan det luzarotxo ibaia pasatzeko (igarotzeko) batelaren zai, baño, ala ta guztire, ordubiterdi baño lenago Iziar gañean nintzan.
Eten bageko jardunean euki eben Ankaluze, berbotsera inguratu ziran auzoetako emakumeak, maitik jagi zan arte. An zan Mañasi be.
Eguna argitu ebanerako bazter guztietan zabaldu zan albiste ona. Josepari Mañasik eruan eutsan. Pozaren pozagaz ler egin bear eban gaixoak. guztiz artega ta birbizturik egoan, ezin zan iñun gelditu, ezin artu eban ezertarako astirik, eta, orduak baño lenago Josepari bere logelan sartu jakon, oraindiño bere lagun au lotan egoala.
—Josepa, Josepa, Getarian dagoz —esan eutsan.
—Zeintzuk? —itandu eban besteak, ondo iratzartu barik.
—Eurak.
—A! Aztu jatan niri. Lotan negoan da... Berandurarte eztot begirik itxita...
Barre algara gozo bategaz erantzun eutsan Mañasik. Eta bereala jarraitu eban:
—Jagi zaite laster, alperrori, esan bear asko daukaguz ta.
Ta barriro, Josepari ezertarako astirik emon barik, bazirautsan:
—Entzuizu: zelan da Artoberoren ele ori?
—Lotsatu egiten naz esaten be, lotsatu neuk dakitalako be.
—Etzara bada zu lotsakorra.
—Ez, baña olango gauzak direanean a... Zeuk zegaitik esan ezteustazu zeurea?
—Nik esan neutsun dana bart, eta gañera nire ori ezta neure barruko zer bat baño besterik.
—Eta zeure barruko zerori zegaitik agertu ez atzo artean? Da atzo be; estu estu izan ezpaziña etzenduan zuk txit bat egingo.
—Zelan ba, neuk be eznekian zer zan da. Tira, esaizu zeure ori.
—Lotsatu egiten naz baña.
—Orduan estalduizu arpegia, bana esan.
—Ara ba, lenagoko baten, nasatik gora netorrela, besigu bat emon eustan Artoberok.
—Besterik ez?
—Eta gero, aren etxerako ona nintzalata... neuk gura baneu, esan eustan.
—Da zeuk?
—Nik eneutsan ezer erantzun.
—Baña Done Pedrori argia ipiñi bai. Eztago geiago?
—Geiago ezer bez.
—Ia, ia, jagi ta jantzi arin, da goazen elizara eskerrak emoten, gero jardungo dogu geiago ta.
|