|
XXI
LAZKA-MATAZAK
Guztizkoak sortu zirean Españako legegille ta Euskalerriko gauzen jaola, Arranondo ta inguruko errien izenean, urlia edo sendiak, Patxik edo Peruk Madridera joan bear ebalata.
Etzan alango bizitasun, aserre ta nasterik Arranondo baketsuan ikusi, arako bere seme sendoak beste euskal-uri eder batekoakaz euki eben indarneurtze, itxasdema edo arraunketa estua igaro zan ezkero.
Ordukoa...bai, ordukoa be andia izan zan. Zeaztu daiogun emen irakurleari, gure arloaren aria pitin batean etenda bada be, zeazgarria data.
Indar-neurtze orretan, gure arranondotarrok, ain entzute andikoak izan da; euren burua, erramuetarako, iñor ez legezkotzat eukita; irabazia eskuan eukielakoan zoro zoro luzaroan egonda; galdu egin eben arraunketarik ospetsuena, galdu euren entzute andia, galdu ain nekez irabazitako dirua! Onek emoten eutsien negargurea ta sabeleko miña Arranondoko emakumeai, dirua galtzeak. Entzutea gauza ona zan, baña entzute ori erakarriko eben barriro, urrengoan zerbait obeto gertau ezkero. Orren sinismenik etzan egundo Arranondon galdu. Baña ta dirua! Euren umetxo maitien ogi ta soñekoa zan dirua, zelan erakarri etxera, beste alango erarik gizaldi batean etzan izangota?
Mirari bat igaro zan orduan: Tramana ta Brixek alkar artzea, biak iritxi batekoak izatea. Biak ibilli ziran iji ta aja ioranean, erramuetea baño lenago esaten, au zirala, ta ori zirala; onenbeste edo arenbesteko bitartean errez egingo zituela uretan egin bear ziran bideak; urgañeko gauzetan arei bakean itxi bear jakuela; alango morroskorik, alango bularrik, alango besorik; jango leukiena, edango leukiena, jasoko leukiena; bear zan orduan eukiko eben ausardia, errira erakarriko eben dirutzea, egin bear jakoen arrerea... nik dakit zenbat ipuin, ames da geiegizkeri? Biak ibilli ziran gero batera, erramuetea galdu zanean, gertau zan arrigarritasuna siñistu ezinda, buruak makurturik, barruak jaten, iñoiz baño erreago ta zitalago, euren beaztun mingotxak norbaiti arpegira jaurti naian da zeñi jaurti ezin jakinda.
Onak egozan eurak orduan iñoren destañak entzuteko ta erbestekoen adar-joteak bakean eruateko! Ta ain zuzen orduantxe alboerrietako emakumeak gizonezkoak baño geiago, antxinetako erdiaserreak gogoraturik, orduantxe eiebiltzan arranondotarren lepotik barre andiak egiñaz. Arranondo betiko lurpean sartu zala ta etzala bertan zer janik gelditu, eiziñoen gañera, pozez beterik.
—Bai, —esan eban Tramanak olango albisteak entzutean— gure errira lenengo datorren Musturzuloko edo Lekuitoko atso ezkelak eruango ditu bereak eta bi.
Esan da egin. Musturzulotik sardiña batzukaz lenengo agertu zan emakumetxoari errira sartu baño be lenago, erruduna edo errubagea zan jakinbarik, asi jakon Tramana deadarka:
—Entzuizu, Mari lotsagabe, zelan zatoz zeu Arranondora, gugaitik esan dozuezanak esanda gero? Sardiñok zeñek erosiko deutsuzalata, emen dirurik ezpadago? Narrubiko arpegia daukazue zuek, ijito, motxalle, pizti, zantar, zikiñok, narrubiko arpegia. Baña neuk kenduko deutsut batori...
Onetan ziarduala, urten eban Brixek arin-aringa, eztakit nondik, txalopai emoten jakoen bria-koipetan sarturiko lanbas bat ekarrela, ta buztana zapaldu dautsen katuak egiten dituan lango garrasiakaz, deitu eutsan adiskideari:
—Eutsiozu, Tramana, eutsi gogotik. Ezteutsagu narrurik kendu bear. Irugarrena ipiñi bear jako, narru baltza.
Bai laster ulertu ta azkar lagundu besteak. Ondo iruditu jakon Tramanari Brixen egitekoa, txarra zalako, ta Musturzulokoari ezertarako astirik emon bage, artu eutsazan eskuak beingoan atze-aldera, eta Aitaren semearen esan orduko, afrikatarren itxurako arpegia ipiñi eutsien gaixoari...
Ta barre egiten ebien gero gaizkille biak, sardinsaltzallea txistuak boteaz da arpegia garbitu eziñik ebillen bitartean.
Urrengo egunean barriz agertu zan Arranondora Lekuitoko andre zar bat, eta oni, zarra zalako, edo besteari egiñikoa naikotzat artu ebielako, imiñerdi baba zuri ta urdai zati bat emon eutsien, ikaraz egoan andretxoari itz gozo-garratzetan esanaz:
—Ara, aditzen emon eikezu Lekuitoan, badaukagula oraindik zer jan apur bat, gure Jaungoikoa bizi dalata; baña zuen erriko Jaungoikoa, Urlia zaldun aberats zintzoa il jatzuelako, geuk, Arranondoko arloteak bialtzen dogula janari ori Lekuitoko beartsu guztienzat. Geiago bear dozuenean etorri eske.
Arranondoren lepotik egindako barreari olango destaña ta iraintasun mingarriakaz erantzunarren; lotsagalduak, (egia esan bear da) min txarrekoak, (edonun dago bat edo beste) ta gaizto itxura andikoak izanarren, etziran barrutik gaiztoak Tramana ta Brix. (Arranondon eztago biotz gaiztokorik, arranondotarra bada). Ondo erakutsi eben barru onekoak zirala, andik laster, erritar erramulariak garaitu zituan txalopako agintari gizagaixoa ito zanean. Biotz guztiagaz emon eben arranondotar danak euren oparitxoa gizon orren etxerako, ta Tramana ta Brix ibilli ziran eskean aterik ate, negarrez, bene benetako negarrakaz. Ordurako dana aztu jakoen.
Txarra da, irakurlea, anai-errien arteko aserrea, laster aztutekoa izan da be, ta ondo egingo leuke aldabenak olango aserre-bidea sustrai ta asieratik kentzea, gure anaitasuna egunean baño egunean geiago zindotu dedin; baña askozaz txarragoa da uri barruan bertan, norbait alkatetzarako edo legegilletzarako autatu bear dabenean, erkideak eurak sortu daroena.
Itxas-dematik jaiorikoa baño milla aldiz okerragoa izan zan, Patxi zala ta Peru zala, Arranondon sortutako atrakala ta naste galgarria. Ez Patxi ta ez Peru etzituan urian iñok ezagutzen, jauntxoen batek izan ezik; baña erritar bakotxak beren etxean, beren txalopan edo ardantegi bazterrean zerbait entzunda beste barik, goizetik gabera gelditu ziran gizon da emakume guztiak Patxiren edo Peruren alde.
Baña zelan gero! Arranondotar guztiai esnatu jakoezan barriro beti lotan egon bear eukien griña gaiztoak, erritar guztiak urratu zituen euren arteko anaitasunik zintzoenak, aspaldietako adiskideak alkarregaz aserratu zirean, beti betiko lagun zarrak batabesteagaz areriotu, gizon askoren biotzak gorrotoz bete ta emakume geientsuen mingain zoliak puzoni zitala erioela jarri. Dana egoan orduan azpikoaz gora. Alperrenak ebiltzan langillien, autari billa; eztitsuenak garratzen, bigunenak gogorren, bildurtienak ausarditsuen, onenak gaiztoen; baketsuenak esetsi bizian, ixillenak oiuaka, ollo irudikoak azeri eginda, arkume antzekoak otso biurturik. Alderdi guztietan egoan alkarganako esamesana, ezin-ikusia, gaizkinaia, irria, ziñua, zapokeria, atximurra ta atzamarkadea.
Ta zuzen irudiko gizadiak olan baebiltzan beren artean, zer egingo eben erriertarako, dongakerirako ta burrukarako beti prest egozan emakumeak? Zer egingo eben Tramana ta Brixek? Ezeukien erea makala aora jatorkoezan guztiak esateko. Ta ezeben era on ori galduko, ez orixe!
Alkarren barri ezer lenago jakin barik, biak aurkitu zirean Patxiren aldekoak, eta euren bizitza guztian bigarrenez, bata bestearen aurrean ez egon bearrak naigabe apur bat emon eutsien lenengoan baña, zeñi ekiña naikoa baegoan da, laster aztu ebien naigabea, Peruren aldeko guztiai zorrotz ekiteko. Ikasi ta gomutau zituen orretarako, erne-une ta sustraitik, arerio guztien bizitzak, atara eutsiezan euren zapi zikiñak eguzkitara, ta asi ziran, guzur da abar, astiñaldirik lotsagarrizkoenak. Eztau iñok lurrean, emakumien aotik, areik egin zituen lango jardun gordiñik egundo entzun.
A zelangoak zirean areriuok! Puaaa!! Lantegiko Nagusi okerra, Egurbideko Baserritar kalabazaz betea, Arranondon zer bear zan ezekien erbesteko etxejauberen batzuk eta Matxin Koipe, Mari Errotaren senar ganorabakoa. «Neuk ezagutu neban bata, deadar egiten eban Tramanak kalearen erdian, Arranondora berakatzak eta piper gorria saltzen zauriz ta zornaz beteriko mando zarragaz etorri zanean. Praken atzekoaldeak txaplataz beteak ekarri zituan orrek eta amilliaren ukarondoak be bai. Orain begiratzea baño ez taukazue: lantegi barri andia egin dau ta ia erri guztiaren jaubea da. Zeñen lepotik? Geuretik, geuretik, geu astoak garealako... Danok ezagutu dozue bestea, muskillea eriola, enparantzan, gaztaña ustel batzuk eta urez beteriko esnea ezin saldurik. Zapaburuak idoro neutsazan nik, bein baño geiagotan, arek saldutako esneari. Ta or daukazue orain, egun batetik bestera ta iñok zelan eztakigula aberasturik, pavo riala baño arroago ta erri guztiari agindu naian. A ze jatorrizko zalduna bera! A ze jakintsua! Gizon argia izango litzateke... ezpanean krusallu bat baleuka... Etxejaubiena barriz jakiña daukagu: danak dira onak etxe-saria artzeko, baña estutasun batean ez eurakana txanpon baten eskean joan. Euren etxietan erretella bat eragiten be eztakie. Gurean beintzat beti gagoz ituxuratan da etxeko katillu-terriñak eztitut naikoa euria dan bakotxean... Matxin Koipe ostera nok eztaki andikien morroi, zuriko, azpijantzalle, dollor, guzurti andi bat dala?»...
Nik ezin neikez emen ipiñi, erdizka baizen, arein esakera zantarrak. Eta gauzarik okerrena zan, zentzuneko gizonak eurak Tramanaren esate gaiztoak ontzat emotea, arerioen kontrakoak ziralako. Ai, Jaungoiko maitea! Zenbat kalte datorren, arimentzat, olango gertaldietatik! Gauza txar asko asmau ditu gaizkiñak gure arimak galtzeko, baña legegille barri bat erriak eginbearra baño txarragorik eztakit asmau ete daben be.
Zoratuta egozan azkenerako arranondotar guztiak eta zorakeri aundiak egiten zituen. Patxi ta Peru: ezegoan eurentzat beste gauzarik Lurbira danean. Batzuentzat, Patxi zeruko aingerua zan da deabru gaizkiña Peru; bestientzat, Peru zan zerutarra ta infernukoa bestea. Nor zeñen aldera ebillen, alkarri ipinten eutsien betoskoan ikusten jakoen garbiro ta oraindiño garbiroago (nok esango leuke?, baña egia da) oñetakoetan! Abarketa zurien gañean ipiñi eben batzuk izkiratuta Bizi bedi Patxi! eta besteak Bizi bedi Peru! Arranondoko abarketariak nai aña diru irabazi eban egun areitan.
Baña jausi biar eban egurrak. Ainbeste aize ta zorakerien atzetik, ainbeste bena, goibeltasun da trumoiren ondorean etorri bear eban ekatxak ta ekatxa etorri zan, baltza, zematzallea, ikaragarrizkoa. Legegilletzarakoa autatu bear zan egunean, goizeko zortzirak baño len asi zan, txartela gora ta txartela bera, gizonen arteko eztabaidea, Perurenak eta Patxirenak sartu ziran bakotxa bere aldekoai laguntzera ta arerioakaz burrukara, ta oni eutsi ta orri bultza, bata estaldu ta bestea jaurti, aurrekoari emon da albokoa gorde, au jo ta bestea zapaldu, ukabilka, makilka ta arraioka, an izan ziran angoak eliz-aurreko enparantzatxoan. Bederatzi-terdiak aldean ikustekoa egoan gure Indianoa, burutsik, alkondarean iduna urraturik, jantzia basazturik, surretako odola bizarretatik bera eriola ta Tramanaren ule zikin batzuk eskuetan zituala, Tramana ta Brix errizañak, tatarrez, katigutegira eroiezan bitartean.
Itxi daiogun ekatxa zelan amaitu zan esateari; geldi bedi alde batera zenbat kaskarreko, zenbat sudur-auste, zenbat dubako agin-aterate izan zan ainbatutea; eztaigun esan Peruk edo Patxik zeñek txartel geiago izan eban be. Ardura gitxi deusku guri naiz lenengoak naiz bigarrenak garaitu, bada biak ziran nabar samarrak, biak euren buruaren anditasunagaitik ebiltzanak, Euskalerri maitea aotan artuta.
Guazen gu geure lagun batzuk naste orretan zer egin eben jakitera, guri geien dagokigun lanbidea ori dan ezkero.
Mañasiren aita guztizko larritasunetan ibilli zan txartela nori emon ezekiala. Lenengo egunetan Indianoari agindu eutsan bere alde emongo ebala, baña gero txalopakoak jagi jakozan gora goraka, ardantegiko lagunak ia ito eben, edozeñek esaten eutsan, kalean, saldutako gizona zala, erriaren arerioak potin baten diruagaz erosi ebiela, goiko ta beko Patxitarrak ezeutsien bakean izten iñun be, ta azkenean, ondo eldutako ikoa baño bigunago egoan gizona, edo obeto esateko, lakioan jausiriko txoritxoa legez egoan, da ezekian zetara jo edo lakiotik zelan urten.
Andreak sendatuten eban sarri, etxean, gizon orren indargetasuna.
—Ai, makala! —esaten eutsan— zuri zer deutsu lagunen jardunagaitik? Zuk egizu zeurea ta ezeiozue besteai jaramonik egin.
—Bai, ta iñori arpegirik ezin emonda gelditu norbere errian?
—Da ainbeste lagundu deuskun gizonari emondako itza jan?
—Nik eznekian orduan Peru zein zan: txarra dala diñoe, ta gañera Patxik nasa barriak egingo dituala, bearra be badago ta.
—Guzurra da ori, Kurutzemendi baño guzur andiagoa. Patxi dozu gizonik gaiztoena, judio protestante baten jatorrikoa eidata: neuri esan deust Ana Balentiñak, eta Ana Balentiñak badaki, Peru ostera oso eskubide andikoa dozu nasa barriak egiteko ta edozetarako: Madrilgo agintari guztien adiskidea ta erregeren maian jaten daben gizona eijatsu ori: Ana Balentiñak esan deust.
Atseden pixkat egin da gero, ixiltxoago ta bigunago jarraitu eban:
—Baña, gizona, eukizu zentzun apur bat. Zuk diñozuna alan izanda be, zelan nai zenduke gure alabearen ezkontzea galdutea? Arranondon izan dan ezkontzarik onena?
—Emakumea, ezeidazu burutik eragin. Nik eztot nai Mañasiren ezkontzea galduterik, eta D. Jose Antoniok maite badau, ezta orregaitik galduko. Buru oneko gizona da, ta neuk esango deutsat...
—Ezteutsazu ezer esango, eztozu etxetik urtengo.
—Gaur ez, baña biar itxasotik natorrenean...
—Ezta biar be, ezta egundo be.
Olango autua egunerokoa zan Txanogorriren etxean Españako Legegille edo auzi-erabagitzalleok autatu bear ziran aurretxoan, baña etzan azartu Indianoari gauza orren gañean ezer esaten.
Azkenengo egunean, aren ona eukiteagaitik eta andrearen esanak jarraitzearren, etsi etsi eginda Peruren alde txartela emotera joiala, enparantzako burrukea ta iskanbillea ikusi ebanean, armin da keixu, biurtu zan etxera gure gizontxoa, ta estutasunak emoten daben ausardiagaz, atean sartu orduko asi jakon emazteari:
—Nik ezin neike ez bataren da ez bestearen alde gaur txartelik emon. Gaur ez, beste baten eztiñot baña, gaur ez! Alperrik esango deustazuz esanalak, gaur neureagaz urten bear dot.
—Baña zelango gizon epela zara zu? Oraintxe urten dozu etxetik abiadan...
—Bai, baña ez burrukarako asmoan, da burruka barik ezin leiteke iñor udaletxera sartu. Ni Lekuitora noa gaberarte. Eske badatoz, premiñazko zeregin bategaz joan nazala.
—Ta zer esango dau D. Jose Antoniok?
—Min dabela. Ederrak emon deutsiez enparantzan. Ostikopean erabilli eidabie, ta odola dariola ikusi dot.
—Jesus! Jesus! Auxe da itxumena. Eztago errian bururik?
—Gaur eztot uste. Gaur burua daukien guztiak erbestera joango dira, ta ni be bai.
—Baña...
—Eztago bañarik. Erabagita daukat. Agur.
Atean urten orduko bere atzetik eban Sardinzar laguna.
—Jeup, adiskide! Nora zoaz?
—Lekuitora.
—Neu be bai, emen gauza onik eztagota. Txartela emon dozu?
—Ezta emongo be. Ezin leike, iñogaz aserratu barik.
—Nik geure alde emotea gura neban, baña ondo egiten dozu. Ontxe emon dot nik neurea, ta Matxin Koipegaz aserratu egin bear izan dot. Gizon arroa! Berak gura dabena egin bear genduala Anjelek eta nik eta gure txalopetakoak. Eztago toki txarrean!
—Anjelek naiko eban ba.
—Anjelek? Orrek iñok baño gitxiago. Egundo eztot gure mutilla ain bero ikusi olango gauzetan. Antoniri be ezteutsa jaramonik egin. A! Ta badakizu zer esan eutsan bart gabean zugaitik? Indianoak zu estutzen bazaitu geuk emon bearko geuntsuzala milla erreal, orrenbeste alderdi bageunkalata.
—Ezta txarto esana. Eskerrik asko.
Arratsaldean, azken orduan, geroago ta estuago autari billa ebilzanak Txanogorriren eske joan ziranean:
—Ederra egin dau! —esan eben— masia jan da iges!
|
|