|
XVIII
ATXETAN
Mendien egalean da itxasoaren ondoan Arranondotik L...raño dagon iru orduko bidea, nik ikusi ditudanetik ederrenetako bidea bada.
Bide orren alde batetik ikusten da, orain aldatz bera datorren solo gariz betea, gero sagastitxo bat, laster baserri eder bat, beingoan iratza zabal berdea, gaztañadi andia urrengo, arizti tantaitsua ondorean, errekondo sakon bat noizean bein, sagasti andiak ostera, soro landuak barriro, ta bidearen biurri batean, usterik gitxien dan orduan, buru alde guztia arrano goitarrez inguraturik daukan ikaragarrizko atx andi baltz sendo ta arro zerurutz jasoa.
Beste aldetik kantauriako itxas bardinbagea agiri da bere betiko edertasunez apaindurik, ain laster urdin, bare ta baketsu urertzean txiplitxapla jolasean dagoala ta Bilboruntz edo Donostiaruntz, Franziara edo Santander aldera doiazan ontziak eta Euskalerriko arrantzalien potintxoak bere mokorren gañean maitero darabilzala; ain laster gaizto, aserre ta bildurgarria, bitsez betea ta irakiña, bere gañaldeko gauza guztiak ondatu nairik eta legorreko atx irme gogorrakaz burruka indartsu bizi ta amorratuan orroaka.
Bide orren itxasaldetik dagozan atx zati andiak, batzuk, txukuntasun bageak, akatsez beteak eta zulotsuak, beratuten dagozan artalakatz lodiak dirudie; beste batzuk, leun leunak, odoldi berde bigunez jantzirik dagozanak, bedar txondorren itxurea daukie, urriñetik begiratu ezkero. Atx asko dira bertan sustraia daukienak, baña geiago goitik bera jausirikoak, eta zelan iñok eztituan alkarren gañean tolostu, itxasoaren barezko egunetan, zulo, tarte, utsune ta inguruetatik sartzen jakoe ura polito, ta oni bai ta orri ez, alderdi batetik bai ta bestetik ez, azpiak eta alboak miazkau naian edo betiko igortzi bigunaren indarrez ondartu ta ezerezera erakarri bailirean ibilten jakoe, ziliboka ta bairatsu; baña itxasoaren aserre orduetan, urazpian ezkutaurik edo alderdi guztietatik bitsa darioela egoten dira arkaitz danak, esnetan egosten dagozan arto zati lodien antzera.
Atx tarte orreitara jaurti oi ditu itxasoak, bere amorroaren ezpanetara jatorkon bitsagaz nastauta, ibaiak legorretik eruaten deutsazan egur, mallasto, abere-il da zakar guztiak; txalopetatik jausten direan edo baga ausarditsuak ataraten dituan balde, tosta, panel, tolet, estropu, lanbas, kako ta treotzarak; an bertan sortuten dira lapak eta mutxilloiak, marraskulu, lanperna ta itxastriku edo morkotzak, eta bertan daukie gañera euren bizitzea izkira, amarratz, olagarro ta beste janari mueta gozo askok. Orregaitik joaten dira atxetara Arranondoko emakume ta mutikoak egurbilla; itxasorako gauza eztiran aguratxoak, kañabereagaz atxarrain batzuk atara naian edo lapa, marraskulo ta lanperna eske; eta iñoiz bein, erriko jauntxoak be bai, erbesteko txankame batzuekaz nastean, etxetik kanpora ta arrantzalien itxurak egiñaz, ordu alai batzuk igaroteko ustietan.
Mañasiri bigarrengo eskabidea egin jakonetik laster, araxe joan ziran goizean goiz, egun guztia bertan emon bear ebelata, beste askoren artean, geure ezagun batzuk: Iskillosdunen Nagusia, Indianoa, Lantegiko Jaubea ta Ontzi Agintari Zarra.
Au eben guztien buru. «Ia mutillak —asi zan esaten eldu ziranerako —ekin danok lanean. Emen eztago ostaturik eta itxasoari kenduten deutsaguna jan bear dogu gaur. Oraintxe ikusiko da bizi izaten atara aldaikegun. Zu, Jose Antonio, esku-zurdea artuta, zoaz arako an dagoan atx lerdenaren gañera, ia arrain batzuk ekarten dozuzan. Zu, Fernandez, beste alde onetara, ta etzaite etorri lupiña bi barik. Ortxe egon bear dabie, ta badakizu guztiz ederrak dirana. Batek egurrak batu ta sua egin daiala, te besteok gura dozuen tokietara joan zaiteze. Ni, ura beian dagoan bitartean, lanpernatara noa».
Oñetakoak kendu ta praka barrenak gora jaso zituanean, ezkerreko galtzarpean zorrotxoa ta eskumako eskuan burdiña luze bat arturik, asi zan lasterka, atxetik atxera, lagunetatik aldenduten. Bekian itxas gizon orrek nun egozan lanperna zulorik onenak, baña ezeban gura beste iñok jakiterik, urrengorako be. Ezkutuan euki gura zituan berak idorotako lanperna gozoen sor-lekuak, umeak txori abiea iñori esan barik ezkutuan euki oi daroen antzera.
«Arrapauko aut» —bere artean esanda— jarraitu gura izan eutsan Lantegi-Jaubeak, baña alperrik: bidean eukazan labantasun, traba, utsune ta min artzeko arriskoak ikusi zituanean, atx batetik bestera joateko bi edo iru aldiz jira-bira neketsuak lau anketan emon da gero, erderazko ¡moño! batzuk esanaz, bertanbera gelditu zan, lan errezagoko batean: lapak eta mangoliñoak batzen. Areik etziran gizona ibilteko tokiak.
Bitartean, mutil sostor bat sua egiten itxita, sakabanatu zirean besteok ara ta ona, ioranik andienagaz, bada geienak ezeben egundo arrantzarik egin, da euren adjutu ta zintzotasunez arrañak artzeari gauza andia eritxoen.
Zentzun guztiak euren arloan ipiñita, ur azal biziaren zimurretan batera ta bestera, gora ta bera ebillen artalakatzari begira, edo ur garbi barru mamiñean agiri ziran arraintxoen igari politak ikusten, luzaroan egon ziran batzuk, ezer artu eziñik. Zenbat emongo eteukien arrain andienetako bat euren eskuetara erakarteagaitik! Bada antxe be, beste edozein tokitan lez, arrotasuntxoa eukien gizonak, eta bakotxak izan gura eban errimiena.
«Elduko baleutsa jakiari arako buruandiak! —zirautsan berarengo gure Indianoak itxaskabra bateri begiak boteaz—. Eztabil ba urriñean...! Et... et... Zer naigabea! Apapuan, jausi egiñean, ia-ian zanean, bira ta iges itxaskabreak... Baña betorren, betorren barriro... oraintxe, oraintxe... gora...! Bai, gora!, baña utsa, ta jakia galduta. Jaki barria ipiñi bear, da ipinten egoan bitartean, arutzagoko lagunak karraspio andia eskuetan...! Añaniñuena!»
Olantxe joan jakoezen orduak, zerbait artuko eben itxaropenez beterik, eta arraintxuren bat eskuartean ikusi ezkero, pozarren, Napoleonek gudarik andiena irabazi ebanean baño pozago.
Goiz-berandutxoan agertu zan Ontziagintaria, iñok ezekian ezkutuko bere atx-zuloetatik; zorroa bete lanpernagaz; jeupadaka ta eskuziñuka deitu eutsen lagun guztiai; sartu zituan lanpernok ur gesalagaz ordurako sugañean egoan topiña baltzean, da asi zan lagunok ekarren arrantzea zelangoa zan ikusten... ¡Marari marariena! Lupiñarik ezetorren. Pantxoak ekazan batek; beste batek itxaskabrea, durdo bi ta iru karraspio; Indianoak, txangilla ta mustoa. A, ze janaria, ainbeste gizon andirentzat! Lapak eta mangoliñoak egozan ugari, ta besterik ezean, lengo arlotearena esan bearko:
«Lapa. y mangoliños,
Txanton Erreka,
Ondo gozoak dira
Sutan erreta».
—Erre, erre, —esan eban Agintariak— erre jatekoak diran gauzok. Galsuaran baserritik ardao ta ogia dakarrezen bitartean. Txangilla ta mustoa gorde daizala Jose Antoniok etxeko katuarentzat.
Galsuarandik ogia ta ardaoa baño zerbait geiago ekarri eutsien: lapiko andi bat bete baba baltz, urdai azpiko ta lukainkaz ondo gozaturikoak.
Zerbait bear zan egun bateko arrantzaleon urdallak beteko baziran. Goseturik egozan geienak, ia guztiak gogo andikoak, Lantegi Jaubea bakarrik jankartxoa.
Onek ziñoanez, astakeri andi bat egin eben atxetara egun guztirako joateaz. Eguzki galdatan arpegia erre jakon berari ta burua berotu, txirristadaka eskuak eta praka belaunak urraturik eukazan, kerizpean jarrileku on bat ezin eban idoro, baba baltzak ezin zituan iruntsi, arrañak txarto erreta egozan, itz batean esateko, dana zan beretzat gogorra ta latza, ta etxeko kerizpe ona, jarrileku egokiak eta jaki gozo guranaikoak izteari, zorakeri andi bat eritxon. Alan ezin zeitekean gizonik bizi.
Indianoa eban zerbait bere alde, baña beste lagunak, sendokoteagoak eta oituagoak, patxada onean ziarduen aurrean euken danetik jaten, da Lantegiko Jaube argal, makal, bigun, gizagaixoari, marmarrean toki on bat billatu eziñik ebillen bitartean, barre egiten eutsien, barre algaraka, ta adarra jo gañera galanto.
Baña guztien artean zirikariena Ontzi Agintaria jaokon.
—Oituko ziñake, itxasotik bizi bear bazenduke —zirautsan—. Au beingoa da bildur bageko arloa, geure gurariz egiten dogun jolasa. Ondo alaitsu etorri gara, naikoa lo egin da gero; eta gañera, ostaturik eztagola esan deutsuet, baña ostalari ona billatu dogu Galsuaranen. Baña gure erriko arrantzaleak, zuri sardiñea ta besigua saltzen deutsuenak, gogo asko barik, lo gitxiago eginda, egunero, eguzki beroagoaren azpian kiskaltzen, ia janari bage, tosta gañean jarririk eta lepoa nun ipiñi eztaukiela igaro bear izaten ditue ordu aspergarriak, erramuari tenga ta tenga. Ikasizu, (begiari kiñu eraginaz) arraña zenbatean erosi bear dan jakiteko.
—Jolaserako gogo andia daukazu, zeuk, bana erruki gitxi. Ekatzuz lanperna batzuk, orretxek dagoz onenak eta.
—Errukarriari erruki ez zuri. (Eskua bete lanperna emonaz). Ez nik errukirik zuri ta beste onako izerdi koipetan dagoan oni, (Indianoagaitik) mukertxo dakust berau baña. Zuek añako bizibide onik eztaroa iñok Arranondon. Goizean zortzirak aldean jagi, buruko uleak eta arpegiko bizarrak orraztu, ta egunaren orduak ezin emonik gero: orixe da zuen bizibidea.
—Geure lengo lanari eskerrak.
—Len egingo zenduen ze, gaur beintzat ikusi da zenbat daikezuen. Batorrek lapa ta mangoliño batzuk ekarri dozuz, besteorrek txangilla ta mustua, ta emen zagoze biok auldurik eta ezer geiagorako etzariela.
Iskillosdunak. —Jose Antoniok arrantzan badaki, itxasoan ezpada, legorrean. Nik entzun dotanez, arrain ederren bat katigau eijako bere... diruan.
Azkenengo itz au ixil ixillik esan eban, Indianoak ez entzuteagaitik.
Itxasgizonak. —Bai ete? Neuk be zer edo zer entzun dot, baña eztot siñistuten. Barriro be lenagokoa izango da: usain egingo deutsie arrañak amoari, ta gero iges.
Iskillosdunak. —Baña masia jaurtiten badau?
Itxasgizonak. —Masia onek jaurti? Erakutsi bai, baña emon?
Indianoak. —Zegaitik ez? Zetarako ditut ba neure diruok? Eznazue zuek ondo ezagutzen.
Danak. —Bien, Jose Antonio, ederto diñozu!
Itxasgizonak. —Benetan, etzazauz gaur iñok.
Indianoak. —Nik i, bear danean, masia botaten badakit.
Itxasgizonak. —Beraz, badarabilzu zerbait.
Indianoak, irribarrez. —Bai, zerbait bai.
It~asgizonak. —Manasigaz?
Indianoak. —Mañasigaz.
Itxasgizonak. —Bazkari onen bat emongo deuskuzu orduan.
Indianoak. —Bai, gaurkoa baño obea.
Iskillosdunak, edanontzi bat eskuan artuta. —Jaunak, edan daigun ezkongeiaren osasunerako!
Lantegi Jaubeak, albokoari, belarrira. —¡Tabaco! Gaur danoen artean egin dogun astakeria baño, onek bakarrik andiagoa egin bear dau.
Barrea ta esangurea ezpanetan gelditu jakoen guztiai makilladun gizon bat akitika ta izerditan eurekana etorrela ikusi ebenean.
—Pedro errizaña da —esan eban—. Zer ete dakar?
Berialaxe jakin zan zer ekarren. Alkateak bialdu eban Bilboko diputau gei bat erriratu zala ta Jaun guztiak udaletxera joateko esatera.
Guztiak. —Zein da bera?
Errizañak. —Eztakit.
Lantegi Jaubeak. —Danadalakoa, goizago dabil. Oraindiño lau egun ezta Sagastak agintea itxi dabelata...
Itxasgizonak. —Danadalakoa, agur Arranondoko alkartasuna ta agur gure arteko bakea!
|
|