www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poema solteak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1925-1937, 1974

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

  hurrengoa

BEGOÑA'KO AMARI

 

Bizkaiko estalpe urdiñez jantzia,

Begoña'ko izarra ta lora garbia,

argitu, gordetu zeruko bidean

euskotarren lurra, lur zoragarria.

 

Aingeruk Begoña'n, mendi maitetsuan,

eleiz bat zuretzat urrez egin eben.

Jauregi orretan Euskaldun garbiak

eskeintzen dituzte biotzak Amari.

 

Or dagon lurgaña estaltzen dabena

atxurdin guriak, euskotar semeak

iñoiz eztabe lur autsagaz zikindu,

ba igesten ditubez usok lez lokatzak.

 

Itxas-aldeko izar argi-legun ori,

igon illuntzean mendi tontorrera,

Bizkaiko lurrean bidazti galduai

argitzeko zeru aldeko bidea.

 

Negu gogorrean arrantzaleari

emon estalpea ortzia urdindurik,

eta zeure janzki euskotar alabak

eundukoaz egin aize-oial on bat.

 

Laster ur-ontziak lurra dakusaten,

ta gero bernutzik Begoña'n aldapa

igon daien itxas erdian negarrez

eskeñitako itza pozik betetzera.

 

Euskal amak zure jauregira seme

onak eskeintzera eroan oi dabez,

neu ere amatxok gaztea nintzala

zure magalpera ekarria naiz-ta.

 

Zu izango zara bai gure Bakalduna

urre-zigorrez gurutze deunagaz,

Zurekin betiko azkatasunera

jaioterriagaz eramango gaizuz.

 

Jainkoaren ama: gure mendietan

artalde zuriak ugaritu beti;

eta udabarrian zugatz tantaietan,

poza urretxindorrak abestu deiela.

 

Baserri aldetan ixuri alaia

soloetan emaitz ederrak azirik.

Semetxo danakin guraso laztanak

sukalde beroan batuizuz neguan.

 

Iñon muga barik gentz zoragarria

itxaso ta mendi-gañetan zabaldu,

uri andietan anai-maitasuna,

toki guztietan donokiko poza.

 

Nire neurtitzari zure Gizkarbia

goratzeko beti gogo goi-zalea

Ta jausi ditela jauregi ortatik

ondasun euria euskal-erritara.

 

Ezdiela iñoiz be lañoak eskutau

argi ori, Ama, eta gure errian,

biotzean zildu dan iturri ori

jario ditela danentzat azkenge.

 

Bizkaiko estalpe urdiñez jantzia,

Begoña'ko izarra ta lora garbia,

argitu, gordetu zeruko bidean

euskotarren lurra, lur zoragarria.

 

                        (J. B. D., 1925-12, 368 or.).

 

  hurrengoa