www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poema solteak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1925-1937, 1974

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ARIMEN EGUNEKO YUALE-OTSAK

 

Dorre zarreko yuale orreik diran aztunak!

Nok iragarri zer diñoskuen euren otsetan?

Ai! il-maiteak euren agur ta gomuta itunak

lotu ebezan negar dagien kanpai orreitan...

 

Zarata orreik, gogo erritik ludikoakin

berba eitera datozen illen abotsak dira.

Orrein bitartez illobi itzi-ta umezurtzakin

etxe otzean ama txiroak mintzatzen dira.

 

Beste ludiko yuale orreik euren otsetan,

il-maitientzat eskatzen dabez gure otoiak.

Ta illak poztuten dira bai euren illobietan;

bakar-bakarrik negar-dagie miñez biziak...

 

Ai! Zenbat bijotz banatu daroz bai erijotzak!

Nok daki baltzez ikutzen badau gure atea?

Abe lerdenak deusezten ditu bere oiñ otzak,

urte artean eskutu dakar bere sarea.

 

Ai! orregaitik dira ots orreik diran itunak!

Ai dakarskuzan gomutearen goibeltasuna!

Negarrez zarrak, itziten ditu begi aztunak.

Beragaitik be laster joko da yuale illuna...

 

Gazteak goibel oldoztuten dau, obi ganera

zorun-zugatzan urrezko orriak jausten dakusta.

Edange eskuan daukon atsegin txola kentzera

eriotza noz etorko ete yakon bildur da...

 

Yuale orrein ots negartiak diran aztunak!

Bakar-bakarrik dagozan illen abotsak dira.

Orregaitik ba dira ots orreik diran itunak!

Euren otsakaz deitzen gaituna obi-tegira.

 

Ara ludia bukatuten dan leku ixiltsua.

Gure ibillaldi larria emen amaituten da.

Emen ludi itxi eta zabaltzen yaku zerua;

orok jadesten dogun ondartza emen asten da.

 

Ara guraso maitien loa zaintzen kurtzea,

Zoriondunak il ziralako Urtzi'n bakean,

euren autsean ezilkor datza berbizkundea.

Itxaropena loratu dager euren obian.

 

Josugan itxoin eben ta bere arpegi deuna

aurrez-aurre ta diztiraz bete ikusko dabe.

Kurtze-egapean lurra be oso yakie leuna.

Euren obia ez da egongo lorarik gabe.

 

Eguzkiaren argi dirdirkor itzali yaken,

baña begiak iztean, euren bijotz barruan

betikor izar baten diztira aurkitu eben...

Eta illobitik dakuste izarren dirdir zeruan.

 

Maitetasunez betetu ziran azurrotz oneik,

ba Urtzi'aren gogoa euren artean datza.

Garbai negarrok txautu ebezan begi-ertz orreik

donoki goian dakuste Jaunan egun aratza.

 

Kiston eskarran jarrai jun ziran oiñeak dira;

barruan Kurtze deuna eroan eben bijotzak;

Josun gorputzak txautu ebezan espanak dira;

orok, Urtzi'an aintza ikusiko daben gorputzak.

 

Zegaitik ba, ama nekatu orrek, negar-dagizu?

Obi zurian lo datzan seme orren sointxua,

zeruko gentzan zabalduko dan zitori yatzu.

Zeure albotik egaz, aurkitu eban zerua.

 

Iltegi ganez jausten asi da gau baltz barea,

dorrean jo ta jo diñardue yuale itunak.

Illen lo deuna zaintzen bakarrik dagir Kurtzea...

Illobietan barre dagie gure il kutunak.

 

Yuale orreik euren otsetan zer diñauskue?

Itxaropenan abots samurrak dira kanpaiak,

ta berbizkunde egun-aintzatzaz itz-dagiskue..

Dorre zarreko yuale-otsak diran alaiak!

 

                        (J. B. D., 1927, azilla, 131'garren zenbakia, 343 or.)

 

aurrekoa hurrengoa