IX
GURE GAZTEAK
Eztaukadaz aztuta Anjel da Mañasi. Bai zera aztuta! Euren ipuñak esateagatik artu badot esku artean darabiltan arloa.
Ara emen euren barri batzuk.
Itxasoraterik izan etzan goiz baten, Anjelek txibi korañak egiten ziarduala, bere ama Tomasa Andiak, etxeko arazoetan ebillen bitartean, bera (ama) zarra zala ta, lan asko egiña, nekatua ta osasunean biguna be bai ta, ona izango litzatekeala etxera andre gazte bat ekartea esan eutsan...
Anjel irribarrez gelditu jakon, ezer erantzun barik.
Eta ama orrek jarraitu eban ostera:
—Zure biotzeko atean eztau oindiño iñok deitu, ta orregaitik eztozu zeuk be iñori oles edo jeupada bat esateko asmorik artu izan. Baña zerbait egiteko garaian zagoz, da begiz jota daukat nik guretzat ondo datorren neskatillatxu bat.
Anjelek, korañera makurturik eukan burua jasota, begirada bategaz, zein da? itandu eutsan bere amari.
Ta onek, semeak zer itandu gura eban igarri orduko,
—Antoni errota da —esan eban— Mari errotaren alaba bakarra.
Barriro makurtu eban Anjelek burua, korañera, ta amak, okerkera begira jaokon baña, ezin eutsan semeari ezagutu zelan artu eban albistea.
Ta jarraitu eban, berak aukeratutako emakume ori zein egokia zan obeto erakustearren:
—Bere bizikoa dozu Antoni ori, guztiz langillea, makur bakotxagaz bat eta erdi egiten dakiana ta aberatsa gañera. Ia ba, Antoniren amak berreun dukat ekarri zituan Artolatik, urretan, orduan oin baño urre geiago egoan egon be ta; aitak barriz atuntsu onak izan ditu ta bere potin andi biakaz gura daben aña diru irabazi dau urte batzuetan. Etxebizitzia be eztaukie makala orreik. Egingo neuke erri guztian beste lauk obea euki ezetz. Ango erropa zuria, ango araza ederrak, ango jarleku barriak eta ango burdiñazko lomaietan daukezan oe garbi txukunak ikustekoak dira, txotxo. Eztau ez, Antonik, ezkonsari makala eruango ezkontzen danean... Zer diñostazu zeuk, neure semea?
—Nik oindiño ezer bez, ama. Orreik gauzok ardurazkoak eta ondo gogartetu bearrekoak dira. Bein ezkontzen da bat betiko.
—Alantxe da, ondo erantzun dozu, gogartetu izu gura dozun beste, ta gero zeuk erantzungo deuskuzu.
Orretan gelditu zan autua.
Anjelek, bada, ezeban erantzun ez baietzik ez ezetzik, gauzea gero ikustekotan gelditu zan; baña bere amak aitari ta Antoniri zerbait aitatua izan bear eban, gerora jakin zanez. Sardinzarrek, ardantegian, bere semea laster da ondo ezkonduko zala esan eieban: Antonik, lagun artean, erriko mutillik ederrenak bera gura ebala.
Esanok eldu ziran Mañasiren belarrietara, ta orduantxe ezagutu eban gaixoak bere barruan Anjelenganako euki eban zera etzala maitetasuna baño besterik.
Naigabe sakona artu eban albiste orregaz Mañasitxuk, samin gogorra sartu jakon bere biotzaren erdira; baña bere biotz orren erdian gordeko eban bere naigabearen ozpin-beaztun guztia.
Arima andiko neskatillea zan Mañasi, bada arima andikoak eztira aberatsen artean edo asko ikasitakoen artean bakarrik aurkituten. Mañasi etzan aberatsa, asko ikasia bez. Bere aberastasuna oe bat edo bi, amabiren bat izara ta beste orrenbeste burko azal, sukalde-tresnentzako arazea, soñeko edo jantzientzako kutxatxoa ta gaztaña makillakaz baserrian egindako lau edo sei esar leku izango ziran: bere jakituria, erriko ikastetxean ikasi eban apurra, edo beren guraso ta erriko abadien aotik arturikoa, euskerazko eliz-liburu batzuetan ikasitakoagaz gañera.
Baña berez jatorkon garbia ta zuzena izatea, berez jaiorikoa eban gauza guztiak argi ta ondo zirean legez ikustea, Anjel ganako maitetasuna berez sortu jakon antzera.
Bai zoritxarrean. Igarri barik erne ta azi jakon maitetasun ori, baña mingostasuna barruan ondo ezagutu barik etxakon joango, iñok kanpotik ezeutsan igarriko baña. Jaungoikoak daki an barruan zer igaroko jakon Mañasiri ta zenbat iruntsi bearko eban gure neskatilla onek; baña azalean, arpegian, esakera edo ibilkeretan, ezeutsan egundo iñori ezer aituten emongo. Ezeutsan iñok illeta, inkes edo zotiñik entzungo.
Iñoiz baizen goiztarrago, elizarakoago, baztertuago egin zan, da jolasetara ezeban bere bururik agertu gura. Amesai ate guztiak itxi, lurreko poz guztiai agur egin, gazterik zar itxurak artu, ta Jaungoikoak emoniko kurutze astuna ondo eruanaz bizi gura eban. Zein mingarria izan oi dan olango gaztien bizitzea! Zein naigabezkoa zan Mañasirena! Jaio; biotz bero ta ederraren jaubea izan; umetasuneko egun lausotsuen ondorean maitetasunaren argi pozgarria norbere barruan idoro; argi ori geroago ta ederrago asten ikusi; berari begira, urte askoan, gozotasunez zoratzen bizi; bera gura izan, zurrak urrea baño obeto, goseak janaria baño geiago; norberetzakotzat euki argi ori, azkenerako; gurarizko ames eztitsuetan egunero beragaz ibilli... ta, usterik gitxien danean, goizetik gabera, argi ori beste batena dala ta beste bategana daroiela entzun; au da, ezti guztiak mingostasun biurtu, barre alai danak malkotu, itxaropen bigunak galdu betiko, argia amatau ta eguna gautu. A! Olango naigaberik izan eztabenak eztaki naigabea zer dan!
Mañasik ezeban iñoiz ikasi gauzen azterren edo sustrairik ataraten, ta ezekian, etzan errez be ta, zelan jausi zan bera maitetasunaren lakio artean; baña ikasi eban maitetuten, bai ondo, bai geiegi, ta zer egiten eban ondo ezekiala, an egoan beti etxe zokoan arima-barruko miña gogoramenagaz ikutu ta ikutu, aztertu ta aztertu, ta, azken aldera, beti negar da negar.
Mañasiri bere bizikera barria ezagutu eutsanean Josepak esan eutsan:
—Nik, neuk dakit zegaitik, eztotsut ezer aitatu; baña norbaitek esan deutsu zuri Anjelegaitik zer diñoen.
—Bai ta alantxe da.
—Ta?
—Ta ondo deritxodala. Egundokoa da Anjelentzat Antoni.
—Alan izango da... edo izan leiteke; baña oraintxe zaitut nik zu iñoiz baño geiago erruki.
Egia zinoan Josepak. Iñok ikusten eztaben barruko kurutzea milla bidar astunagoa da agirian darabilguna baño ta barruan erabillen berea Mañasik, iñok ikusi ezeion bildur.
|